Artikulu hau "Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da

Foruen amaiera Hego Euskal Herrian

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Foruen amaiera Hego Euskal Herrian Lehen Karlistalditik (1833-1840) Bigarren Karlistaldi osteko aldira (1876-1878) luzatu zen. Hartara, bukaera eman zitzaion Gaztelako Koroarekiko atxikimendua eta autogobernua uztartu zituen euskal lurralde horien estatusari. Ipar Euskal Herrian, foruak Frantziako Iraultzan kendu zituzten (1789-1790ean). Hamarkada luzez foruak higatzen joan ondoren, Lehen eta Bigarren Karlistaldien osteko okupazio militarretan, Espainiako gobernuek Hego Euskal Herriko lege eta erakundeak indargabetu zituzten Espainiako konstituzioen epelean (1812, 1820, 1837, 1876); horretarako, Foruak Berresteko Legea (1839), Foruak Eraldatzeko Legea (1841) eta Foruen Abolizio Legea (1876) prestatu eta ezarri zituzten.

El País Vasco-Navarro agerkaria (1870)

1778ko Merkataritza Libreko Erregelamendutik aurrera, Hego Euskal Herriko lurraldeen ekonomiaren egoera oso zaila zen. Monarkiako gobernuak ezarritako Ebroko aduana larriek eragotzi egiten zuten Euskal Herriko produktuak monarkiako lurralde komunera ateratzea. Aldi berean, itsas trafikoa ataka batean zen. Manuel Godoy ministro ahalguztidunak protagonismo berezia hartu zuen aduanak eta foruak desegiteko monarkiaren politiketan XVIII. mende amaiera eta XIX. mende hasieran.[1] Hego Euskal Herriko goi-burgesia, Bilbo eta Donostiakoa bereziki, Ebroko aduanak kentzearen alde agertu zen. Horrekin batera, 1812ko Espainiako Konstituzioa babestu zuten. Gobernuak, bestetik, begiz jota zituen Hego Euskal Herriko lurraldeen ogasuna eta ahalmen militarra.

Konbentzioaren Gerrak hondamendi ziklo bati eman zion hasiera, Julio Caro Barojak 1876 arte luzatu duena: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foruen abolizioaren urtea. Aldi horretan, Euskal Herriko gizarte eta politika egiturak gogor kolpatuak eta eraldatuak izan ziren, gerra giro ia etengabean. Espainiarako ezarritako konstituzioek berdindu egin zituzten monarkia horretako jurisdikzio desberdinak, bereziki Euskal Herriko lege, gizarte eta ekonomia errealitate desberdinaren kaltetan, 1808 eta, bereziki, 1812tik aurrera. Gerra testuinguru orokorrean, baina, herri militarizatuak erreakzio bat izan zuen elite liberalen kontra.[2][oh 1] Frantses estatu eredua bultzatzeko deliberoaz, monarkiaz jabetutako elite liberalek uniformizazio programa bat aplikatu zuten 1833tik aurrera.[3]

1775etik, Hego Euskal Herriko aldundiek beren interes komunak defendatzeko Konferentzia Politikoak direlako topaketak antolatu zituzten arren, ez zuten beti elkarrekin jokatu, eta Nafarroa Garaiak, bereziki, dinamika politiko aparte bat eraman zuen.[4] Foruen galerari Probintzia Baskongadoetako Ekonomia Itunak (1878), herri protesta eta altxamenduz zipriztindutako aldiak (bereziki, Gamazada Nafarroan), eta industrializazio masiboak jarraitu zioten. Giro horretan, euskal nazionalismo politikoa sortu zen, formalki Euzko Alderdi Jeltzalea eratu zenean, Bizkaian indartsuen.

Testuingurua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Manuel Godoyren erretratu bat
1828an eraikitako Gernikako Batzarretxeko beirate sabaia, Gernikako Arbola irudikatzen

Aduanen itomena, gerra giroan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Antzinako Erregimenaren krisia Hego Euskal Herrian»

1778ko Merkataritza Libreko Erregelamenduaren helburu nagusia Probintzia Salbuetsien, alegia, Hego Euskal Herriaren, gainean presioa egitea zen, aduanak kostaldera eraman zitzaten, eta bertako eliteek senti zezaten probetxugarriagoa zitzaiela hori eta ez Ebroko aduanak mantentzea.[5] Euskal lurralde horietako kostaldeko portuak atzerritartzat hartuak izango ziren Espainietako Koroaren kolonietan. XVIII. mende osoan bide horrek hainbat matxinada eragin zituen: 1718an mugen inguruan, eta 1766an merkatuen liberalizazioaren ondorioz. Aldiz, artean, tokiko eliteek eutsi egin zioten foru antolamendua aldatu gabe.[5] 1786an, Nafarroa hegoaldeko hainbat herri (Milagro, Faltzes, Martzilla, etab.) kexu ziren Gaztelako aduanetako zerga larriek beren ardoei zekarzkieten galera handiengatik.[6]

1804ko Trafalgarko guduan, oro har, monarkiako eta, zehazki, Euskal Herriko ontzidia oso kaltetuta atera zen. Euskal Herriaren itsas merkataritza eta bokazio atlantikoa biziki hondatu ziren, Britainia Handiaren mesedetan. 1811tik 1823ra, bestalde, Ameriketako askotariko lurraldeek independentzia aldarrikatu zuten. Euskal burgesiak eta Erriberako jauntxo lur-jabeek Ebroko aduanak kentzeko bultzatzen zuten.

Frantziako Iraultzaren lorratzean, Konbentzioaren Gerra piztu zen; Iberiar Penintsulako Gerrak jarraitu zion, eta San Luisen Ehun Mila Semeak 1823an.[7] Aztoramendu horrek sakonetik astindu zituen Euskal Herriko bertako egitura politikoak, gizartea eta ekonomia. Gainera, Espainietako Koroaren diruzaintza hondoa jota zegoen. Monarkiak diru sarreren premia larria zuen, baita zerbitzu militarrerako soldaduena ere.[6]

Nazio-estatuen eraso ideologikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVIII. mendetik monarkia ilustratuek zentralizaziorako joera areagotu ahala, beren ideologia zabaldu zuten. 1766an, Espainietako Koroak lehen liberalizazio erregelamendua onartzearekin batera, gaztelania ez beste hizkuntzatan argitaratzeko debekua ezarri zen Karlos III.aren agintaldian ("Inperioaren hizkuntza nazionala" deitua).[8] 1766ko matxinadaren ostean, Jesusen Lagundia kanporatua izan zen, Euskal Herrian oso errotua. Manuel Godoy ministro ahalguztiduna gobernura heltzean, mikaztu egin ziren harremanak Hego Euskal Herriko aldundiekin. Godoyk foruak errotik kendu nahi izan zituen, aduanen auzian, zergen eta soldadutzaren gaian eta aldundiekin izandako bilkuretan (Konbentzioaren Gerraren aurretik, bitartean eta ondoren).[6][oh 2] Hego Euskal Herriko erakundeek, beren aldetik, mekanismoak sortu zituzten beren interes komunak babesteko: Euskalerriaren Adiskideen Elkartea (1764), edota aldundi nagusien konferentzia politikoak 1775etik aurrera, "Herrialdeko konstituzioa babesteko eta betikotu nahi duten senidetza sendotzeko" (Bilbo, 1793ko urriko aktan bildutako adierazpena).[9][oh 3]

Tentsio horiek Bilboko Zamakolada matxinadan azaleratu ziren berriz (1804), Godoyk zuzenean kudeatuko zuen portu bat Abandon eraiki nahi izan zuenean, foruen gainetik. Aldi berean, gobernuaren babespean, hainbat idazlan argitaratu ziren foruak Gaztelako erregeek esleitutako pribilegioak (eta ez berdinen arteko ituna) zirela justifikatzeko, eta, beraz, haiek kentzea ere koroaren erabakia zela:[5] Diccionario geográfico-histórico de España, Espainiako Historiako Errege Akademiarena (1802);[oh 4] Noticias históricas de las tres provincias vascongadas en que se procura investigar el estado civil antiguo de Álava, Guipúzcoa y Vizcaya, y el origen de sus fueros (Madril, 1806-1808), Juan Antonio Llorenterena, Espainietako Koroak agindu eta ordaindutako lau liburukiko azterlana, aldundi nagusien ahalmenaren oinarri teorikoen kontra; Jose Maria Zuaznabarren Ensayo histórico-crítico de la Legislación de Navarra (1820); Tomas Gonzálezen lana; etab.[9]

Idazlan horien kontra, hainbat euskal egilek beren idazlanak onduz erantzun zuten, apologia deitutakoak. Lehendik ere bertako agintaritza iturriak babesten zituzten liburuak argitaratu baziren ere, orain areagotu egin ziren, gaztelaniaz gehienean. Batzuetan, zentsura pasa behar izan zuten eta ez ziren argitaratzera heldu. Jatorrien eta antzinatasunaren inguruko eztabaidan Pedro Pablo Astarloak Apología de la lengua bascongada o ensayo crítico filosófico de su perfección y antiguedad argitaratu zuen (Madril, 1803), Historia Akademiaren Diccionario hiztegiari erantzunez.[9] Juan Mateo Zabalak Antxinako euskaldunen alabantzak argitaratu zuen euskaraz. Juan Antonio Zamacolak, erbestean zela, Historia de las naciones bascas argitaratu zuen Auchen 1818an; bertan, probintzien historiak gainditu eta euskaldunen batasunera deitu zuen, eta "antzinago lege eta ohiturak" iraunaraztera.[9] Ordu arte foru erakundeek ez zuten ardurarik agertu euskarari buruz, baina ordutik aurrera Bizkaiko Batzar Nagusietan euskara erabiltzen hasi ziren, baita agirietan ere.[10] Bestalde, 1808ko Baionako Espainiako Konstituzioan, euskal ordezkariek beren eragozpenak adierazi zituzten, beren estatus desberdina gogoraraziz. Montehermosoko kondeak ondorengoa adierazi zuen Arabaz:[9]


