Gurutzadak

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Gurutzatuak Konstantinopolisera iristen.

Gurutzadak XI. eta XIII. mendeen artean Aita Santuak deitutako kanpaina militar batzuk izan ziren, musulmanei Lur Santuak kentzea helburu zutenak.

Funtsean, noble feudalen hedatze nahiek, Asiako merkataritzaren kontrolak eta Aita Santuak ekialdeko elizekiko nahi zuen nagusitasunak bultzatu zituzten.

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europako eta Ekialde Hurbilko historiak horrelako nondik norakoak hartzeko zituen arrazoiak ulertzeko, gurutzaden fenomenoaren aurreko urteetara begiratu behar dugu eta orduan munduan zer gertatzen zen ikusi.

1000. urtearen inguruan, Konstantinopolis zen munduko hiririk aberatsena eta boteretsuena. Hiriaren kokapen estrategikoa, bere defentsa errazten zuena eta merkatari bideen erdi erdian, gobernua zentralizatu batek eta armada profesionalak, Bizantziar Inperioaa parekorik gabeko nazio egiten zuten mundu mailan. Basilio II enperadorearen ekintzei esker, bere mugen hurbilen zeuden etsaiak garaituak eta xurgatuak izan ziren.

Seljuzidar dinastia bere zabalera nagusienean

Basilioren heriotzaren ondoren errege eskasagoak eseri ziren bizantziar tronuan, erdialdeko Asiatik arrisku berri bat agertzearekin batera. Turkiarrak ziren, denborarekin Islamaren fededun bihurtu ziren tribu nomadak. Tribu hauetako batek, seljuzidak (Selyuk buruzagi mitikoagatik horrela deituak), Konstantinopolis "fedegabearen" aurka jo zuen. 1071eko Manzikerteko guduan, turkiarrek armada inperialaren zati nagusia suntsitu zuten eta ko-enperadoreetako bat bahitu. Hondamen honen ondoren, bizantziarrek gaur egungo Turkiaren lur eremuak seljuzidei eman behar izan zizkieten. Orain musulman tropak zeuden Konstantinopolisetik kilometro gutxira.

Bestalde, turkiarrak hegoaldera bideratu ziren, Siria eta Palestinara. 1070ean, Jerusalem hiri santua konkistatu zuten.

Gertaera hauek bai mendebaldeko bai ekialdeko Europarentzat kolpe latza izan ziren. Turkiarrek mundu kristaua irensteko beldur ziren, gainera turkiarrek Jerusalemera joaten ziren erromesei egindako torturen zurrumurruak zabaltzen hasi ziren. 1081ean, bizantziar tronua jeneral iaio batek hartu zuen, Alexo Komneno, turkiarrei aurre egitea erabaki zuena. Baina segituan konturatu zen ezin zuela lan hau bakarrik egin eta mendebaldearekin loturak sendotzen hasi zen (kristautasunaren ekialdeko eta mendebaldeko adarrek 1054ean moztu zituzten harremanak). Alejok mendebaldeko armada mertzenario bat nahi zuen, armada inperialarekin batera turkiarrak erdialdeko Asiara itzularazi zitzakeena.

Alejok Urbano II Aita Santuari mezulariak bidali zizkion, honek armada erreklutatzen lagun ziezaion. 1095ean Urbanok kontzilio bat deitu zuen enperadorearen proposamena aztertzeko, baina bertaratuen arteko liskarregatik, Konstantinopolisen eskaera baztertuta geratu zen. Alejok itxaron beharko zuen.

Lehen gurutzada 1095-1099[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Lehenengo Gurutzada
Judutarren sarraskia lehen gurutzadan
  • Gregorio VII.a Aita Santuaren ideia izan zen herrialde kristauen batasuna Islamari aurka egiteko.
  • Urbano II.a izan zen praktikan jarri zuena. 1096eko Clermonteko kontzilioan, Jainkoak nahi du! ohiarekin lehen gurutzada (1096-1099) deitu zuen.

