Antzinako Erroma

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Erromako Foroa hiriko bihotz politikoa izan zen.

Antzinako Erroma Erroma hiriaren inguruan sortu zen zibilizazioa izan zen. 12 mendetan zehar, zibilizazioak hiru sistema politiko izan zituen: monarkia, oligarkian oinarritutako errepublika eta, azkena, inperioa. Mediterraneo Itsasoko ingurua menderatu zuen armada eta asimilazio kulturalaren bidez. Hala ere, hainbat kausa zela eta, zibilizazioak gainbehera jasan behar izan zuen, eta, azkenean, mendebaldeko erdia behintzat, V. mendean desagertu zen. Ekialdeko erdia, Bizantziar Inperioa bilakatu zen, Konstantinopolis hiriburua zuela.

Antzinako Greziarekin batera, Erromako zibilizazioak Antzinate Klasikoa osatzen du, egungo mendebaldeko zibilizazioaren oinarri garrantzitsu bat. Izan ere, Erromak legea, gerra, artea, literatura, arkitektura eta gramatika (besteak beste) izugarri garatu zituen.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Monarkia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Erromatar Monarkia»
Legendaren arabera, Romulo eta Remo, Erromako fundatzaileak, otseme batek hazi zituen.

Tiber ibaiko ibi baten ondoan sortu zen. Horren trafiko eta merkataritzarengatik hazi zen hiria. Arkeologiak erakusten duenaren arabera, K. a. IX. mendean sortu zen Erroma, Palatino, Kapitolino eta Kirinal muinoetan hain zuzen ere. Lehenengo biztanleak latinoak eta sabinoak omen ziren.

Etruriarrek K. a. VII. mendean Erroma haren menpe eduki zuten, aristokrazia eta monarkia osatuz. Eskualde horretan boterea galdu zuten K. a. VI. menderako. Erromatarrek gobernu-sistema berritu zuten, errepublika sortuz. Sistema berrian, gobernatzaileek borondatea gauzatzerakoan eragozpenak aurkitzen zituzten, monarkia ekiditeko nahian.

Legendaren arabera, Erroma K. a. 753ko apirilaren 21ean fundatu zuen Romulok. Romulo Eneas printze troiarraren ondorengoa zen. Ika-mika baten ondorioz Remo anaia hildutakoan, Romulo Erromako lehenengo erregea bilakatu zen. Emakumerik gabe, sabinarrei emakumeak bahitu zizkieten erromatarrek, latindarrak eta sabindarrak batuz.

Errepublika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Erromatar Errepublika»
Mario, Erromako armada eraberritu zuen politikaria eta jenerala.

K. a. 509an sortu zen errepublika Erroman, Tito Liviok zioenez, Tarkinio Superbo erregea bota zutenean. Junio Brutok, azken erregearen kontrako matxino nagusiak, urtero hautatzekoak ziren magistraturetan oinarritu zuen Errepublika. Magistratu garrantzitsuenak bi kontsulak ziren, zeinek armadaren gaineko boterea zeukaten. Hala ere, legeak eta politika orokorra Senatuarekin adostu behar izaten zituzten kontsulek. Hasiera batean, nobleziak edo patrizioek baino ezin zuten boterea izan, baina pixkana plebeioei edo jende arruntari kargu publikoen ateak zabaldu zitzaizkien.

Italiako penintsulako gainerako herriak menderatu zituen Erromak poliki poliki. Kolonien bidez, erromatarrek konkistak babesten eta aseguratzen zituzten. III. mendeko bigarren erdian, Kartagoren kontra borrokatu behar izan zuen Erromak, Lehenengo eta Bigarren Gerra Punikoan. Horren ondorioz, Sizilia Erromaren menpe geratu zen baita Hispaniako ekialdeko eta hegoaldeko kostaldea ere. Mazedonia eta Seleuziako inperioak garaitu ondoren, K. a. II. mendean, Mediterraneo Itsasoko jabeak bilakatu ziren erromatarrak.

Garaipenek eta horien aberastasunek aldaketa sakonak eragin zituzten Erromako gizartean barnan. Noblezia aberastu zen probintzien lepotik. Soldadu xumeek, ordea, urte asko eman behar izaten zuten etxetik kanpoko borroketan. Etxaldeak aurrera eraman ezinik, aberatsei gero eta mailegu gehiago eskatzen zieten. Honela, latifundioak eta esklabotza bultzatu zen.

