Kultura politiko

Wikipedia, Entziklopedia askea

Kultura politikoa sistema politikoko jardun, eragin eta partaidetza pertsonalen ikuspegien, baloreen, jarreren eta gaitasunen adierazle gisa ulertzen da[1]. Horrek erabaki politikoak hartu eta horiek justifikatzen dituzten oinarriak zehazten ditu. Kultura politikoak hainbat elementu ditu, hala nola erlijioa, historia, ekonomia eta antropologia eta hauek giza jarrera, balio eta eraginak definitzen dituzte. Autore desberdinek kultura politikoaren inguruko ikuspuntu eta ezaugarri desberdinak eman dituzte. Kultura politikoa, kontzeptu bezala, 60ko hamarkadatik erabiltzen da, hasiera batean behintzat, marxismoak proposatzen zuen modelo politikoaren altenatiba gisa.[2]

María Eugenia Vázquez Semadenik honela definitzen du kultura politikoa: "gizabanakoek zein taldeek boterearekin duten harremana artikulatzeko, beren eskaera politikoak lantzeko eta jokoan jartzeko erabiltzen duten diskurtso eta praktika sinbolikoen multzoa".[3]

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Autorearen arabera kultura politikoaren interpretazioa aldatzen den arren, ondorengo ezaugarriak dira gehien errepikatzen direnak:

  1. Parte-hartze nabarmena: kultura politiko indartsu baten ezaugarri nagusia prozesu politikoan herritarrek parte-hartze handia izatea da, hala nola botoa ematea, alderdi politikoekin edo gizarte-mugimenduekin bat egitea, edo tokiko erabakiak hartzen parte hartzea.
  2. Ideologia: kultura politikoa gizabanakoen eta taldeen jarrera eta ekintza politikoen berri ematen duen ideologia edo ideia-multzo batean oinarrituta egon daiteke.
  3. Erakunde politikoekiko konfiantza: kultura politikoan eragina izan dezake gizarteak erakunde politikoengan duen konfiantzak, hala nola gobernuarengan, poliziarengan, botere judizialarengan, etab.
  4. Parte-hartze zibikoa: Parte-hartze zibiko handia, hala nola kausa sozialetara dedikatzea, giza eskubideen eta justiziaren defentsa eta ongizate komunaren sustapena izan daiteke.
  5. Balio demokratikoekiko atxikimendua: kultura politikoa balio demokratikoekiko konpromisoan oinarrituta egon daiteke, hala nola askatasuna, berdintasuna, justizia eta herritarren parte-hartzea.
  6. Protestaren kultura politikoa: kasu batzuetan, kultura politikoa protestan, desobedientzia zibilean, erresistentzia baketsuan eta zuzeneko beste ekintza modu batzuetan oinarrituta egon daiteke.
  7. Jokabide politikoa: kultura politikoak gizabanakoen jokabide politikoan eragin dezake, hala nola alderdi politiko jakin baten alde bozkatzeko duen joera, kanpaina politikoetan parte hartzea, komunikabideekiko duen jarrera eta lider politikoei ematen dien babesa.[4][1]

Horiek dira kultura politikoaren ezaugarrietako batzuk, baina garrantzitsua da kontuan hartzea gizarte desberdinen artean eta hainbat une historikotan nabarmen alda daitezkeela.

Autoreak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gabriel A. Almond eta Sydney Verba: Gizabidezko kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Grabriel Almond eta Sydney Verba-k eratutako “La Cultura Cívica”(1965)[5]  lanean oinarritzen da gaur egun erabiltzen den “gizabidezko kultura” edo “kultura zibikoaren” kontzeptuaren jatorria. Almond eta Verbak beren lanean diote, nazio baten kultura politikoa herrialdeko kideen artean objektu politikoetara bideratzeko jarraibide jakin batzuk banatzean datzala. Orientabide hori objektuen eta harremanen alderdi barneratuei dagokie, eta hiru eratara gauzatzen da: orientazio afektiboa, orientazio abaluatua eta orientazio kognitiboa. Modu berdinean, gizabanakoaren orientazio politikoa helburu duten objektuak lau kategoriatan sailkatzen dituzte:

