Portaera politiko

Wikipedia, Entziklopedia askea

Portaera politikoaren teoriak, pertsona baten ikuspegi politikoan, ideologian eta partaidetza politikoaren mailan eragiten duten eta dezaketen elementuen kuantifikazio eta azalpenez arduratzen dira.

Definizioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beste hainbat kontzeptu politikorekin gertatzen den bezala, portaera politikoa definitzeko hainbat modu daude; une historiko eta ikuspuntu ezberdinetako autoreak daude eta definizioak ere hauen araberakoak dira.

David Eastonek horrela definitzen du portaera politikoa: “prozesu politikoan, gizabanakoen eta taldeen arteko harremanetan, erabaki publikoetan, edo boterearen eta baliabideen banaketan inplikazio politikoak dituen edozein ekintza edo ez ekintza, nahita edo nahi gabe egiten bada ere.”[1]

Robert Dahlek dio herritarrek politikari eta gobernuaren inguruan dituzten jarrera, balio eta sinesmenen multzoa dela, haien parte-hartzean zein politikei edota lider politikoei laguntzean edo gaitzestean eragina dutenak.[2]

Hannah Arendtek aldiz, ekintza kolektiboa eta espazio publikoan gertatzen den elkarrizketa bezala definitzen du, non herritarrek, beren askatasuna erabiltzeko aukera izateaz gain, erabaki politikoak zehazten parte hartu dezaketen. Definizio honen bidez, Arendtek “esparru publikoaren” kontzeptualizazioa egiten du, zuzenki, herritarrek eztabaidan eta erabaki politikoak hartzen aktiboki parte har dezaketen bizitza publikoaren eremuari erreferentzia egiten diona. Ondorioz ekintza politikoaren teoriari ekarpena egiten dio, espazio publiko horren existentziak ekintza politikoa ahalbidetzen duela argudiatuz.[3]

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Portaera politikoa, esan bezala norbanako eta taldeek politikarekiko eta gobernuareriko duten jarreren eta ekintzen eraginaren ondorioa da, hainbat faktore eta ezaugarri barnebiltzen dituelarik. Portaera politikoan eragina izan dezaketen ezaugarrietako batzuk honako hauek dira:

  • Ideologia politikoa: Banakakoak dituen sinismen eta baloreei egiten dio erreferentzia honek, izan ere hauek, norbanakoak politika publikoekiko eta gobernuarekiko duen jarrera alda dezakete.
  • Identitate politikoa: Alderdi politiko batekiko gertutasuna izateak banakako baten erabaki eta ekintzetan eragin dezake.
  • Hezkuntza maila: Hezkuntza mailak era zuzenean baldintza dezake pertsona baten parte hartze politikoa, bai politika publikoak ulertzeko momentuan zein ekintza bera egikaritzerako momentuan ere.
  • Egoera ekonomikoa: Banakako batek duen egoera ekonomikoak zuzenki baldintza dezake honen portaera politikoa, duen egoera ekonomikoaren arabera prestutasun handiagoa adierazi baitezake politika publikoen aurrean.
  • Balio kulturalak: Banakakoak sozializazio prozesuan barneratu dituen balio kulturalak banakako horren portaera politikoa bidera dezakete, besteak beste, erlijioak.
  • Bizi esperientzia: Banakako batek bere bizi osoan izan dituen bizipen politiko eta ez politikoak bere egungo portaera politikoa eraikitzen dute.
  • Hedabide eta sare sozialak: Banakakoak bere egunerokoan kontsumitzen dituen hedabide eta sare sozial forma desberdinek politikarekiko duten pertzeptzio eta hautuak baldintza ditzakete, baita ondorioz, prozesu politikoaren parte hartzean ere.

Hala ere, eragin esparruen kategorizazioa autorearen arabera aldatzen den elementua izan ohi da sarritan; adibidez, Pierre Bordieu soziologo frantziarraren aburuz, gizabanako baten izate soziala -eta ondoriozko portaera zein parte hartze politikoa- lau kapital nagusik finkatzen dute:[4]

