Xabier Silveira
Xabier Silveira Etxeberria (Lesaka, Nafarroa, 1976) nafar bertsolaria da. Nafarroako Bertsolari Txapelketa sei aldiz irabazi du: 1997, 2004, 2005, 2006, 2007 eta 2009an. 2010eko txapelketan ez zuen parte hartu, baina 2011koan berriro jardun zuen, eta bigarren bukatu zuen, Julio Sotok baino 5 puntu gutxiago lorturik. Euskal Herriko eskolarteko txapelketa irabazi zuen 1994an Maialen Lujanbioren aurretik.
Estilo probokatzailea dauka: inoiz, epaimahaikoen aurka bertsoak bota ere egin ditu, esaterako, eta hainbatetan ez dio kasurik egin gai jartzaileak jarritako gaiari. Jarrera horretan eta gainerako bertsolariekin nahiz ikus-entzuleekin noizbehinka duen jokabidean errespetu falta ikusten duenik bada.[1][2][3] 2009ko Bertsolari Txapelketa Nagusian, Silveirak kartzelako gaian hiru poto egin zituen, eta bildutako puntu kopurua nabarmen jaitsi zion horrek (bigarren izatetik, bosgarren izatera igaro zen). Haserre, oholtzatik jauzi egin zuen Silveirak.[4] Silveirak barkamena eskatu zien bertsokideei, entzuleei, epaileei, antolatzaileei «eta denei».[5]
Gara egunkariaren iritzi orrialdeetan «Jo puntua» izeneko zutabea idazten du astero, batzuetan euskaraz, bestetan gaztelaniaz, beti probokatzaile.
Eduki-taula |
[aldatu] Zaharrak Berri Xou
Zaharrak Berri Xou bertso saio berezietan hartu zuen parte Fredi Paia eta Jokin Urangarekin batera.
[aldatu] Eleberria
2007an, A las ocho en el Bule eleberria argitaratu zuen Txalaparta argitaletxearekin. Gaztelaniaz idatzi izanak polemika sortu zuen euskaltzaleen artean.[6][7][8][9]
[aldatu] Erreferentziak
- ↑ Alfontso MUJIKA: «Jasamenaren langa gorago jaso ezinda nagok, Silveira», Berria, 2010-02-03.
- ↑ Ixa LARRAZABAL: «Mujika eta Silveiraren arteko eztabaida publikoa», ZuZeu, 2010-02-05.
- ↑ «Joxe Agirre, BECeko oholtzatik Orkatzekora», Uztarria.com, 2010-02-06.
- ↑ «Xabier Silveiraren potoak eta haserrea», Sustatu, 2009-10-19.
- ↑ «Xabier Silveirak barkamena eskatu du», Gara, 2009-10-20.
- ↑ (Euskaraz) Koldo IZAGIRRE: «Le train express Durkheim-Castejón», Bazka, 2007-12-13.
- ↑ Xabier SILVEIRA: «Euskaraz bada ere», Gara, 2007-12-21.
- ↑ (Euskaraz) Juanjo OLASAGARRE: «A las cuatro», Deia, 2008-01-12.
- ↑ Alberto BARANDIARAN: «Xabier Silveirak eta Mariasun Landak gaztelaniaz idatzi izanak eztabaida piztu du Interneten», Berria, 2008-01-08.
[aldatu] Kanpo loturak
- (Euskaraz) Silveiraren webgunea
- (Euskaraz) (Gaztelaniaz) A las ocho en el Bule liburuaren bloga