Txantiloi:2009-01eko Euskal Wikiatlas artikulua

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gasteiz 1843an.

Gasteizko historia ofiziala 1181. urtean hasten da, Nafarroako Antso VI.a erregeak hiria fundatu zuenean. Hala ere, lehenago bertan bizi izandako jendearen aztarna asko daude.

Historiaurrea[aldatu iturburu kodea]

Antzinako geografo erromatarren arabera, karistiarren lurraldeak Gasteiz eta bere udalerria kokatuta dagoen esparrua barne hartzen zituen. Gasteizko hainbat tokitan erromatarren aurreko biztanleen bizitzaren aztarnak daude. Olarizuko muinoan Kutzemendiko kastroa dago, Arabako herrixka zaharrenetako bat izan daitekeena. 1926an Jose Migel Barandiaranek ikertu zuen lekua, eta ondoren ikerketa gehiago ere egin dira. Bestalde, Zadorra ibaiaren gainean dagoen Atxako muinoan aurkitutako aztarna erromatarren azpian, aurretik bertan existitu zen populatze baten hondakinak aurkitu ziren.

Nahiz eta udalerrian ez egon, gauza bera esan daiteke Iruña-Veleiari buruz, han ere erromatarrak iritsi baino lehen bizi zen komunitate baten aztarnak aurkitu baitira Arkitz izeneko muinoan.