Espainiako Gerra Zibila Euskal Herrian

Wikipedia(e)tik
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Euskal Herriko historia
Lauburu harria.jpg
Historiaurrea eta Antzinaroa
Erdi Aroa
Aro Modernoa
Aro Garaikidea
Kronologiak

Espainiako Gerra Zibilak Euskal Herrian 1936 eta 1937 urteen artean iraun zuen. Bertan, Espainian eztabaidan zeuden printzipio sozio-ekonomiko eta ideologikoei nazio-auzia ere batu zitzaien.

Aurretikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Espainiako Bigarren Errepublika» eta «Hego Euskal Herriko hauteskundeak Espainiako Bigarren Errepublikan»
Eibarko Udaletxea, Errepublika-aldarrikapenaren 77. urteurrenean altxatutako bandera.

1931n Espainia Errepublika bihurtu eta erregimen berria aldarrikatu zuen lehendabiziko udalerria Eibar izan zen 1931ko apirilaren 13an.[1] Laster, Konstituzio berria onartu zen, eskuineko alderdien gustukoa ez zena. Espainian gizarte-asaldura izan zen garai hartako ezaugarrik nabarmenena. Ezkerreko alderdiek Elizaren aurka eta sekularizazioaren alde azaldutako jarrerak eskuineko alderdiak mugiarazi zituen. Gainera, azken horiek beren gizarte-pribilegioak kolokan ikusi zituzten, ezker iraultzailearen indarra zela eta. 1932ko irailaren 9an Kataluniak bere autonomia-estatua lortu zuen. Hego Euskal Herriaren estatutua (1931-1932), berriz, aurrera atera ezinik geratu zen, Espainiako parlamentuan blokatua eta, Euskal Herrian bertan, indar karlisten zatiketa nabarmen batez.

1933tik aurrera, Manuel Fal Conde andaluziarra jarri zen Nafarroako karlisten buruan, errepublika suntsitzeko ikuspegi militarista baten aldekoa. Harrezkero, errepublikaren kontrako kolpea prestatzen hasi zen, horretarako Eibarretik bertatik zabaltzen ziren armekin talde paramilitarrak osatuz: Erreketea. Ildo beretik, karlisten artean Victor Pradera tradizionalistaren tesiak gailendu ziren, errepublikaren eta abertzaletasunaren guztiz kontrakoak. 1934ko langile-istilu larrietan, euskal estatutuaren aldeko Marcelino Oreja Elosegi enpresaburu karlista erabakigarria hil egin zuten Gipuzkoan, jazoeren segida azkar batean.

Harrezkero, zatiketa erabatekoa izan zen euskal lurraldeetan erreakzioko indarren eta errepublikari aukera bat ematen zioten euskal indarren artean eta, era berean, euskal estatutuaren kontra eta aldekoen artean. 1936ko otsailaren 16an, hauteskundeak egin eta Fronte Popularrean elkartutako ezkerreko alderdiek (tartean Eusko Abertzale Ekintza) irabazi zuten.[2] Hego Euskal Herrian, berriz, eskuineko alderdiak irten ziren garaile. Eskuineko blokeak hamabost diputatu, Fronte Popularrak hamabi diputatu eta EAJk hamar diputatu[3][4] lortu zituzten. EAJk, guztira, 130.000-140.000 bitarte boto[5] lortu zituen, batez ere herri txikietan bilduak.

Madrilgo gobernu ezkertiar berriak, mugimendu trakets batean, Emilio Mola, errepublikaren kontrako garbia zen jenerala ("zuzendaria"), Iruñera bidali zuen Espainiako erdigunetik urruntzearren. Aldiz, Iruñean bere asmoetarako giro aproposa aurkitu zuen, ez zailtasunik gabe ordea. Uztail hasiera-erdialdera, azkenean, Diario de Navarrako zuzendari Raimundo Garcia 'Garcilaso'k eta Rodeznoko Konde Tomás Domínguez Arévalok bitartekari-lanak egin zituzten karlisten eta Molaren artean Altxamendua koordinatzeko.[6] Bilkura horietako asko Irantzuko monasterioan gertatu ziren, eta Lizarrako alkate Fortunato Agirrek horien berri izan zuen, baita alderdiko eta gobernuko ordezkariei horietaz ohartarazi ere, baina ez zen entzuna izan.[7]

Altxamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «1936ko uztaileko Espainiako estatu-kolpea»

Hasierako nahasmena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Horiek horrela, 1936ko uztailaren 17an Francisco Franco jenerala Melillan Errepublikaren aurka altxa zenean, harekin bat egin zuen Iruñean zegoen Mola jeneralak eta nafar errekete karlistek.[8][9] Araban ere, Jose Luis Oriol lurjabe karlistak, bere botereaz baliatuz, altxamenduaren alde jarri zuen ia herrialde osoa. Bizkaia errepublikaren alde agertu zen eta Gipuzkoan zalantza uneak izan ziren hasiera batean. Horrenbestez, laster Hego Euskal Herria bitan zatitu zen.