  • Sistema bere osotasunean, bere barne hartuta, hala nola, abertzaletasuna edo norberarekiko mespretxua, nazio baten (handia/txikia, indartsua/ahula) eta sistema politiko baten (sozialista, demokratikoa, konstituzionala, etab.) ezagutza eta balorazioak.
  • Sistema politikoaren sarrera-elementuak, prozesu politikoarekin loturik daude. Hau da, gizartetik sistemara doazen eskaerak dira eta eskaera horiek instituzioek eginiko politika publikoetan bilakatzen direla bermatzen duten erakundeak, esaterako,alderdi politikoak, interes taldeak edo komunikabideak.
  • Sistema politikoaren irteera elementuak, prozesu administratiboekin loturik daude. Hau da, gobernuaren autoritate-printzipioak aplikatzeko edo inposatzeko erabiltzen dena, burokrazia eta justiziaren egituraren bitartez.
  • “Noberarentzako” orientatuak, elementu politiko aktiboa delarik, eta pertsona horrek sistema politikoarekin aurre egiten duen lehiakortasun sentimenduaren edukia eta kalitatea.[6]

Hortik abiatuta, kultura politikoko hiru mota identifikatu zituzten autoreek:

  • Parrokiakoa: Herritarrek soilik gobernu zentralaren presentziaren kontzientzia dute, eta Estatuak harturiko erabakiak nahiko hurbil sentitzen dituzte, distantziatuta eta fenomeno politikoetaz ohartu gabe. Ez dute politikarekiko ez ezagutzarik ezta interesik ere. Kultura politiko mota hori, oro har, egitura politiko tradizionalarekin bat dator, eta rol politiko espezializaturik ez duten gizarteetan ohikoa da: lidergoa, klanaren edo tribuaren buruzagitza edo txamanismoa, rol politiko eta ekonomiko-erlijioso lausoak dira, eta, gizarte horietako kideentzat, rol horiekiko dagoen joera politikoak ez daude beren joera erlijioso edo sozialetatik bereizita.
  • Menpekoa: Herritarrak gobernu zentralari buruzko kontzientzia daukate, eta gobernuak hartu ditzakeen erabakietatik oso lotuta daude desadostasunerako margen gutxi edukiz. Norbanakoak konziente dira politikaz, bertako eragileez eta erankundeez. Afektiboki politikara bideratuta dago, baina politikaren "beheranzko fluxuaren" aldean dago, hau da, administrazio-prozesuarena, prozesu politikoarena baino gehiago. Oro har, egitura autoritario zentralizatuarekin erlazionatzen da.
  • Parte-hartzailea: Herritarrek gobernuan eragiteko ahalmena daukate, eta era berean, honen eragina jasaten dute. Gizabanakoa sistemara bideratuta dago osotasun bat bezala, bai egituretara, bai prozesu politiko eta administratiboetara. Oro har, egitura politiko demokratikoa da.[7]

Kultura politiko bakoitza mota ideal horien nahasketa bat da, eta besteetatik desberdina da konbinatzen dituen gradu eta moduaren arabera.[8]

María Luz Morán[aldatu | aldatu iturburu kodea]

María Luz Morán Madrilgo Complutense Unibertsitateko soziologiako irakasleak REIS-en (Revista Española de Investigaciones Sociológicas) idatzitako artikulu batean Estatu Espainiarreko kultura politikoaren inguruan analisi bat egiten du. Bertan dio gaur egun kultura politikoa terminoak eliteen diskurtso politikoetan, komunikabideek transmititzen dituzten mordoiloetan eta, azken batean, gure eguneroko hiztegietan erabat asimilatua izateko «zortea» izan duela. Baina terminoa esanahi asko eman dizkiotenez hainbat egilek, nahasmen handia sortzen du.[9]

Mª Luz Moránek azaltzen du kultura politikoak dakartzan zailtasunen zati handi bat, terminoaren esanahi bakarra onartzeko erresistentzia sendotik datorrela, gutxienez bost diziplinen arteko elkargunean kokatua dagoelako: soziologia, zientzia politikoa, antropologia, psikologia eta historia.

Baina ondorioztatzen du kultura politikoak, jaso dituen izen desberdinetako edozeinekin, esparru publikoaren, bizitza politikoaren eta komunitate politiko guztietako kideek eremu hori gainditzen duten unibertso edo irudikapenen artean ehuntzen diren lotura konplexuetara jotzen duela. Horrela, pertsona eta gizarte-taldeen balioak, sinesmenak, jarrerak, hizkuntzak eta diskurtsoak, arlo publikoari dagokionez, sistema politikoak eta bizitza publikoa osatzen duten elementu nagusiekin erlazionatzeko eta elkarri eragiteko modua atzematen saiatzea kultura politikoaren inguruko hausnarketaren erreferentzia-eremu bihurtzen da.[9]

