Ranavalona III.a
Wikipedia(e)tik
Ranavalona III.a (Manjakazafy, Madagaskar, 1862 - Aljer, Algeria, 1917) Madagaskarko erregina izan zen 1883-1897 urte bitartean. Ratrima printzearen alarguna zen, eta aurreko bi erreginen senar izandako Rainilaiarivony lehen ministroarekin ezkondu zen. Frantziako Itsas Armadak ezarritako setioari amaiera emateko, Tamataveko hitzarmena izenpetu zuen haiekin, eta frantsesen esku utzi zituen diplomazia harremanak (1885). Frantziak, koloniak hedatzeko politikari jarraituz, protektoratu egin zuen lehenik Madagaskar (1895) eta kolonia gero (1896). Frantziaren aurkako matxinada bat antolatu izana salatu zioten frantsesek erreginari, eta hura kargutik kendu ondoren (1897), Réunion uhartera deportatu zuten, lehenik, eta Aljerrera, gero.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.