Rig-veda

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Rig-veda Indiako antzinako testu sakratu bat da, sanskritoz idatzia.

Rig-vedaren testua, sanskritoz idatzita, devanagari alfabetoaz.
  • ṛgveda AITS sisteman (Sanskritoaren Transliterazioaren nazioarteko alfabetoa).
  • ऋग्वेद, sanskritozko devanagari idazkeran.
  • Ahoskatzea: rigvedá
  • Etimologia: izena rich edo richa: goralpena, ahapaldi sakratua, eta vedah, "ezagutza" (latinezko vedere eta veritas hitzen kognatua) hitzen arteko elkarketa da.

Ereserki bilduma bat da, antzinako sanskrito vedikoz idatziak eta jainkoei eskainiak. Vedak bezala ezagutzen diren lau liburuetatik antzinakoenatzat hartzen da.

Rig-vedan agertzen diren pasaia geografiko eta etnologiko batzuk testua K. a. 1400 eta K. a. 1100 bitartean idatzia izanaren ebidentziak adierazten dituzte (garai vediko goiztiarra), Sapta Sindhu eskualdean, Punyaben.

Honegatik testu erlijioso indiarren artean antzinakoenatzat hartzen da, eta indoeuropar hizkuntza batean idatzitako antzinakoenetako bat. Mendeetan zehar ahozko tradizioz mantendu zela uste da, eta ez zela idatziz jarri Erdi Aroaren hasierarte. Kontserbatzen diren eskuizkriburik antzinakoenak gure aroko XI. mendean idatzita daude.

Testua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rig-veda 1028 ereserkiz osatua dago (edo 1017 hamaika bertso apokrifoak (valakhilya) kentzen badira, 8,49tik 8,59ra). Sanskrito vedikoz idatzita daude, eta horietako asko sakrifizio erritualetarako erabiltzen zirela uste da.

Nahiko laburrak diren ereserkiek osatutako bilduma luze hau nagusiki jainkoak goraipatzeko erabiltzen da. 10 liburutan antolatua dago, mandala bezala ezagutzen direnak. Mandala bakoitzak suktak ditu, rich (pluralean richas) izeneko norbanako bertsoez osatuak daudenak, nondik Rig-veda izena datorren.

Mandalak ez dira, inola ere, berdinak luzeran edo antzinatasunean: 2tik 7rako mandalek (liburu familiarrak bezala ezagutuak eta libururik laburrenak dituztenak, luzeraren arabera ordenatuak) testuaren %38a dute. 8 eta 9. mandalek, adin ertainekoak direnak, testuaren %15 eta %9 dute hurrenez hurren. 1. eta 10. mandalak, azkenik, biak luzeenak eta modernoenak dira, eta testuaren %37a dute.

Rig-vedaren preserbazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rig-veda bi shakhak (adarrak, hau da, eskolak) mantendu zuten: Sakala eta Bashkala. Bere antzinatasuna kontutan hartuz gero, testua harrigarriki ondo mantendua eta usteldu gabe dago, bi aipamenak ia erabat berdinak baitira. Aitareya-bráhmana deritzona Sakala eskolarekin lotua dago. Baskala eskolak Khilania eta Kausitaki-bráhmana mantendu zituen.

Bilketa edo idazketa honek bere barnean testua liburuetan antolatzea hartu zuen, eta aldaketa ortoepikoak ere egin zituen (sandhiaren sistema sanskritoaren erregularizazioa, elkarren ondoan dauden hitzak nola elkartu azaltzen duena).

Idatzia izan zen garaitik, testua bi bertsiotan igorri zen: Samjita-patha (hitz guztiak sandhiaren arau sanskritoen arabera elkartzen dituen eta errezitaziorako erabiltzen den jarraikako bat) eta Pada-pathak hitz bakoitza bere aldetik du, oroitzea errazteko. Pada-patha Samjita-patharen interpretaziotzat har liteke. Jatorrizko testua (ereserkiak rishiek idatzi zituzten bezela berreskuratzearen zentzuan) bien artean dago, baina Samjita-patha jarraikakotik hurbilago.

Rig-vedaren zatiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nolabaiteko nahasmena dago Veda hitzarekin, tradizionalki Samjitako testuei ematen zaiena, eta ez honekin lotutakoei, bráhmana testuak edo upanishadak kasu. Adibidez, Aitareia-bráhmana ez da Rig-vedaren zatitzat hartzen baizik eta honekin lotutakoa.

Antolaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Numerazio modurik ohikoena liburu, ereserki eta bertsoaren arabera da (eta, beharrezko balitz, padaren arabera (oin poetikoa): a, b, c etab...) Adibidez, lehen pada da:

  • 1, 1, 1a agním īlrie puróhitam (Agni goraipatzen dut, goi apaiza)

Eta azkena honako hau da:

  • 10, 191, 4d yáthāh vah súsahā́sati (konpainia onean egon zaitezten)

Hermann Grassmann sanskritologoak ereserkiak 1etik 1028ra zenbakitu zituen, eta valakhilyak (faltsuak) amaieran jarri zituen. Rig-vedaren 1028 ereserkiek, 1877ko edizioan (Aufrechten), 10552 bertso edo 39.831 pada ditu. Shatapatha-bráhmanak 432.000 silabako kopuru bat ematen du (40 aldiz 10.800 dena, uttara-vediek erabilitako adreilu kopurua). Baina zenbaki horrek justifikazio numerologiko bat du, silaben benetako kontaketan oinarritua ez dagoena. Van Nooten eta Hollanden testu metrikoak (1994) 395.652 silaba ematen dituen bitartean (9,93 silaba pada bakoitzeko). Silaba kopuruaren zenbaketa ez da hain xamurra, sandhiaren arau gramatikalen arabera hitzak elkartzeko moduaren ondorioz. Bertso gehienak jagatiak (12 silabako padak), tri-shtubhak (11 silabako padak), virashak (10 silabakoak) eta Gaiatriak (edo anushtubhak, 8 silabako padekin) dira.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikiturrietan testuak daude honi buruz:
Rig-veda