Estatu Espainiarreko kultura politikoa analizatuta egileak adierazten du, kultura politikoaren azterketek garrantzi handia izan dutela Espainiako ikerketa soziopolitikoan. Egileak dio hirurogeiko hamarkadaren erdialdetik Francoren heriotzera arteko hamarkadak markatzen duela kultura politikoaren paradigma klasikoaren harrera, eta hura aplikatzeko lehen urratsak modernizazio-prozesuaren azterketetan, erregimen frankistaren bilakaeraren analisietan eta ezinbesteko aldaketa politikoaren hasierako gogoetan.Trantsizio politikoaren izaerari buruzko interpretazio zabalduenek, berriz, demokratizazioa erraztu zuten kultura-aurrebaldintza batzuk nabarmendu zituzten. Horri esker, eliteek oinarrizko itun bat egin zuten, eta, handik gutxira, demokrazia bat eraiki zuten, Mendebaldeko Europako herrialdeetakoaren parekoa. Laurogeiko eta laurogeita hamarreko urteetan, espainiarren kultura politikoa aztertzeko interesari eutsi zaio. Hala ere, bizitza demokratikoaren errutinizazioak nolabaiteko enfasi-aldaketa eragin du ikerketa-gaien agendan.[9][10]

Estatu Espainiarrean, gizarte-zientzien garapena bereziki zaila izan zen kultura politikoa ikasketa-eremu gisa sortzea eta sendotzea markatu zuten urteetan. Frankismoak ia eten egin zuen joan den mendearen amaieratik Estatu Espainiarrean sortutako eztabaida aberatsaren bilakaera, soziologia eta zientzia politikoa instituzionalizatzeko lehen urratsak eman zituena. Azkenik Mª Luz Moránek ondorioztatzen du, sakoneko eztabaidak oihartzun eskasa izan dutela komunitate akademikoan, eta Espainiak ia ez du ekarpenik egin eztabaida teoriko eta metodologikoan.[9]

Eckstein eta Inglehart[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eckstein[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Harry Ecksteinek honela definitu zuen kultura politikoa: herritarrek sistema politikoari buruz duten balio, jarrera eta sinesmen multzoa. Ecksteinen arabera, kultura politikoa funtsezkoa da demokrazia baten egonkortasuna eta legitimitatea mantentzeko.

Ecksteinek argudiatzen du kultura politiko partekatua beharrezkoa dela herritarrek hauteskundeen emaitzak onar ditzaten eta gatazka politikoak konpontzeko elkarrekin lan egiteko prest egon daitezen. Halaber, adierazi du kultura politiko egonkor batek indarkeria politikoa eta autoritarismoa prebenitu ditzakeela; izan ere, herritarrek balio eta arau demokratikoak partekatzen dituztenean, ez da hain gertagarria gatazka bortitzak gertatzea, eta ez da hain gertagarria buruzagi politikoak beren agintea inposatzen saiatzea, demokratikoak ez diren bitartekoen bidez.

Azken batean, Harry Ecksteinen ustez, kultura politikoa funtsezko dimentsioa da demokrazia batek nola funtzionatzen duen ulertzeko; izan ere, herritarrek sistema politikoarekiko dituzten balioek eta jarrerek eragina dute erabaki politikoak hartzeko eta hauteskunde-prozesuen eta erabakiak hartzeko prozesuen emaitzak onartzeko duten gaitasunean.[11]

Honek ezaugarritzen du:

  • Herritarren konpromiso-maila eta parte-hartze zibikoa: hau da, herritarrek prozesu politikoetan eta erabakiak hartzerakoan duten inplikazio-maila.
  • Balio eta printzipio demokratikoak onartzea: horrek barne hartzen du berdintasunean, askatasunean, justizian eta giza eskubideekiko errespetuan sinestea.
  • Erakunde politikoekiko konfiantza: hau da, herritarrek erakunde demokratikoetan eta hauteskunde-prozeduretan duten konfiantza.
  • Tolerantzia eta aniztasunarekiko errespetua: hau da, herritarrek besteen desberdintasun politikoak, kulturalak eta sozialak onartzeko eta errespetatzeko duten gaitasuna.
  • Aldaketa politikoarekiko jarrera: hau da, herritarrek aldaketa politikoarekiko duten jarrera eta errealitate politiko berrietara egokitzeko duten gaitasuna.

Inglehart[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ingleharten arabera, kultura politikoa gizarte baten baldintza historikoak eta sozialak islatzen dituen balio kulturalen multzoa da. Balio kultural horiek funtsezkoak dira herritarrek mundua nola hautematen duten eta mundu horretan nola jokatzen duen ulertzeko, eta horrek haien jokabide politikoan nola eragiten duen ulertzeko.

