Salsabil

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ridvan (paradisu) lorategiko iturburu nagusia. Bahá'íen toki sakratua (Israel).

Salsabil ( arabieraz: سلسبيل‎ Salsabīl ) islamaren eta bahá'í fedearen terminoa. Salsabiil edo Salsabeel ere idatz daiteke, baina gehienetan "Salsabil" izena erabiltzen da.

Islama[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Islamean, paradisuko iturburua ( Jannah ) izendatzen du. Orokorrean, paradisuko ibaia edo iturria ere izan daiteke. Koranean behin bakarrik aipatzen da, Gizona (Al-Insaan) izeneko suran, hain zuzen ere.

"Han bere muinean jengibrea (Zanjabil) izango duen ardoa emango zaie edaten.

Eta Salsabil izeneko iturri bat izango da han."

(Korana, 76. sura: Gizona (Al-Insaan), 17 eta 18. txatalak)[1]

Aurreneko txatalean, paradisuan sartzen direnei ematen zaien edaria aipatzen da. Oso litekeena da, beraz, hurrengoan aipatzen den iturria edari horren sorburu izatea.

Bahá'í fedea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bahá'í fedearen iruditerian oso presente dago paradisuko iturburuaren irudia, jakituria, desatxikimendua eta ontasun guztien inspirazio-iturburu gisa. Idazteunetan hainbat aldiz aipatzen da سلسبيل Salsabil hitza, Bahá'u'lláh-ren idazkietan, batik bat, Koranean ematen zaion adierari helduta. Modu desberdinetara ekarri da Salsabil hitza euskarara, testuinguruaren arabera; hala nola, jainkozko misterioaren erreka, isuri gozoko iturria, usaingozoko uhinak, aukeratutako ardoa, ur gardenak, santutasun mistikoaren ibaia, jario gozoa, eta abar.

Oi ene neskamearen seme!

Errukitsuaren mihitik edan ezazu jainkozko misterioaren erreka (Salsabil), eta jainkozko hitzaren egunsentitik beha ezazu zuhurtziaren goiz-izarraren distira ageria...

(Hitz Ezkutuak, Persierazko 78.a)[2]

Besteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Salsabil, Irango Teheranen dagoen auzo zahar baten izena ere bada.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Korana. Ibaizabal [2007], 399 or. ISBN 978-84-8394-089-1. PMC 433648759. (Noiz kontsultatua: 2020-03-18).
  2. Baha'u'llah.. (). Hitz ezkutuak ; Ziurtasunaren liburua = Kitáb-i-Íqán. Ibaizabal, 32 or. ISBN 978-84-8394-341-0. PMC 863200691. (Noiz kontsultatua: 2020-03-18).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]