« Ez bedi sartu Araba Espainiari emango zaion konstituzioan, eta gorde bekio orain arte izan duena forutzat, saihestezina izango bailitzateke haren hondamena orain duen foru Konstituziorik gabe. »


Ildo beretik mintzatu ziren Luis Gaintza eta Miguel Escudero nafar ordezkariak:[9]


« Gorde bekio Nafarroari bere Konstituzio berezia. »


Monarkia absolutista, aldi baterako[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fernando VII.a espainiar Borboi erregea, Antzinako Erregimenaren jarraipenaren aldekoa, 1814an itzuli zen tronura. Euskaldunek "Desiratua" deitu zioten hasieran, foruak zin egin zituen, baina espainiar zentralizazioa ez zen eten, pixkanaka foruak kaltetzen dituzten erreforma berriak onartuz.[7] Errege horrek eten bat izan zuen bere agintaldian: 1820-1823ko Hirurteko Liberala, frantses ereduaren arabera, laburki Konstituzioa berrezarri zuena. Euskaldun ia denak konstituzionalismoaren kontra zeuden; hasteko, soldadutzara deituak izan ziren hartara behartuta (kintak). Partida absolutistak eratu ziren erregimen berriaren kontra. Epe hori amaitu zenean (1823), ospakizun bat egin zen Markina, Xemein eta Etxebarrin, bertsoz alaitua.[11]

1829an, Nafarroako Erresumako parlamentu jurisdikzionala, Gorteak, biltzeko deia egin zen, historian azkeneko aldiz; Erresumako Aldundia, berriz, 1836ko irailaren 6an bildu zen azkenekoz, kontraforuen aurka protesta egin ondoren indarrez desegina.[12][oh 5] 1833ko urrian, Fernando VII.a hil zen, eta tronuko ondorengotzari buruzko gatazka piztu zen, aukerak bi zirela: haren alaba Elisabet II.a, Maria Kristina Bi Sizilietakoa erreginordeak ordezkatua, ala Karlos Maria Isidro Borboikoa, hildakoaren anaia.[2]

Lehen Karlistaldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Lehen Karlistaldia»
Orokietako erasoa, 1872ko maiatzean
Karlos errege-nahia, Tomas Zumalakarregi eta beste buruzagi batzuk, Agurain inguruan

Madrilgo liberalek Maria Kristina erreginordea igo zuten tronura.[2][oh 6] Aldundi nagusiek aho txikiaz aitortu zuten erregina, Nafarroan izan ezik, baina berehala Hego Euskal Herri gehiena altxa zen Karlos errege-nahiaren alde, baita hiriburuetan ere hasiera batean: Lehen Karlistaldia piztu zen.[2] Espainietako Erresumaren administrazio homogeneizazioa agindu zen, erresuma probintziatan banatzeko Javier de Burgosen plana 1833ko azaroaren 20an dekretu bidez onartu zenean.[oh 7] Euskal Herrian, horrek berretsi egin zuen herritar gehienenen haserrea, gatazka hauspotuz.[13]

Karlos errege-nahiak ez zituen berehala euskal foruak zin egin. Aldiz, hurrengo bi urtean egin zuen, euskal lurralde desberdinetan. Tomas Zumalakarregi altxa zen eratutako milizia guztien buru, euskal herritarren artean ospe itzela hartuz eta konfiantza piztuz. Bere mendeko tropetan, bi talde ideologiko elkartu ziren: apostolikoak eta foruzaleak. Bere garaipen militarren itzalean, Euskal Herrikoak ez zirenen susmorako, euskal herritar karlistak "Nafarroako errege eta Bizkaiko (Baskongadetako) jaun" titulua emateko zorian izan ziren Zumalakarregiri.[2][14] 1835ean, baina, Zumalakarregi zauritu eta hil egin zen, eta gerrak beste joera bat hartu zuen.[14]


« Behingoz aitortzen bada Nafarroa eta euskal probintziak haien independentziagatik borrokatzen direla, eta ez kausa karlistaren alde, auzia erraztu egingo da. Konponbideak aurkitzeko, begira dezagun gehiago historian.[oh 9] »

— Louis Viardot, Revue des Deux Mondes aldizkaria, 1836[oh 8]


1835etik, gerra gogorik gabe luzatu zen, foruak galtzearen beldurrez. Liberalak karlisten programatik foruen kausa banantzen saiatu ziren.[14] 1836ko abuztuaren 13an, Cadizko Konstituzioa berrezarri zen eta, luze gabe, 1837ko Espainiako konstituzio liberalak, ekainaren 18koak, administrazioa berdintzeko espainiar agintarien bidea zelaitu zuen: Espainiako oinarrizko lege testu berriak hutsean uzten zuen Euskal Herriko lege eta erakundeen errealitatea, hari ezikusia eginez.[15][16] Neke orokorraren adierazgarri, Madrilera egindako erasoaren porrotaren ondoren, 1838ko Muñagorriren bertsoek nolabait foruak salbatzeko beharra nabarmentzen zuten, "foruak eta bakea" goiburupean.

Subiranotasunaren transferentzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bergarako besarkada, Euskal Herrian Lehen Karlistaldiari amaiera eman ziona
Wikitekan badira testuak, gai hau dutenak:
Revue des Deux Mondes: Hego Euskal Herriko historia modernoa eta gerra (FR)

Bergarako besarkadaren ekintzak jarri zion amaiera Lehen Karlistadiari. Agiriak idazkera bihurria zuen. Bertan, Baldomero Espartero jeneralak "gogotsu gomendatuko" zion Espainiako Gobernuari Euskal Herriko legeak eta instituzioak errespetatzeko, tarte zabala utziz interpretaziorako erabakia zehazteko orduan.


« Baldomero Espartero Kapitan Jeneral jaunak gogotsu gomendatuko dio Gobernuari bete dezala Foruak esleitu edo eraldatzea Gorteei proposatzeko egin duen konpromiso formalerako eskaintza…”[oh 10] »

Bergarako Hitzarmeneko 1. artikulua (1839ko abuztua)[17]


Testuak alde bakarreko jarrera erakusten du, Madrilgo Gorteei aitortzen baitie nafarrek, adibidez, mendeak lehenago bazituzten foruak "esleitzea" eta, beraz, apurtu egiten zuen Nafarroaren beraren lege antolamendua.[12] Madrilgo gobernu zentrala gehiengo progresista baten kontrolpean erori zen, euskal foruen kontrakoa; ondorioz, Wikisource-logo.svg beste esaldi bat gehitu zioten hitzartutakoa berresteko orduan: "Monarkiaren batasun konstituzionalari kalterik egin gabe" (1839ko urria).[oh 11] Beraz, Bergaran hilabete batzuk lehenago hitzartutakoari aldaketa bat egin zioten.

Lorenzo Arrazola Grazia eta Justiziako orduko ministroaren arabera, esaldiak "batasuna lotura handi guztietan" esan nahi zuen. Aldiz, adibidez, korregidoreak kendu egin ziren, baina trukean, gobernadore zibil bana ezarri zen euskal lurraldeotan.[17] Foruzaleen iritziz, foruen 'berrespen' lege horrek ezarritako estatusak talka egiten zuen bete-betean Hego Euskal Herriaren beraren oinarri konstituzionalekin: oximoron bat.[18] Lege horrek amaiera eman zion 1727ko Hitzarmenetik Hego Euskal Herriak, oro har, eta Arabak, Bizkaiak zein Gipuzkoak, zehazki, gordetako estatus politikoari. Euskal herritarren subiranotasuna ez zegoen legez jada beren eskuetan.

Gerra artean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroako Foruak Eraldatzeko Legea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Nafarroako Foruak Eraldatzeko Legea»
Bilboko azoka-egun bat (1866)
Hego Euskal Herriko mapa (1842 inguru)
Espainiako politika eta lege jurisdikzioak (1850)

1840ko otsailean, Bizkaiak, Gipuzkoak eta Arabak uko egin zioten beren autogobernuari, foruei, aldaketak egiteari. Aldiz, bestelako giroa zebilen Nafarroan: bertako probintziako (ez Erresumako) aldundi berriak mandatari batzorde bat eratu zuen Madrilera joateko, negoziazio agindu bat zeramala, 1839ko urriko Foruak Berresteko Legean oinarritua. Nafarroan, askok uko egiten zioten beren autogobernua negoziatzeari, baina beste batzuek, Jose Yanguas Mirandak, adibidez, zioten Foru Orokorra, Nafarroako oinarrizko konstituzio-agiria, zaharkituta zegoela. Jose Yanguasen ikuspegia Donostiako udalbatzak babestu zuen, Migel Antonio, Tomas Zumalakarregiren anaia, buru zuela.[oh 12][oh 13]

Batzordeak negoziatzeko sei puntuko zerrenda bat prestatu zuen. Gauzak, ordea, bestela gertatu ziren. Zazpi urteko gerra luzearen ondoren, Nafarroak okupatuta jarraitzen zuen, Espainiako Gobernu autoritarioak izendatutako probintziako aldundi batek zuzenduta eta negoziatzeko ia gaitasunik gabe.[19] Madrilgo gobernua militarren eskuetan geratu zen 1840ko maiatzean, Espartero jenerala gobernatzaile aukeratu zuten, eta gobernu buruzagitzara uztartu.