Inglehartek argudiatzen du kultura politikoak lotura estua duela gizarte baten balio kultural zabalenekin, eta balio kultural horiek aldatu egiten direla gizarteak oparoago bihurtu eta balioen eskalan aurrera egin ahala. Zehazki, Inglehartek gizarte modernoetan gertatu den aldaketa kultural garrantzitsu bat identifikatzen du, segurtasunean eta biziraupenean oinarritutako balio tradizionaletatik autoadierazpenean eta bizi-kalitatean oinarritutako balio postmaterialistetara igarotzea.

Laburbilduz, Inglehartek honela definitzen du kultura politikoa: balio, jarrera eta sinesmen politikoen multzo bat da, herritarrek politikarekiko duten orientazioa osatzen duena eta haien jokabide politikoari eragiten diona, eta argudiatzen du kultura politikoak lotura estua duela gizarte baten balio kultural zabalenekin.[12]

Eckstein eta Inglehart arteko eztabaida[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ecksteinek eta Inglehartek kultura politikoari buruz duten ikuspegiak desberdinak dira.

Alde batetik, Ecksteinek gizarte baten orientazio politiko orokorrak aztertzen ditu eta orientabide politiko horiek belaunaldi batetik bestera nola transmititzen diren aztertzen du. Haren ikuspegia orientabide politikoen egiturara eta egonkortasunera bideratuta dago, eta nola eragiten dieten kanpoko faktoreek, hala nola aldaketa ekonomikoek, politikoek eta sozialek. Aldiz, Inglehartek gizarte baten kultura-balio zabalenetan jartzen du arreta, eta balio horiek norbanakoen jarrera eta jokabide politikoei nola eragiten dieten.

Bestalde, Ecksteinek dio kultura politikoak nahiko egonkorrak direla eta poliki-poliki aldatzen direla; Inglehartek, berriz, balio kulturalak azkarrago aldatzen direla dio, batez ere gizarte oparo eta aurreratuagoetan. Gainera, Eckstein gizarte demokratikoetako kultura politikoetan zentratzen den bitartean, Inglehartek kultura politikoa gizarte ugaritan aztertu du, erregimen autoritarioak eta trantsizioan daudenak barne.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Mateos, Araceli. Cultura política. .
  2. Karen, Schneider, Cecilia Avenburg,. (2015). Cultura política: un concepto atravesado por dos enfoques. PMC 1364302867. (Noiz kontsultatua: 2023-03-16).
  3. Vázquez Semadeni, María Eugenia. (2010). La formación de una cultura política republicana : el debate público sobre la masonería : México, 1821-1830. (1. ed. argitaraldia) UNAM, Instituto de Investigaciones Históricas ISBN 978-607-02-1694-7. PMC 710821977. (Noiz kontsultatua: 2023-03-08).
  4. LANE, RUTH. (1992-10). «Political Culture» Comparative Political Studies 25 (3): 362–387.  doi:10.1177/0010414092025003004. ISSN 0010-4140. (Noiz kontsultatua: 2023-03-16).
  5. Almond, Gabriel A.. (1989). The civic culture : political attitudes and democracy in five nations. ([New ed.]. argitaraldia) Sage Publications ISBN 0-8039-3557-9. PMC 19671587. (Noiz kontsultatua: 2023-03-08).
  6. Leticia., Heras Gómez,. (2006). Cultura política : el estado del arte contemporáneo.. Red Reflexión Política PMC 950761450. (Noiz kontsultatua: 2023-03-16).
  7. Bizberg, Ilán; Bizberg, Ilan. (1997-01). «Legitimidad y cultura política: una discusión teórica y una revisión del caso mexicano» Revista Mexicana de Sociología 59 (1): 3.  doi:10.2307/3541286. ISSN 0188-2503. (Noiz kontsultatua: 2023-03-16).
  8. Jorge, José Eduardo. (2009). Cultura política y democracia en Argentina.. D - Editorial de la Universidad de La Plata ISBN 978-950-34-0539-0. PMC 948378068. (Noiz kontsultatua: 2023-03-09).
  9. a b c d Morán, María Luz. (1999). «Los estudios de cultura política en España» Reis (85): 97.  doi:10.2307/40184101. ISSN 0210-5233. (Noiz kontsultatua: 2023-03-08).
  10. 1937-, López Pina, Antonio,. (1976). La Cultura política de la España de Franco. Taurus Ediciones PMC 801911429. (Noiz kontsultatua: 2023-03-16).
  11. (Ingelesez) Eckstein, Harry. (1961). A theory of stable democracy. Princeton University ISBN 0598174699..
  12. Inglehart, Ronald. (1990). Culture shift in advanced industrial society. Princeton University Press ISBN 0-691-07786-X. PMC 19739902. (Noiz kontsultatua: 2023-03-28).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]