Euskal milizianoak Alegian

Matxinoek EAJ beraien alde jartzea espero bazuten ere, alderdi kontserbadore eta kristaua baitzen, alderdi hori Errepublikaren alde azaldu zen. Hala ere, alderdiaren jarrera eztabaidan zen azken unera arte: Bizkaian duda barik egin zuen legezkotasunaren alde, Gipuzkoan zatiketa gertatu zen, baina errepublikaren aldekoak nagusitu ziren; Nafarroa Garaian eta Araban, berriz, elkarren aurkako jarrerak izan ziren alderdi barnean: neutraltasunaren aldekoetatik altxamenduaren aldeko atxikimendu gutxi gorabehera bortxatuetara. Horren adibide izan zen Beorlegi jeneralak Donostia hartu eta gero Arturo Kanpion euskaltzale zaharra Diario de Navarra egunkarian Altxamenduaren alde idatzitakoa, idazki horren zintzotasuna auzitan ere jarri den arren.[10] edo Araban Jabier Landaburuk izandako jarrera.[11] Duda horiek zirela eta, Emilio Molak hilabete itxaron zuen, 1936ko abuztuaren 18ra arte, abertzale erakundeen deuseztatzea agintzeko.[11]

Euskal Elizaren jarrera ere heterodoxoa izan zen. Marcelino Olaetxea Iruñeko apezpikuak, hasieran, gerra piztea gaitzetsi zuen, eta uko egin zion tropa karlistak bedeinkatzeari. Hala ere, abuztuaren 6an, Mateo Mujika Gasteizko apezpikuarekin batera, gutun pastorala izenpetu zuen katolikoak «etsai komunaren aurka» borrokatzera deitzeko. Proposatu izan da gutun horiek idaztera behartuak izan zirela;[12] Mateo Mujikari kargua utzarazi ere egin zioten, eta Ipar Euskal Herrian hartu behar izan zuen aterpe, Kanbon.

Apaizeriaren jarrera ere gizartearena bezalakoa izan zen. Nafarroa Garaian gehienek matxinoen alde egin zuten, armak ere hartuta.[13] Stanley Payneren iritziz, Bizkaian eta Gipuzkoan, apaiz asko abertzaleak izanda, politika nahiago zuten nagusiei zor zieten mendetasuna baino. Hori zela eta, 1936ko udazkenerako 15 euskal herritar apaiz fusilatu zituzten matxinoek, "matxinada bultzatzeagatik".[11]

Kezka handitzen Bilbon[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantzia eta Erresuma Batuko itsas armadako ontziak itsasadarreko bokalera hurbildu ziren hainbatetan, Espainiako kostaldean askotan egiten zutena bestalde, ohartaraziz frantsesak eta britainiarrak ebakuatu behar zirela. Bilbon, britaniar kontsulatuetako pertsonak eta, oro har, britaniar komunitateak, ez baitziren gutxi, hiriburutik alde egin zuten langile mugimenduaren goraldiaren beldurrez, Steer-ek kontatzen duenez;[oh 1] izan ere, haietako asko mea ustiapeneko adituak eta ontzioletako teknikariak ziren. Ihes horrek konpon ezineko kaltea egin zion Bilboko negozio munduari eta ekonomiari.[14]

Telesforo Monzon gazteak Bartzelonara bidaiatu zuen armak eskuratzera. Aldiz, ikaratuta atera zen erantzunarekin: Espainiako gobernua Irun eta Donostia defenditzeko 1.000 errifle uzteko prest zegoen, besterik ez.[oh 2] Euskal abertzaleak beren kabuz aritu behar ziren: Bilboko Espainiako Bankuko eta beste bankuetako gordailuen urre guztia atzeman zuten, eta kolpisten itsas blokeoari muzin eginez arrantzontzietan salbu garraiatu zuten Baionara. Bertatik, Monzon eta Irala Parisera eta Alemaniara abiatu ziren armak erostera. Hendaiatik tren bagoi bat arma bete igaro ahal izan zen Irunera Frantziako Alderdi Komunistaren ekintza bati esker, Frantziako gobernuaren oztopoen gainetik.[15]

Nafarroa Garaiko errepresioa eta sarraskiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sartagudako "Memoriaren Parkea".
Sakontzeko, irakurri: «Gerra Zibileko biktimak Nafarroan»

Hasiera-hasieratik, Espainia osorako garrantzi handikoa izan zen Iruñean Mola jeneralak egin zuen altxamendua, oligarkiak, karlistek, Eliza katolikoak eta hedabide nagusiek lagundua.[9] Ondoren, Nafarroa Garai osoan matxinatuen aurkako indarrak erabat desagerrarazteko ahaleginetan, errepresio bortitza ezagutu zen. Karlistaz eta falangistaz osatutako eskuadroiek hiru mila bat lagun hil zituzten.[13]

