1878ko Ekonomia Ituna

Wikipedia, Entziklopedia askea

1878ko Ekonomia Ituna, teknikoki 28/02/1878 Errege Dekretua, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gizarte eta ekonomia arautzen zituen agindua izan zen, La Gaceta de Madriden 1878ko martxoaren 1ean agertua. Mendebaldeko euskal lurraldeetako foruak abolitzen zituen 1876ko uztaileko errege dekretua hartu zuen lege oinarritzat. Haren bidez, zortzi urterako lege erabakiak ezarri ziren, bertan zehaztuz zein ekonomia eta gizarte arlo garrantzitsutan eta nola egingo zizkieten mendebaldeko euskal lurralde horiek zerga ekarpenak estatu zentralari, baita diru zenbateko horiek zein ziren ere.

Dekretu hori gobernuak aldundi nagusiak behartuki desegin ondoren etorri zen, Bigarren Karlistaldia amaitzean Espainiako gobernuak Hego Euskal Herriari ezarritako gerra legea artean indarrean zela, gobernuaren armadak okupatuta. Trukean, probintziako aldundiak ezarri ziren, Espainiako Konstituzioaren arabera Espainia osoko probintzietan ezarritako estatuaren administrazio eta kudeaketa erakundeak. Bada, Espainiako gobernua haiekin ibili zen negoziatzen aldundi horiek ezarri zituztenetik akordio batera heltzeko: 1877ko azarotik 1878ko otsailera. Ekonomia Ituna 1886 arte luzatu zen, behin behinekoa izateko asmoz.

1878ko Ekonomia Ituna Euskal Herriko mendebaldeko euskal lurraldeek estatuarekin izan zuten lehena izan zen, eta ekonomia arautuagatik, dekretuko testuak zama ideologiko nabarmena du, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa Espainia konstituzionalean txertatzen baitzituen, herrialde horretako ohiko probintzia bihurtuz. Dekretuak aldez aurretik testuan aipatzen zuen lehen kintak egiaztatu zirela (zerbitzu militarrean euskal herritarrak besteekin nahastuz, ordu arte ez bezala), eta gobernuak indarkeriarik edo istilurik gabe bete zituela bere asmoak.

Era horretan, euskal lurralde horiek Espainiako probintziekin berdintzen zituen, ezartzen zuen kudeaketa eta formula artean beste probintzietatik desberdina zen arren, kupoaren mekanismoa zela eta. Sistema hori moldatzeko erreferentzia Nafarroari gerra ondoren ezarritako 19/2/1877 Errege Dekretua izan zen, "Tejeda-Valdosera Hitzarmena" ere deitua. Urteen buruan, eredu hori arrakastatsu gertatu zen ekonomia jarduera eta estatuarentzako diru sarreren aldetik, eta 1886an diputazio bakoitzak berritu egin zuen. Bost bider berritu zen horrelaxe 1937an Bizkaiak eta Gipuzkoak Ekonomia Ituna Espainiako Gerra Zibilean galdu zituzten arte.


Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako Ekonomia Itunen protagonista batzuk

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]