Potentziaren kudeaketarako zirkuitu integratu

Wikipedia, Entziklopedia askea
MediaTek MT6329BA zirkuitu integratua LG telefono mugikor batean

Potentziaren kudeaketarako zirkuitu integratua edo PMIC (ingelesez, Power management integrated circuits), zirkuitu elektroniko baten potentziaren kudeaketa egiten duen zirkuitu integratua da. Hori erabiltzen da sarritan baterien bitartez funtzionatzen duten gailu txikiak elikatzeko; txip bakarrean hainbat funtzio integratzeak, espazioa eta energiaren kudeaketa eraginkorragoa izatea eragiten baitu.

Deskribapen orokorra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

PMIC terminoak energiaren kudeaketa-funtzioak gauzatzen dituzten zirkuitu integratuei egiten dio erreferentzia. Hala, jarraian, zirkuitu horrek bete ditzakeen funtzioak azalduko dira: [1][2]

  • DC-DC bihurketak
  • Energia-iturriaren hautaketa
  • Bateria-karga funtzioa
  • LED kontrolatzailea
  • Denbora errealeko erlojua (RTC)
  • Elikatze-itrurrien sekuentziatzea
  • Tentsio-gainbegiraketak
  • Tentsio maila txikien eta handien aukako babesa

Potentziaren kudeaketarako zirkuitu integratuak energia elektrikoaren norabide eta fluxua kontrolatzen duten egoera solidoko gailuak dira. Sarritan, zirkuitu elektronikoak tentsio maila desberdinen iturriak behar dituzte. Esate baterako, zirkuitu elektroniko bakar batek 2V, 5V, 10V eta 12V-eko barne tentsioak behar ditu aldi berean. Hori dela eta, tentsio desberdinak kanpo tentsio-iturrietatik hartu beharrean, balio bateko tentsio bat hautatzen da, eta ondoren, PMICak tentsio horren balioaren bihurketa egiteaz arduratzen da.

Bestalde, PMIC, energiaren kudeaketaz soilik arduratzen den edozein zirkuitu integratu kontsideratu daiteke. Hala ere, elektronika mailan, izen hori erabiltzen da energiaren kudeaketa gauzatzen dituen hainbat funtzio dakarren zirkuitu integratuari erreferentzia egiteko.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zirkuitu integratu hauek dakartzaten funtzio desberdinak lagundu dute; batez ere, energiaren kudeaketa efizienteagoak, espazioaren kudeaketa optimoagoak, eta beroaren disipazioaren eraginkortasun hobeak lortzeko. Elektronikaren teknologia garatzen joan ahala, PMICen eraginkortasuna hobetuz joan da. Hala, fabrikante batzuk %95 efizientzia duten gailuak sortzera ailegatu dira.

Bestetik, aipatzekoa da, zirkuitu integratu hauek ez dutela zertan ezaugarri elektriko eta mekaniko berdinak izan. Industria mailan aplikazio oso ugariak dituzte, eta, ondorioz, ezaugarriak sarritan oso desberdinak dira. Fabrikante batzuek inplementatzen dituzten funtzioetatik, I²C edo SPI serieko bus komunikazio-interfazeak , jaitsiera baxuko erregulatzaileak (LDO), denbora errealeko erlojuak (RTC), pultsu-maiztasun modulazioa (PFM) edota pultsu-zabalera modulazioa (PWM) aurki ditzakegu . [2][3][4]

PMIC motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Industrian, bi PMIC mota desberdintzen dira. Eraginkortasun altuko PMICak eta potentzia baxuko PMICak: [2][3]

Eraginkortasun altuko PMICak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eraginkortasun altuko PMICek watt bakoitzeko errendimentua maximizatu egiten dute, eta, aldi berean, konputazio trinkoko prozesuen eraginkortasuna handiagotzen dute. Hauek System on Chip (SoC) izeneko gailuentzako, edota FPGA eta aplikazio-prozesadore motako aplikazioentzako erabiltzen dira.

Potentzia baxuko PMICak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Potentzia baxuko PMICek espazio mugatuko aplikazioetarako aproposak diren efizientzia eta forma-faktoreak eskaintzen dituzte. Horien aplikazioa hainbat gailuetan nabarmentzen da. Esaterako, eskumuturreko adimentsuetan, haririk gabeko aurikularretan, telefono mugikorretan, tabletetan, sentsoreetan edota IoT gailuetan.

Fabrikanteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jarraian, potentziaren kudeaketarako zirkuitu integratuen hainbat fabrikatzaile aurkeztuko dira:

Microchip Technology, STMicroelectronics, Texas Instruments, MediaTek, Cypress Semiconductor, Infineon Technologies AG, Intel, Farnell, Samsung Electronics, Maxim Integrated Products, Ricoh Electronic Devices, Qorvo, Dialog Semiconductor,Renesas Technology, Qualcomm, Rohm Semiconductor, Analog Devices Inc, SPEC . [5]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) «STPMIC1 - 14 Output Rails PMIC 4 Adjustable Constant ON Time (COT) Buck SMPS converters BOOST with Bypass, LDO for Memory Power Supply - STMicroelectronics» www.st.com (Noiz kontsultatua: 2021-11-17).
  2. a b c (Ingelesez) «PMIC - Power Management ICs | Maxim Integrated» www.maximintegrated.com (Noiz kontsultatua: 2021-11-17).
  3. a b (Ingelesez) «Power Management ICs from Nordic Semiconductor» www.nordicsemi.com (Noiz kontsultatua: 2021-11-17).
  4. (Ingelesez) «Power Management IC (PMIC)» Semiconductor Engineering (Noiz kontsultatua: 2021-11-17).
  5. (Ingelesez) «PMIC,Power Management,Multi-Channel» indexPro (Noiz kontsultatua: 2021-11-17).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]