Iruña-Veleia

Wikipedia(e)tik

Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Erioll world.svg Koordenatuak: 42°50′29.4″N 2°47′12.48″W / 42.8415, -2.7868 (Iruña-Veleia)


Veleiako eraikin erromatar baten hondakin zaharberrituak. Zisterna edo castellum aquae batenak izan daitezke.

Iruña-Veleia Arabako Iruña Oka udalerrian kokatutako aztarnategi historikoa da, lurralde historikoan dagoen garrantzitsuena, Erromatar Inperioaren garaikoa. Zadorra ibaiak sortzen duen bihurgune baten erdiko muinoan kokatzen da, ingurunearen baliabide topografikoak baliatuz, Arkitz deituriko herrixka indigenaren gainean, Tresponde eta Biloda herrien artean, Gasteiztik 11 kilometrora.

Eduki-taula

[aldatu] Aztarnategia

Iruña-Beleiako aztarnategiaren XIX. mendeko planoa. Billoda beharko luke Mendoza ordez.

Erromatar oppiduma IV. mendekoak omen diren harresiez gotortua dago. Harresiek antigoaleko hiriaren zati bat ixten zuten, 11 hektareako azalerakoa. Harresiak eraikitzeko lehenagoko beste eraikin batzuen osagaiak probestu ziren (zutabe-zatiak, esaterako).

Harresien xehetasuna, berrerabilitako koloma-fusteen zatiak erakusten dituena.

Iruñako aurkikuntzak XVI. mendean jada hasi ziren, 1585ean Arkaia doktoreak "bertan aurkitutako estatuak" aipatu baitzuen.

Aipatzekoak dira arrosa-leihodun mosaikoaren domusa eta Pompeya Valentinaren domusa.

[aldatu] 2006ko ustezko aurkikuntzak

Pertsona-izenak ez diren lehen euskarazko hitz idatziak aurkitu zirela zabaldu zen 2006an, baina Arabako Foru Aldundiak agindutako ikerketek[1] ondorioztatu zuten aurkikuntzak faltsuak zirela[2].

[aldatu] Euskarazko testuak

Iruña-Veleian euskarazko lehen hitz ez-onomastikoak (ez-pertsona-izenak) aurkitu omen ziren, etxe baten azpian topatu ere. Hondakinen artean, zeramikazko eltze zatiak aurkitu omen ziren, bertan euskarazko esaldi laburrak ageri zirela. Grafito izena hartzen dute. Hauek dira hasieran argitaratu zirenak[3] (alboan, grafia gaurkotuan):

  • URDINISAR - urdin izar (?)
  • ZURI URDINGORI - zuri, urdin, gor(r)i
  • EDANIANLO - edan, jan, lo
  • IANTAEDAN - jan ta edan
  • IAUN - jaun
  • GEURE ATAZUTAN - geure aita zutan (zugan)
  • IESUS IOSHE ATA TAMIRIAN AMA - Jesus, Joxe aita ta Mirian ama

Ikerlariek erromatar garaikoak zirela esan zuten, latindar alfabetoan idatziak baitaude iberierako silabarioa baino. Oinarri ziren zeramika zatiak erromatar erako ceramica sigillata eltzeak ziren eta etxearen zimentazioa egiteko erabili omen ziren. Hau guztia dela-eta, idatziek III.etik VI. mendera arteko hedapena izan zezaketela uste zuten[4].

[aldatu] Multzo epigrafikoa

Pompeia Valentina etxean, I. mendean eraikia eta V. mendea arte etengabe erabilia, multzo epigrafiko bat aurkitu omen zen gela hertsi batean, mundu erromatarreko garrantzitsuenetakoa. Honakoak aurkitu omen ziren, besteak beste:

  • 270 idazkun eta marrazki, ostraka zeramika zatietan eginak. Batzuk Egiptoko historiaren pasarte batzuk adierazten zuten eta, horietako zenbait idazkera hieroglifikoan. Ikertzaileen arabera, haurrei irakasteko erabili omen ziren.
  • Mundua osoan aurkitutako kalbarioaren (Jesusen gurutziltzatzea) lehen irudikapena.

Multzo epigrafiko honen garrantzia Pompeia, Erroma edo Vindolanda (Ingalaterra) aztarnategietan egindakoekin alderatu zuten ikerlariek.

[aldatu] Erreferentziak

  1. Adituen txostenak alava.net webgunean
  2. Veleiako idazkunak «faltsuak» direla diote ikertzaileek, Berria-ko artikulua
  3. (Gaztelaniaz) Los textos hallados en Iruña-Veleia están escritos "inequívocamente en euskera" Garako artikulua
  4. (Gaztelaniaz) Confirman la autenticidad de los textos hallados en Iruña-Veleia Garako artikulua

[aldatu] Ikus, gainera

[aldatu] Kanpo loturak

[aldatu] Artikuluak