Gerrek, merkatu berriek eta zerga bilketek behe mailako batzuk ere aberastu zituzten. Hauek equites izeneko klasea osatu zuten. Haren dirutza gorabehera, ez zeukaten inolako ahalmen politikorik, plebeioak ziren eta.

Nahigabea, beraz, nagusitu zen Erromako hainbat gizarte-klasetan barnan. Senatuak, halere, ez zuen inolako erreformarik onartu. K. a. II. mendearen bukaeran, egoera politikoa jasanezina bihurtu zen. Tiberio eta Gaio Grako anaiak patrizioen lursoro erraldoiak txiroen artean banatzen saiatu ziren, baina biak erail zituzten. Aldakuntza horiek bi talde sortu zituzten, aldekoa (Populares) eta kontrakoa (Optimates). Bi talde horiek, Mario eta Sila haien buruan, K. a. I. mendearen hasieran aurrez aurre borrokatu zuten. Silaren diktadura sortu zen honela.

K. a. I. mendearen erdialdean, Julio Zesarrek, Ponpeiok eta Krasok hitzarmen sekretua, Lehen Triunbiratoa, osatu zuten, Errepublika haien menpe gera zedin. Nolanahi ere, jelosiak sortu ziren haien artean, eta borrokatzeari eman zioten berriz erromatarrek. Zesar, garaile aterata, diktadore bilakatu zen. Hala ere, K. a. 44an, bere laguntzaile batzuek, Brutok eta Kasiok besteak beste, Zesar hil zuten, Zesarrek monarkia berreskuratu nahi zuelakoan. Hiltzaileen kontra egiteko, Bigarren Triunbiratoa osatu zuten zesartar garrantzitsuenek: Oktaviok, Lepidok eta Marko Antoniok. Berriro, nagusitasuna bilatu nahian, haien artean mendeko hirugarren gerra zibila piztu zen. K. a. 31n, Actium batailaren ostean, Oktavio Erromako buru bakarra bihurtu zen.

Inperioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Erromatar Inperioa»
Traianok lortu zuen Erromatar Inperioko zabalkuntza handiena.

Arerio guztiak garaituta, Augustok botere osoa bereganatu zuen, Errepublikako ohiturei eta erei eutsi bazien ere. Ondorengoa, Tiberio, hautatu zuen, Julio-Klaudiar leinua sortuz. Erromaren menpeko lurraldea zabaldu zen, eta barneko segurtasunak jarraitu zuen, enperadoreen ustelkeriak ustelkeria.

Flaviar leinuak lekukoa haru zuen. Hurrengoa Antoniar leinua izan zen, zeinekin Inperioak zenit politiko, ekonomiko eta kulturala lortu zuen. Traianok, Dazia konkistatzerakoan, hango urre-meatzeak bereganatzeaz gain, Inperioko zabalkuntza handiena lortu zuen.

180 eta 235 bitartean, Severar leinuan zehar, armadak gero eta botere gehiago eskuratu zuen. Ondorengotza armada edo Pretoriar Goardiaren esku geratu zen. Beste kausa batzuekin batera, horrek III. mendeko krisialdia eragin zuen.

Krisialdia Dioklezianok Tetrarkia osatu zuenean bukatu zen. Inperio lau zatitan banatu zuen, errazago goberna zezaten. Hala ere, aldi bereko enperadoreek haien kontra borrokatu zuten gailentasunaren bila. Teodosioren heriotzarekin, betiko erdibitu zen Inperioa. Mendebaldeko erdia, barbaroen etengabeko erasopean 476ko irailaren 4an desagertu zen, Odoakro germaniarrak azken enperadorea, Romulo Augustulo boteretik bota zuenean. Ekialdeko erdiak zorte handiagoa izan zuen. Bizantzioko Inperioa bihurtuta (hiriburua Bizantzion edo Konstantinoplan baitzegoen) 1.000 urte gehiago iraun zuen.

Gizartea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gobernua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromaren menpeko lurraldea

Hastapenean, Erroma erregeek gobernatu zuten. Botere haren sorrera eta izaera ez daude argi. Baliteke botere osoa edukitzea, edo baliteke Senatu eta Herriaren buru betearazlea baino ez izatea. Gerrari dagokionez bederen, erregearen autoritatea (imperium zeritzona) absolutua zen. Erregea hiriko erlijio ofizialaren burua ere bazen.

