Gasteizko historia

Wikipedia, Entziklopedia askea

Gasteizko historia ofiziala 1181. urtean hasi zen, Nafarroako Antso VI.a erregeak hiria Victoria izenarekin fundatu zuenean. Hala ere, lehenago bertan bizi izandako jendearen aztarna asko daude.

Historiaurrea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinako geografo erromatarren arabera, karistiarren lurraldeak Gasteiz eta bere udalerria kokatuta dagoen esparrua barne hartzen zituen.

Gasteizko hainbat tokitan erromatarren aurreko biztanleen bizitzaren aztarnak daude. Olarizuko muinoan Kutzemendiko kastroa dago[1], Arabako herrixka zaharrenetako bat izan daitekeena (K. a. IX. mende-K. a. III. mende bitartekoa). 1926an Jose Migel Barandiaranek ikertu zuen lekua, eta ondoren ikerketa gehiago ere egin dira. Bestalde, Zadorra ibaiaren gainean dagoen Atxako muinoan aurkitutako aztarna erromatarren azpian, aurretik bertan existitu zen populatze baten hondakinak aurkitu ziren[2]. Mendizorrotza eta Mendizabala inguruan Brontze Aroaren amaierako eta Burdin Aroaren hasierako hainbat zeramika aurkitu dira[3].

Nahiz eta udalerrian ez egon, gauza bera esan daiteke Iruña-Veleiari buruz, han ere erromatarrak iritsi baino lehen bizi zen komunitate baten aztarnak aurkitu baitira Arkitz izeneko muinoan.

Erromatarren garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriko gainerako eskualdeetan bezala, Kristo aurreko I. mendean zehar erromatarrek Gasteiz eta bere inguruak mendean hartu zituzten[4]. Arabako Lautadatik, Gasteizko lurrak zeharkatuz, Burdigala (Bordele) eta Asturica Augusta (Astorga) lotzen zituen Iter XXXIV galtzada erromatarra igarotzen zen.

Gasteiz inguruetan erromatarren sasoiko aztarna asko daude, besteak beste, Veleia, Arkaiako gunea, Mariturriko aztarnategia[5] edo Atxako muinoko asentamendua.

Erdi Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1181. urtea baino lehen[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromako inperioaren krisiaren ondoren, Europa iparraldeko zenbait tribu eskualdera iritsi ziren. Testuinguru honetan, Gasteiz egun dagoen lurraldea bisigodoen (hegoaldean) eta frankoen (iparraldean) arteko ertzeko eskualde batean geratu zen.

Zenbait historialariren ustez (agian nabarmenena Armando Besga da), Leovigildo errege bisigodoak 581. urtean sortu zuen Victoriaco hiria egungo Gasteizi dagokio[6], gehien bat ondoko testuan oinarrituz[7]:

« Anno V Tiberii, qui est Leovegildi XIII annus, [...] Leovegildus rex partem Vasconiae occupat et civitatem, quae Victoriacum nuncupatur, condidit

Itzulpena: Tiberioren V. urtea, Leovigildoren XIII. dena, [...] Leovigildo erregeak Baskoniako zati bat okupatu du eta Victoriaco deituriko hiria fundatu du

»


Beste aditu batzuek Victoriacum Arabako beste herri batekin erlazionatu dute, alegia, Zuiako Bitorianorekin[8].

Hala ere, azken aldian Gasteizko arkeologian egindako lanek bisigodoen presentziaren aurka doaz, eta zaildu egiten dute pentsatzea bisigodoek hiri bat fundatu zutela Gasteizen. Ez dago garai honetako aztarna askorik, baina badirudi Gasteiz inguruko zenbait lekutan frankoen asentamendu egonkorrak sortu zirela. Aldaietako aztarnategian (Langara Ganboa), esaterako, frankoen ohiturei jarraiki apaindutako hilobiak aurkitu dira. Aztarnategi hau VI. eta VIII. mendeen artekoa dela uste da. Era berean, Gasteizko Andre Mariaren katedralaren azpian eta Goiurin egindako indusketetan aurkitutako objektuak ere kultura horretakoak direla dirudi[9][10]. Are gehiago, objektu horien ezaugarriei kasu eginez gero, badirudi VIII. mendekoak edo berriagoak direla[11].

