Roger de Flor

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Roger de Flor

Roger de Flor, Roger Blum jaioa, (Brindisi, Siziliako Erresuma, 1267 - Hadrianopolis, Bizantzioko Inperioa, 1305eko apirilaren 30a) Kataluniako abenturazalea, jatorriz germaniarra. Rikardo Blum belatz ehiztari germaniarraren semea zen. Tenpluko zaldun baten zerbitzuan hasi zen mutikotan eta gazterik hartu zuen parte kristauen ebakuazio batean, San Joan Akrekoa hirian (1291, Palestina). Tenpluko ordenako maisu nagusiak ordenaren altxor batzuez jabetu zela egotzi eta Genoara jo zuen Roger de Florrek. Hiri hartan bildutako almogavare edo mertzenario kataluniar eta aragoitarren buru jarririk, itsas ohointzan hasi zen Mediterraneoan eta, indarturik, Aragoi, Katalunia eta Sizilia Bietako erregearen onespena jaso zuen. 1303. urtean, Andronikos II.a Bizantzioko enperadorearen zerbitzuan jarri zen turkiarren aurka bere almogavareekin eta, Asia Txikiko eremu handi askoren jabe egin ondoren, bertako zesar titulua jaso zuen enperadorearengandik. Migel IX.ak, Andronikos II.aren semeak, errezeloa hartu zion eta hilarazi zuen, almogavare askorekin batera, oturuntza baten ondoren. Almogavareek mendeku hartu eta izugarrizko triskantza egin zuten Trazian eta Bizantzion ("kataluniar mendekua").

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Roger de Flor Aldatu lotura Wikidatan