Sparklite

Wikipedia, Entziklopedia askea
Sparklite
Jatorria
Argitaratze-data2019
Jatorrizko herrialdeaAmeriketako Estatu Batuak
Banatze bideabanaketa digital eta deskarga digitala
Ezaugarriak
Hizkuntzaingelesa, frantsesa, alemana, gaztelania eta japoniera
Joko-moduabakarka jokatzeko modua eta lankidetzan jokatzeko modua
EuskarriaMicrosoft Windows, macOS, Linux, Android, iOS, iPadOS eta Nintendo Switch
Sarrera gailuaukimen-pantaila
Adin-sailkapenaEveryone 10+
Historia
Jasotako sariak
Nominazioak
redbluegames.com…

Sparklite 2019ko azaroaren 14an kaleratutako bideojokoa da.[1] Red Blue Games taldeak sortutako bideojokoa da, argitaletxe lanak Merge Games-ek eta Maple Whispering Limited-ek euren gain hartu zituztelarik. Nintendo Switch,[2] Xbox One,[3] Playstation 4 [4] eta ordenagailurako argitaratu zen, azken honetan Steam [5] saltoki digitalean. Goitiko ikusmira erabiltzen duen akziozko Roguelite izaeradun bideojokoa da, estetika pixelatua erabiltzen duena.

Argumentua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

Istorioaren hasieran azaltzen zaigu Ada protagonistak bere arbasoengandik eta senideengandik jasotako lepokoaren ahalmena. Lepoko honek tenplu berezi batzuen ateak irekitzeko ahalmena dauka.

Kontakizuna Geodia izeneko munduan dago kokatuta, bere lurrak zeharo mugitzen dira, eta, beraz, sarritan modu ezberdinetan kokatuta egongo dira bere lur-sailak.

Ondorioz, zenbait pertsona hiri hegalari batean gotortu dira babestuta egoteko. Une batetik aurrera, toki hau Adaren abenturen abiapuntua izango da.

Bioma bakoitzean Adak gailu edo gadget bereziak nola erabili eta sortu ikasiko du tenpluetan, ondoren bere eskuekin kopia bana sortzeko.

Bioma bakoitzean Baroi gaizkilearen morroi baten aurka egin beharko du borroka, "Baroiaren Titanak" bezala ezagutzen direnak.

Azken bioman Baroia bera ezagutuko du eta bere aurka egingo du bi aldiz. Lehenengoan aurrez-aurre eta hau bukatutakoan Baroiak Adaren aurka hainbat arerio bidaltzea erabakiko du. Adak etsai taldeak garaituz gero jokoaren amaiera helduko da.

Jostagarritasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jokalariak abentura honetan Ada mekanikaria kontrolatuko du, giltza zabalgarria, mailua eta bestelako gailuak maneiatzen dakizkiena.

Adaren ezaugarriak hobetu daitezke eta ganiera, arma, gadget eta itemek ere hobekuntzak jaso ahal izango dituzte. Izan ere, hauetako batzuek posibilitate berriak irekiko dizkiote jokalariari. Hurrengo jokaldirako prest dagoenean, Adak hiri hegalariko pilotu bati eskatuko dio bere ibilgailuan lurrazalera jaitsi dezan.[1]

Lurrazalean bioma ezberdinak aurkituko ditu Adak. Mahasti ederrak, lokazti pozoitsuak edo basamortu hilgarriak, esaterako, hauetako bakoitzak dagozkion faunarekin, florarekin, arerioekin eta arriskuekin. Hala ere, hauekiko sarbidea ez da bat-batekoa izango, mailakatua izango baita, kokaleku bakoitzeko etsai nagusia gainditu ondoren irekiko zaio jokalariari hurrengo tokirako bidea.[6]

Arbasoengandik jasotako lepoko bereziak, tenplu berezi batzuen barruan sartzea baimenduko dio Adari. Hauetako bakoitzean gadget bitxi bat aurkeztuko zaio eta bere funtzionamendua ulertu izana neurtzen duen buruhausgarriren bat. Bukatutakoan, tresna han utziko du jokalariak, baina Adak “atzerantzko ingeniaritza” egiteko beharrezkoa den informazioa lortuko du. Modu honetan, posible zaionean, hiri hegalarian berdin-berdina den beste ale bat sortuko du Adak norberarentzat.

Bioma bakoitzean Baroi gaizkilearen morroi nagusietako baten aurka egingo du Adak borroka. Hauek eraikin batean aurkituko ditu eta orokorrean makineria txikitzailea erabiltzen dute, oso arriskutsu zein oldarkorrak direlarik. Izan ere, Adaren kideek modu argian diote Baroia planetaren nukleora heltzeko egiten ari den zundaketek eragin larria dutela beraien munduan. Beraz, beharrezkoa da Baroia eta “Baroiaren Titanak” bezala ezagutzen diren bere zerbitzariak geldiaraztea.

Jokoaren hobekuntzak lortzeko beharrezkoa den materiala Sparklitea da. Arriskuen ondorioz konortea galtzekotan zein garaipena lortzekotan, aurreko jokaldian bildutako sparklite mineralei esker, mota anitzetako hobekuntzak eskuratuko ditu hiri hegalarian. Honen ondoren, bere burua hurrengo jokaldirako prestatu eta berriz lurrazalera jaitsi ahal izango da. Jokoa Roguelite generokoa izanik, hobekuntza bakoitzarekin gero eta errazagoa izango da garaipena lortzea. Roguelike generoaren oinarrizko ezaugarriak ditu baita ere, teknikoki jokaldi bakoitza hasieratik hasi (heriotz iraunkorra) eta munduaren egitura berriz sortuko (sorkuntza prozedurala) da.

Kanpoaldean aurkituko dituen arerioez gain, batzuetan, labetxeak (furnaces) aurkituko ditu jokalariak. Eraikin hauek lurrazpia txikitzen dute gaizkileen intereserako, eta lurrazpian daukaten labea geldiaraztea komeni da. Bertan dauden etsaiak menperatuz gero, lortuko du labea itzaltzea eta sparklite kopuru handi bat.

Hauetaz gain, badaude beste kokaleku eta zeregin batzuk bioma bakoitzean. Jokalariak zortea duen ala ez probatzeko minijokoak izango ditu zirku itxurazko kokaleku batzuetan. Zenbait tokitan altxor txikiak egongo dira eskuragarri, eta hauek lortu nahi izanez gero, pentsarazi egingo diote jokalariari. Gainera, lurrazalean zehar barreiatuta eta ezkutatuta dauden objektuak bilatu beharko ditu.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Gamerauntsia. «Sparklite» gamerauntsia.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-20).
  2. (Ingelesez) «Sparklite for Nintendo Switch - Nintendo Official Site» www.nintendo.com (Noiz kontsultatua: 2024-03-20).
  3. «Buy Sparklite | Xbox» www.xbox.com (Noiz kontsultatua: 2024-03-20).
  4. «Sparklite» store.playstation.com (Noiz kontsultatua: 2024-03-20).
  5. (Ingelesez) «Save 85% on Sparklite on Steam» store.steampowered.com (Noiz kontsultatua: 2024-03-20).
  6. (Ingelesez) «Sparklite Guide – Beginners Tips & Tricks» The Indie Game Website 2019-11-14 (Noiz kontsultatua: 2024-03-20).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Game Erauntsia - Sparklite bideojokoaren euskarazko analisia.