Xintoismo

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Izanami-no-Mikoto eta Izanagi-no-Mikotok Lurra sortzen.

Xintoismo (神道 Shintō?) edo kami-no-michi, "Jainkoen bidea", budismoa sartu aurretik Japonian nagusi ziren sinesteen eta praktika erlijiosoen multzoa da. Xintoismoak egungo Japonia eta antzinakoa lotzen dituzte[1]. Xinto hitzak kanji bi lotzen ditu: "shin" (神) kami, izpiritu edo jainko esan nahi duena eta "" (道) "do" edo ikasketa esan nahi duena.

Ohitura hauek lehendabizikoz VII. eta VIII. mendeetako Kojiki eta Nihon Shoki kontaketetan jaso zituzten, orduko folklore, historia eta mitologiarekin batera. Egungo jarraitzaileek erritu eta jantzi berak erabiltzen dituzte, Nara eta Heian aroetan ezarri zutenez.

Xintoismoa erlijio animista da; jainkoak (kami) izadiko indarren irudiak dira: Amateratsu jainkosa ("Eguzkia"), Susanoo ("Ekaitza"), Tsukiyomi ("Ilargia"), etab. Maila desberdineko kami anitz dira, izadiko gauzak (zuhaitzak, animaliak, mendiak) eta arbasoak ere halakotzat hartuak baitira.

Apaiz xintoistak.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinako japoniarren erlijioan igarpenak eta magiak garrantzi handia zuten. VI. mendean, budismoa Japonian sartu zenean, bi erlijioek elkar kutsatu zuten: budismoak xintoismoaren jainkoak onartu zituen bere sisteman eta xintoismoaren molde sinkretikoak garatu ziren (Ryobu-shinto). Sinesmen biak sinkretikoak direnez, nahasteak ez du arazo handirik eragiten.

XVIII. mendetik aurrera nazionalismoak jatorrizko xintoismoaren iturrietara jo zuen budismotik bereizi nahiz; Meiji aroan (1868-1912) estatu erlijio (kokka shinto) bakartzat aitortua izan zen, eta harekin batera sekten xintoismoa (kyoha-shinto) deiturikoa eta xinto herrikoia (mintzoku-shinto) praktikatzen ziren. 1945ean, Japoniak Bigarren Mundu Gerra galdu ondoren, debekatu egin zituzten enperadorearen gurtza eta japoniar arrazaren gailentasuna, nahiz xintoismo nazionalaren ezaugarriak ziren. Sineste tradizional horiek sektetan gorde ziren, ordea, eta herriak haiei eutsi zien.

Japonian 119 milioi jarraitzaile ditu xintoismoak, baina kontuan izan behar da erritu xintoista batean parte hartzen duen edonor xintoistatzat jo daitekeela. Japoniar gehienek erritu xintoistetan parte hartzen dute, baina budistak ere badira.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   Nelson, John (1996), A Year in the Life of a Shinto Shrine, 7-8. orrialdeak .
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Xintoismo Aldatu lotura Wikidatan