Pierre Bourdieu
Pierre Bourdieu (Denguin, Pirinio Atlantikoak, Frantzia, 1930 - Paris, Frantzia, 2002) soziologoa izan zen.
Bizitza [aldatu]
Goi-mailako eskolako ikasle izan zen, filosofiako agregatu ondoren eta 1982. urteaz geroztik soziologiako irakasle Frantziako Eskolan. Jean-Claude Passeronekin erreprodukzio sozialaren inguruko eskola-mekanismoei buruz egin dituen lanengatik da batez ere ospetsu: Les Héritiers (1966, Oinordekoak), La Reproduction: éléments d'une théorie du système d'enseignement (1970, Ugalketa: hezkuntza-sistemaren teoria baten osagaiak).
Lan ugari idatzi ditu, zeinetan gogoeta teorikoa eta ikerketa-lana lotzen dituen: Un art moyen, les usages sociaux de la photographie (1965, Erdi-mailako arte bat, argazkilaritzaren erabilera sozialak), La Distinction, critique sociale du jugement (1979, Bereizketa, epaiaren kritika soziala), Les Règles de l'art: genèse et structure du champ littéraire (1992, Artearen arauak: literatura-alorraren sorrera eta egitura).
Soziologian, Bourdieuren lanek oinarrizko bi kontzeptu nabarmendu dituzte: alorra (edo zelaia), bizitza sozialaren maila (eskola, esate baterako), era objektiboan erakunde eran definitzen dena; eta rola, egitura sozialek gizarte-eragileen izaeran eta gorputzean eragiteko modua. Alorraren eta izaeraren arteko harremana zehaztuaz uler ditzake soziologiak gizarte-errealitatearen eraikuntza mekanismoak.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.