  • Kapital ekonomikoa: Kapital mota honek pertsona batek dituen baliabide finantzario eta materialei egiten die erreferentzia, hala nola, diruari, jabetzei, ondasunei eta abarri. Kapital mota hau garrantzitsua da pertsona batek baliabideak eta zerbitzuak eskuratzeko duen gaitasunean eta, beraz, bere posizio sozialean eragiten duelako.
  • Kapital kulturala: Kultur kapitala pertsona batek dituen ezagutza, trebetasun eta gaitasunei dagokie, baita bere hezkuntza mailari eta kulturarekin eta arteekin duen harremanari ere. Kapital mota hau sozializazioaren eta hezkuntzaren bidez eskuratzen da, eta literatura, musika, ikusizko arteak, zientziak, eta abar bezalako arloetako trebetasunak barne har ditzake. Kapital kulturala garrantzitsua da pertsona batek bere inguruko kultura- eta gizarte-jarduerak ulertzeko eta horietan parte hartzeko duen gaitasunean eragina duelako, eta baliabideak eta aukerak eskuratzeko duen gaitasunean eragina izan dezakeelako. Bourdieuk, batez ere lau Kapitalen artean gehien sakondu zuen arloa izan zen, hezkuntzara honen aplikazioa estrapolatuz.[5]
  • Kapital soziala: Kapital soziala pertsona batek dituen harreman sozialei eta sare eta konexio sozialetara sartzeko duen gaitasunari dagokio. Kapital mota honek barnebiltzen dituen harremanak lagunekin, senideekin, lankideekin eta komunitate edo talde sozial bateko kideekin ematen direnak izan daitezke. Kapital soziala garrantzitsua da, pertsona batek baliabideak, informazioa, laguntza eta aukerak eskuratzeko duen gaitasunean eragina izan dezakeelako, eta bere posizio sozial eta ekonomikoan eragina izan dezakeelako.
  • Kapital sinbolikoa: Kapital sinbolikoa pertsona batek gizarte jakin batean duen prestigioari, aintzatespenari eta ospeari dagokio. Kapital mota hori aberastasunean, arrakasta profesionalean, hezkuntzan, talentu artistikoan, herentzia kulturalean eta ospean oinarrituta egon daiteke, besteak beste. Kapital sinbolikoa garrantzitsua da, beste batzuek pertsona bati buruz duten pertzepzioan eta gizarte jakin batean baliabideak eta aukerak eskuratzeko duten gaitasunean eragin dezakeelako.

Beraz, Portaera politikoa arauez (moral eta juridikoak) eta arazoz (helburua bideratu) osotuta dagoen (sozialki egituratutako) testuinguru batean kokatzen da; gizabanakoen elkarreragin logika baten pean egikaritzen delarik. Aurretik ikasitako mezu eta portaeren ondorioa eta etorkizunean emanen diren portaeren kausa.

Portaera Politikoaren Teoriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hautaketa arrazionalaren teoria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anthony Downsen aburuz, herritarrek kontsumitzaile arrazional gisa jokatzen dute merkatu politiko batean, eta haien erabilgarritasuna maximizatzean oinarritutako erabakiak hartzen dituzte. Downs-en teoriaren arabera, herritarrek hautagaiak eta alderdi politikoak beren interes pertsonalak asetzeko gaitasunaren arabera ebaluatzen dituzte, eta politika publikoetan onurarik handienak emango dizkietela uste dutenen alde bozkatzen dute. Teoria hau ez da soilik portaera politikora mugatzen, baizik gizartea barnebiltzen duen beste hainbat elementutan ere aplikatua izan da.[6]

Mancur Olsonek teoria hau adibidez, ekintza kolektiboaren esparrura eramaten du, eta ondorengo ekarpena egiten du: askotan ekintza kolektiboa ez egikaritzeko arrazoi nagusietako bat hautaketa arrazionala izaten da, irabazi dezakedan eta galdu dezakedanaren artean, hau da, banakako batek asko arriskatu behar badu ezer gutxi irabazteko ez du garaipen hori lortzeko borrokatuko.[7]

Kultura politikoaren teoria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kultura politikoaren teoriako autoreek -besteak beste Gabriel Almond eta Sidney Verba- diote gizarte batean ematen den kultura politikoak, botere politikoarekiko jarrera eta balio partekatuak barne hartzen dituenak, eragin nabarmena duela herritarrek prozesu politikoan eta gobernuarekiko eta erakundeekiko hartzen dituzten jarreretan parte hartzeko moduan.[8]

Bide horretatik Kultura Politikoaren teoriak iradokitzen du herritarrek gobernuaren zeregina eta harekin duten harremana hautemateko moduak eragina duela gobernuaren jokabide politikoan. Beraz, kultura politiko batek herritarren parte-hartzea eta aktibismo politikoa baloratzen baditu, litekeena da herritarrek hauteskundeetan parte hartzea, interes-taldeekin bat egitea eta jarduera politikoetan parte hartzea.