Espainiar Alderdi Progresistarekin elkartu zen, eta nafar mandatariekin izandako elkarrizketen emaitza urruti geratu zen Nafarroan zituzten aurreikuspenetatik: Nafarroa, ia osoki, Espainiako beste edozein probintziarekin parekatua izan zen (1841eko abuztuan),[17] salbu eta kuota fiskal berezi bat (kupoa), zergen kudeaketa, eta bertako administrazioko berezitasun batzuk.[18] Nafarroak utzi egin zion betiko erresuma izateari, eta Nafarroako konponbide politiko horri, Nafarroako Foruak Eraldatzeko Legeari, harrezkero Wikisource-logo.svg Lege Hitzartua deitu izan zaio batzuetan, "bi alde berdinen arteko hitzarmena" bat izan zelakoan.[oh 14]

Foruen abolizioa armadaren okupazioaren pean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Probintzia Baskongadoek harriduraz ikusten zuten Nafarroaren inguruko gertaerak,[20] eta utzi egin zituzten Madrilgo gobernu ordezkariekin zituzten elkarrizketak. 1841 abuztuko Foruak Eraldatzeko Legearen ostean, tentsioak gora egin zuen, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek egindako foruen aurrez aurreko defentsari Esparteroren gobernu zentralak Hego Euskal Herrira tropak bidaliz erantzun zion.[20][oh 15] Abolizio Dekretu batek jarraitu zion, Gasteizen emana, Espainiako gobernuaren armadak okupatuta zegoela (1841eko urria).[20]

Urriko Dekretuak Pirinioetara eta kostaldera eraman zituen aduanak, eta atzerriko salerosketarako portu deklaratu zituen Donostia zein Pasaia. 1842ko urtarrilean, murrizketa gehiago ezarri ziren, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako administrazioa, justizia, eta gobernua Espainiako probintziekin erabat parekatuz; pase forala ere indargabetuta geratu zen, eta Esparterok berak probintziako aldundiak ezarri zituen, jatorrizko aldundi nagusiak baliogabetzen zituztenak. Lurralde bakoitzeko (foru) aldundi nagusiak, berriz, erresistentzia pasiboari lotu zitzaizkion, beren erakunde, diruzaintza, eta zerbitzu militarreko ezaugarriei eutsiz, alegia, Espainiako armadan zerbitzatzeari uko eginez.[20]

Garai neoforala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Santa Ana de Bolueta (1860), funtzionamendu kapitalista izan zuen Euskal Herriko lehen fabrika
Jose Mari Iparragirreren erretratua (1879)

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 1841eko itopuntua Espainiako gobernura Ramón María Narváez eta bere Hamarkada Moderatua heltzean amaitu zen. Narváezek legezko konponbide bat agindu zuen, foruen jarraipenerako estatutu mugatu baina nabarmen bat (1844ko uztaila).[21] Foruei eusteko handia izan zen, une horretan, Pedro Egañak egindako lana.[22] Betiko galdu ziren, baina, lehengo aduanak, bertako auzitegi sistema eta foru pasea.[23] Euskal mendebaldeko hiru lurraldeok oreka zaileko estatus bati eman zioten hasiera, "garai neoforal bitxi bat", deitu izan zaion bezala. Hurrengo ia 30 urtean, probintzia horietako agintariek saihestu egin zuten subiranotasuna berreskuratzeko ("berrintegrazio") eskaerak gehiagotan egitea eta, trukean, ziurtasunik gabeko bake batean mantendu zen, zerga gaietarako eta zerbitzu militarrerako Espainiako Gobernuarekin ad hoc negoziazioetan oinarritua, adibidez, Espainiar-Marokoar Gerran (1859-60).[24][oh 16] Espainiako aztoramendu eta desegonkortasunaren aldean, baina, Hego Euskal Herria "oasi" bat bihurtu zen.[25]

Herriak mesfidantzaz begiratzen zituen elite liberalak: Lehen Karlistaldi arte uzkur izan ziren foruekiko, eta Espainiako Konstituzioaren oso zale agertu ziren, baina 1834tik aurrera bere egiten hasi ziren foruen ikurra, Europan zabaltzen ari zen erromantizismo giroak zipriztinduta eta ohiko bilakatutako administrazio zentralaren erasoei aurre egiteko.[25] Talde horretan nabarmendu ziren Novia de Salcedo, Sagaseta de Ilurdoz, Egaña, Moraza, Barroeta-Aldamar, Lersundi, Ortiz de Zarate, etab. Garai honetan indartsu loratu zen euskal erromantizismoa; Jose Maria Iparragirre nabarmendu zen, euskal herriaren gogo eta kezken bozeramaile bilakatu zen, arrakasta handiz, tartean Gernikako Arbola abestia zela.[25] Espainian, aldi berean, Euskal Herriko estatusa Espainiako lege eta administrazio unitario orokorrarekin berdintzeko ahotsak harrotzen ziren; aldiz, ahots aurrerakoi gutxi batzuk euskal foruen alde mintzatu ziren, horiek berdintasunaren alde zituzten bertuteak goretsiz.[26][oh 17] Bizkaian pixka bat lehenago bezala, Gipuzkoako erakunde batzuk euskara balioesten hasi ziren, adibidez, lanpostu publiko batzuetarako euskal hizkuntza nahitaezkotzat hartuz.[10]

Aldi honetan, hainbat gizarte eta ekonomia garapen garrantzitsu gertatu ziren. Santa Ana de Bolueta, Euskal Herriko lehen fabrika kapitalista, 1841ean sortu zen barnealdeko aduanak kentzean, Espainiako ordu arteko gremio harremanak hautsiz eta, trukean, ugazaba-enplegatu harremanak hobetsiz. Aduanak kostaldera eramatearen ondorioz, merkatu gatibu bat sortu zen Espainiarekin, harekiko aduanak bertan behera utzita; Ybarra merkatari familiak ondo baliatu zuen aukera, bere produktuei herrialde horretan aterabidea emanez.

Aldi berean, kanpoko merkatuekin lehiatu ezinik burdinolak azkenetan ziren unean, ybarratarrek labe garaien Bessemer sisteman inbertitu zuten, burdingintzan burdinolen errelebua hartuz..[27] Familia horrek, aldi berean, Banco de Bilbaoren sorrera bultzatu zuen (1857).[28] Industria-finantzetako burgesia berriak burdinbidea sustatzearen alde apustu egin zuen; burdinbide sarearen hedakuntza, baina, Madriletik abiatuta izar formakoa, Espainiako hiriburuan diseinatu zen (1864. urtean, Irunera heldu zen, eta Frantziako sarearekin bat egin).


Hego Euskal Herria, altxamendu karlistaren erdigune[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Bigarren Karlistaldia»

1872an apirilean, gerra piztu zen euskal lurraldeetan, Espainiako desegonkortasun handiko une batean: hil horren 21ean, entrenamendu gabeko milaka boluntario elkartu ziren Orokieta-Erbitin (Nafarroa); asaldura Bizkaira zabaltzen hasi zen luze gabe. Hasierako eztanda, baina, hutsaldua izan zen 1872ko maiatzaren 24an, Bizkaiko Aldundi Nagusiko ordezkariek eta Francisco Serrano espainiar jeneralak Zornotzako ituna sinatu zutenean. Aldiz, zeinek bere aldean ez zuen itunerako bilatzen zuen babesik aurkitu, eta gatazka militarrak jarraitu egin zuen.

Probintzia Baskongadoek eta Nafarroak historia eta tradizio, nortasun eta paisaia bat bera dute, baita ohitura eta sinesmen, sentimendu eta interes berdinak ere. Bere lurraldeek itxura bat eta bera ageri dute. Euskal hizkuntza, haien hizkuntza jator eta nagusia, betidanik gorde duten altxorra, betiko gordeko da herrialde honetan euskal herriaren ikur aintzatsu gisa.

Nafarroa Probintziako Aldundia
1866ko abuztuaren 18a
[29]

Espainiako gobernuaren Iparraldeko Armadaren desfilea 1876an, Iruñea okupatutakoan
Mateo Moraza Espainiako diputatu arabarraren omenezko monumentua; sutsu mintzatu zen Madrilgo Gorte horietan foruen alde

Karlos errege-nahiak uko egin zion hasieran Gernikan foruak zin egiteari, baina 1874an egin zuen euskal herritarren leialtasuna galtzearen kezkaz. Gipuzkoan ere berdin egin zuen, Ordizian.[30] Karlistak sendo egin ziren landa eremuetan, baina ez ziren gai izan euskal lurraldeetako hiriburuak hartzeko, espainiar militarren gotorleku nagusiak, baita burgesia liberalaren erdigune ere. Azken horiek askotariko interesak agertzen zituzten, baina foruen aldekoak ziren gehienean.