Erdi Arorako ez da geratzen karistiarren aipamenik inongo agiritan, eta eskualdean bizi den jendearen aipamena egitean baskoiez hitz egiten da. Badirudi Goi Erdi Aroan, V. mendetik aurrera, euskararen sendotzea gertatu zela eskualdean. Donemiliagako goldea agirian ageri den Arabako toponimian azaltzen denez, XI. menderako Gasteizko herri gehienen izenek euskal jatorria zuten edo euskaldundutako izen latinak ziren[12].

1181-1368[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Victoria hiriaren 1181eko fundazio agiria

1181n Antso VI.a errege nafarrak "Nova Victoria" hiria sortu zuen Gasteiz herrixka zaharraren gainean, mende bat aurretik jada, Gasteizko harresia eraikia izan zen. Logroñokoan oinarritutako forua esleitu zion, baina birmoldatua. Fundazio honen zergatia, beste hiri batzuetan bezala (Antoñana, Bernedo, Argantzun, Guardia) Gaztelako erreinuaren aurkako defentsa lerroa eratzean izan zen[10]. Hala ere, babes horrek ez zuen luzaro iraun eta, 1200eko urtarrilaren 25ean, Gaztelako errege Alfonso VIII.ak hiria konkistatu zuen Bizkaiko jaun Diego Lopez II.a Harokoaren laguntzaz, bederatzi hilabete inguruko setio luzearen ondoren. Erasoa bitartean, hiribilduaren "tenentea" edo gazteluzaina Martin Txipia izan zen. Gaztelar erregeak nafar forua berretsi zion hiribilduari.

1202an gertatu zen sute garrantzitsu bat aprobetxatuz, Alfontso VIII.ak jatorrizko hiriaren hedapena sustatu zuen muinoaren mendebaldean, Hedegile kalea, Zapatagile kalea eta Errementari kalea sortuz eta hiria Zapardiel errekaraino zabalduz. 1256an Gaztelako Alfontso X.ak beste aldeko malda okupatu zuen, Aiztogile kalea, Pintore kalea eta Juduen kalea (egungo Barrenkale Berria) sortuz. Hiriak osaera hau izan zuen XVIII. mendera arte.

Jatorrizko izaera militarra galduz, Gasteizek merkataritzara zuzendu zuen bere ekonomia. Foru pribilegioei esker, aduanak ez zeuden itsasoan, euskal lurraldeek Gaztelarekin bat egiten zuten tokian baizik (Balmaseda, Urduña, Gasteiz), eta Gasteizek ederki aprobetxatu zuen egoera hau.

Gasteizen hiri izaera eta indarra gero eta handiagoa zen inguruko lurraldeetako jaun feudalen aurrean. Azken hauek, Arriagako kofradian baturik, ezin izan zuten hiriaren boterea mugatu. 1258tik aurrera Gasteizek hainbat herrixkaren gaineko jurisdikzioa eskuratu zuen. 1332an Gaztelako Alfontso XI.ak auzitan zeuden berrogeita bat herrixkaren gaineko jabegoa Gasteizi ematea erabaki zuen, eta orduan Arriagako kofradiak erregeari utzi zion Arabako lurren gaineko boterea, Arriagako ituna sinatuz.

1368-1373[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1368. urtean Karlos II.a Nafarroakoak Arabako hainbat lur berreskuratu zituen, Gasteiz haien artean izanik[13]. 1373ko abuztuaren 4an, berriz, Aita Santuaren bitartekaritzak Gasteiz indartsuenari, hots, Gaztelako erresumari eman zion[14].