Ziklo politikoen teoria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ziklo politikoaren teoriak berebiziko garrantzia du portaera politikoan.Teoriko hauen ustez, politikariak, neurri handi batean, berrautaketaren ikuspegiak motibatzen dituzte eta, beraz, epe laburrean boto-emaileei mesede egiten dieten erabakiak hartzen dituzte.

Politikariak hauteskunde-laguntza irabazten saia daitezke, ekonomia suspertu eta enpleguak sortzen dituzten zerga-politika hedakorrak ezarriz, edo boto-emaile talde espezifikoei mesede egiten dieten gizarte-politikak ezarriz. Era berean, inflazioari eusteko edo defizit fiskala murrizteko neurri murriztaileak ere har ditzakete.

Hala ere, ziklo politikoek ere eragin negatiboak izan ditzakete portaera politikoan; izan ere, politikariek epe motzeko erabakiak hartzeko tentazioa izan dezakete, azpiegituretan, hezkuntzan edo ikerketa eta garapenean epe luzeko inbertsioak egin beharrean. Gainera, gatazkak sor daitezke epe laburreko eta luzeko helburuen artean, eta politikariek zailtasunak izan ditzakete behar horiek orekatzeko. Honen inguruan idatzi duten autoreak hainbat dira, Allan Drazen nabarmendu daitekeenetako bat da.[9]

Ikaskuntza sozialaren teoria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikaskuntza sozialaren teoria, gizabanakoak ikasitakoan, eta jarrera zein trebetasunak imitazioaren bidez ikasitakoan zentratzen den teoria psikologikoa da. Teoria hau, Albert Bandura psikologoak garatu zuen 1960.hamarkadan, hainbat esperimentu eginez; batik bat, “Bobo panpinaren esperimentua” bezala ezagutzen dena.[10]

Teoria honek defendatzen duena da, ikaskuntza ez dela esperientzia zuzenaren bidez lortzen bakarrik; besteen portaeren behaketaren eta imitazioaren bidez ere lortzen dela. Horrez  gain, sariek eta zigorrek ikaskuntza prozesu honetan ere eragina izan dezaketela defendatzen du. Honek, eragin handia izan du psikologian, eta giza portaera desberdinak azaltzeko ere erabili da. Giza portaera hauen artean, portaera politikoa bera sar daiteke.

Ikuspegi feminista eta dekoloniala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurrez aipatutako Hannah Arendtez gain, badira beste autore batzuk portaera politikoaren teoriari hainbat ekarpen egin dizkiotenak, hala, besteak beste[3]:

  • Susan Sontagek argudiatzen du kultura eta politika hertsiki lotuta daudela, eta portaera politikoak, batez ere herri kulturan eta komunikabideetan, ordezkaritza eta irudiari heldu behar diotela, politika garaikidean irudiak duen papera nabarmenduz [11]. Horrez gain, kultura zapalkuntzei aurre egiteko edo honi laguntzeko erabili daitekeela uste zuen; kultura, iritzi publikoa manipulatzeko erabil daitekeela hain zuzen. Kultura eta politika kontzeptuak erlazionatzen dituen hainbat liburu argitaratu ditu Sontagek[12].
  • Angela Davisek portaera politikoa justizia sozialaren eta justizia penalaren sistemaren abolizioaren aldeko borroka gisa definitzen du. Arrazaren, klasearen eta generoaren elkarguneei heldu behar dien Intersekzionalitate kontzeptuaren sorreran paper nagusia izan duen emakumea da Davis[13]. Gainera, Davisek dio portaera politikoak kontuan hartu behar dituela emakumeen eta zapaldutako beste talde batzuen esperientziak eta beharrak, eta guztiontzako eskubide eta aukera berdintasuna bilatu behar duela. Horrek esan nahi du desberdintasuna eta zapalkuntza mantentzen duten egitura sozial eta politikoak zalantzan jarri eta eraldatu behar direla, eta erabaki politikoak hartzeko prozesuetan emakumeen eta baztertutako beste talde batzuen parte-hartze aktiboa eta esanguratsua sustatu behar dela [14].
  • Judith Butlerren aburuz, portaera politikoak zalantzan jarri behar ditu norbanakoaren askatasuna mugatzen duten kultura- eta gizarte-arauak, eta bide horretatik, identitatearen politikari eta zapalkuntza betikotzen duten botere-egituren kritika abiatzen du eraldatu beharreko elementu gisa identifikatuz. Honek “genero-performatibitatea” kontzeptuaren garapenera darama, non Judith Butlerrek arau sozial eta kulturalek genero-identitatea eraikitzeko duten modua argitara ekarri eta kritikatzen baituen[15].