Bortizkeriaren biktima nagusiak FNTT eta Unión General de Trabajadores sindikatuetako kideak izan ziren. Bi sindikatu horiek nagusi ziren Erriberan, eta lurrik gabeko nekazariak ordezkatzen zituzten. Aipagarria da, alde horretatik, Sartagudako sarraskia: 1.300 biztanleko herrian ia 90 bizilagun hil ondoren, Sartagudak Alargunen Herria ezizena hartu zuen.[16]

Hala ere, Errepublika garaian garrantzi handikoak izan ziren beste auziek, esate baterako Euskal Herriarentzako Sortarauak, ez zuten izan nekazaritza-auziak eragindakoak bezainbesteko errepresiorik. Izan ere, altxatuek Nafarroa Garaiaren euskal nortasuna ez zuten dudatan jartzen.[17] Errepresio hartan, hildako gehien izandako udalerriak Iruñea (298), Lodosa (133), Mendabia (99), Azkoien (89), Corella (87), Sartaguda (84), Milagro (78) eta Azagra (71) dira.

Hona hemen adibide bi:

  • Lodosan 1936ko uztailaren 18an, altxamendu militarraren lehen albisteak herrira iritsi zirenean, bertako langile erakundeek herria okupatu eta erasotzaileei aurre egiteko agindua eman zuten. Horrela, uztailaren 19an herriko gune estrategikoetan barrikadak jarri zituzten, Mendabiarako zubian esaterako. Eskopeta eta trabukoak hartuta, gizon armatuen taldeak atera ziren. Arratsaldeko lauretan Guardia Zibila, matxinatuen aldekoa, kalera irten zen. Tiroketak gertatu ziren bata bestearen atzetik. Guardia zibilek, egoeraz jabetzea lortu ez eta, falangistei laguntza eskatu zieten.
  • Mendabian Gerra Zibilaren lehen egunetan bertako 99 pertsona erail zituzten altxatutako falangista eta erreketeek. Hildako gehien izan zituzten herrietakoa da Mendabia, beraz. 1936ko urtarrileko hauteskundeetan, ezkerreko alderdiek garaipena erdietsi zuten Mendabiako udalean, aurreko bi urteetan izandako eskuindar gobernua garaituta. 1936ko uztailaren 18an legezko gobernuaren aurka izandako altxamendu militarraren oihartzuna, egun bat beranduago iritsi zen herrira, uztailaren 19an. Udalak eta herriko langile-elkarteek egoera kontrolpean zuten hasieran, eta matxinatuen aldeko Guardia Zibilaren aurka borrokatu ziren. Larri zauritutako bi izan ziren: udaletxeko atezaina eta guardia zibil bat.

Lizarrako eta Tafallako kartzeletan, epaiketarik gabeko exekuzioak izan ziren, 1936ko irailean eta urrian, hurrenez hurren.[9]

Elizaren papera eta karlismoaren pisua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroan, Elizak Errepublikaren kontrako jarrera hartu zuen hura ezarri zenetik (1931). 1932an Lizarrako Estatutuak aurrera ateratzen huts egin zuen unetik, karlista bateratu berriek estrategia paramilitar bati heldu zioten Erreketearen bitartez, hura antolatzeko Italia faxistaren entrenamendua eta aholkularitza jasoz. Manuel Fal Conde buruzagia aritu zen horretan. Elizak, El Pensamiento Navarro eta El Diario de Navarra orduko egunkari garrantzitsuenak lagun zituela, gogor ekin zion Nafarroa hegoaldeko mugimendu ezkertiarren kontra eta, ñabardurak ñabardura, euskal abertzaletasunaren kontra. Bigarren egunkari horretako zuzendari Raimundo Garcia Garcilasoren bitartekaritzaz, Molak eta Ignacio Baleztenak nafar karlistak estatu kolpeari atxikitzea hitzartu zuten 1936ko uztail hasieran.

« Abartzuzako tertzioa, gaurkoan merezimendu osoz domina militarraz kondekoratuko dutena, ez da atzokoa, ezta gerra hasieran hain gartsuki osatu zutenekoa ere, jakina baita karlista guztiok geundela haren zain aberria salbatzeko; beste batzuek "taktika" zaharkitu galgarritan alferreko saioak egiten zituzten bitartean, gu erreketea antolatzeko lanetan ari ginen eta beharreko prestakuntza militarra eskaintzen genien haren galdezka zebiltzan gure mutil adoretsu guztiei (...).

1931ko urtearen bukaeran hasi ziren Abartzutzako tertzioa eta beste batzuk antolatzen. Eratu zen (...) pentsatuz iraultzari ezin zaiola maite-maite eginez irabazi, arma eraginkor zapartariak behar dira horretarako.

