Áo dài

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Áo dài
Dressed in the pleated silk trousers favored by the women of Annam, a princess pauses with her husband in their tropical garden at Huế.jpg
Jatorria
Ezaugarriak

Áo dài Vietnamiar soineko tradizionala da. Jantzi honen emakumezkoen bertsioa enblematikoa izatera iritsi da. Bestalde, lan-munduan, zenbaitetan, uniforme gisa erabiltzen da egun tradizionalki emakumezkoei esleitu zaizkien zenbait posturen artean (maistrak, ikasleak, hegalaldiko laguntzaileak, hoteletako harreragileak …). Ia emakume guztiek eramaten dute zeremonia ofizialetan, kongresuetan edo ezkontzetan. Vietnamgo hegoaldean, hitz hau "ao yaï" ahoskatzen da eta iparraldean "ao zaï". Ingelesezko hiztegiek termino hau eskuratu dute.

Jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Áo dài jantziaren lehen bertsioak 1700ko hamarkadakoak dira. Garai hartan, Vietnam bitan banatua zegoen, Trinh dinastia iparraldean, non soinekoak Txinako jantzi inperialetatik kopiatuta zeuden, eta Nguyễn hegoaldean. 1744. urtean, Nguyễn Phúc Khoátek jantzi nazionalaren forma erabaki zuen iparraldearekiko bereiztasuna sendotzeko, baina Ming estilotik abiatuta. Jantziaren bertsio bat zegoen gizonentzat eta beste bertsio bat emakumezkoentzat. Prakak janztea derrigorrezkoa zen gizon zein emakumezkoentzat. Gaur egun gizonezkoen bertsioa oso une bakanetan erabiltzen da, esaterako ezkontzetan (baina ez zeremonia osoan) edo hiletetan.

Jantzi honek 1930 arte iraun zuen; urte hartan Hanoiko Cát Tuòng, idazle eta moda diseinatzaile vietnamiendarrak (Frantzian, Monsieur Le Mur izenarekin ezaguna),[1]. eredua aldatu egin zuen, sinplifikatuz: behealdea luzatu zuen, gorputzaren kurbetara hurbilduz, atalen kopurua bostetik bira murriztu zuen, ixteko botoiak alboan jarri -aurrean ziren lehenago- eta lepoaren forma ere aldatu zuen. Eredu honek eskandalua eragin zuen kontserbadoreen artean, lizuntzat jotzen baitzuten. Hala ere, arrakasta handia lortu zuen, eta laster bihurtu zen forma estandar.

Iparraldean, 1954ko independentziaren biharamunean, Alderdi Komunistaren eraginpean, áo dài jantzia baztertua izan zen lanerako egokia ez zelako eta soineko garestiegia zelako. Hegoaldean, ostera, haren ospea handitu egin zen, batez ere, Madame Nhu herrialdeko lehen andrearen eraginpean. Laster burgesiak imitatu zuen eta batxilergoko neskentzako derrigorrezko uniforme ere bihurtu zen. 1960an, Dung izeneko jostun saigondarrak teknika berri bat sartu zuen, raglan izenekoa, Ao Dai egiteko garaian zegoen arazorik zailena konpontzeko: zimurrak axalaren azpian. Teknika horri esker, oihala gorputzetik oso gertu eusten da, axaletik gerriraino, itxura perfektuagoa emanez.[2].

1975ean, Vietnamgo lurralde osoa elkartu ondoren, oso gutxitan ikusten zen, gainbeheraren sinbolo bihurtua zelako ordurako.

90eko hamarkadaz geroztik berpizkunea bizi zuen, bereziki Minh Hanh eta Sy Hoang estilistei esker. Jantzi tradizionala erabiltzea bultzatzen da orain. Jaialdietan agertzen da maiz, Têt-ean (urte berriko ospakizunean), baita turismo-sektorean lan egiten duten emakumezko langileen artean ere. Batxilergoko ikasle askorentzako derrigorrezko uniforme izaten jarraitzen du.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Áo dài jantzia bi piezaz osatuta dago: soineko bat eta zetazko prakak, gehienetan zuriak. Soinekoa uniformea denean, kolore jakin baten kodea jarraitzen du (zuriak emakumezko ikasleentzat, zeru urdina Vietnam Airlines-eko hegazkin-laguntzaileentzat, etab.), beste kasu batzuk kolore anitzekoak dira, patroi ugari dituzte eta mota desberdinetako oihalekin egina dago.

Emakume bat áo dài zuriz jantzia, Hanoi hirian.

Jantzia osatzen duten elementuak hauek dira :

  • Gerri altuko prakak, solteak, maiz zuriak, goialdean jositako gerriko elastiko batek eusten die;
  • Tunika:
    • Goiko aldea, gorputzetik oso gertu moztua, Mao lepoaz eta mahuka luzez osatuta dago. Bularraren alde batean kokaturiko botoi txiki batzuen bidez lotzen da.
    • Behealdea, alboetan zatituta gerrian edo pelbisaren goiko aldean, orkatilen gainera heltzen diren bi atalez osatuta dago.

Ao dàiak gorputz osoa estaltzen du, burua, eskuak eta oinak izan ezik. Hala ere, tunikaren lerroa prakak baino 2 edo 3 zentimetro gorago kokatzen da normalean, eta, beraz, pelbisaren alde bakoitzean triangelu ireki txiki bat uzten da, "emozioen triangelua" izendatu ohi den irekidura[3] .

Neska gazteenek, kolore zuri garbiko jantziak daramatzate, eta nabaria da ikasleen artean, garbitasunaren sinbolo direnak. Hazten diren heinean, baina oraindik ezkonduta izan ezean, kolore eta tonu leunetarantz mugitzen dira. Ezkondutako emakumeek erabiltzen dituzte kolore indartsuko jantziak, gehienetan galtza zuri edo beltzen gainean.


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez)Ellis, Claire (1996). "Ao Dai: The National Costume". Things Asian aldizkarian argitaratura eta Internet Archivesen berreskuratua, 2008ko abuztuaren 2an.
  2. (Ingelesez)Vietnamese long dress or Ao Dai Vietnamgo errepublika sozialistak Holandako erreinuan duen enbaxadaren webgunean kultura atala Kontsulta data 2020-01-07
  3. (Frantsesez)Anna Moï.- La grande saga de la chamise longue (2011) ISSN 0220-8245.

Kanpo esteka[aldatu | aldatu iturburu kodea]