1373. urtetik aurrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIV. mendetik XVII. menderaino hirian egitura feudal tipikoa eratu eta sendotu zen. Arestian aipatutako landa-jauntxoak hirira joan ziren, nahiz eta ez ziren bertako nobleziarekin batu. XIV. eta XV. mendeetan hiriak ahaide nagusien gatazkak pairatu zituen, Gipuzkoan eta Bizkaian baino maila txikiagoan bada ere. Gasteizen hiriko nobleziaren interesak defenditzen zituzten callejatarren eta artisauak eta jende arrunta ordezkatzen zituzten ayalatarren multzoetan bildu ziren[15].

Ahaide nagusien borrokek sorturiko egoera ezegonkorrari, delituen gorakadari eta segurtasun ezari aurre egiteko, 1458an Arabako ermandadea sortu zen[16]. Erakunde hau Arabako lehen erakunde publikoa izan zen, Biltzar Nagusien aurrekaria.

Aro Modernoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVI. mendea: oparotasunetik krisialdira[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mende honetan, egoera ekonomikoa ona zela ikusita, hainbat hobekuntza izan zituen hiriak. Ahaide Nagusien gatazken amaierarekin batera, euskal herrietako harresiek euren defentsa-funtzioa galdu zuten, baina ez funtzio guztiak[oh 1]. 1521ean, Gaztelako Komunitateen Gerraren baitan, Petri Lopitz Aiarakoa, Aguraingo kondea, komuneroekin aliatu zen, eta harresiek berriro ere funtzio defentsiboa irabazi zuten[17]. Aguraingo kondeak, egun batzuk iraun zituen setioaren ostean[18], 1521eko martxoaren 8an Gasteiz hartu zuen, Burgosera zihoan artilleria suntsituz. Erregezaleek Gasteiz galdu zuten, baina laster Agurain konkistatu zuten, kondearen boterea kendu eta honen aurka borrokatu zuten Duran lehenengo eta Miñaoko guduan beranduago, arabar komuneroak betirako garaituz 1521eko apirilaren 19an[19]. Hala ere, 1523tik aurrera jada jaso ziren harresietan ateak eta leihoak irekitzeko eskaerak, eta etxe asko harresia pareta gisa erabiltzen hasi ziren. 1552ean Zapatagileen atea konpondu zen, Ama Birjinaren prozesioetan bertatik ondo atera ahal izateko, eta 1584koan Herreria kaleko atea ere konpondu zen. 1501etik hasita kaleak harriz estaltzen hasi ziren, lehenengo bakoitzak bere etxearen aurrean zegoen zatia, eta 1514tik aurrera modu antolatuan. 1509an lehen udaletxea amaitu zen, ondo ezagutzen ez den eraikina[17].

XVI. mendean egoera demografiko onarekin hasi zen. Bi mendez biztanleria hazi eta hazi aritu zen, harik eta 1578an egindako zentsuan 1.248 hiritar (gutxi gorabehera 4.400 biztanle) zenbatu ziren arte. Honi gehitu behar zaio hiriko harresietatik kanpo bizi zirenak zein, arrazoi anitz direla eta, herritar gisa kontatzen ez zirenak[20]. Biztanle gehienek bigarren sektorean egiten dute lan, eta oso gutxik lehenengoan (%6,24): Gasteiz ekoizpen eta salerosketa hiri bat zen, zapatagile, larrugile eta oihalgile askorekin. Zilarraren lanketak ere bazuen lekua hirian, batez ere kleroak eurek sortzen zituzten objektuak eskatzen zituelako[20]. Merkatari ugari zeuden Gasteizen, batez ere Hedegile kalean. Bertakoen beharrak asetzen zituzten olio, arrain, fruta eta arropa saltzaileez gain, urrunera burdina, arraina eta haragia saltzen zutenak ere bazeuden[20]. Hau ez da harritzekoa, izan ere ostegunetan egiten zen azokara Gaztelako elikagai asko iristen ziren (garia, ardoa eta artilea nabarmen), ondoren Gipuzkoa eta Bizkaian saltzen zirenak eta probintzia horietatik burdinazko produktuak iristen ziren, gero barnealdean saltzen zirenak. Zerbitzu guzti hauei heltzeko hogeita bederatzi ostalari eta hogei tabernari zeuden zentsuan[20].