Apez karlistak izan ziren Abartzuzako tertzioaren laguntzaile eraginkorrenak: lur honetan, Jainkoari eskerrak, % 99 ziren haietakoak eta patruilak eta taldeak eratu zituen apez bakoitzak bere herrian. Horrexegatik uztailaren 19ko ikuskizun miragarri hura, apezak aitzinean, gurutzada-doinua emanez mugimenduari; prestatu eta trebatu ondoren, animatu eta borrokara bultzatu zituzten gartsuki txapelgorri adoretsu haiek.

 »

El Pensamiento Navarro, 1938ko uztailaren 22an

1936ko uztaileko estatu kolpearen prestaketan, elizgizon ugarik partaidetza aktiboa izan zuten. Manuel Artze Otxotorena Zamorako apezpikuak, estatu kolpe aurretik Nafarroara egindako azken bisitan, sotanak baino fusilak bidal ziezazkiotelako desioa adierazi zion Iruñeko bere jostun konspiratzaileari. Elizgizonek harreman estua zuten karlista eta militar matxinoekin, eta berehala onartu zuten agur faxista; batzuk gogotik abiatu ziren frontera.[18] Lucio Urtubiak lehen eskutik eta gordintasun osoz azaltzen du Nafarroan orduan aurkitu zuen Eliza zapaltzailearen erretratua.[19]

Abuztuaren 23an, El Diario de Navarrak kolpisten altxamendua 'gurutzada' deitu zuen, eta egun horretan bertan Nafarroako hiriburuan erreketeek zein falangistek ezkertiarren hilketetan parte hartu zuten. Marcelino Olaetxea Iruñeko apezpikuak zalantzak agertu zituen hasieran altxamenduarekin, kasu batean azaroaren 15ean sermoi batean erretagoardiako odol jarioa eteteko deiadar eginez, baina Nafarroako Elizan kasu bakana izan zen gehiegikeriez ohartarazten.[20] Elizgizon eta apaiz gutxi batzuek espantua agertu zuten matxinoen errepresioaren tamaina ikusita, eta horregatik Elizatik baztertu eta urrutiratuak izan ziren, edo ihes egin zuten.

Gipuzkoaren konkista[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Altxamendu militarraren porrota[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Gipuzkoako kanpaina»

Donostian Carrasco koronelak altxamenduarekin bat egin zuen, ez berehala, ordea.[21] Herri mugimendua erabakigarria izan zen Donostiaren defentsa errepublikazalerako. Leku funtsezkoetan zeuden falangistak neutralizatu zituzten eta, uztailaren 21ean, Urbieta kalean egin zieten aurre altxatzea erabakitako Loiolako kuarteleko tropei. Trenez probintziatik iritsitako laguntza indarrek (Guardia Zibilaren laguntzaz)[erreferentzia behar] erabaki zuten gudua alderdi baten alde, eta altxatuen tropei atzera eginarazi zieten. Egun batzuen buruan, uztailaren 28an, militarrek amore eman zuten Donostiako Defentsa Batzordearen (Junta de Defensaren) aurrean, baina armak anarkistek hartu zituzten.[22] Amore emate horretan, EAJko kideen lana erabakigarria izan zen, negoziazioak bultzatu baitzituzten: EAJk 1936ko abuztura arte ez zuen Errepublikaren aldeko jarrera ofizialik hartu.

Errepublikazaleak defentsak prestatzen, San Marko aldean (Astigarragatik gertu)

Sozialistek eta anarkistek Donostia eta Irungo kaleak kontrolatu zituzten eta abertzaleak ez ziren zenbait katoliko eta kontserbadore fusilatu. Donostiako Ondarreta, Hondarribiko Guadalupe eta Tolosako kartzeletan sarraskiak eta epaiketaz kanpoko exekuzioak izan ziren, miliziano abertzaleek gelditu ezin izan zituztenak.[11]

Hurrena mugarekin lotura mantentzea izan zen helburua. Likinianok gidatutako anarkistak ziren indartsuenak Donostian, eta Irun aldera jo zuten sozialista, komunista eta ANVko abertzale ezkertiarrekin elkarturik, Aiako Harriaren inguruan Bortzirietatik sartzen ari ziren Solchaga jeneralaren indar karlistei aurre egiteko. Borroka latza izan zen mendian, eta Donostia hiriburuan eskuindarren hilketak ugaldu egin ziren, Ondarretako kartzelaren erasoa barne.

Matxinoak Donostia eta Irunen atarian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Indar kolpistak desfilatzen Donostia okupatu berritan

Altxamenduaren lehendabiziko astean, Nafarroa Garaian zortzi zutabe antolatu ziren, batik bat erreketez osaturik, baina baita neurri handi batean falangistez eta soldadu erregularrez ere. Zutabeak laster joan ziren zutabe banatan Zegama aldetik Goierri eta Gipuzkoan barrena Donostia konkistatzera, eta Bortzirietatik muga konkistatzera. Bidean gipuzkoar tradizionalista eta karlista asko batu zitzaizkien.