Horretaz gain, hiru biltzar administratibo ere bazeuden: Senatua, erregeari aholkuak ematen zizkiona; Comitia Curiata, erregeak proposatutako legeak onartzen zituena; eta Comitia Calata, jai-egunak ezartzen zituen apaiz-asanblada.

Erromako Errepublikan, botere-borrokak ohiz kanpoko demokrazia eta oligarkiaren nahasketa etorri zen. Legeak indarrean jar zitezen, Herri Asanbladak (Comitia Tributa) onartu behar izan zituen. Era berean, kargu publikoa beteko zuten pertsonak herriak hautatzen zituen. Nolanahi ere, Senatua, aholku-gorputza, oligarkiaren instituzioa zen. Errepublika garaian, Senatuak ospe (auctoritas) handia zuen, baina benetako botererik ez. Hala ere, senatariek influentzia handia zeukaten. Senatari berriak patrizio arrakastatsuen artean aukeratzen zuten zentsoreek, zeinek senatariak postutik kentzeko ahalmena ere bazuten, ustelkeria frogatuz gero.

Inolako herritar batek botere gehiegi lor ez zezan, urtero hautatzen ziren postuak, eta boterea bi pertsonatan banatzen zen. Egoera arruntetan, botere nagusia bi kontsulek partekatzen zuten. Larrialdietan, behin-behineko diktadore bakarrak zeukan. Errepublika garaian zehar, administrazio-sistema hau behin baino gehiagotan aldatu zen, egoera berriei aurre egiteko. Baina azkenean, huts eginda, Inperioa ezarri zuen Augustok.

Inperioko lehen garaian, berriz, Errepublikako gobernu era gordetzen zela mantendu zen. Enperadoreak zeraman titulua princeps edo lehen herritarra zen, eta Senatuak legea egiterakoan boterea lortu zuen, aurrean herri-asanbladek izandakoa. Nolanahi ere, denborak aurrera egin ahala, enperadoreen boterea autokratikoago bilakatu zen, eta Senatua enperadoreak izendatutako aholku-gorputza bihurtu zen. Senatua izan ezik, Errepublikan administrazio-instituzio finkorik ez zegoenez, enperadoreek laguntzaileak eta aholkulariak izendatu zituzten.

Lurraldea probintzietan banandu zen. Denborarekin barrutien kopurua ugaldu zen, lurralde berriak bereganatu zirelako eta probintziak unitate txikiagotan bereizi zirelako. Honela, tokian tokiko buruzagi boteretsuen matxinadak ekiditen ziren. Inperioaren estreinako urteetan, bi probintzia mota zeuden: enperadoreenak eta senatuarenak, gobernaria nork aukeratzen zuen arabera. Tetrarkian, 12 diozesitan banandu ziren probintziak. Afera militar eta zibilak bereizi ziren, eta dux (duke) zegoen lehendabizikoen gainean eta gobernaria bigarrenetan.

Hiriei zegokienez, bi mota ere bazeuden. Colonia izenekoetan, soldadu ohiak edo erromatarrak bizi ziren. Municipia delakoetan, probintzietakoak zeuden. Maila ezberdina izan arren (lehenengoetan hiritartasuna zeukaten), Erromako konstituzioaren ereduari segi zitzaion: duviri eta aedili ziren magistratuak, eta tokian tokiko curia izenekoak Senatuaren papera betetzen zuen.

Legea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromako legegintzaren garapenak mila urte baino gehiago iraun zuen. Izan ere, K. a. 449an Hamabi Taulak idatzi ziren, eta K. o. 530 inguruan, Justinianus I.ak Corpus Juris Civilis izeneko arautegia plazaratu zuen. Kode horretan, Erromako legea gorde zen Bizantziar Inperiorako ez ezik, Europan sortzekoak ziren estatuetarako ere.

XVIII. mendera arte, Europako herrialde gehienetan Antzinako Erromako lege-sistema zaharra zen indarrean zegoena. Hainbat tokitan, Alemanian kasu, Erromako legearen erabilpenak are luzeago iraun zuen. Hori dela eta, Europan eta Europatik kanpo ere, egungo legedi modernoek erromatar legeen eragin handia daukate, batik bat zuzenbide pribatuari dagokionez. Eragin hori zuzenbide-terminologian dago ageri: stare decisis, culpa in contrahendo edo pacta sunt servanda, esate baterako. Herrialde batzuetan, Hegoafrikan eta San Marinon, lege-sistema Ius Commune kode zaharrean oinarrituta daude gaur egun ere.