1874ko abenduaren 31ko altxamendu militarraren ondoren, Alfontso XII.a aldarrikatu berriak dei bat egin zien Azkoienen euskal karlistei armak utzi eta "nire amaren zetroaren pean hogeita hamar urtetik gora izan zenituzten abantailez gozatzera". Bere hitzek ez zuten erantzunik izan karlisten aldean eta, geroko hitzarmen ahaleginak ahalegin, 1875eko abuztuaren 11ko dekretuz, Espainiako gobernuak soldadutzara 100.000 pertsona biltzeko agindu zuen karlisten eta euskal herritarren altxamendua itotzeko.[31]

1875eko udan Katalunian karlistak garaituak izan ondoren, Alfontso XII.a.aren aldeko espainiar gobernuko armadak iparraldera jo zuen Nafarroa Garaira lehendabizi, aktibo zebiltzan 35.000 euskal karlista zain zituztela. Espainiako gobernuaren 150.000-200.000ko armada erraldoiak, baina, Iruñea eta eremu karlista osoaren kontrola hartua zuen 1876ko otsailerako. Horietatik, 40.000 gerlari Probintzia Baskongadoetan finkatu zen ondoren, eta gerra legea ezarria izan zen.[32][33] Ez zen gerra amaierako itunik izan 1839n bezala. Karlisten porrotak mendetako euskal autogobernuaren amaiera ekarriko zuen.

Foruen abolizioa gerraostean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerra bukatu berritan eta Canovas del Castillok Espainiako hauteskundeetan indartsu irabazi eta gero, 1876ko Apirilaren 6ko Errege Agindua eman zen, Araba, Bizkai eta Gipuzkoari "probintzia garaituak" deitzen ziena. Agindu horren lorratzean, Canovas del Castillok lurralde horietako hamaika (gero hamabi) ordezkariko batzorde batekin biltzea beste aukerarik ez zuen ikusi.[34][oh 18] Ate itxiko negoziazioetan aritu zen hiru euskal foru aldundi horietako agintariekin, Batzar Nagusiak zokoratuz. Gerrak iraun bitartean, foru aldundiak hiriburuetan geratu zirenez, agintari horiek liberalak ziren, baina mende luzetako autogobernuari eustearen aldekoak.

Espainiako prentsan eta gizartean euskal estatus desberdin baten kontrako giro garratza eta sutsua harrotu zen, gerra amaitu aurretik hasi zena, euskaldunen "pribilegioak" aipatuz. Kanpaina horrek ez zuen pareka zekiokeen foruen defentsarik aurkitu, zentsura aplikatu baitzitzaizkien foruak babesteko adierazpenei Euskal Herrian.[7] Espainiako Ministroen Kontseiluko presidentea ez zegoen foruak irauten uzteko prest. Bere irudiko, foruak "Espainiako monarkek eskainitako pribilegioak ziren" bakarrik, eta legez kanpo ziharduten, 1839ko Urriaren 25eko Legea benetan aplikatu ez zelakoan.[32][35][oh 19] Bada, ate itxiko bilkuren ondoren, ez zuten hitzarmenik lortu. Handik gutxira, Wikisource-logo.svg 1876ko uztailaren 21eko Legeak bertan behera utzi zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako autogobernua.

Etsipenez, Madrilgo Probintzia Baskongadoetako parlamentariek, guztiak ere liberalak, beren eserlekuak utzi zituzten isiltasun ozen batez.[36] Antonio Canovas del Castillo lehen ministroak bultzatutako legeak Bizkai, Araba eta Gipuzkoako erakunde sistema indargabetu zuen. Lehen ministroak adierazi zuenez, Abolizio Legea "zigor lege bat" zen, eta bermatu egiten zuen "batasun konstituzionala Espainia osora hedatzea",[37] 1876ko ekainaren 30ean ezarritako Konstituzio zentralistaren arabera. Administrazio unitario eta zentral bat ezarriko zen, espainiar-gaztelar eredu baten arabera moldatua.[33] Hala ere, Canovas del Castillok diseinatutako Abolizio Legeak tarte bat uzten zuen irekita hura ezartzeko orduan modu batera edo bestera jokatzeko.[oh 20] 1876ko uztailaren 21eko lege horren lehen artikuluak zioenez:


« Honen bitartez, Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba probintzietara hedatuko dir[el]a, eskubide konstituzionalak hedatzen diren bezala, legeak deitzen dituenean, zerbitzu militarra egiteko eta estatuaren gastuetan haien ondasunen arabera ekarpena egiteko betebeharrak, Konstituzio politikoak espainiar guztiei beti ezarri dizkienak, Nazioko beste guztiek bezala egin dezaten.[oh 21] »


Pentsatuz 1841eko Foruak Eraldatzeko Legeak, Nafarroako Erresuma Espainiako beste probintzia bat bihurtu zuen legeak, aldaketa berriak ezartzeko Espainiako Gobernuaren asmoetatik salbu utziko zituela, nafar ordezkariek ez zuten, hasiera batean, parte hartu Probintzia Baskongadoetako (foru) aldundi nagusien eta Espainiako Gobernuaren arteko eztabaida tirabiratsuetan.[oh 22] Aldiz, luze gabe ikusi zuten Espainiako Gobernuak haientzat ere plan bat bazuela.

Probintzia Baskongadoetako Ekonomia Itunaren sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerraostea, gerra legearen erdian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurraldeotako foruak bertan behera utzi zirenean, hainbat gairen mataza geratzen zen ebazteko, adibidez, zerga bilketa eta zerbitzu militarra. Aldundi nagusiek autogobernuari eta gerra aurreko status quoari eusten zioten.[34] Okupazio militarraren erdian, adierazpen askatasuna eta manifestazioak debekatu ziren, bereziki zapalduz foruen aldeko edozein adierazpen edo aldarri.[oh 23] Araba, Bizkai eta Gipuzkoako larrialdi egoerak mutuarazita, euskal ordezkari politikoek beren aldarrikapena Madrilera eramatea erabaki zuten, egunkari bat plazaratuz: La Paz. Foruen aldeko Hego Euskal Herriko ordezkari zahar eta gazteen kolaborazioak argitaratzen zituen.[23][oh 24]


1876-1878ko foruen amaierako eta Probintzia Baskongadoetako Ekonomia Ituneko protagonista batzuk


Espainiako lehen ministroak, baina, autogobernuaren zantzu guztiak kentzen joan nahi zuen.[38] Nolanahi ere, Canovas del Castillo pragmatikoa zen; gotorleku militarrez, aduanez, eta hiriburuetako auzitegiez aparte, Espainiako gobernuak ez zuen ia azpiegiturarik mendebaldeko euskal lurraldeotan. Horrez gain, gutxi ezagutzen zuten euskal lurraldea.[39][oh 25]

Nafarroako ordezkariek Araba, Bizkai eta Gipuzkoarekiko tentsioetatik kanpora gera zitezkeela uste zuten,1841eko Foruak Eraldatzeko Legeari atxikiz. Aldiz, Canovas del Castillok lau euskal lurraldeekin elkarrizketak hastear zegoela, Nafarroako ordezkariek beren aldetik jokatzen zutela ikusi zuen, eta aukera ederra iruditu zitzaion ordezkari horien posizio bakartia baliatuz, "Lege Hitzartua" kentzeko, adieraziz hori guztiz zilegi zela, hura parlamentuko lege arrunt bat besterik ez zelakoan.[40][oh 26] Nafarroaren zerga kuota aldatu gabe zegoen 1841etik eta, beraz, erabaki zuen hori aldatzea: 1876ko ekaineko Espainiako Aurrekontuen Legean egin zuen, 24. artikuluaren bidez eta Nafarroa Espainiako probintzia arrunt batekin erabat berdinduz.

Lege horri buruzko atariko eztabaidetan, agerian geratu zen zulo bat zegoela Espainiako gobernuaren eta euskal herritar ordezkarien artean; Canovas del Castillok berretsi zuen gerra amaierako 1839 eta 1841eko legeak gertutik ere ez zirela hitzarmen bat. Esan zuenez,


« Indar ekintza batek Zuzenbidea sortzen du, indarra Zuzenbidea baita indarrak egoera eragiten duenean. »

—Antonio Canovas del Castillo, Espainiako lehen ministroa[34][oh 27]


Tentsioak gora aldaketa politiko eta ekonomikoak gauzatu ahala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Manuel Aguirre de Tejada, Valdoserako kondea

Espainiako Gorteek, azkenean, Gobernuak bultzatutako legea onartu zuten, 123 botoren babesaz, eta 11 diputaturen kontrako botoaz: Nafarroako zazpi parlamentarietatik lauk, eta gainerako zazpi euskal ordezkariek. Sortutako desegonkortasuna nabarmena zen eta, hori ikusita, gobernu zentralak erabaki zuen Manuel Aguirre de Tejada, Tejada de Valdoserako kondea (jurista ere baitzen), Nafarroara bidaltzea, beste adostasun batera heltzeko. Bada, elkarrizketa horren ondorioz, "Tejada-Valdosera hitzarmena" ponposoki deitu izan zena onartu zen,[34] alegia, 19/2/1877 Errege Dekretua.[40]

Errege dekretu horren arabera, Nafarroak bere estatus administratibo desberdinari eutsiko zion Espainian.[oh 28] Horrek, baina, ez zituen Espainiako gobernuaren asmoak baretu: 1877ko Aurrekontuen Legeak zirrikitu berriak ireki zituen 8. artikuluan geroago zerga erreforma gehiago egin ahal izateko, Nafarroa Espainiako probintziekin guztiz berdintzeari begira.[oh 29] Bada, harridura handia piztu zen Madrilgo nafar parlamentari bat ere ez zelako konponbide horren kontra agertu, eta horrek zurrumurruak eragin zituen parlamentari horien jarrera eta damuzko azalpen arraroei buruz, iritzi zabaldua baitzen lege hori Nafarroako diruzaintzaren eta berezitasunen kontrako inposizioa zela.[40][oh 30]