1936ko abuztuaren 5ean, zortzi zutabeetako hiruk Irungo mugarantz jo zuten muga-postuak hartzeko, Errepublikari hornidurak eta komunikazioak mozteko asmotan. Bitartean, italiar hegazkinek eta Almirante Cervera zein España armadako itsasontziek Donostia, Irun eta Guadalupe bonbardatu zituzten, eta izua zabaldu. Abuztu erdialdetik aurrera, hornidura eta janaria guztiz urritu ziren. Eskuindar matxinatuek Badajozeko sarraskia errepikatzeko mehatxu egin zuten Irunen erresistentzia egiten jarraituz gero.

Matxino kolpistak Donostian sartzen, El Diario Vasco egunkarian

Abuztuaren 26an, San Martzialeko gotorlekua eraso eta, Legio eta hegazkinen laguntzari esker irailaren 2an bereganatu zuten.[23] Uda amaieran Irun galdu zuten errepublikanoek, eta utzi baino lehen anarkistek su eman zieten Irungo zati askori. Matxinoen erreakzioaren beldur, herritar ugarik muga pasa zuten. Donostian, matxinatuen bost zutabe sartu ziren irailaren 13an. Ondoren, nahiz eta momentu hartan Donostiak bere populazioaren heren bat galdua eduki, hiriko biztanle asko ihesi joanak baitziren, artean beste hamar milaka batzuek ihes egin zuten. Inbaditzaileek 'garbiketa' sistematikoa burutu zuten.

Matxinoek Gipuzkoa azpiratu[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gudaroste karlistak berriz bildu eta Bizkai aldera jo zuten. Irailaren 22an Deba ibaira heldu ziren. Ordura arte, Gipuzkoa defendatzeko borroka ezkerreko milizianoek egin zuten, eta EAJren laguntza indar gutxiagokoa izan zen.[11] Irailaren 29an, Mola jeneralak zuzenduta tropa gehiago sartu ziren Gipuzkoara, bazirudien Bizkai osoa berehala eroriko zela kolpisten oinpean. Ondo hornitutako alemaniar Junker 52 hegazkinak lehenengo aldiz heldu ziren Iparraldeko Frontera Gasteiztik aireratuz, defentsarik gabeko Bilbo ere bonbardatuz (irailak 25 eta 26), baita hiri horretan ehunka hildako utzi ere; une horretan, hirian biltzen ziren, gainera, Donostiatik ihesi heldutako errefuxiatuak, galduta bizimodua atera nahian zebiltzala. Errepresalian CNTko kideek espetxe itsasontzietako 68 preso hil zituzten.[24]

Telesforo Monzon Alemanian eta Europako beste toki batzuetan ibili zen armak erosten. Errepublikak alemaniar jatorriko armategi bat erosia zuen eta, Europako herrialdeek Ez Interbentzioko Hitzarmena sinatu berritan, Bordeleko tren geltokian geldiarazita zegoen bagoietan.[oh 3] Lezo Urreztietak (Lethok) eta bere gizonek gauez atera ahal izan zuten bertatik, eta itsasontziz garraiatu zuten Hanburgon erositako armategia Baionaraino. Steer-ek kontatzen du kolpisten itsas blokeoari (Canarias, España eta Almirante Cervera itsas armadako ontziei) izkina eginda Bilbora sartu zela Letho,[oh 4] kontrabandista eta ekintzaile politiko jeltzalea, eta bere itsasontzi txikiak salbatu zuela frontea.[25] Bilbon kutxak ireki ondoren, metrailadore automatikoak abiada batean eraman zituzten Eibarrera eta Elgetara.[26]

1936ko irailaren 25ean San Asentsioko ermitaraino heldu ziren baina atzera egin behar izan zuten. Era berean, urriaren 4an Gaztelumendi hartzea ere lortu zuten.[erreferentzia behar] Hala ere, bitan atzera boteak izan zirenez, posizioa mantendu baino ez zuten egin. Errepublikanoek eutsi ahal izan zieten karlisten aurrerakada ahaleginei. Urriaren 12an Molak aurreratzea gelditzeko agindu zuen, eta horren ondoren frontea egonkortu egin zen, ia Gipuzkoa osoa matxinoen eskutan zegoela.

Frontea Bizkaia eta Gipuzkoa arteko mugan zehar zegoen:

Eibar erdialdea Molaren hegazkin italiar eta alemaniarrek suntsitua (1937ko apirila)

Orduan esan daiteke Camino de los Toldos izenekoa zela benetako fronte lerroa:

Hau da, mendebaldean, errepublikazaleen kokalekua zuten aldea: bere posizioetatik erraza zen harana eta San Asentsio zabaldegia tirokatzea.
  • Ekialdean, haranaren hegala baino lehen dagoen zelaigunean, Camilo Alonso Vegak zuzendutako 9 batailoiek osatutako "IV Brigada de Navarra" zegoen. Bederatzi batailoietatik seik erdigunea eraso zuten, San Asentsio zabaldegira. Beste hiru batailoik hegaletan bigarren mailako erasoaldiak egin zituzten. Tertzio Karlistek Falange eta Marokoko erregularren laguntza izan zuten.