Lege-kode batek ere ez zuen Antzinako Erromako lege-ohitura erabat baztertu. Horren beharrean, erromatar araudiak sistema koherenteagoan sailkatu ziren, estatuetako hizkuntzetara itzulita. Horrenbestez, Erromako legea ezagutzea ezinbestekoa da egungo lege-sistema ulertu ahal izan dadin.

Europar Batasunako estatuetako zuzenbide pribatu desberdinak bat egiteko, Ius Commune kode zaharra eredutzat hartu da, zeren edozein tokitan oinarrizko legeak izateaz gain tokian tokiko aldaerak onartzen baititu.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromako zilarrezko denarioa.

Antzinako Erromako ekonomiaren oinarria, garaiko gainerakoak bezalatsu, nekazaritzan eta merkataritzan oinarritzen zen. Bere aginpean lurralde zabala edukita, salerosketak areagotu ziren. Nekazal ondasun salerosketak Italiako lur-egitura aldatu zuen. K. a. I. menderako, azalera handiko olibadiek eta mahastiek nekazari txikiko etxaldeak ordezkatu zituzten. Izan ere, Egipto, Sizilia eta Tunisiatik zetozen gari-horniketa etengabea zela eta, Italiako nekazari txikiek ezin izan zuten lehiari eutsi. Trukean, ardoa eta oliba olioa Italiako exportazio nagusiak ziren.

Industria eta eskulangintza txikiagoak ziren. Hargintza eta meatzak sektore honetako arlo inportanteenak ziren, batez ere eraikuntza publikoa erpinean egon zen garaian. Eskulangintzan, ekoizpena maila txikikoa izan zen. Eskuarki, langile gutxiko tailer izaten ziren, nahiz eta zenbait adreilu lantegietan ehunka langilek jardun.

Aurreko Errepublika garaiko ekonomiak etxalde txikiak eta ordaindutako langileak zituen oinarri. Hala ere, gerra-garaipenek eta konkistek esklabotza gero eta ugariago eta merkeago bilakatu zuten. Erromatar Errepublika beranterako, trebetasuna eskatzen zuten lanak zein trebetasunik gabekoak esklaboen esku zeuden nagusiki. Esklaboen populazioa Erromatar Inperioko %20 eta Erroma hiriko %40 zela estimatu da. Soilik konkistak amaitu zirenean gora egin zuen esklaboen prezioak. Orduan, kontratatutako langileak esklaboak baino ekonomikoagoak izan ziren.

Zaldiak garestiak izateaz gain, errepideetan oinarritutako garraioa motela zen oso, nahiz eta Erromako errepide-sarea guztiz garatua izan. Nolanahi ere, errepideek gune militarrak komertzialak baino lotzen zituzten. Ondorioz, Erroma eta eskualdeen arteko ondasun-salerosketa txikia izan zen itsas-garraioa garatu arte K. a. II. mendean. Mediterraneo osoa zeharkatzeak (Gadestik Alexandriaraino esaterako) hilabetea baino ez zuen ematen. Merkeagoa ere izanda, garraio mota nagusia izan zen Antzinaroan.

Klase banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Toga bat, Antzinako Erromako ikur bat.

Erromako gizarteak hierarkia garbia zeukan. Esklabuak (servii) maila baxuenean zeuden. Haien gainean, libertoak (liberti), askatasuna lortu zuten esklabuak edo haien ondorengoak.

Klase libreak ere banandurik zeuden. Nabarmenena patrizio eta plebeioen artekoa zen. Patrizioen arbasoak hiriko 100 fundatzaileetako bat zen. Zatiketa honek Erromatar Errepublika berantean garrantzia handia hartu zuen, familia plebeio batzuk aberastu baitziren eta equites taldea osatu baitzuten. Patrizio batzuk pobretuta ere, plebeio aberats horiek baino ahalmen eta eskubide politiko gehiago zituzten. Hala ere, patrizioen artean bazeuden mailak. Nobleenek (nobiles) Senatuko eserleku gehienak betetzen zituzten. Talde horretan sartzeko, arbaso batek kontsula izan behar izan zuen. Mario edo Zizeron kontsula izatera iritsi ziren familiako lehenak ziren. Horretarako "novus homo" (gizon berriak) deitzen zioten.

