Vómito

Wikipedia, Entziklopedia askea
Vómito
Vómito taldearen kontzertua Egiako gaztetxean
Datuak
JatorriaIrun
Urteak(1984-1998)
(2009-gaur egun)
Produkzioa
Diskoetxea(k)Discos Suicidas
Informazio gehigarria
Myspace
Musicbrainz: 82970553-7564-4070-9055-f5b51fadfc19 Edit the value on Wikidata

Vómito 1984. urtean Irunen (Gipuzkoa) sortutako euskal musika taldea.

Taldekideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Claus Groten - baxua eta ahotsa.
  • Mikel "El Gordo" - 1.gitarra eta koruak
  • Chicho - 2.gitarra
  • Iban - bateria.

Kronologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasierak 1985 1986 1987 1988 1989 1990 1991 1992 1993 1994 1995 1996 1997 1998 2009 2010
Victor (†)
Claus Groten Claus Groten
"Johnny" Joseba Bingen Mikel "El Gordo" Mikel "El Gordo"
Chicho Mikel Irazoki Chicho
Dani Álvaro “Pato” Javi Área Álvaro “Pato” Iban
Ahotsa Gitarra Baxua Bateria

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1984. urtearen hasieran, edozeinek instrumentu bat hartu eta talde bat sor zezakeela esaten zuen punk leloari jarraituz, Irungo 4 gaztek elkartzea erabaki zuten. Partaideek zuten ezinegona eta bihurrikeria nolabait bideratzeko sortu zuten taldea. Urte horretan bertan taula gainean jotzen hasi ziren. Vómito Social hurrengo laurek osatzen zuten hasieran: Víctor (ahotsa), Claus (baxua), Dani (bateria) eta Mikel "Johnny" (gitarra). Irailean lehen maketa grabatu zuten Los gobiernos pasan, las sociedades mueren, pero la policía es eterna izenarekin, bertan Ley de vida eta Fuerzas de seguridad abestien hastapenak aurki zitezkeen.

Gutxira Mikelen ordez Joseba sartu zen gitarra jotzeko. Partaide aldaketa honekin batera izena moztu zuten, Vómito bakarrik utziz. 1985ean ¿No es esto terror? 2. maketa kaleratu zen. Maketa honek harrera hona izan zuen, eta gainera, urtean zehar kontzertu asko jo zuten. Bi arrazoi hauengatik Discos Suicidas diskoetxeak Skalherria punk bilduman parte hartzeko aukera eman zien. Bilduma 1986an argitaratu zen, bertan 4 kantu sartu zituzten, eta honi esker Hego Euskal Herrian ez ezik, Estatu espainol osoan ezagutzera eman ziren. 1987. urtean diskoetxe berak Vómito, taldearen lehen LPa, kaleratu zuen Ratas de ciudad, Soy una bomba edo Un día más bezalako klasikoekin.

1988ak aldaketa sakonak ekarri zituen. Formazioan Bingenek eta Álvarok ("Pato") Joseba eta Dani ordezkatu zituzten. Taldekideek itxura rokeroagoa hartu zuten musikan, eta abestien gaiak ilunagoak ziren. Hori guztiori 1990ean argitaratutako A un paso de la locura 2. LPan nabaritu zen. Mirando al abismo, Sombras edo En las montañas de la locura bezalako abestietan antzeman daiteke fantasiazko eta beldurrezko literatura eta komiki generoen eragina. Hala ere, errealitate gordina inspirazio iturri nagusia izaten jarraitzen zuen, Mamá le ha cortado la cabeza a papá abestian ikus daitekeen bezala. Diskoak argia ikusi ondoren, Chicho taldean sartu zen erritmo-gitarra jotzeko, eta horrela, taula gainean soinu bortitzago bat lortzeko. 1993an El ejercicio del crimen zuzeneko diskoa kaleratu zen. Disko honek abesti berri batzuk ere bazituen, Radio terror edo Al borde de la carretera adibidez.

Zoritxarrez, 1994ean, Victor gaixotu egin zen. Hala ere, taldeak estudioan sartzea lortu zuen azken diskoa izango zena grabatzeko. Iñaki de Lucasek ekoiztu zuen diskoaren grabaketa gogorra egin zen. Izan ere, abeslariaren gaitzari, grabaketa hasi eta egun gutxitara taldeak jasandako aldaketa batu zitzaion: Bingenek taldea utzi zuen eta Mikel "El Gordo" bere ordez sartu zen. Aldaketa hori gainontzeko taldekide guztiekin izandako desadostasunaren ondorio izan zen. Nahiz eta arazo ugari izan, La circulación en el laberinto musika arloan lanik landuena izan zen, eta Víctorren ahotsa kaltetua izan ordez, inoiz baino hobeto entzuten zen. 1995aren ekainean, diskoaren agerpenaren egun gutxitara, Víctor HIESak jota hil zen.

Víctorren izenean hainbat omenaldi egin ziren eta Vómitok ere parte hartu zuen, Claus-ek ahotsaren ardura hartu zuelarik. Gero Javi Área eta Mikel Irazoki taldean sartu ziren, bateria eta erritmo-gitarra jotzeko. Hala ere, taldeak jarraipen diskografikoa ezin zuela izan pentsatzen zuen Víctorren ahots bereziaren gabeziagatik. Horren ondorioz, 1998an Vómitok agertokiak uztea erabaki zuen.

10 urteren ondoren Siempre fue terror diskoa argitaratu zen, Puzkarra Recordsen eskutik. Hori binilozko argitalpena izan zen, eta liburuxka bat zekarren hainbat argazki, artikulu eta elkarrizketekin. Disko horrek taldearen ibilbide oso egiten du, taldearen etapa ezberdinetan zuzenean grabatutako abestiekin, 1985etik 1996ra artekoak. Horren ondoren Vómitok musika-tresnak hartu zituen berriz ondorengo partaideekin: Claus (ahotsa eta baxua), Pato (bateria), Mikel "El Gordo" (gitarra) eta Chicho (gitarra). Modu horretan kontzertuak ematen jarraitu zuten. Gainera abesti zaharrak berriz grabatzen hasi ziren, baita abesti berriak egiten ere, Regreso a la escena del crimen eta Historias adibidez. Bi abesti horiek eta beste abesti zahar bat, Niños terroristas (aurrez ez zuten estudioan grabatu), 2009ko urrian argitaratu zituzten EP batean Madrilgo Potencial Hardcore diskoetxearekin.

Diskografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Los gobiernos pasan, las sociedades mueren, pero la policía es eterna (1984, maketa).
  • ¿No es esto terror? (1985, maketa)
  • Vómito (1987, Discos Suicidas)
  • A un paso de la locura (1990, Discos Suicidas)
  • El ejercicio del crimen (1993, Discos Suicidas). zuzenean grabatutako disko eta bideoa.
  • La circulación en el laberinto (1995, Discos Suicidas)
  • En la zona zero (2010, Potencial Hardcore)
  • Paralizando 13 (2011, Potencial Hardcore)

Singelak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Mamá le ha cortado la cabeza a papá / No puedo parar (1990, Discos Suicidas)
  • Al borde de la carretera / Mirando al abismo (1993, Discos Suicidas)
  • Regreso a la escena del crimen / Historias / Niños terroristas (2009, Potencial Hardcore)

Bildumak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal musika
Euskal musika
Artikulu hau Euskal musika Wikiproiektuari lotuta dago. Honelako artikuluekin lagundu nahi baduzu, jo ezazu wikiproiektuaren orrira.