Eusko Jaurlaritzaren sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «1936ko Euskadiren Autonomia Estatutua»
Jose Antonio Agirre Lekube, lehenengo lehendakaria, 1939an Aberri Egunaren ospakizunetan, deserrian.

Bizkaian kuarteleratutako armadak 1936ko uztailean errepublikarren alde egin zuen. Berehala Defentsa Biltzarrak osatu zirenez, uztailaren 23an EAJk miliziano taldeak osatzeari lotu zitzaion. Uztailaren 29an, EAJk guardia boluntarioak biltzeko deia egin zuen, eta abuztuaren 5an Bizkai Buru Batzarrak bere milizianoen desfilea antolatu zuen Bilbon.[11]

Gerrako lehen hiru hilabeteetan, Bizkai eta Gipuzkoako zenbait eliza arpilatu eta suntsitu zituzten anarkista taldeek, eta 50 apaiz inguru erail. EAJk, bere miliziak antolatzeke zituen eta, ezin zituen ekintza horiek geldiarazi.[11]

1936ko irail bukaeran, Bizkai Buru Batzarrak inoiz baino duda gehiago zituen Errepublikari emandako sostenguaz, batez ere irailaren 25ean Altuna-Mendi eta Cabo Quilates itsasontzi-espetxeetan egindako sarraskiak eta gero. Buruzagi jeltzaleak arrakastarik gabe saiatu ziren britainiar diplomaziarekin harremanetan jartzen, Londresek euskal gobernu autonomo bat babes zezan. Mugimendu horien berri izan ondoren, Errepublikako Gobernuak Valentzian urriaren 1ean onartu zuen Euskadiren Autonomia Estatutua. Gainera, gerraren bilakaera kontuan hartuta gaizki hartutako erabakia izan arren, Gibraltarko itsasartea blokeatzen ari zen eskuadra Bizkaiko golkora bidali zuen, horrela Francoren armadari Afrikatik Iberiar penintsularako bidea irekiz. Itsasontziek Bilbon 20 egun eman zituzten. Garai berean, Bilbora errusiar merkantzia-ontzi bat heldu zen, armekin; horri esker, bizkaitarren adorea sendotu zen.[11]

1936ko urriaren 8an Gernikako Batzar Nagusian Jose Antonio Agirrek Eusko Jaurlaritzaren lehendakari kargua zin egin zuen.[28] Gobernuak bederatzi hilabete iraun zuen. Batasun gobernua sortu zuen abertzale, komunista, errepublikazale eta sozialistekin. Beronen ekimena praktikan estatu independente batena izan zen, halabeharrez gerrak bultzatuta: bere unibertsitate, diru, armada, eta abarrekin.

Estatutu berria Elgetako Estatutua izenaz ere ezaguna izan zen, matxinoek Elgeta konkistatu zutenean onartua izan zelako. Agirrek zin egin zuenean, ekitaldian parte hartu zuten gudari gazteek "Estatutua ez, Autonomia bai" oihukatu zuten. Luis Arana Goirik ados ez zegoela adierazteko alderdia utzi zuen egun hartan, baina alderdikideei alderdia ez uzteko eskatu zien.[11]

Eusko Jaurlaritza sorberriak hartutako lehendabiziko neurrietako bat indar polizial guztiak desegitea eta bere ordez Ertzaintza jartzea izan zen. Horrela, ordena publikoa hobetu zuen eta, salbuespenak salbuespen, exekuzio politikoekin bukatu. Hala ere, ezin zituen Bilboko sarraski basatiak geldiarazi: 1937ko urtarrilaren 4an, Larrinagako espetxean zeuden 224 preso politiko erail zituzten miliziano sozialistez osatutako batailoiek.[29] Gudariek sarraskia gelditzea lortu zuten, 100 preso salbatuz. Eusko Jaurlaritzak erantzuleak epaitu eta haietako sei fusilatu zituen. Eraso honen ondoren, Eusko Jaurlaritzak frontetik zortzi batailoi kendu zituen Bilbon ordena publikoa mantentzeko.[11]

1936ko urriaren 5ean Bilboko Burdin Hesia eraikitzeari ekin zion Jaurlaritzak.[30] Lanak bukatu eta hilabetera, lanen zuzendariordea atxilotu eta fusilatu zuten, matxinoekin harremanetan jartzen saiatzeagatik.[11]