Egoera horretan iritsi zen Izurri Atlantikoa Gasteizera. Mendean zehar hiru aldiz jasan zuen izurria, baina 1598-1602 artekoan bere 5.000 biztanletik 2.000 inguru hil zirela kalkulatu zen[21]. 1596an izurriaren lehen albistea iritsi zen, Kantabrian jo zuela esanez. Laster iritsi ziren albisteak kostako beste herri batzuetatik, bereziki Donostia, Pasaia eta Lekeitiotik; eta 1598an, Oñati, Aiaraldea eta Orozkon izurria bazela ere bazekiten[22]. Gipuzkoako herriek itsasotik zein Gaztelatik heltzen zen gariaren behar handia zuten, baina izurriaren ondorioz, Gasteizek pisu handia hartu zuen, bertatik banatzen baitzen probintzien barnealdera garaua. Laster agertu ziren horrekin negozioa egin nahi zutenak, garia erosi eta gordez (Gasteiz inguruko herrietan zein harresien barnealdean[20]) eta prezioa nahi eran jarrita. Honek gatazka handia sortu zuen Gipuzkoarekin, bereziki Bergara, Oñati edo Segurarekin, gari hori saltzen zen azokak zituzten herriak[22]. Gasteizen, batzuek gosearen kontura dirutza egiteko esperantza zuten bitartean, eskasia hori ere nabaritzen hasi zen. 1598ko urrian gariaz gain ardoa falta zela ere nabarmendu zuten uda agintariek[20]. Izurria gero eta gertuago egonda, hiria gehiago itxi eta harresietatik kanpora bizi zirenak bertatik alde egitea edo harresien barrura bizitzera derrigortu zituzten; honela, baratzean lan egiten zutenek zailtasun handiagoa zuten elikagaiak hirira ekartzeko, prezioak eta eskasia gehiago areagotuz[20]. 1598ko azaroan Gaztelak "ogiaren berzerga" (rretasa del pan) sartu zuen, Gasteizko azokari kalte handia egingo zion neurria: garia Gasteizera iritsi eta bertan Bizkaia eta Gipuzkoatik zetorren burdinagatik trukatzea zen hiriaren negoziorik handiena, eta garia zuzenean prezio finkoetan sal bazitekeen Gasteiztik pasa gabe, kaltea ekonomikoa ziurra izango zen[20]. Garia iristen ez zenez, lehenago salmenta gelditu zen Gipuzkoak herriei eskatu zitzaien eurena erostea, emaitza onik izan ez zuen bidea[22]. Honela iritsi zen 1599a, izurriaren urtea.

1598ak izurriak kanpoko herrietan jo zuen, baina hirian pertsona bakarra hil zuen. Hala ere, 1599an, Burgos, Trebiñu eta Errioxan gaixotasunak jo zuen eta horri ezin izan zioten aterik jarri. Maiatzaren 30ean Kale Berriko itzain bat izan zen pairatzen lehena, Trebiñutik iristerakoan. Konderriarekin komunikazio guztiak eten ziren eta aberatsek, ohikoa zen bezala[22], hiritik alde egitea erabaki zuten, komentuetako atzeko ateak erabilita[20]. Urtebetez hiria itxita, oso zaila egin zitzaien elikagaiak lortzea, askotan lortuta ere itzainek ezin zutelako bidea egin, inguruko herriek gasteiztarrei sarrera ixten baitzioten. 1600eko azaroan izurria lasaitzen hasi zen, eta oso zaila egiten da kalkulatzea zenbat jende hil zen. Goian esan bezala, 2.000 inguru zirela kalkulatu zuen Lantziegoko apaizak, bereziki Gasteiz kanpoaldeko herrietan.

