Txalupa (abestia)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Txalupa (abestia)
Gose (musika taldea)en musika-lana
Egilea(k)Gose (musika taldea)
Argitaratze-data2014
IzenburuaTxalupa
Ezaugarriak
Hizkuntzaeuskara
Deskribapena
Honen parte daOlatu arteko txalupa arraroa
HitzakJoseba Sarrionandia
Bestelako lanak
MusikagileaGose (musika taldea)

Txalupa Gose taldeak Joseba Sarrionandiaren hitzekin sortutako abestia da. 2014an Gosea taldeak argitaratutako Gosariak diskoan plazaratu zuen.[1][2] 2015eko Korrika kulturalaren barruan aritu ziren kontzertuan ematen Euskal Herrian zehar.[3]

Disko berean beste hamar kanta agertu ziren. besteak beste hauek: Banku atrakatzaileak, Zoroetxeko harresia, Katuen kantua, Alegrantziaren aldeko konjura, Bederatzi te kikara basamortu ertzean, edo Belengo albistiek.

Hitzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Talde-lana eta talde-bizitza ospatzeko olerkia da, sinplea eta sakona aldi berean. Abestiaren mezua bidea egitearen garrantzia azpimarratzea da. Abestian portuak utopia adierazten du eta itsasoak borroka-lekua. Txalupa berean bidea elkarrekin egiten duten marinelen abentura konpartitu bat deskribatzen du. Hainbat egoeratan aplikatu daitekeena, Euskal Herriaren eraikitze-prozesuan, adibidez.[4]

« Nauten Argoa, Odiseoren enbarkazioa, Zoroen Ontzia, Gulliverren belaontzia, Hokusairen batela, Pequod baleaontzia, Arthur Rimbauden bafora mozkorra, erronkariarren almadia, Ray Fernandezen ontzi filibusteroa... Txalupa bat ikusten da itsasoan, olatuen artean. Baina urrunetik ikusten dudan txaluparen barruan noa neu ere. Jende asko gaude txalupan. Denok goaz, eraren batean, txalupa horretan. Enbarkatuta gaude. »

—HEA kultur elkartea[5]


Ematen du txalupa barruan dena txarto doala: haize-oihalak apurtuta, motorrik ez, galernak pasata, aingura galduta, lema hautsita, branka krakatuta, kaskoa zulatuta, "emaro sartzen zaigu ura"... Baina aurrera goaz abentura konpartitu honetan. Ez dakigu zehatz mehatz nora goazen, baina imajinatzen dugun portu baterantz goaz arraunean.

Ez dakigu non amaituko dugun. Badakigu bidean zalantzak sortuko direla, dena argi ikusiko dugula batzuetan eta ilun bestetan. Enbatak eta erauntsiak izango dira, baina porturik ikusten ez denean ere imajinatzen jarraitzea da erronka.[3]

Aspaldian gabiltza olatu gogorren artean
izenik ere ez duen gure txalupa arraroan.
Motorrik ez dugu eta haize-oihalak apurtuak,
badiarik gabeko itsaso handian galduak.
Izan dira galernak, hondora jausi zen aingura,
txalupa barrenera emaro sartzen zaigu ura.
Hautsi zitzaigun lema, branka erditik kraskatu,
istriborreko kasko azpiak zeharo zulatu.
    Ikusten da porturik? Ez dugu ikusten
    baina imajinatzen dugu.
    Imajinatzen dugu eta haruntz goaz arraunean.
[...]

Itsasoko lexikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abestian erabiltzen den lexikoa oso aberatsa da, eta itsasoarekin lotura estua du, gainera: aingura, aire, badia, behe-laino, boga, branka, galerna, haize-oihal, hodeitzar, itsas hondo, ilargia, istribor, itsasargi, itsaso, kaio, kapitain, kasko, koadrante, korronte, kraskatu, lur lehor, lema, marinel, motor, olatu, pilotu, portu, txalupa, txo.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Gosariak» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2022-08-17).
  2. «Gose: 'Sarrionandiarekin topo egiteko puntua bilatu behar izan dugu'» EITB (Noiz kontsultatua: 2022-08-17).
  3. a b «Joseba Sarrionandia eta Ines Osinaga kontzertuan» Poetak Maiatzean (Noiz kontsultatua: 2022-08-18).
  4. Iratxe Retolaza. 'Gosariak: Joseba Sarrionandiaren poesia'. Poesia Plazara. Intxaurrondo Kultur Etxea. 2015-02-11.
  5. HEA. (2022-01-25). Olatu arteko txalupa arraroa. Ines Osinaga eta Joseba Sarrionandia - HEA Kultura Elkartea. (Noiz kontsultatua: 2022-08-18).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]