Urbano II.aren deiak, jende xumea jarri zuen martxan lehenik, "Behartsuen gurutzada" delakoa osatuz. Modu traketsean ekialdera abiatu ziren, judutarren sarraski ugari eraginez bidean. Arduragabe turkiar lurraldean barneratu ziren, non arazorik gabe suntsituak izan ziren.

"Printzeen gurutzada" delako antolatuagoa izan zen, Frantzia, Herbehereak eta Siziliako erreinu normandiarreko tropez osatua eta Godofredo Bouillonekoa, Raimundo Tolosakoa eta Bohemundo Tarentokoa bezalako erdi mailako nobleek agindua. Konstantinopoliseko beraien egonaldian, turkiarrek okupatutako lurralde oro Bizantziar Inperioari itzultzea zin egin zuten.

Jerusalemen konkista, lehen gurutzadan

Bizantziotik Siriara zuzendu ziren, turkiarren lurrak zeharkatuz eta hainbat garaipen lortuz. Sirian, Antiokia konkistatu zuten eta, bizantziarrei itzuli beharrean, Bohemundok berarentzako hartu zuen.

Antiokiatik Jerusalemera zuzendu ziren, zeina setiatu eta 1099ko uztailaren 15ean indarrez hartu zuten. Gurutzatuek sekulako sarraskia egin zuten, ez zuten ez judutar ez musulmanik errespetatu, ezta emakume edo haurrik ere.

Garaipen honek amaitu zuen lehen gurutzada. Zaldun ugari etxera itzuli ziren, baina beste asko bertan geratu ziren, konkistatu berri zituzten lurretan agintzen. Jerusalemeko Erreinuaz eta Antiokiako Printzerriaz gain, Edesako konderria eta Tripoli sortu ziren.

Garaipen honek animatuta, beste gurutzada bat sortu zen 1101ean, baina azken hau turkiarrek deuseztu zuten Anatolian. Hondamen honek gurutzadaren espiritua itzali zuen 50 urtetan zehar.

Bigarren gurutzada 1147–1149[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Bigarren Gurutzada

Estatu musulmanen banaketari esker, Ekialde Hurbileko estatu kristauek bizirautea lortu zuten. Segituan integratu ziren bertako aliantza aldakorren sistemara, askotan estatu kristau bat estatu musulman baten lagun izan zitekeelarik, eta beste estatu kristau baten etsai.

Hala ere, kristauen artean gurutzadaren espiritua itzaltzen hari zen bezala, musulmanen artean Jihadarena indartzen joan zen, batez ere herri xumearen artean. Hainbat agintarik probetxu atera zion sentimendu honi, estatu musulmanen batasuna lortu eta erreinu kristauen aurka jotzeko.

Buruzagi hauetako bat izan zen Zengi, Mosul eta Alepoko gobernadorea, 1144ean Edesako estatu kristaua konkistatu zuena. Galera honen erantzun bezala, Aita Santuak Bigarren gurutzada deitu zuen 1146ean.

Lehenengoan ez bezala, gurutzada honetan hainbat errege kristauek hartu zuten parte, Frantziako Luis VII.ak eta Konrado III.a germaniar enperadorea buru zituztelarik. Frantziarren eta alemaniarren arteko ezadostasunak etengabeak izan ziren espedizio osoan zehar.

Lurralde Santura heltzean, Edesa ez zela helburu garrantzitsua erabaki zuten eta Jerusalemera joan ziren. Hemen, Jerusalemeko erregearen etsaia zen Nur al-Din eraso beharrean (Zengiren semea), Damasko eraso zuten, Jerusalemen aliatu zena.

Espedizioak porrot egin zuen, astebeteko setioaren ondoren, gurutzatuak erretiratu eta beraien herrietara bueltatu ziren. Zentzugabeko eraso honen erruz, Damasko Nur al-Dinen esku erori zen, pixkanaka estatu kristauak inguratzen hari zena.

Geroago, Jerusalemek Egipto erasotzean, Nur al-Dinek eraso zion, erreinuaren amaiera eta hirugarren gurutzada ekarriko zuena.