Aro Garaikidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gasteiz 1843an, Francisco Coellok landutako planoan. Jatorrizko harresia antzeman daiteke.

XIX. mendean biztanlegoa lau aldiz biderkatu zen, 7.000 biztanletik 30.000ra igaroz, Arabako gainerako herrixketatik etorritako baserritarren ondorioz gehien bat. 1813ko ekainaren 21ean frantziarrak eta espainiarrak aurrez aurre jarri zituen Gasteizko gudua gertatu zen. Gudu hau Frantziako iraultzaren ondoren Espainian sartu ziren frantziarrak kanporatzeko azken gatazketako bat izan zen. 1917an monumentu bat kokatu zen Andre Maria Zuriaren plazaren erdian gudu hau oroitzeko.

Lehen Gerra Karlistaren ondoren euskal lurraldeek zenbait eskubide galdu zituzten, eta aduanak kostaldera mugitu ziren (1841ean). Hiriarentzat kolpe latza izan zen aduana galtzea. Hala ere, Gasteizen hiriburu izaera sendotu egin zen eta indartzen ari zen Estatu espainiarraren hedatze administratiboa aprobetxatu zuen hainbat jarduera tertziario bere gain hartzeko. 1862an, trenbidea heldu zen.

Hirugarren Gerra Karlistan Gasteiz gatazkaren erdian geratu zen berriro ere. Espainiako Alfontso XII.aren aldeko soldaduen kuartel nagusia bihurtu zen, karlisten eskuetan zegoen lurralde baten erdian. Alfontso XII.aren garaipenak euskal foruen abolizioa ekarri zuen (1876ko uztailaren 21ean), eta honek, nahiz eta hiria liberalen aldekoa izan, bere gainbehera eragin zuen. XIX. mendearen amaiera bizitasunik gabe igaro zen Gasteizen.

XX. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gasteizko hedapena XIX. mendetik XXI. menderaino.
██ 1838██ 1888 ██ 1927██ 1990 ██ 2015

XX. mendean Gasteizko ekonomia suspertzen hasi zen apur bat. Lehen lantegi modernoak agertu ziren, eta Gasteiz berpizten hasi zen. Hiria 40.000 biztanle izatera iritsi zen, eta auzo berriak eraiki ziren: Judimendi, San Kristobal, etab. Pixkanaka, biztanleen ohiturak eta ideologia ere aldatu ziren, modernotasunean sartuz. Betiko joera politikoez gain (karlistak, liberalak, monarkikoak, errepublikanoak), beste batzuk agertu ziren, batez ere sozialistak eta nazionalistak.

Primo de Riveraren diktaduraren ondoren, 1931ko apirilean egin ziren udal hauteskundeak errepublikanoek irabazi zituzten. Hala ere, 1936ko estatu kolpean militarrek eta erreketeek mendean hartu zituzten agintari errepublikanoak.

Frankismoa eta trantsizioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Martxoaren 3a gogoratzeko murala.

Espainiako Gerra Zibilak atzerakada eragin zuen Errepublika garaian garatutako ohitura modernoen kaltetan. Hala ere, honek ez zuen garapen ekonomikoa oztopatu. Gerraondokoa bukatu ondoren, 1950etik 1980ra Gasteizko biztanlegoa hirukoiztu egin zen, 170.000 biztanle edukitzera iritsiz. Etorkinen olde hau Espainiatik etorri zen gehien bat, eta 1975erako gasteiztarren erdia ez zen Araban jaioa. Garai hartan sortu ziren langileen auzo berriak (Adurtza, Zaramaga, Abetxuku, Errekaleor) eta klase ertainaren auzoak (Pilar, Txagorritxu, Lovaina).