Hasiera batean, Erromako bertako klase librekoek baino ez zuten hiritartasuna. Italiako aliatuek ez zeukaten. Horren ordea, latindar eskubidea ematen zitzaien, zeinekin hiritarren eskubide batzuk onartzen ziren. Aliatu batzuei hiritartasun osoa ema zieten Gerra Sozialaren ostean. Karakalak, 212an, esklabuak ez ziren guztiek zabaldu zien hiritartasuna.

Familia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aita zen familiako buru. Normalean, semeak nahiago zituzten, horregatik, batzuetan neska jaioberriak bakarrik uzten zituzten, hiltzen ziren arte. 13 urtetik aurrera emakumeak heldutzat hartzen ziren. Askotan, 15 urtekin ezkontzen ziren; nahiko normala izaten zen 30 urterekin amona izatea.

Heziketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurreko Errepublika garaian, ez zegoen eskola publikorik. Hortaz, mutikoei idazten eta irakurtzen gurasoek edo hezitako esklaboek, paedagogi izenekoek, irakasten zieten. Heziketaren xede nagusia nekazaritza, gerragintza, erromatar usadio eta kontu publikoetan trebatzea zen. Bizitza publikoaren gainean mutikoek aitarekin erlijio eta politika ekitaldietara joanez ikasten zuten. Nobleen semeak Senatura ere joaten ziren. Nobleziako gazteak politikari nabarmen baten ondoan 16 urte zituztenerako hurbiltzen ziren, eta 17 urterekin, armadarekin ibiliak ziren. Ohitura honek bizirik iraun zuen garai inperialaren erdira arte.

Heziketaren gaineko praktikak, K. a. III. mendean, erresuma greziarren konkistarekin batera, aldatu ziren. Erromatar eta greziar heziketek desberdin izaten jarraitu bazuten ere, greziarren eragina nabarmena izan zen erromatarraren gainean. Gurasoak ordaintzeko gai izatera, mutikoak eta neskato batzuk ere 7 urterekin etxetik kanpoko eskola pribatuetara igortzen zituzten. Hor, irakasleak (litterator edo magister ludi izenekoek) irakurtzen, idazten, aritmetika eta, batzuetan greziera ere, irakasten zieten 11 urte bete arte. Hamabi urterekin, irakasleak (grammaticus izenekoak oraingo horretan) grezierazko eta latinezko literatura irakasten zien. Hamasei urterekin, ikasle batzuk erretorika eskolara joaten ziren, non ia ia guztietan greziarra zen irakasleak (rhetor izenekoak) Erromako legedia irakasten zien. Maila honetako heziketak ibilbide politikoaren hasiera markatzen zuen.

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Latina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Duenos inskripzioa, K. a. VI. mendeko testu bat, latinez ezagutzen den zaharrena.

Erromatarren jatorrizko hizkuntza latina zen. Euren alfabetoa ere garatu zuten, greziarrekoan oinarritua. Guregana ailegatu zaigun literatura gehiena latin klasikoan dago idatzia, hau da, K. a. I. mendeko latin altu eta garbitua. Jende arruntak latin arruntean hitz egiten zuen. Denboraren poderioz bi latin motak banandu ziren, eta hiztegia, gramatika zein ahoskera ezberdinak garatu zituzen. Inperioko hedapenak latina ere zabaldu eta sakabanatu zuen. Denborak aurrera egin ahala hizkuntza garatu eta zatitu zen.

Grekoa, halere, goi-mailakoen hizkuntza bilakatu zen, erromatarrek ikasten zuten literatura gehiena hizkuntza horretan idatzirik baitzegoen. Ekialdeko erdian, Bizantziar Inperioa izatekoa zen eremuan, grekoak latina idazterakoan eta ahozkoan ere ordezkatu zuen.

Latina hizkuntza hila bada ere, bere hiztunak baditu. Eliza Katolikoak mezetarako erabili ohi zuen, eta Vatikano Hiriko hizkuntza ofiziala izaten segitzen du. Erabilpen arruntatik desagertu arren, mende askotan zehar Europako nazioarteko hizkuntza izan zen, unibertsitatean eta diplomazian mintzatua. XIX. mendean frantsesak bere lekua hartu zuen, eta XX.ean, ingelesak. Hala ere, latinak pisu handia dauka gaur egun ere erlijio, lege zein zientzia-hiztegietan.