Urriaren 16an, Eusko Jaurlaritzak errekluten lau kintak soldadutzara deitu zituen. Urri erdian, Bilbora hegazkin, kanoi, metrailadore eta armaz jositako itsasontzia heldu zen. Urriaren 26an, Agirrek eusko indar guztiak berak zuzendutako Euskadiko Defentsa Batzarraren aginduetara zeudela aldarrikatu zuen, hau Errepublikako Armadatik independentea zela adieraziz. Azaroaren 7an, Eusko Gudarostearen Aginte Nagusia sortu zuten. Eusko Gudarosteak 1936ko azaroaren 20an entrenamendu gabeko infanteriako 27 batailoi zituen, 25.000 lagun ingururekin. Gainera, frontean 10.000 eta 12.000 miliziano inguru zituen, orduan geldirik.[11][31]

Legutioko ofentsiba[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Legutioko gudua»

Matxinoak Madril hartzeari ekin ziotenez, Errepublikako Gobernuak Eusko Jaurlaritzari frontea hautsi zezan eskatu zion. Azaroaren 30ean egin zen Euskal Armada eratu berriaren erasoaldi bakarra eta azkena, Legutioko gudua edo ofentsiba izenekoa. Horretarako 29 batailoi, 5 ingeniarien konpainien laguntza zutenak, 25 kanoi eta 8 gerra-gurdi aukeratu zituen Gasteiz Errepublikarentzat berreskuratzeko.

Operazio horren helburua zen altxatutakoek Sevilla eta Irun artean zuten komunikazio-lerroa zatitzea. Hori lortu nahian, Bizkai hegoaldetik eta Deba Goienatik bi zutabek eraso zuten karlistek defendatutako Legutio.[32] Francok errefortzuak bidali eta abenduaren 12an errepublikarrek erasotzeari utzi zioten, beren gudarietatik 1.000 inguru hil ondoren.[11] Alde batetik, erasotzaileen prestakuntza faltak koordinaziorik eza ekarri zuen eta, bestetik, erasoaldiaren porrotean ikusi zen bi gudarosteen arteko desberdintasuna: nahiz eta zenbaki aldetik bien artean alde nabarmenik ez izan, gerrako hegazkinek, beren bonbardaketekin, abantaila handia ematen zioten Molaren armadari.

1936ko azaroaren 24an Errepublikako Gobernuak Espainia iparraldeko gudaroste guztiak Ejército del Norte (Iparraldeko Armada) izenekoan batzea erabaki zuen, Francisco Llano de la Encomiendak zuzenduta. Bateratzea teorian baino ez zen egin, Agirrek ez zuen eta onartu. Lehendakariak komisario politikoen sistemari uko egin zion, eta Iparraldeko Armadaren Aginte Nagusian prestakuntza militar eskaseko komunistak zeudela-eta arranguratu zen. 1937ko urtarrilean Agirrek honela idatzi zion Llanori, hau Bilbon zegoela: Eusko Jaurlaritzak bere indar guztien antolakuntza berria onartu arte... esklusiboki Eusko Jaurlaritzaren agindupean egongo dira.

1937ko otsailean, Llanok Bilbo utzi eta Santanderren jarri zen.[11] 1937ko otsailean ere, Eusko Gudarosteko zazpi batailoik Asturiasko fronteari laguntzera joan ziren.[33] Candido Sasetaren aginduetara, Oviedo hartzeko kanpainan hartu zuten parte. 1937ko martxoaren 5ean, Eusko Itsas Gudarostearen Bouren eta Canarias gurutzaontziaren arteko Matxitxakoko itsas bataila gertatu zen. Guduaren ondorioz, euskotarrek Bou Nabarra galdu zuten.[34][35]

Bizkaiko ofentsiba eta Gernikako bonbardaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gudariak Elgetan, 1936ko urritik aurrera
Eibarretik ihesi mendebaldera
Sakontzeko, irakurri: «Durangoko bonbardaketa», «Intxortetako gudua» eta «Gernikako bonbardaketa»

Negua eta gero, 1937ko udaberri aldera hasi zen Bizkaia menderatzeko frankisten ofentsiba, Iparraldeko frontea izeneko kanpaina hasiz. Horretarako, Molak lau errekete-brigada nafar erabili zituen, 28.000 lagun ingururekin: Brigadak Araban eta Gipuzkoan osatutako 10 batailoi, karlista nafar asko eta Espainiatik etorritako tropa erregularrek osatuta zeuden. Gainera 65. Kondor Legioko 140 hegazkinen, eta artilleriako 7 kanoi-bateria italiarren laguntza izan zuen. Horiek bere alde zuten airea eta baita itsasoa ere, Euskadiren kostaldean ezarritako blokeoarengatik. Ofentsiba hartan arma berri bat erabili zuten, ordura arte munduko inongo gerratan ikusi gabea: erretaguardiako herritar zibilak bonbardatzea eta herriak suntsitzea, morala jaisteko eta erresistentzia ahultzeko xedez.

