Txikipedia:Krakovia

Wikipedia, Entziklopedia askea

Krakovia (polonieraz Kraków) hegoaldeko Poloniako hiria da, Polonia Txikiko voivoderriko hiriburua. Vistula ibaiaren ertzean dago eta industria gune garrantzitsua da. 2010ean 756.183 biztanle zituen, eta herrialdeko bigarren hiririk handiena zen.

Poloniako bandera

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Administrazio eta merkataritza hiri garrantzitsua da eta Nowa-Huta izeneko hiria bildu da bertako industria (burdingintza). Arte, kultura eta unibertsitate gune munta guztiz handikoa da Erdi Aroko garaietatik. Gune historikoa Gizateriaren ondare izendaturik dago.

Krakow Rynek Glowny
Krakoviako bandera

Poloniako lehen hiri kristaua izan zen Krakovia eta XI. mendean sortu zen apezpikutegia. Hainbat alditan bipildu zuten mongoliarrek 1241. urtetik aurrera eta Poloniako hiriburua eta erregearen egoitza hiria izan zen 1320-1595. urteetan. Kasimiro III.ak sortu zuen 1364ean unibertsitatea. Arte eta Kultura hiri handia izan zen XVII. mendean arte, baina gainbehera jo zuen Varsovia Poloniako hiriburu egin ondoan (1596).

Suediarren inbasioek (1656 eta 1702-1709) larriagotu zuten egoera eta jendez hustu zen hiria XVIII. mendearen hasieran. Krakovian mamitu zen Tadeusz Kosciuszkok gidaturiko matxinada (1794) eta Austriako Imperioaren barnean geratu zen hiria 1795ean, Poloniaren hirugarren banaketaren ondoren. Varsoviako dukerriko hiri 1809-1815. urteetan eta errepublika erdi-autonomoa izan zen 1815-1846 bitartean. Ondoren, Austriako inperioaren barnean egon zen Galitziarekin batera 1919 arte. Naziek hartu zuten hiria 1939an eta bertan egon zen alemaniarren Poloniako agintaritza nagusia. Sobietar gudarosteak askatu zuen hiria 1945ean.