Artea, literatura eta musika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromako margolaritzak greziar eragina izan zuen. Guregana iritsi diren adibide bakarrak etxe aberatsetako horma eta sabaietako freskoak izan dira, nahiz eta garaiko idazkietan zur, boli eta beste material batzuk erabiltzen zirela ere aipatu. Erromako pinturako zenbait adibide Pompeian aurkitu dira, eta, horien arabera, arte historialariek Erromako margolaritza lau epetan banantzen dute.

Lehendabiziko Estiloan, K. a. II. mendetik K. a. I. mendeko erdialdera arte, marmol eta adreiluen imitazioak burutu nahi izan ziren, tartean mitologiako pertsonaiak ere irudikatu arren. Bigarren Estiloan (K. a. I. mendean hasita), hiru dimentsiotako arkitekturak eta paisaiak irudikatzen zen. Augustoren agintaldiko Hirugarren Estiloan, Bigarren Estiloko errealismoari muzin egin zitzaion, apaindura xumeagoaren alde: arkitektura txikia, paisaia edo diseinu abstraktua kokatzen zen erdian, hondoa kolore bakarrekoa zela. Laugarren Estiloan, K. o. I. mendean, mitologiako eszenak marrazten ziren, arkitekturetako ñabardurak eta eredu abstraktuak gordeta.

Erretratuen eskulturak proportzio klasikoak erabili zituen, eta, geroago, idealismoa eta errealismoa nahastutako estiloa garatu zuen. Antoniar eta Severar enperadoreen garaietan (K. o. II. mendean) ile eta bizar apainduagoak nagusitu ziren. Erliebeko eskulturan ere garapenak burutu ziren, gehienbat erromatarren garaipen militarrak omentzeko.

Latinezko literaturak, hasiera-hasieratik, greziar egileen eragin handia jaso zuen. Guregana iritsi diren lanen artean, zaharrenetakoak Plauto eta Terentzioren antzezlanak dira. Latinezko Urrezko Garaian, K. a. I. mendetik K. o. I. mendera arte, Zizeron, Virgilio, Katulo, Horazio eta Ovidio dira idazle aipagarrienak. Pizkundean, autore horien lanak goraipatuenak eta imitatuenak izan ziren. Hurrengo epea, Zilarrezko Garaia deritzona, II. mendera arte iristen da. Horren ondoko idazleek ez daukate adinako osperik.

Erromatar musika greziarrenean oinarritzen zen hein handi batean. Paper garrantzitsua jokatu zuen erromatarren ekitaldi frankotan, armadan esaterako. Arlo horretan, aginduak emateko edo zeremonietan erabiltzen zen batik bat. Ekitaldi erlijiosoek ere musika zuten lagun erritoak burutzerakoan. Hainbat historialarien ustetan, musika ekitaldi publiko gehienetan agertzen zen.

Erlijioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Antzinako Erromako erlijioa»

Lehen Erromako erlijioa, jainkoei zegozkien atalak behintzat, idatzizko istorioek baino gizakien eta jainkoen arteko hartu-eman konplexuen sareek osatzen zuten. Greziar mitologian ez bezala, jainkoek ez zuten pertsonen irudia hartzen, definizio lausoko izpirituak ziren baizik, numina izenekoak. Pertsona, leku edo gauza bakoitzak bere izpiritua edo arima zuela ere sinesten zuten erromatarrek.

Erromatar Errepublikan, senatari maila zuten gizonezkoek gidatutako ekitaldi-sistema zorrotzaren azpian antolatu zen erlijio praktika. Pontifizeen Kolegioa hierarkia honetan maila gorena zen, eta horren burua, Pontifex Maximus izenekoa, estatu-erlijioko lehena. Flamen deituriko apaizak jainkoen gurketez arduratzen ziren, eta augur zeritzenek jainkoen borondatea igartzen zuten. Erromatar Inperioan, hainbat enperadore jainkotzat jo ziren.

Greziarekiko harremana areagotu ahala, antzinako jainko erromatarrak greziar jainkoekin batzen joan ziren erromatarrak. Honela, Jupiter Zeus zen sinesmena nagusitu zen emeki emeki. Erromatar jainkoek greziarren mitoak, gizatasun ezaugarriak eta atributuak ere hartu zituzten. Gainera, greziar filosofia hezibide oneko erromatarren artean nagusitu zen. Horrek guztiak errito zaharren gainbehera ekarri zuen K. a. I. mendean. Apaiz postuen garrantzia erlijiosoak behera egin zuen, nahiz eta bere paper zibikoak zein garrantzia politikoak bere horretan jarraitu zuten.

