Txantiloi:2015-34 Nabarmendutakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Bretainia (bretoieraz Breizh, /bʁejs/ ahoskatua, frantsesez: Bretagne, galoz Bertaèyn) herrialde eta eskualde historiko eta kulturala da, sei nazio zeltetako bat.

Frantzia ipar-mendebaldeko Armorika penintsula osoa hartzen du Bretainiak, Mantxako kanalaren eta Bizkaiko golkoaren artean. Lau departamenduk osatua da: Côtes-du-Nord, Finistère, Morbihan, Ille-et-Vilaine (27.000 km2). Berez, historikoki Bretainiakoa eskualdea den Loire-Atlantique departamendua herrialde edo eskualde honetatik kanpo laga zuten, Frantziako Iraultzaren ondoren.

Mendebaldeko Bretainiak edo Bretainia Behereak barnealdean mendi apalak ditu (Arrée mendiak, 384 m; Mendi Beltza, 325 m). Lurralde zelaiak zabaltzen dira mendi horien eta kostaldearen artean. Ibai sakonek urratzen dituzte eremu lauak. Itsasora orduko, ibaiak zabaldu eta bokale handiak osatzen dituzte. Kostaldea guztiz malkartsua da, penintsulak eta uharteak ugari dira, eta badiek, golkoek eta lurmuturrek etengabe mozten dute itsasertza. Iparraldeko kostaldea hegoaldekoa baino garaiagoa eta malkorragoa da. Bretainiako kostaldeak 1.200 kilometro luze ditu, hots, Frantzia osoko kostaldearen heren bat baino gehiago da.

Bitan banatzen dira, bestalde, Behe Bretainiako lurraldeak: Armor («Itsasaldea») eta Argoat («Basoaldea»). Ekialdeko Bretainia edo Bretainia Garaia eremu zabal eta irekiagoa da, eta lurrak askoz ere zelaiagoak dira.