Samuel Fuller
Samuel Fuller (Worcester, Massachusetts, AEB, 1912 - Los Angeles, AEB, 1997) Estatu Batuetako zinema-zuzendaria izan zen.
Biografia [aldatu]
17 urte zituenerako, New York Journal egunkariko kazetaria zen. Geroago, beste egunkari batzuentzat lan egin zuen, eta oso lanbide baliagarria gertatu zitzaion hura. Izan ere, 1930. hamarraldian hainbat kontakizun eta eleberri labur idatzi zituen, poliziakoak gehienak, egunkarietan agertzen ziren gertakarietan oinarriturik. Era berean, kazetaritzan egindako lanetik hartu zituen zenbait gidoi idazteko gaiak.
1942. urtetik 1945. urtera, gerran parte hartu zuen Europan eta Afrikan, eta gerra amaitu zenean, Hollywooden hasi zen lanean, gidoiak idazten. 1950eko hamarraldiaz gero hasi zen filmak egiten.
Fuller zinemagile inkonformista izan zen, eta kritika gogorrak egin zituen, besteak beste, arrazakeriaz eta hipokrisiaz. Indarkeriazko filmak egin zituen, batez ere, gerran oinarrituak horietako asko, eta trebetasun bikaina erakutsi zuen gudu-lekuko irudi lazgarriak adierazten.
Fullerrek eragin handia izan zuen geroagoko zinemagile gazteen artean, Godard, Wim Wenders, Jim Jarmusch eta Martin Scorseseren zinemagintzan, besteak beste. Oso filmegile emankorra izan zen, eta hauek ditu, beste askoren artean, film aipagarriak: Fixed Baionets (1951); Pick up on South Street (1953); House of Bamboo (1955); China Gate (1957); Underworld USA (1960); Merril´s Marauders (1961, gerrako filmen eredutzat har daitekeena), Shock Corridor (1963), Shark (1969), The Big Red One (1979),White Dog (1982), Les Voleurs de la nuit (1984), Street of No Return (1988).
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.