Enpresa asko etorri ziren Bizkaitik eta Gipuzkoatik, bai eta Madrildik ere. Garapenkeria garaiko eraldaketek guztiz aldatu zuten Gasteizko ehun ekonomikoa, eta oihalak eta altzariak ekoizten zituen hiria izatetik automobilak, produktu kimikoak, siderometalurgia eta elementu elektrikoak ekoiztera igaro zen.

Aipatzekoak dira trantsizioaren hastapenetan —Franco hil eta bost hilabete geroago— jazotako Gasteizko martxoaren 3ko sarraskia, non Espainiako Polizia Armatuak tiroka 5 herritar hil eta 150 zauritu zituen, Zaramagako San Frantzisko elizan, greba orokor baten testuinguruan.[23]

Gasteiz, Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eusko Legebiltzarraren barrualdea.

1980ko maiatzaren 23an Gasteiz Euskal Autonomi Erkidegoko hiriburua bihurtu zen. 1982tik Eusko Legebiltzarraren eraikina bertan finkatu zuten. Garai haietan Jose Angel Cuerda izan zen hiriko alkatea 20 urtez, 1979tik 1999 arte, inoizko udal agintaldirik luzeena izan dena. 1989an, Europa (biltzar-jauregia) zabaldu zuten.

Kirol arloan, 1990ean Josean Kerejeta izendatu zuten Saski Baskoniaren presidente, eta hortik aurrera lortu ditu saskibaloi taldeak bere historiako titulu nagusiak. Urte bat geroago, Fernando Buesa Arena inauguratu zuten, "Araba Arena" jatorrizko izenarekin. 2000. urtean izena aldatu zioten, politikari sozialista arabarra ETAk erail zuenean. 2001ean, bestela, Deportivo Alavés futbol taldeak bere lorpenik handiena lortu zuen, UEFA Kopako finalera iritsita. Almudena Cid gimnasta gasteiztarrak, bestela, lau Olinpiar Jokoetan jarraian erdietsi zuen finalera iristea, 1996, 2000, 2004 eta 2008an. 1999an, beste alde batetik, Juanito Oiarzabal gasteiztarra bihurtu zen lehenengo euskal mendizale 14 zortzimilakoak igotzen.

2002an zabaldu zuten Artium Museoa, arte garaikidearena. Gasteizko tranbia martxan ipini zuten 2008an, eta 2010eko urriaren 21ean Gasteizek 2012. urteko Europako Hiriburu Berde saria eskuratu zuen. 2010ekoa da Baskoniaren azken titulu nagusia, ACB Ligarena hain zuzen ere.

2020ko martxoan, COVID-19aren pandemiak bereziki kolpatu zuen hiria, Euskal Herriko beste inon baino gehiago