Probintzia Baskongadoetan, Bizkaiko foru erakundeek hartu zuten foruak desegiteko Espainiako Gobernuaren aginduen kontrako gidaritza. Gipuzkoak eta Arabak, Bizkaiarekin bat egin arren, jarrera lasaiagoa hartu zuten; Bizkaiko Batzar Nagusiek intsumisioa agertu zuten, eta ondorengo adierazpena adostu:


« Aldundiak ez du lagundu behar 1876ko uztailaren 21eko Legea ezartzen, ez zuzenean, ez zeharka.[41] »


Wikitekan badira testuak, gai hau dutenak:
Gipuzkoako Gobernu Zibilen jakinarazpenak soldaduen erreklutamenduaz (1877)
Wikitekan badira testuak, gai hau dutenak:
Bizkaiko Gobernu Zibilen jakinarazpenak soldaduen erreklutamenduaz (1877)
Wikitekan badira testuak, gai hau dutenak:
Gipuzkoako Diputazioaren zirkularra foruak gordetzeaz, estatuari pagatu beharreko kupoaz eta soldadutzaz (1877)

Adierazpen hori entzun berritan, Canovas del Castillok bertan behera utzi zituen berehala amore ematen ez zuten Bizkaiko Batzar Nagusiak. Horrekin askietsi ez, eta hurrena Bizkaiko Aldundi Nagusia desegiteko agindu zuen, 1877ko maiatzaren 5ean.[41][oh 31] Erabateko haustura instituzionala berresteko, Espainiako Gobernazioko ministroak agindu zuen Bizkaian aldi baterako probintziako aldundia eratzeko eta legedi orokorra Bizkaira hedatzeko.[oh 32] Gipuzkoa eta Bizkaiko foru erakundeak zatituta zebiltzan, eta eztabaida bizietan murgilduta, abolizioari kontra egitearen eta men eginez adostasun batera heltzearen aldekoen artean; alabaina, bigarren horiek nagusitu ziren, eta moztu egin zuten ordu arteko Bizkaiko foru erakundeekin zuten komunikazio ofiziala. Hurrengo hilabeteetan, aldundi horiek guztiek harremanetan jarraitu zuten Canovas del Castillorekin eta Jenaro Quesada jeneralarekin (en), okupazioko armadaren buruzagia Probintzia Baskongadoetan. Elkarrizketek, baina, ez zuten aurrerabiderik izan.[41]

Abolizioaren gauzapenaren azken ekintza, ordea, oraindik heltzeko zegoen, eta 1877ko udazkenean gertatu zen, 1877ko Azaroaren 13ko Errege Dekretuaren bidez. Bertan, Espainiako lehendabiziko zerbitzu militarrerako deialdia egiten zen eta, are, lehendabizikoz ere, Canovas del Castillok eskuak sartzen zituen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako diruzaintzetan. Haserre bizia piztu zen orduan aldundi guztietan, onartezintzat jo, eta horretan ez laguntzeko deliberoa hartu zuten. Bada, Araba eta Gipuzkoako aldundi nagusien lehengo jarrera lasaiagoak ez zituen salbatu oraingoan Espainiako Gobernuaren erreakziotik: aldundi nagusi eta foru erakunde guztiak erabat desegin eta probintziako aldundiak hiru lurraldeotan ezartzea.[41][oh 33] Gobernuak ezarritako ordezkari horiek lurraldeotako epaileen batzordeak ziren, estatuko Administrazioko kideak: Gipuzkoako buru, Tadeo Ruiz de Ogarrio eta, Araban, Benito Maria de Vivanco.[42]


Txirritaren lau bertso berri (Espainiako zerbitzu militarraren hasiera)[43]
Milla zortzireun irurogei ta
amaseigarren urtian,
ekaitz gaizto bat sartu zitzaigun
Kantabriya'ko partian;
lenago etzan kintik tiratzen
gure sor-Ieku maitian,
elementu au nondik sortu zan
ongi entera gaitian.

Kintak jarri ta ondorenian
beste ogei bat urtian
zenbait amaren seme onradu
Cuba'n sartu zan lurpian
guraso askok negar egin du
ura saldu zan artian,
geienak lutuz jantzi giñaden
Kantabriya'ko partían

Aberats askok pagatzen zuen,
soldadu juan zenbait pobre,
legi ori jarri ez bazan ere
arlotiarentzat obe;
atzenerako estranjerua
egin zan islaren jabe,
len ere Cuba saldu ziteken
oinbeste gizon ill gabe.

Orañ errege juan zaigulako
askok biyotzian min du,
ez antziñako oin portamena
ondo letuko bagendu;
aitak biyotza gogorra zuen,
orri etzaio bigundu;
orañ ederki bizi liteke:
naiko dirua egin du.

Foruen aztarna: ekonomia itunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Ituna»

Canovas del Castillok euskal ordezkariekin 1876ko apirilean egindako bilkuraren ondoren, Fermin Lasala Collado lagunarekin elkartu zen. Garai hartan, jada, Donostiar duke ezkontideak hala esan zion Ministroen Kontseiluko presidenteari:


« Ezin dugu hitz egin Estatuak zuzenean askotariko zergak kudeatzeaz. Aldundiak ekarpen bakarra egitea da gaiaren inguruko gure oinarrizko puntua.[44][oh 34] »


Canovas del Castillok "gauzak era horretan tratatuz, uste dut elkar ulertuko dugula" erantzun zion.[44] Espainiar lehen ministro horren eta hiru euskal lurralde horietako agintari liberalen arteko negoziazioek lehendabiziko Probintzia Baskongadoetako Ekonomia Ituna eman zuten, 1878ko otsailaren 28an. Hasiera batean, aldi baterako konponbidea zen: 8 urte irautekoa.[45] Era horretan, probintziako aldundiak lurralde bakoitzeko zergak biltzeko arduradun bilakatzen ziren, eta gero negoziazio bat egingo zuten gobernu zentralari eman beharreko diru kopuru orokor bat zehazteko.[33]

Fermin Lasala bitartekari izandako hitzarmen hori Nafarroarako 19/2/1877 Errege Dekretuan oinarritu zen. Ekonomia Ituna Gaceta de Madrid kazeta ofizialean iragarri zen, eta itunaren "irabazi politiko eta ekonomikoak" goresten zituen: 1. Konstituzio ordena Espainia osora hedatzea. 2. Probintzia Baskongadoak zerbitzu militarrari lotzea. 3. Espainiako diruzaintzari ekarpena egitea Espainiako gainerakoek bezala.[45] Dena den, une horretan, iragarritako ekonomia itun horrek ez zuen izenik; dekretu horretako concierto hitza ordena edo harmonia esanahiaz erabiltzen da, Uriartek nabarmendu duenez.[42][oh 35]

Galderak piztu izan dira zergatik, puntu horretara helduta, Canovas del Castillok ez zituen gobernu eta kudeaketa mekanismo guztietan Probintzia Baskongadoak Espainiarekin berdindu. Uriarteren ustez, sortutako tentsioak Espainiako lehen ministroa konbentzitu zuen hiru aldundi horiekin adostasun batera heltzea beste konponbiderik ez zegoela altxamendu eta errebolta berriak eragozteko eta epe luzeko egonkortasuna lortzeko. Watsonen iritziz, bide beretik, itun horren bidez, Espainiako gobernuak teorian edozein sentimendu erregionalista desegitea lortzen zuen, industria garapenerako oinarri sendo bat jartzen, eta gobernu zentrala politiko eta administratiboki errotzen.[33]

Forurik gabeko Euskal Herria Espainian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1876an hasitako Espainiako erregimen berriaren irudikapen satirikoa: turnismoa eta kazikismoa
Bizkaiko Zubia, Bizkaiko industria garapen bizkorraren erakusgarria (1893)
Foruen aldeko monumentua Iruñean, herri diru bilketaz altxatakoa (1902)

Euskal Herria kinka larrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi gerra karlistek Euskal Herriari utzi zioten hondamendi moral eta materialaren aztarna neurrigabea da. Mendetan Euskal Herriak zekarren endekapen ibilbidean puntu beherena jo zuen, Ildefonso Gurrutxagak nabarmendu duenez. Orduan, ahots batzuek herri gisa Euskal Herriaren azkena iritsi zela iragarri zuten, Elisée Reclus geografo frantsesak, adibidez; 1876an artikulu bat idatzi zuen: "Les Basques. Un peuple qui s'en va" ('euskaldunak, badoan herri bat').[46][30] 1875-1876ko Espainiako gobernuaren kanpaina militarreko 100.000 soldadu inguruek artean denbora batez jarraitu zuten euskal lurraldea okupatzen, kopuru hori pixkanaka jaitsiz joan zen arren.[7] "Okupazioko armadak" (garaian deitzen zitzaion bezala) mantenua eskatzen zuen, eta hura herri xehearen lepotik egin zen; gainera, beste zeregin bat ere jarri zioten, "ez baitu aintzatespen gutxiago merezi, nola den herrialde horretan [Gobernuaren armada] hain adoretsu borrokatu ondoren, hark herrialdea moralki baketzea".[47]