Augusto, lehen enperadorea, antzinako erlijioa eta etika berreskuratzen saiatu zen, baina Inperio garaian denborak aurrera egin ahala, enperadoreen garrantzia erlijiosoa areagotu zen. Heriotzaren ondoren, hainbat enperadore jainko izendatu zituzten. Halaber, menpeko herrialdeetako mitologiak bereganatu zituzten erromatarrek Inperioan. Ohikoa zen Italiako jainko tradizionalen tenpluak eta apaizak jainko kanpotarrenen ondo-ondoan egotea. Horietako kultu atzerritar batzuek ospea irabazi zuten denborarekin, Egiptoko Isis edo Persiako Mitras jainkoek esaterako. II. mendetik aurrera, kristautasuna Inperioan zehar hedatu zen nabarmenki, jazarpenak jazarpen. Enperadoreen arabera, kristautasunarekiko jarrera aldatzen zen. Batzuetan kristau izateak berak heriotza ekar zezakeen. Diokleziano enperadorearekin kristauen jazarpena bere erpinera iritsi zen. Nolanahi ere, handik gutxira, Konstantinoren agintaldian estatuak babestutako erlijioa bihurtu zen, eta areago hedatu zen. Juliano Apostata erlijio paganoa berreskuratzen saiatu arren, kristautasuna Inperioko erlijio nagusia bilakatu zen, eta, 391n, Teodosio enperadoreak kristautasuna ez beste erlijioak debekatu zituen.

Teknologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abakoek aritmetikari bultzada handia eman zioten.

Injenieritza eta arkitektura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Erromatar arkitektura»
Frantziako Pont du Gardeko ubidea K. a. 19an eraiki zen.

Bere historiaren lehen mendeetan zehar, Toskanako eta Umbriako lurraldeetan bizi zen etruriar herri indoeuroparrak menperatu zuen Erroma politikan eta kulturan. Grezia Handia konkistatu ondoren, zuzeneko harremanak izan zituzten erromatarrek Greziako kulturarekin, orduz gero gehiago baloratu zutelarik arte adierazpen oro. Greziarren eskutik ikasi zuten arkitektura-ordenen erabilera, ordena hauek egituran baino dekorazioan bideratu bazituzten ere.

Inperioa Ekialderantz hedatzean ezagutu zituzten erromatarrek neurrigabetasuna eta aberastasuna. Halatan, berezko zituzten elementu tradizionalak greziarrengandik eta Ekialdeko herriengandik jasotakoekin batu eta Erromaren boterearen eta menpeko herrien aurrean zuen nagusitasunaren adierazpide izan zen Inperioko arkitektura. Ez zen, ordea, meritu hura horretara mugatu; pragmatismoa eta edertasuna batzen zituen joerak bultzaturik, eraikuntza moderno aurreratuenen moldeko obrak eraiki zituzten erromatarrek, eta artearen eta ingeniaritzaren eredu dira egun ere obra horiek.

Armada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Traianoren zutabeko eszena bat.

Erromako estreinako armada, garaiko hiri-estatu gainerakoko armada bezalakoa, greziar falangean oinarritzen zen. Soldaduek bere armak eraman behar izaten zituzten. Bizitza zibilera zerbitzua bukatutakoan bueltatzen ziren.

Lursoro txikien jabeak ziren armadaren zutabe nagusia, baian K. a. II. mendeko bukaerako, horrelako baserritarrak desagertzear zeuden, latifundioa zabaltzen ari delako. Arazo honi begira, Gaio Mariok boluntarioen armada bihurtu zuen. Gainera, behe-mailetakoak ere onartu zituen, armak bere poltsikotik ordainduz.

Azken aldaketa garrantzitsua Konstantinok egin zuen, armada bitan zatitu zuen eta. Alde batetik, mugan zehar indar estatikoa uzti zuen. Bestetik, indar mugikor bat sortu zuen, zein behar zen lekuetara joanen zen.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Antzinako Erroma Aldatu lotura Wikidatan
Portal.svg
Wikipedian atari bat dago honi buruz:
Antzinako Erroma