Laburbilduz, emakume hauek portaera politikoaren definizio desberdinak aurkeztu dituzte askatasuna, justizia soziala, aukera-berdintasuna, borroka kolektiboa, kultura eta identitatea bezalako gaiei garrantzia eman eta hauek borrokatzeko.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Easton, David. (2012). Esquema para el análisis político. (3ª ed. argitaraldia) Amorrortu ISBN 978-950-518-244-2. PMC 1026096786. (Noiz kontsultatua: 2023-03-27).
  2. Dahl, Robert A.. (1971). Polyarchy : participation and opposition. Yale University Press ISBN 0-585-38576-9. PMC 49414698. (Noiz kontsultatua: 2023-03-27).
  3. a b (Gaztelaniaz) Botero Marino, Jerónimo; Leal Granobles, Yuliana. (2015-06). «Sujeto y acción en el pensamiento político de Hannah Arendt» Signos filosóficos 17 (33): 52–76. ISSN 1665-1324. (Noiz kontsultatua: 2023-03-27).
  4. Bourdieu, Pierre. (D.L. 2012). La distincion : criterios y bases sociales del gusto. Taurus ISBN 978-84-306-0911-6. PMC 796016731. (Noiz kontsultatua: 2023-03-27).
  5. Bourdieu, Pierre. (1997). Capital cultural, escuela y espacio social. Siglo XXI ISBN 968-23-2054-2. PMC 39156237. (Noiz kontsultatua: 2023-03-27).
  6. Downs, Anthony. (1957). An economic theory of democracy. Harper ISBN 0-06-041750-1. PMC 254197. (Noiz kontsultatua: 2023-03-27).
  7. Olson, Mancur. (1992). La lógica de la acción colectiva : bienes públicos y la teoría de grupos. Limusa ISBN 968-18-4212-X. PMC 58410337. (Noiz kontsultatua: 2023-03-27).
  8. Almond, Gabriel A.; Sidney Verba. (1989). The civic culture : political attitudes and democracy in five nations. ([New ed.]. argitaraldia) Sage Publications ISBN 0-8039-3557-9. PMC 19671587. (Noiz kontsultatua: 2023-03-27).
  9. Drazen, Allan. (2000). Political economy in macroeconomics. Princeton University Press ISBN 0-691-01670-4. PMC 41960909. (Noiz kontsultatua: 2023-03-27).
  10. Bandura, Albert. (1982). Teoría del Aprendizaje Social. Espasa-Calpe ISBN 84-239-6506-6. PMC 434628120. (Noiz kontsultatua: 2023-03-27).
  11. Sontag, Susan. (1996). Contra la interpretación. Alfaguara ISBN 84-204-2859-0. PMC 36226071. (Noiz kontsultatua: 2023-03-27).
  12. Sontag, Susan. (2007). Bajo el signo de Saturno. ISBN 978-84-9989-613-7. PMC 933733793. (Noiz kontsultatua: 2023-03-27).
  13. Davis, Angela Y.. (2017). Emakumeak, arraza eta klasea. (2. argit. argitaraldia) Elkar ISBN 978-84-9027-593-1. PMC 1100761282. (Noiz kontsultatua: 2023-03-27).
  14. Díaz Polegre, Leticia; Torrado Martín-Palomino, Esther. (2018-11-20). «El género y sus interseccionalidades desde una perspectiva sociológica e histórico-crítica en las narrativas autobiográficas de Angelou, Lorde y Davis» Investigaciones Feministas 9 (2): 291–307.  doi:10.5209/INFE.58818. ISSN 2171-6080. (Noiz kontsultatua: 2023-03-27).
  15. Butler, Judith. (2018). Genero nahasmendua : feminismoa eta identitatearen subertsioa. Elkar,Jakin ISBN 978-84-9027-731-7. PMC 1099277688. (Noiz kontsultatua: 2023-03-27).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]