Sasi-txori arrunt

Wikipedia, Entziklopedia askea
Sasi-txori arrunt
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaPasseriformes
FamiliaAcrocephalidae
GeneroaHippolais
Espeziea Hippolais polyglotta
Vieillot, 1817
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Masa1,6 g (pisua jaiotzean)
13,2 g (helduen pisua)
Kumaldiaren tamaina3,9
Eguneko zikloaeguneko
Errute denbora12 egun
Arrautza

Sasi-txori arrunta (Hippolais polyglotta) acrocephalidae familiako hegazti paseriformea da, hego-mendebaldeko Europa eta ipar-mendebaldeko Afrikako basoetan bizi dena[1].

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Badirudi Euskal Herrian ugaltzen den sasi-txori espezie bakarra dela.

Gure lurraldean esklusibotasun hori onartuta, ez dago arazorik sasi-txoria identifikatzeko. Txio baten antzeko kolorea du, baina bere tamaina, askoz handiagoa da, bere itxura eta jarrera oso desberdinak, ezin dira nahastu. Tamaina 13 cm-ra iristen da. Gainean arre-berdexka, oliba antzeko kolorekoa, eta azpian horia, sufre-horia gune koloretsuenetan eta zertxobait zurixkagoa besteetan. Hegoak eta buztana ilunagoak, arre-beltzaxkak. Bekain horia ez oso markatua. Hankak gris-urdinxkak ditu eta mokoa arre argia, beheko masailezur horia eta ahoaren barrualdean hori-laranja bizi kolorekoa, kantatzen duen bitartean gertutik behatzen badiozu ikus daitekeena.

Ez da kantuaren birtuosoa, nahiz eta nahiko nota musikatuak eta beste txorien imitazioak egiten dituen, baina berritsu nekaezina da, ahapaldi luzeak behin eta berriro lotzen dituena.[2]

Biologia eta ohiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Migratzailea. Hemen inguruan apirilaren bigarren hamabostaldi aldera ikusten da, nahiz eta bere presentzia maiatzera arte ez den orokortzen. Hilabete honetan sartuta, oraindik ere txoriak pasatzen ikusten dira, baina jada, ugaltzeko geratzen diren arrak kokatuta daude eta sutsu kantatzen dute.

Izaera oso independentea eta lurraldekoia du, ez du onartzen lehiakideen presentzia; bikote desberdinak normalean bakartuta kokatzen dira, euren lurraldea auzokide batenarekin gainjartzeko arriskurik gabe.

Zuhaixken edo zuhaitz txikien gainaldean dauden adarretan kantatzen du, kanario baten moduan eztarria puztuz eta buruko lumak tentetuz. Ehizan oso aktiboa da. Intsektuak eta beldarrak bilatzen ditu, adarretan atseden gabe ibiliz. Basa baia batzuk ere jaten ditu.

Habia emeak zuhaixka edo sastraketan eraikitzen du, normalean 2 metro baino altuera gutxiago dutenetan. Gehienetan sastraka arantzatsuak edo korapilotsuak aukeratzen ditu. Erabiltzen dituen materialak, normalean, belar-hosto luzeak, lastoak edo zurdak izaten dira, eta forratzeko landare-borra.

Inkubazioa ere emeak egiten du. Normalean urtean bat edo bi errunaldi egiten ditu, 4-5 arrautzakoak izaten dira, arrosa edo lila kolorekoak marra fin-fin beltzekin. Inkubatzen 12 egun egiten ditu eta beste 12-13 gehiago txitak hegan egin arte, berauen lumajea helduen antzekoa da baina ez hain horia, arrexkagoa gainetik eta zurixka azpitik.

Afrika mendebaldean pasatzen dute negua, latitude tropikaletan, barez ere irailean irteten dute hemendik.

Banaketa, habitata eta estatusa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere ugaltzeko eremua mugatua da. Afrikako ipar mendebaldea okupatzen du, Maroko eta Tunisia artean, eta Europako hego-mendebaldea, gutxi gora behera Calais-etik Trieste-ra doan lerro baten azpian. Nahiko arrunta, Iberiar penintsulan zehar aurkitzen da.

Altuera ertain eta baxuetan Euskal Herri osoan banatuta. Arabako hegoaldean eta erdialdean ugariagoa da Kantauri isurialdean baino, hemen ere ez da urria. Ohikoena Ebro haranean eta bere beheko ibaiadarren belardietan da.

Kantauri eremuan mendi-hegal eta muino eguzkitsuak eta kostaldeko haran zabalak aukeratzen ditu. Arraroa da haran hondo estuetan eta eremu itzaltsuetan. Heskaietan, zuhaizka pilatxo altuetan, eremu zabaleko edo zabal samarreko zuhaitz txikietan ezartzen da: landa, laboreak etab. Eremu mediterraneoan bereziki ohikoa da lautada landuetatik igarotzen diren ibai eta erreken ertzetako zuhaixketan. Kantauri isurialdean basoen muga sastrakatsuetan eta txilardi eta belardien arteko sastraka eta zuhaitz txikietan

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Del Hoyo, J.; Elliot, A. & Christie D. (2006). Handbook of the Birds of the World 11: Old World Flycatchers to Old World Warblers. Bartzelona: Lynx Edicions. ISBN 84-96553-06-X.
  2. (Gaztelaniaz) Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi. (1989). Euskal Autonomi Elkarteko Ornodunak. Graficas Santamaria S.A., 260 or. ISBN 84-7542-639-5..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Araozko kontuak

Biologia Artikulu hau biologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.