Sammy Reshevsky

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Sammy Reshevsky, xakeko maisuekin, aldibereko saio batean, 1920an.

Sammy Reshevsky (Ozorkow, Polonia, 1911 - Syffern, New York, AEB, 1992) estatubatuar xake-jokalaria izan zen, jatorriz poloniarra. Jokalari nekaezina eta estratega bikaina; Estatu Batuetako txapelduna askotan (1936, 1938, 1940, 1942, 1946, 1969, 1971); aurkari gogorrenak menderatu zituen, are munduko txapeldunak ere, baina ez zuen inoiz lortu munduko txapeldun izatea.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sei urte besterik ez zituela, Europa osoan barrena ibili zen bere dohainak erakusten, eta 9 urterekin master-maila lortu zuen. Harrigarrizko partidak egin zituen, 75 aurkariren kontra aldi berean jokatu eta irabaziz. 1920an Estatu Batuetara emigratu zuen gurasoekin. Estatu Batuetako jokalari onenekin lehiatu zen, eta xake-arazo konplexuei soluzioa aurkitu zien, baina, halako batean, haurren ongizaterako begiraleek profesional gisa jokatzea debekatu zioten. Aurrerago, kontularitzako ikasketak egin ondoren, xakean jokatzen hasi zen berriro.

Nahiz eta munduko jokalari onenak ere mendean hartu zituen -José R. Capablanca (1935ean), Mikhail Botvinnik (1955ean), Bobby Fischer (1961)-, ez zuen sekula lortu munduko txapeldun izatea; aditu batzuen arabera, bere karrera eten izanagatik, jokoan beti berdin hasteagatik eta presaz jokatzeko atxikimenduagatik. 1984an, 72 urte zituela, Reykjavikeko Nazioarteko Txapelketa irabazi zuen. Xake-jokoari buruzko bi liburu idatzi zituen: Reshevsky on Chess (1948, "Reshevsky xakean") eta How Chess Games Are Won (1962, "Nola irabazten diren xake-jokoak").

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Sammy Reshevsky Aldatu lotura Wikidatan