Gerraren amaieran eta hurrengo urteetan, euskal herritarrak samaldan atera ziren Ameriketako erbestera;[30] estimazioen arabera, 200.000 pertsonak erabaki zuten atzerrira abiatzea, guztizko 800.000ko biztanleriatik XIX. mendean.[oh 36] Ildefonsok larriagotzat jotzen du Euskal Herriari emigrazio horrek eragin zion kaltea gerrak berak eragindakoak baino.[30] 4.451 pertsona deportatuak izan ziren, gehienak Nafarroatik (probintzia horretako biztanleriaren % 1).[oh 37][oh 38][47] XIX. mendearen bigarren erdialdean, Hego Euskal Herriko kostaldeko kideetan ez bezala, Araba eta Nafarroako ekonomia pixkanaka moteldu egin zen, lurrari lotuta geratuz eta nekazariz, baserritar txikiz, landako jauntxoz eta lur-jabe aberatsez osatutako biztanleria batez.[48]

Mendearen hasieran Nafarroak, biztanle gehieneko lurraldeak, eta Arabak demografia nabarmen igo bazuten ere, mendeak aurrera egin ahala, Nafarroak utzi egin zion biztanle gehieneko lurraldea izateari. XIX. mendearen azken herenean, Araban eta, hasieran, baita Gipuzkoan ere, biztanleriak behera egin zuen; trukean, demografia hazi egin zen kostaldeko lurraldeetan, industria astunaren, turismoaren eta hiriguneen pisuagatik, era ikusgarrian Bilbon eta Bizkaian industrializazioaren epelean (ikus Ondorio demografikoak atala "Industrializazioa Euskal Herrian" artikuluan).[49]

Baskongadetako Ekonomia Ituna, erreboltaren baretzaile[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hego Euskal Herriko ekonomiaren interesak orain estatuaren aduanen babesa zuten,[50] Espainiako merkatu gatibuari esker. Espainiako Gobernuaren plana Probintzia Baskongadoetako Ekonomia Ituna aldi baterako bakarrik ezartzea zen. Hala ere, industria garapen, inbertsio eta diru sarrerei dagokienez, arrakastatsua izan zen.

Onuradun nagusiek, alegia, Espainiako Gobernuak eta bertako hiriko burgesiak, berehalako interesa agertu zuten Ekonomia Itunaren formula beste zortzi urtez berritzeko, eta gehiago. Euskal herritarrek foruen defentsan elkar hartuz 1876tik 1878ra bildutako indarrak ez zuen luzaro iraun krisi politikoaren txarrena pasatakoan; orain hauteskundeetara aurkezten zen Karlismoak bere egin zituen foruzaletasunaren eskariak.[51][oh 39]

Ekonomia eta administrazio arloko diseinu instituzional berriak hauspotuta, Bizkaiak oparoaldia bizi izan zuen emaitza ikusgarriekin; Bilbo Handia ekonomia garapenaren gune erreferentzial bat bihurtu zen Europako testuinguruan. Euskal herritarren arteko interes zatiketa, baina, aurki geratu zen agerian eta, ondorioz, foruen aldeko mugimendu zabala sakabanatu egin zen. Era horretan, goi klase industrialaria Espainian integratzen joan zen. Nafarroan, foruen berrezarpen osoaren aldeko mugimendu politikoaren arrakastak zertxobait luzaroago iraun zuen, Arturo Kanpion abokatuak zuzenduta; hala ere, haien eskaerak gero eta gehiago sartzen ziren hauteskundeko karlismoan 1886tik aurrera.[oh 40]

Industrializazio masiboa, inmigrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Industrializazioa Euskal Herrian»

1876 arte XIX. mendean, oro har, oso motel hazi zen demografia Euskal Herriko lurralde guztietan. Joera hori, ordea, aldatu egin zen azken hamarkadetan: Gipuzkoan hazkundea % 25ekoa izan zen 1857tik 1900era; Bizkaian, are, % 94koa. Bizi hobe baten promesaz, biztanle talde handiak hurbildu ziren industriaguneetara, era horretan hiriak eta hiri inguruak biztanleriaz elikatuz.[52] Etorkinak Euskal herriko barnealdetik heldu ziren hasieran, eta Gaztelako mesetatik gero. Industria diseinu kapitalista berria elikatzera heldutako jende samaldaren etorrerak era guztietako desorekak eta arazoak sortu zituen, azpiegitura faltak, baliabiderik ez bideratzeak eta aurreikuspen ezak eraginda. Egoera latzetan metatutako herritarrek proletario klasea berria osatu zuten, batez ere Ibaizabal itsasadarraren ezkerraldean.[52]

Bizkaian, populazio-hazkunde prozesua 1811n hasi zen, Antzinako Erregimena deuseztatzen joan ahala, desamortizazioak gertatu eta landa eremu asko geratu baitzen ereiteko. 1841ean prozesua azkartu zen lurralde horretan, %0,5 eta %1 arteko hazkunde tasak lortuz.[53] Industrializazioarekin meatzaritza eta fabriketarako eskatzen zen laneskuak milaka etorkin erakarri zituen, lehendabizi auzoko euskal eskualdeetatik familian[54] eta, geroago, Espainiako hainbat tokitatik,[55] Euskal Herrira etorkin heldutako lehen jende samalda handia.[oh 41] Inmigrazio masibo hau bereziki Bilbo Handian izan zen nabarmena, baina industria eratu zen beste gune batzuetan ere nabaritu zen.


Bizkaiko industrializazio kapitalistaren ikuspegi batzuk


1877tik aurrera Bigarren Karlistaldia bukatuta, leherketa demografikoa hasi zen Bizkaian; meatzaritzaren hazkundeak eta industrializazioak demografiaren hazkunde tasa urteko %2ra eraman zuen, momentu horretara arte inoiz egondako handiena.[53] Hazkunde hori azaltzeko barne faktoreak begiratu behar dira, alde batetik, eta inmigrazioak izandako rola, bestetik. Bizkaian, betiere, jaiotza-tasa %33tik %35era igo zen 1800-1877 tartean; heriotza-tasa, berriz, ‰28tik (1787) ‰23ra (1877) jaitsi zen. Beherakada hori nabarmena izan zen haurren artean: 1800ean jaiotako 1.000 umetik 350 bederatzi urte bete aurretik hiltzen ziren, eta 1877an 250 ziren, industriaren goraldi handiaren bezperan.[53] Berehala lehen sindikatuak sortu ziren 1879tik aurrera, sozialistak bereziki, langileen bizi eta lan baldintzak babesteari begira. 1890ean, sozialistek Euskal Herriko lehendabiziko greba orokor modernoa antolatu zuten Bilboko itsasadarreko ezker eskualde osoan.

Sanrokada Gernikan (1893), euskal abertzaletasun politikoaren hasiera
Sabino Arana kartzelatua (1895)

Etorri berriek ez zuten arrazoirik ikusten beren harrerako herrialdeari eta haren ugazabei atxikitzeko. Mugimendu sozialista berriak, bada, espainiar nazionalismoa besarkatu zuen masak elkartzeko baliagarria zelakoan.[56][oh 42] Euskal nortasunaren berezitasunak desagerraraztea bultzatzen zuten, "elkarren ulermenaren eta anaitasunaren kontrakotzat" zituzten neurrian eta, are, sozialistek (La lucha de clases astekarian) gobernuak euskal kultura eta hizkuntzaren adierazpenak erreprimitzea eskatzen zioten gobernuari.[57] Egoera horretan, baserria eta mundu tradizionala lehengo egoerara bueltatzeko modu gisa ikusten zuten karlista izandako askok, horietako batzuk elitekoak; Euskal nazionalismoaren hastapenak izan ziren, askotan Euskal Lore Jokoak eta antzeko ekimenekin lotuta[58].

Berdintze ahaleginen kontra, euskal abertzaletasunera bidean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Burujabetza galtzearekin eta Nafarroaren euskal identitate ezaugarrien atzerakadarekin kezkatutako politika eta kultura arloko pertsona publikoek Euskal Elkargoa sortu zuten Nafarroan 1877an,[51][oh 43] baina programa osoki politiko bat saihestuz eta kultura ospakizunetan eta ekimenetan arituz, adibidez, Lore Jokoetan parte hartuz (1852an egin ziren lehenengo aldiz).[51] Bilbon, aldiz, Fidel Sagarminagaren eskutik, Euskal-Erria elkartea sortu zen 1879an, Euskal Batasunaren Alderdi Foruzalea eta Euskal-Nafar Batasuna alderdiak aurrekari zituela; foruak berrezartzea zuen helburu, eta fronte politiko zabal moduan antolatu zen.