Hirugarren gurutzada 1187–1192[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Hirugarren Gurutzada

Jerusalemeko Erreinuak Egipton esku sartu nahian hari zela eta, Nur al-Din sultanak Saladin laguntzailea bidali zuen egoeraren kargu egitera. Berehala Saladin Egipto osoko jaun eta jabe egin zen, nahiz eta Nur al-Din hil zen arte bere agintea errespetatu zuen. Hau hiltzean, Saladinek Egipto eta Siriako sultan izendatu zuen bere burua.

Saladin gizon jakintsua zen eta Nur al-Din bezala, musulman fededuna eta gurutzatuak kanporatzearen aldekoa. Alderdi musulmanen batasuna lortu zuen eta Egiptotik Siriarainoko kontrol politiko eta militarra. Jerusalemeko Erreinuari, lepradun errege batekin eta Saladinek inguratuta, ez zitzaion denbora asko geratzen.

Zaldunen krak gaztelua

Jerusalemeko erreinuaren amaiera Reinaldo Châtillonekoak eragin zuen. Bere hitza errespetatu gabe jokatzen zuen zaldun honek karabanak eta Mekara zoazen erromesak erasotzen zituen. Saladinen arreba zihoan karabana bat erasotzean, honek bere eskuekin hilko zuela zin egin zuen.

Gerra jada hasia, gurutzatuen gudarostea, tenplarioekin batera, Saladinen aurka borrokatu ziren Hattineko Adarretan, 1187an. Armada kristaua suntsitua izan zen, erreinua babesgabe utziz. Saladinek Reinaldo Châtillonekoa esan zuen bezala hil egin zuen. Beste hainbat gudari exekutatuak izan ziren arren, asko preso hartu eta gerora askatu zituzten.

Saladin orduan erreinuaren zati gehiena okupatu zuen, kostaldeko hiriak ezik, eta urte horretan bertan Jerusalem konkistatu zuen, 1099koarekin konparatuta ia odol isurketarik gabe izan zena. Jerusalemeko Erreinua desagertu egin zen.

Jerusalemen galerak Europa asaldatu zuen eta Gregorio VIII.a Aita Santuak gurutzada berri bat deitu zuen. Honetan errege kristau garrantzitsuenak hartu zuten parte: Rikardo I.a Ingalaterrakoa (Lehoibihotz), Felipe II.a Frantziakoa eta Federiko I.a Bizargorri enperadorea. Azken hau talde indartsuenaren buru zen, baina Siriara heltzean, enperadorea ibai batean itota hil zen, bere gudarostea sakabanatuz. Zati txiki bat soilik heldu zen Palestinara.

Ingeles eta frantziar armadak itsasoz heldu ziren. Akreko hiriaren konkista izan zen beraien garaipen bakarra. Garaipen honen ondoren, Rikardok milaka presoen sarraskia egin zuen.

Filipe II.a kezkatuta zegon bere herrialdeko arazoengatik eta Rikardorekin zuen lehiakortasunagatik, Frantziara itzuli zen. Rikardo, orain gurutzadaren buru bakarra, Jerusalemera heldu zen, baina zuen gudaroste ahulduak ezingo zuelakoan setioa jasan, eraso beharrean Saladinekin akordio bat sinatu zuen, erromesei Palestinara sartzeko baimena ematen ziena.

Saladin 6 hilabete geroago hil zen. Rikardo 1199ean hil zen gezi batez, Europara itzultzen hari zela. Horrela amaitu zen hirugarren gurutzada, bi alderdientzako porrotarekin. Palestinan kristauek kontrolatzen zuten kostaldeko eremu txikia galtzea denbora kontua zen. Hala ere, beste mende bat eutsi zioten.

Laugarren gurutzada 1202–1204[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Laugarren Gurutzada

Sinatu zen akordioari eta Saladinoren heriotzari esker, urte batzuk bakean igaro ziren. Ordurako, kostaldeko gurutzatuen estatuak merkatari kolonia italiarrak soilik ziren. Inozentzio III.a Aita Santuak gurutzada berri bat deitzea erabaki zuen estatu kristau hauen egoera hobetzeko. Gurutzada honetan ezingo lukete erregeek parte hartu eta Egiptoren aurka joan beharko luke.