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Harresiaren funtzioa juridikoa (forua zuten barruan bizi zirenek), ekonomikoa (zergak ordaintzea ziurtatzen zen) eta osasunari lotua ere bazegoen (berrogeialdiak ezartzeko, adibidez).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Arevalo-Muñoz, E; Camarero, C. La industria ósea del castro de Kutzemendi (Vitoria-Gasteiz). .[Betiko hautsitako esteka]
  2. Nieva, I. F.. Las fíbulas del yacimiento de Atxa (Vitoria-Gasteiz). , 167 or..[Betiko hautsitako esteka]
  3. Sabarte, Judit López de Heredia Martínez de. (2007). «Estudio de los conjuntos cerámicos del final de la Edad del Bronce y del Hierro, en el entorno de Vitoria-Gasteiz (Álava)» Estudios de Arqueología Alavesa (24): 181–223. ISSN 0425-3507. (Noiz kontsultatua: 2021-02-06).
  4. Erromanizazioa Euskal Herrian Hiru.com
  5. (Gaztelaniaz) Grupo de Investigación en Arqueología de la Arquitectura. Estudio arqueológico del yacimiento de "Mariturri", Vitoria-Gasteiz. UPV/EHU
  6. (Gaztelaniaz) Besga Marroquín, A. (2001) Domuit vascones: el País Vasco durante la época de los reinos germánicos: la era de la independencia (siglos V-VIII). Librería Anticuaría Astarloa, 2001
  7. (Gaztelaniaz) Juan de Bíclaro, obispo de Gerona, su vida y su obra (1960. Julio Camposen edizio kritikoa. Consejo Superior de Investigaciones Científicas, Madril
  8. (Gaztelaniaz) Shulten, A. Las referencias sobre los Vascones hasta el año 810 después de J. C. izeneko artikulua euskomedia.org webgunean
  9. (Gaztelaniaz) Lorenzo Pérez de San Román, Roberto (2002). Apuntes sobre la evolución de las fortificaciones de la villa de Vitoria (1181-1431). Sancho el Sabio, 16, 2002, 85-116
  10. a b (Gaztelaniaz) Vitoria-Gasteiz 2000. Mirando al futuro. Vitoria-Gasteizko Udala, 1999
  11. (Gaztelaniaz) Azkarate Garai-Olaun, Agustín (2004). El País Vasco en los siglos inmediatos a la desaparición del Imperio Romano, hemen: Barruso, P., Lema, J.A., (coord.), Historia del País Vasco. Edad Media (siglos V-XV). Euskal Herriko Unibertsitatea, Donostia, 23-50
  12. (Gaztelaniaz) La Reja de San Millán (1025). Toponimia alavesa del siglo XI. Celtiberia.net
  13. (Gaztelaniaz) "Recuperación de parte de Rioja, Álava y Gipuzkoa, 1367-1368" Auñamendi entziklopedian
  14. (Gaztelaniaz) "Mediación papal (1371-1373)" Auñamendi entziklopedian
  15. (Gaztelaniaz) Portilla, M.J. (1976). A quinientos años del Capitulado de 1476. Los bandos de Ayala y Calleja en la Vitoria medieval
  16. Gonzalez Minguez, C. Araba probintziako ermandadearen hasiera Arabako Biltzar Nagusien webgunean
  17. a b Martin Miguel, Mª Angeles. (1993). «Algunas modificaciones urbanísticas en Vitoria durante el Siglo XVI» Vasconia. Cuadernos de Historia-Geografía (Eusko Ikaskuntza) 21: 57-68. ISBN 84-87471-49-8..
  18. González de Echávarri, Vicente; Ramírez Olano, Eliodoro. (1904). La Guerra de los Comuneros en el País Vasco. Vitoria, Imprenta provincial de Álava.
  19. Pérez, Joseph (1931-2020).. (DL 1999). La revolución de las Comunidades de Castilla (1520-1521). (7a ed. argitaraldia) Siglo veintiuno editores ISBN 84-323-0285-6. PMC 493272173. (Noiz kontsultatua: 2021-02-06).
  20. a b c d e f g h i Marijuán, María Rosario Porres. (1984). «Vitoria ante la crisis del último cuarto del siglo XVI» Vasconia: Cuadernos de historia - geografía (4): 75–96. ISSN 1136-6834. (Noiz kontsultatua: 2021-02-06).
  21. Ferreiro Ardións, Manuel; Lezaun Valdubieco, Juan. (2007). La enfermería en las epidemias de peste del siglo XVI en Vitoria. (Noiz kontsultatua: 2021-02-05).
  22. a b c d Azpiazu, José Antonio. (2011). Esa enfermedad tan negra : la peste que asoló Euskal Herria (1597-1600). Ttarttalo ISBN 978-84-9843-316-6. PMC 743393897. (Noiz kontsultatua: 2021-02-06).
  23. Lluís DANÈS: Llach, la revolta permanent, Mediapro / Bainet Zinema, 2006.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Gasteiz