Tejada-Valdosera hitzarmena deitu izan den dekretuak ez zituen gauzak bare utzi Nafarroarentzat. Nafarroaren administrazio berezia aitortu arren, irekita uzten zuen bidea Espainiako estatuko diruzaintzak Nafarroari zerga arloko betekizun gehiago ezartzeko. Hamarkada bat eta gehiago geroago, lan hori Germán Gamazo espainiar ministroak hartu zuen: zerga arloan ere Nafarroa Espainiarekin guztiz berdintzeko ahaleginak nafar herriaren eta erakunde publikoen altxamendua piztu zuen, Gamazada deitu zena, (1893-1894). Protesta handi horrek Sabino Aranaren euskal abertzaletasun politikoaren sorrera ere ekarri zuen berehala, Bizkaian loratua.[59][23]

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, Ekonomia Ituna (28/02/1878 Errege Dekretua) hasiera batean zortzi urterako onartu (eta gero zortzi urtero berritu) zen bezala, Nafarroarako 19/2/1877 Errege Dekretu horrek (Tejada-Valdosera), azkenean, 1927 arte iraun zuen indarrean ukitu eta eguneratu gabe.[34] 1879ko azaroaren 4an, gerra legearen aldia amaitu zuten, eta Hego Euskal Herrian indargabetutako Espainiako berme konstituzionalak berrezarri ziren legez; une horretatik aurrera, gobernuak izendatuta beharrean, aldundiak hautespen bidez aukeratu ziren.[44]

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Fernando VII.a absolutistak Espainietako Erresumako tronua eskuratu zuen 1814an, eta liberalen kontra jokatu zuen, baina berak ere Euskal Herriko lege eta erakundeak ahuldu zituen, zentralismoaren alde.
  2. 1796tik aurrera, zuzenean, Godoy Nafarroan existitzen ez ziren kintak sartzen hasi zen, eta Nafarroak Koroari egin beharreko diru dohaintzak ohikoak bihurtu ziren; ikus Konbentzioaren Gerra Euskal Herrian eta Martínez de Muniain, Emilio V. 1993, 169. or.
  3. Tarteka Nafarroak bat egin bazuen ere, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak parte hartu zuten haietan; ikus Agirreazkuenaga, J. 2016, 81-82. or.
  4. Nafarroa sarreran baieztatzen duenez, euskara "Goi Erdi Aroan asmatu zen".
  5. 1840an, eratu zen formalki; ikus Irujo, X. 2012, 382. or.
  6. Espainietako Erresuman, alderdi liberala noblezia gortesauak, burges aberatsek, burokraziak eta, oro har, armadak osatzen zuten; ikus, Gurrutxaga, I. 1990, 114. or.
  7. Francisco Cea Bermúdezek aginduta.
  8. Ikus erreferentzia Wikisourcen (frantsesez).
  9. Jatorriz frantsesez, "S’il est une fois reconnu que la Navarre et les provinces basques ne combattent que pour leur indépendance, et non pour la cause carliste, la question se simplifie. Pour en trouver la solution, cherchons encore dans l’histoire"
  10. "El Capitán General D. Baldomero Espartero recomendará con interés al Gobierno el cumplimiento de su oferta de comprometerse formalmente a proponer a las Cortes la concesión o modificación de los fueros…", gaztelaniaz jatorriz; ikus Orella, Jose Luis, 2015.
  11. Gaztelaniazko jatorrizkoan, "sin perjuicio de la unidad constitucional de la monarquía".
  12. Udalbatzak Donostia Nafarroan sartzea eskatu zuen.
  13. Deitzeko modu hori gaztelaniaz egin zen ezagun: "Ley Paccionada".
  14. Azken hamarkadetan, UPN alderdiak, besteak beste, erabili izan duen izendapena.
  15. Lehenik, Esparterok zuzendutako altxamendu militar bat egon zen, irailaren 27an hasita.
  16. Mendebaldeko euskal lurraldeek hiru gorputz bidaliz eta lau milioi pezeta jarriz erantzun zioten gerra dei horri, garai hartan diru-kopuru handia inondik ere; ikus Uriarte, J.L., ikus 61. or.
  17. José María Orense kantabriarrak, adibidez, errepublikazaletasun federalistara lerratuak, Espainia haiekin parekatzeko aukeratzat ikusten ikusten zituen foruak, alegia, denen galbiderako Euskal Herriari kendu baino, Espainiari haren eredua gehitu behar zitzaiola, Espainiaren aurrerabiderako eta berdintasun osasungarri baterako. Hego Euskal Herrian, haren ideiek oihartzuna izan zuten, eta foruzaletasun federalista 1865ean hasi zen garatzen Eco Bilbaino egunkari demokrata-errepublikarraren inguruan; ikus Kintana, J. Alfaro, I. 2002, 39-40. or.
  18. Are, Agindu horrek gehitzen zuenez, "hitzarmen eta kontzesiorik gabe amaitu da gerra zibila" eta, Euskal Herriko lurraldeen egoeraz gauzak are gehiago argitzeko, gogora ekartzen zituen, besteak beste, "iritzi publikoak, hala Espainia barrukoak nola kanpokoak, adierazpen irmoak eman ditu[ela], batasun nazionalaren obra handia berehala eta betiko burutzearen alde"; ikus Uriarte, J.L. 2015, 70. or.
  19. Sinesmen irmoz hauspotua, Mateo Moraza arabarrak sei orduko hitzaldia eman zuen euskal foruen alde Espainiako Gorteetan; haren hileta, 1877an, foruen aldeko aldarrikapen handi bat bihurtu zen, gerra legeak isilarazitako Euskal Herrian; ikus Uriarte (2015), 73, 90. or.
  20. Espainiar lehen ministroak alderdi bat zuen Espainiako kongresuan euskal lurraldeon erabateko asimilazioa eskatzen zuena, tokian tokiko berezitasunetarako batere tarterik utzi gabe.
  21. Jatorriz gaztelaniaz: "Los deberes que la Constitución política ha impuesto siempre a todos los españoles de acudir al servicio de las armas cuando la ley los llama, y de contribuir en proporción de sus haberes a los gastos del Estado, se extenderán, como los derechos constitucionales se extienden, a los habitantes de las provincias de Vizcaya, Guipúzcoa y Álava del mismo modo que a los de las demás de la Nación".
  22. Los Arcosek, Madrilen diputatu, edo Serafin Olabe errepublikazaleak, ederki irudikatzen zuten nafar posizio ofiziala: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa lurraldeen estatusa 1839tik "legez kanpokotzat" jo zuten; ikus Mina, 1990, 309. or.
  23. Espetxe zigorra zuen.
  24. Tartean ziren Miguel Loredo (egunkariaren sortzailea), Fidel Sagarminaga, Arturo Campion, Juan Iturralde, Antonio Trueba, edo Ricardo Becerro de Bengoa, ikuspegi politiko askotako euskal pertsonaiak, eta foruen defendatzailea zen Joan Mañé i Flaquer katalana. Haien artikuluek euskararen egoera txarra eta axolagabekeriaren gaineko kezka azaltzen zuten, eta "hertsiki uztartuta" ikusten zituzten "foruen eta hizkuntzaren patua". Madrilen egindako ahalegin guztiak hutsalak zirelako eta Madrilen oinarritutako alderdiekin fidatu ezin zitekeelako ikuspegiak euskal nazionalismoaren haziak erein zituen. Ikus Elorza, 85-86. or.
  25. Haren ustez, euskaldunak Espainiarekin politikoki eta administrazioz bateratzea "ez zen aldi bakar batez egin behar, pixkanaka eta urratsez urrats baizik", "zaila baita, eta arriskutsua, euskaldun bakoitzak barru-barruan daramatzan mendetako erakundeak indarrez erauztea, haien izaeraren osagai baitira, gizartean, politikan zein ekonomian"; ikus Uriarte, 79. or.
  26. Espainiako lehen ministroak divide et impera printzipioari heldu zion, "nafarrek agertutako erresistentzia eskasagoa aprobetxatuz [Espainiako] gobernuaren helburuak betetzeko"; ikus Mina, 1990, 309. or. eta Uriarte, 2015, 86. or.
  27. Gaztelaniaz esan zuen bezala, "Un hecho de fuerza es lo que viene a constituir el Derecho, porque cuando la fuerza causa estado, la fuerza es el Derecho".
  28. Hitzarmena sinatzeko, lehendabizi beste itun bat egin zuten, Nafarroak Espainiako gobernu zentralari gerragatik kalte ordainak pagatzeko; ikus Uriarte, 2015, 85-86. or. Ondorioz, nafarrek gobernuari urtero ordaindu beharreko kuota laukoiztu baino gehiago egin zen, 1.800.000 errealetik 8.000.000ra pasaz (2.000.000 pezeta); ikus Mina, 1990, 310. or.
  29. Azkenean, Germán Gamazok ekin zion urte batzuen ondoren erreforma hori egiteari, 1893ko Gamazada herri altxamendua piztuz; ikus Mina, 1990, 310. or.
  30. Los Arcos parlamentariak honela zuritu zuen bere jarrera: "Artikulu hori, izan ere, irakurri zuten inork kasu egiten ez duen agiri batzuk irakurtzen diren gisan".
  31. Bere aginduek ez zuten interpretaziorako tarterik uzten: "Uko egiten badiote, jo eta bertan txikitu (itzazue)".
  32. Manuel Maria Gortazar izendatu zuten haren buru, foruzale izanagatik, Espainiako Gobernuak jada hartutako neurriak eta legeak onartzearen aldekoa eta, oinarri hori ontzat emanez, Canovas del Castillorekin albait adostasun gehienetara heltzearen aldekoa; ikus Uriarte, J.L. 2015, 81. or.
  33. Espainiako gobernuak zuzenean izendatu zituen probintziako aldundietako karguak, eta horiek Gobernuaren lurralde bakoitzeko ordezkariaren (gobernadore zibilaren) aurrean erantzungo zuten; hala ere, izendatutako ordezkari horiek, foru erakundeak deuseztatzeko Canovas del Castilloren aginduek otzanduta, eutsi egiten zioten foru sistematik zerbait salbatzeko gogoari, eta Espainiako lehen ministroa prest zegoen horretarako; ikus Uriarte (2015), 82-84. or.
  34. Gaztelaniaz jatorriz: "No podemos hablar de impuestos múltiples y administrados por el Estado directamente. Una contribución única entregada por la Diputación es nuestro punto fundamental en la materia".
  35. 1881ean hasi zitzaizkion ekonomia ituna deitzen, artean behin-behinekotzat hartzen zenean.
  36. Euskal Herri osoko datuak; horietako erdiak, gutxienez, Ipar Euskal Herrian zuten jatorria.
  37. Artikuluaren egileak Nafarroaren % 10 aipatzen du, baina hori ezinezkoa dirudi, garai hartako Euskal Herriko biztanleria 800.000 ingurukoa zela kontuan hartuta.
  38. Herri ez gutxitan, benetako triskantza ekarri zuen, bereziki Oliteko merindadean.
  39. 1880rako, foruen aldeko egitasmo politikoa hondoratzen ari zen Bizkaian. Une horretan, Euskal-Erria elkartea elkartea bihurtu zen haren bultza-indar nagusia; ikus Elorza, 89. or. Hamarkadatik gora geroago, Ramon de la Sotak gidatutako euskalerriakoek euskal nazionalismoaren oinarriak jarri zituzten; ikus Watson, 175. or.
  40. Eskaera horiek gero eta gehiago lerratu ziren integrismora eta liberalismoaren kontrako posizioetara, foruen berrezarpena katolizismoarekin ezkonduz; ikus Mina, 310-311. or.
  41. Lehenagotik, soldadu erregularrez eta iheslariez aparte, etorkin talde handia heldu zen burdinbidearekin batera. Adibidez, Gipuzkoan, Norteko burdinbideak piemontetar eta frantses langile eta teknikariak ekarri zituen. 17.000 biztanle zituen haran batean, 1860ko hamarkadan 10.000 arrotz heldu ziren, hizkuntza desberdinetakoak; ikus Elhuyar Teknopolis.
  42. Ez inperio eta koroaren aintza aldarrikatuz, espainiar langileen balioak baizik; ikus Watson, 171. or. Langile klaseak "patrie", "aberri" eta "abertzaletasun" kontzeptuekin duen identifikazioaz, ikus Hobsbawm, 88-89. or.
  43. Beren aldizkaria zuten, Revista Euskara (1877-1883), eta La Paz egunkaria bezala, Espainiako Gobernuaren zentsuraren jomuga zegoen askotan; ikus Elorza, 87. or.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Godoy, Manuel - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus . Noiz kontsultatua: 2019-05-26.
  2. a b c d e Gurrutxaga, Ildefonso. 1990, 107-115. or.
  3. Moreno, Luis (2010) Ethnoterritorial Concurrence and Imperfect Federalism in Spain Madril: Instituto de Estudios Sociales Avanzados (CSIC) 5 or..
  4. (Gaztelaniaz)«CONFERENCIAS POLÍTICAS - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus . Noiz kontsultatua: 2019-05-25.
  5. a b c Martinez, F. 2016, 107-110. or.
  6. a b c Martínez de Muniain, Emilio V. 1993, 152-171. or.
  7. a b c d Fuero (el proceso abolitorio de los fueros vascos). Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  8. Jimeno, Roldan. 2014, 81. or.
  9. a b c d e f Agirreazkuenaga, J. 2016, 80-90. or.
  10. a b «Foruak eta euskara (XVI-XIX. mendeak) [Sareko Euskal Gramatika»] www.ehu.eus . Noiz kontsultatua: 2019-05-27.
  11. Kintana, J. 1999, 68-71. or.
  12. a b Irujo, X. 2012, 382-385. or.
  13. «Burgos y del Olmo, Javier de - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus . Noiz kontsultatua: 2019-05-16.
  14. a b c Gurrutxaga, Ildefonso. 1990, 121-123. or.
  15. Clavero, Bartolomé. 1990, 40-41. or.
  16. Irujo, X. 2012, 407. or.
  17. a b c Orella Unzue, Jose Luis (2015) «Convenio Navarro o Ley Paccionada de 1841» Naiz.
  18. a b (Gaztelaniaz)«El concierto Económico vasco - 03-Título-II-Ocho-etapas-en-una-trayectoria-muy-dilatada - Página 50-51 - Created with Publitas.com» view.publitas.com . Noiz kontsultatua: 2019-06-08.
  19. Irujo, X. 2012, 420. or.
  20. a b c d Uriarte, J.L. 2015, 53-54. or.
  21. zen/el-concierto-economico-vasco/03-titulo-ii-ocho-etapas-en-una-trayectoria-muy-dilatada/page/56-57 Uriarte, J.L. 2015, 56-57. or.
  22. Rubio Pobes, C. 1997, 234. or.
  23. a b c Elorza, A. 1978, 84-86. or.
  24. Uriarte, J.L. 2015, 60-61. or.
  25. a b c Gurrutxaga, Ildefonso. 1990, 126-128. or.
  26. Kintana, J. Alfaro, I. 2002, 38-42. or.
  27. Díaz Morlán, Pablo. 2002, 62-63, 93-94. or.
  28. (Gaztelaniaz)«Así nació el Banco Bilbao» El Confidencial 2015-05-19 . Noiz kontsultatua: 2019-05-21.
  29. Esparza, Jose Mari. 2012, 78. or.
  30. a b c d Gurrutxaga, Ildefonso. 1990, 128-136. or.
  31. Mina, María Cruz. 1990, 293-300. or.
  32. a b Uriarte, J.L. 2015, 68. or.
  33. a b c d Watson, Cameron. 2003, 110-112. or.
  34. a b c d e Uriarte, J.L. 2015, 85-87. or.
  35. Uriarte, J.L. 2015, 69-72. or.
  36. Uriarte, J.L. 2015, 72-74. or.
  37. Uriarte, J.L. 2015, 74-75, 79. or.
  38. Uriarte, J.L. 2015, 79. or.
  39. Uriarte, J.L. 2015, 108-109. or.
  40. a b c Mina, María Cruz. 1990, 309-310. or.
  41. a b c d Uriarte, J.L. 2015, 80-83. or.
  42. a b J.L. 2015, 102-103. or.
  43. Zavala, Antonio. 1992, 84 . or. Bertsolariya, 1931n argitaratua.
  44. a b c Uriarte, J.L. 2015, 88 . or.
  45. a b Uriarte, J.L. 2015, 96-97. or.
  46. «Badoan herri bat, Élisée Reclus, 1867» www.bilketa.eus . Noiz kontsultatua: 2019-06-09.
  47. a b Martínez Caspe, M.S. 1998, 2015, 159-164. or.
  48. Watson, Cameron. 2003, 124-125. or.
  49. Watson, Cameron. 2003, 141-144. or.
  50. Watson, Cameron. 2003, 119. or.
  51. a b c Elorza, A. 1978, 86-90. or.
  52. a b (Ingelesez)«Historia del País Vasco. Edad Contemporánea - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus . Noiz kontsultatua: 2019-07-03.
  53. a b c «Bizkaia» Auñamendi Eusko Entziklopedia . Noiz kontsultatua: 2019-05-10.
  54. (Gaztelaniaz)Abad, Rocío García (2018-02-07) «Migraciones en familia a la Bizkaia de la primera industrialización (1877-1935)» Vasconia (38) . Noiz kontsultatua: 2019-05-09.
  55. Watson, Cameron. 2003, 147-148. or.
  56. Watson, Cameron. 2003, 171. or.
  57. Torrealdai, J.M., 40-48. or.
  58. Gipuzkoako historiaren sintesia ISBN 9788479077778 PMC 1100401837 . Noiz kontsultatua: 2019-07-01.
  59. Uriarte, J.L. 2015, 114. or.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Adot, Álvaro; Madariaga, Juan (koord.) (2014) Jornadas Internacionales - Nazioarteko Jardunaldiak "El euskera en las altas instituciones de gobierno a través de la historia" / "Euskara gobernuko goi erakundeetan historian zehar" Pamiela ISBN 978-84-7681-867-1. Roldan Jimenoren artikulua.

