Telefono mugikor
Telefono mugikorra (edo mugikorra soilik), mobila, sakelako telefonoa, eskuko telefonoa edo esku-telefonoa hari gabeko telefono eramangarria da. Horretarako irrati uhinak erabiltzen ditu. Lagunartean segapotoa ere esan ohi da.
Hasierako telefono mugikorrek bakarrik deitzeko balio zuten, baina teknologiak aurrera egin ahala aplikazio berriak edukitzen hasi ziren, hala nola: SMSak edo mezu laburrak, MP3 erreproduzitzaileak, Bluetooth, argazki-kamera, bideojokoak, internet, eta abar.
Historia [aldatu]
Gizakien arteko komunikazioa errazteko iraultza ekarri zuen telefono mugikorrak. 1983. urtean lehenengo alea kaleratu zenetik, gaur egun ia ezinbestekoa zaigu gure eguneroko bizitzan. Ekonomiaren parte handi bat mugitzen duen sektorea bilakatu da azken hamarkada honetan, eta beraz hainbat enpresa daude multinazionalizatuta. Telefono mugikorrari buruz hitz egin beharko bagenu, 30 urteko jauzia eman beharko genuke iraganera. Izan ere, mugikorra 1973. urtean jaio zen. Hamabost urte ikertzen igaro ostean eta 150 milioi dolarreko inbertsioari esker teknologiaren munduan urrats garrantzitsua eman zuten. Sorkuntza berri horren aita Motorolako exekutibo bat izan zen, Martin Cooper eta diseinua Rudy Kroloppek egin zuen. Mugikorretik egindako lehenengo deia 1973an izan zen arren, hamar urte beranduago atera zuten merkatura; 1983. urtean, hain zuzen ere.
Ez zen oso erabilgarria izan bere tamaina zela eta. DynaTAC 8000X-k 1kg inguru pisatzen zuen. Neurriak: 25 cm luzera, ia 8 cm sakonera eta ia 4cm zabalera. Gainera, ordu bateko autonomia zuen komunikazioan eta zortzi ordu egonean, diodo argi-igorle pantaila izanik.
Komunikazio telefonikoa posiblea da zentral mugikorren eta publikoen arteko interkonexioei esker.
Telefono mugikorra gure ezinbesteko erreminta bat bilakatu da, edonora goazela ere, gurekin eramaten duguna. Egunero 10-12 ordu bitartean piztuta daukagu. Merkaturatutako azken mugikorra iPhonea izan da, Apple konpainiak disenaitu eta saltzen duen multimedia edukiak erreproduzitu eta Interneten nabigatzeko prestatuta dagoen telefonoa da. Neurriak: 115mm, 61mm eta 11.6.
Gaur egun garrantzi handia dute ukimen-pantailako mugikorrak.
Mugikor teknologia digitalaren agerpenarekin, Interneteko orrietara sartzea ahalbidetu zen bereziki sakelako telefonoetarako diseinatuta daudenetara. Hau teknologia WAP (Wireless Application Protocol) bezala ezagutzen da.
Fabrikatzaile nagusienak Nokia, Samsung, Motorola, LG, Sony Ericson, Alcatel, Apple eta HTC dira. Gaur egun Nokia da telefono mugikorren fabrikatzailerik handiena.
Polemika bizia dago jendartean sakelako telefonoek sortaraz lezaketen gaitzez. Beste edozein ekipo elektronikok bezala, kutsadura elektromagnetikoa sortzen badu ere, ez dirudi izaki bizidunentzat kaltegarri direnetz egiaztatzerik dagoenik.
Ikus, gainera [aldatu]