Ranavalona II.a
Ranavalona II.a (Rovan' Ambatomanoina, Madagaskar, 1829 - Antananarivo, Madagaskar, 1883) Madagaskarko erregina izan zen 1868-1883 urte bitartean, Radama II.aren bigarren emaztea, Rasoherinaren ondorengoa. Lehen ministro Rainilaiarivonyrekin ezkondu zen, eta harekin batera egin zen protestante (1869). Frantziarekin eta Ingalaterrarekin hitzartu zuen eta, merkataritza-askatasunaren truke, Madagaskarren burujabetasuna onartu zuten bi estatu horiek. Gizarte-aldakuntza garrantzitsuak egin zituen (poligamiaren eta edari alkoholdunen debekua, asteko atsedenaldia), zentralizazio-politika bideratu zuen, hezkuntza-sistema antolatu, eta armada osatu zuen. 1881. urtean aldarrikatutako legeak atzerritarrak lurren jabe izan zitezen oztopatzen zuenez, Frantziak blokeoa ezarri zion uharteari, eta erregina hil baino egun batzuk lehenago (1883), Majungako eta Tamataveko hiriak inbaditu zituzten frantsesek.
Erreferentziak[aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.