  • Agirreazkuenaga, Joseba (2016) De los vascos sin historia a los vascos con historia Txertoa ISBN 978-84-7148-575-5.

  • Clavero, Bartolomé «1839: La constitución ante los fueros» in Arrizkuenaga, Joseba 150 Años del Convenio de Bergara y la Ley del 25 -X - 1939 3 Vitoria-Gasteiz: Eusko Legebiltzarra / Parlamento Vasco 1990 27-54. or..

  • Esparza Zabalegi, Jose Mari (2012) Euskal Herria Kartografian eta Testigantza Historikoetan Euskal Editorea SL ISBN 978-84-936037-9-3.

  • Gurrutxaga, Ildefonso «Las guerras carlistas en el siglo XXI y su significación en la historia vasca» in Arrizkuenaga, Joseba 150 Años del Convenio de Bergara y la Ley del 25 -X - 1939 3 Vitoria-Gasteiz: Eusko Legebiltzarra / Parlamento Vasco 1990 105-136. or..

  • Hobsbawm, E.J. (1992) Nations and Nationalism since 1780 Cambridge University Press ISBN 0 521 43961 2.

  • Martínez de Muniain, Emilio Valerio (1993) La historia de Navarra de 1445 a 1814; Entre la tradición y la modernidad Donostia: Txertoa ISBN 84-7148-281-9ad.

  • Mina, María Cruz «Historia y política: Las vicisitudes de una ley» in Arrizkuenaga, Joseba 150 Años del Convenio de Bergara y la Ley del 25 -X - 1939 3 Vitoria-Gasteiz: Eusko Legebiltzarra / Parlamento Vasco 1990 269-318. or..

  • Watson, Cameron (2003) Modern Basque History: Eighteenth Century to the Present University of Nevada, Center for Basque Studies ISBN 1-877802-16-6.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikitekan badira testuak, gai hau dutenak:
Foruen amaiera Hego Euskal Herrian