Gudaroste gurutzatua Venezian bildu zen, bidea itsasoz egiteko asmoz. Bertan, Enrico Dandolo dogoa espedizioaren buru zen Bonifazio Montferratokoa eta Alexo IV.a Angelo usurpatzaile bizantziarrarekin aliatu zen, gurutzadaren helburua aldatu eta Konstantinopolis erasotzeko, hirurek garaiko enperadore zen Alexo III.a Angelo bota nahi baitzuten.

1203an Bizantzio eraso eta Alexo IV.a enperadore bezala jartzea lortu zuten. Liskar asko sortu ziren honegatik, 1204ean gurutzatuek hiria konkistatzea eragin zuena. Erasoa izugarria izan zen. Gurutzatuek milaka kristau hil zituzten, emakumeak eta haurrak barne. Elizak eta jauregiak lapurtu eta txikitu zituzten, hiriko artelan guztiak ostuz. Gertaera hauekin amaitu zen Bizantziar Inperioa, beste hainbat estatutan banatu zena. Horrela, Latindar Inperioa sortu zen, 1261 arte iraun zuenak.

Laugarren gurutzada honek Palestinak estatu kristauentzat kolpe bikoitza izan zen. Batetik ez zuten espero zuten laguntza jaso eta bestetik, Konstantinopolisen zaldunentzako erakarpen polo bat sortzean, Lurralde Santuetan zeuden asko bertara joatea ekarri zuen.

Beste gurutzadak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Laugarrenaren porrotarekin, gurutzadaren espiritua ia erabat itzali zen, errege eta Aita Santu batzuk berpizten saiatu ziren arren. Palestinako estatu kristauek 1291 arte iraun ahal izan zuten, mongoliarrek Ekialde Hurbila inbaditu baitzuten, musulmanen arreta osoa bereganatuz.

Momentu batean, gurutzatuen xalotasun faltari egotzi zitzaion hainbeste porroten errua, eta Jerusalemen bihotz garbiek bakarrik konkista zezakeenaren sinesmena zabaldu zen. 1212an, hamabi urtetako predikatzaile batek haurren gurutzada delakoa antolatu zuen, non milaka haurrek Frantzia igaro zuten eta Palestinara joateko itsasontziratu ziren. Engainatuak izan ziren ordea eta ia denak esklabo saldu zituzten.

Bosgarren Gurutzada Inozentzio III.ak antolatu zuen, Egipto konkistatzeko asmoarekin. Lehen garaipen batzuen ostean, Kairo erasotzen saiatu ziren, porrot eginez eta ordu arte irabazitako guztia galduz.

Seigarren Gurutzadan, 1228, Federiko II.a Hohenstaufen enperadoreak Jerusalem, Belen eta Nazaret lortu ahal izan zituen akordio bati esker.

1244ean Jerusalem berriro erori zen (oraingoan betiko) eta honek Luis IX.a Frantziakoak Zazpigarrena deiaraztea ekarri zuen. Porrot egin zuten eta erregea, bere armadarekin batera, Egipton espetxeratu zuten.

Frantziara itzulirik, errege berak Zortzigarren Gurutzada hasi zuen (1270), Tunisian aurka, nahiz eta benetako helburua merkatari tunisiarrekiko lehiakortasuna zen. Izurriak Luis erregea eta bere armadaren zati gehiena hil zituen.

Aita Santu batzuk gurutzada berriak deitzen saiatu ziren arren, ez ziren gehiago antolatu eta 1291ean, gurutzatuak Palestinako azken jabegoetatik atera ziren. Oro har, 1099ko Lehen Gurutzadaren Jerusalemen konkista bakarrik izan zen garrantzizko garaipen bakarra, nahiz eta horretarako milaka pertsona errugabe hil ziren.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Gurutzadak Aldatu lotura Wikidatan