Thomas Malthus

Wikipedia, Entziklopedia askea
Thomas Robert Malthus

Thomas Robert Malthus (Dorking, 1766ko otsailaren 14a - Bath, 1834ko abenduaren 23a) ekonomialari ingelesa eta apaiz protestantea izan zen. Demografiaren sortzailetzat jotzen da.

Biografia

Essay on the principle of population, 1826

Thomas Malthus ekonomia oparoko familian jaio zen, zortzi semealabetatik bigarrena izanik. Bere aita David Hume filosofoaren lagun gertua zen. 1784tik aurrera Cambridgeko Unibertsitatea ospetsuan garatu zituen goi mailako ikasketak eta 1797an apaiz anglikanoa izendatu zuten. Hiru semealaba izan zituen Harriet Eckersall emaztearekin.

Teoria

Bere lanik garrantzitsuena, Biztanleriaren printzipioaren saiakera, alegia, 1798an argitaratu zuen. Bertan, tesi iraultzailea garatu zuen Malthusek, esanez munduko biztanleria progresio geometrikoan hazten dela, bizibideen hazkundeak progresio aritmetikoa jarraitzen duen bitartean. Ondorioz, gizateria ogibiderik gabe aurkituko da memento jakin batean, Malthusen hondamendia gisa ezagutzen den zorigaiztoko unean, hain zuzen.

Teoria hauek direla eta, baliabideak mugatuak diren heinean, gizakia suntsipenera kondenatuta dagoela ziurtatu izana egotzi zaio, idatzita utzi ez bazuen ere. Berak adierazi zuena zera izan zen, gizakiaren birsortze-gaitasuna eta elikagaien ekoizpenaren arteko borroka etengabea izango zela. Biztanleriaren inguruko ideiok ekonomia zientzia iluna gisa ezagutzera eman izana bultzatu zuten.

Kapitalismoaren jarraitzaileek Malthusen ideiak defendatu dituzte maiz. Zentzu horretan, eskuin-muturreko idealak piztea ere egotzi zaio, baita arrazakeria ere[1].

Eragina

Malthusen saiakera seminala 1838an irakurri ondoren otu zitzaion Charles Darwini hautaketa naturalaren teoria garrantzitsua, berak aitortu bezala[2].

John Maynard Keynes ekonomialari ezagunak bere ideien aitzindaritzat jo zuen Malthus.

Gabriel Arestik ere aipatu zuen haren 1970eko Harrizko herri hau lanan barnako Ekainaren 26 egun olerkian, honakoa esanez:

«

Limosna bat

Purgatorioko arima

gosetuen alde,

Malthusen teoria madarikatuak

ez daitezen

bertan ere

egiazta...

»

—Gabriel Aresti, [3]

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo loturak


Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Thomas Malthus