Txori Baltza taldea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Txori Baltza taldea
Datuak
Motadantza taldea
HerrialdeaAmeriketako Estatu Batuak
Erabilitako hizkuntzaeuskara
Historia
Sorrera2012

Txori Baltza Ameriketako Estatu Batuetako euskal dantza taldea da. Hasiera batean Ardi Baltza taldea zen. Euskal dantzen koreografiak modu berritzaileez sortzen dituzte. Taldekideak emakumeak dira.[1]

Ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ardi Baltza Taldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2012an Franci Mendive eta Kiaya Memeo, Nevadako estatuan dagoen Elko herriko Ariñak Dantza Taldearen partaideak, koreografia berriak lantzeko gogoa erakutsi zuten. Bi lagunek beren taldea sortzea erabaki zuten, Ardi Baltza deituz. Beste dantzari eta lagun musikari batzuekin batera, beren dantzak sortzen hasi ziren. "Interneten aurkitzen genituen Euskal Herriko dantza modernoko ikuskizunetan inspiratzen ginen", esan zuen Memeok. "Urtero antzezten duguna desberdina zen eta horrek egiten zuen dibertigarri eta zirraragarri. Eboluzionatu eta egokitu ahal izan ginen, eusko-estatubatuar izateak esan nahi duenaren mugak sortu eta gainditu ahal izan genituen ". 2015ean, taldea Boisen, Idahon, bost urtean behin egiten den Jaialdira, hau da, Ameriketako Estatu Batuetako euskal jaialdi handienera joan ziren dantzatzera. Urtebete geroago, Smithsonian Institution taldeak Washington DCn dantzatzera gonbidatu zituen, urte horretan euskal kultura ardatz izango zuen jaialdi batean parte hartzeko. Euskal dantzari garaikideekin egin zuen lehen topaketa izan zen. Bertan Euskal Herriko taldeak ezagutu zituzten, Aukeran, Korrontzi eta Kalakan kasu. "Gure emanaldiak euskal istorio eta musikan oinarritu ziren, baina dantza pausoak birimajinatuak izan ziren, inspirazio tradizionalekoak baina aldi berean berriak", gogoratu zuen Mendivek. "Haien jantziak eta orrazteko modua ere halakoxeak ziren. Biolontxeloak eta biolinak jotzen zituzten akordeoi eta alboken ordez ".[2]

2017an sorginkeriaren inguruko dantza bat egin zuten San Frantziskoko Euskal Kulturaren Egunean, Kalakanen musikarekin. 2018an, euskal komunitateko kide nagusien oroitzapenetan oinarrituta, Gernikako bonbardaketaren istorioak koreografiatu zituzten, Pablo Picassoren koadroa atzeko oihaltzat hartuta. 2019an New Londoneko (Connecticut) euskal etxean aritu ziren.

Txori Baltza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baina gauzak aldatuz joan ziren, taldeko kideak Elkotik aldendu baitziren lan egiteko eta ikasketekin jarraitzeko. Memeo Chicagora joan zen familiarekin. Mendive eta bere senarra Gardnervillera joan ziren bizitzera, Nevadara, Renotik ez oso urrun. Gertu bizi ziren lau lagunekin, talde berri bat osatzea proposatu zuten. Inspirazioa 60ko hamarkadako The Beatlesen arrazakeriaren aurkako abesti bat entzun zutenean etorri zitzaien, "Blackbird". Hau izango zen taldearen izen berria: Txori Baltza. "Euskaldun askorentzat", gaineratu zuen Mendivek, "zozoak askatasuna adierazten du".[2]

Baina 2020aren hasieran, Covid pandemia iritsi zen. Beren planekin aurrera egitea erabakita, urruntasun soziala errespetatuz elkartu, Zoomek entseatu eta koreografiak partekatu zituzten Facebook bidez. Boiseko Sheepherders "Ball-en ikuskizun txiki bat egin zuten. Istorioa Mendiveren aitona-amonen istoriotik hurbil zegoen. Aitona Nevadara joan zen ardi-artzain gisa lan egitera, eta emaztea etxean geratu zen jaioberriarekin. 2022ko udan, Txori Baltzak Nevadako Elko eta Renoko euskal jaialdietan dantzatu zuen.[2] 2024ko otsailaren 3an, Txori Baltza Taldeak Txotx ikuskizuna aurkeztu zuen Elkoko Konbentzio Zentroko 'Turquoise' aretoan, "39th National Cowboy Poetry Gathering" programaren baitan.[3]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]