Trintxerak, atzean Urkiolako santutegia dutela

Hala, martxoaren 31n, Durango bonbardatu zuten. Durangoko bonbardaketan Aviazione Legionariako italiar hegazkinek 336 pertsona hil zituzten.[36] Ofentsibaren etapa honetan, Eibar, Elgeta, Elorrio eta Otxandio ere bonbardatuak izan ziren, lehen lerrotik gertu zeuden herriak baitziren. Eusko Gudarostearen posizioen aurka aire eta artilleria bidez gogor egin ostean, altxatuek lurretik ekin zioten Bizkaiaren inbasioari. Soldadu faxistek Zabalanditik hautsi zituzten errepublikarren posizioak. Arratzola laster hartu baina orografia zela eta ezin zuten arin ibili. Eguraldi txarra zela eta, apirilaren 7an ofentsiba eten egin behar zuten. Apirilaren 13an Eusko Gudarosteak kontraeraso egin eta zenbait posizio berreskuratu zuen.[11]

Une horretan, apirilaren 20 eta 24aren artean, Intxortetako gudua ezaguna gertatu zen, eta matxinatuek eusko gudarien fronte-lerroarekin talka egin zuten, Elgeta inguruan.[37] Hasiera batean, Euskadiko konpainiek erasoaldia atzera botatzea lortu bazuten ere, azkenean Intxortak eta Udalatx menderakaitza erasotzaileen eskuetan gelditu ziren; halaxe, frontea hautsi zen, eta matxinatuei Bizkaiarako sarrera irekita geratu zitzaien. Apirilaren 26an, Eibar ere galdu zuten errepublikazaleek, eta berehala eskuindar matxinoek Durango konkistatu zuten. Hiru egun geroago, berriz, kolpistek Gernika ere mendean hartu zuten, alemaniarrek foruen herria bonbardatu eta hiru egunera. Hilabeteko erresistentzia bortitza suntsituta gelditu zen.

Gernikan egindako sarraskia munduan ezaguna egin zen, bai George Steer kazetari britainiarrak The Times egunkariarentzat egindako kronikari bai Pablo Picassok Parisko Nazioarteko Erakusketarentzat egindako koadroari esker.[38] Eusko Jaurlaritzak orduan egindako zenbatespenaren arabera, Gernikan 300 lagun hil eta 889 zauritu ziren.[39] Hamarkada luzetako gezur ofizialaren eta kopuruen inguruko nahasmenduaren ondoren, erabakigarria ei den 2016ko ikerlan oso batek 2.000tik gora hildako zenbatu ditu.[40] Gernikako arbola, euskal herritarren eskubideen ikurra dena, zutik jarraitu zuen eta matxinoek herria konkistatu zutenean hantxe plazaratu zuten karlisten guardia. Gernikatik kostaldera jo zuten matxinoek. Apirilaren 30tik maiatzaren 4rako egunen artean Bermeoko gudua izan zen, non Mundakako itsasadarra galdu zen.[41]

1937ko maiatzaren 5ean Agirrek eusko operazio militar guztien agintea bere gain hartu zuen. Armei heltzeko edota gotorlekuak eraikitzeko lanak egiteko gai ziren bizkaitar guztien mobilizazioa agindu zuen. Guztira 70.000 gudari inguru bazituen ere, teorian baino ez zen hala denentzako armak ez zituelako. Eusko Gudarosteari laguntzera hainbat gudari etorri ziren Kantabria eta Asturiastik, baina, bortizkeriaz eta estremismoz jokatzen zutenez, euskal herritarrek ez zituzten begi onez ikusi.[11] Agintea lortu eta berehala, Agirrek maiatzaren 6tik maiatzaren 14rako egunen artean Sollubeko guduan zuzendu zuen Eusko Gudarostea. Gudu hartan, Bizkaiko lur laua galdu zuen.[41]

Bilboren galera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Bilboko gudua»
Bilboko portuaren bonbardaketa, 1937ko ekainaren 5ean.

Bizkai ia guztia hartuta, frankistei Bilbo gelditzen zitzaien hartzeko. Batailaren garrantziaz jabetuta Franco eta Mola berberak izan ziren guda zelaian. Maiatzaren 8an, Errepublikako Gobernuak bidalitako 50 ehiza-hegazkinetatik 45 heldu ziren Bilbora. Tamalez, ondo defendaturiko aireportuen ezak eta eskifaien eskarmentu eskasak laster amaitu zuten hegazkinekin.[11]

Maiatzaren bukaerarako, Nafarroa Garaiko errekete-tertzioak Bilboko Burdin Hesitik hurbil ziren, eta hesiaren % 40 baino ez zegoen eginda. Matxinoek ahulezia guztien jakitun ziren, Pablo Murga ingeniariaren traizioari esker —eta, askoz neurri txikiagoan, Alejandro Goikoetxea ingeniariaren traizioari esker— planoak lortu zituztelako.[11][42][30] Gainera, Burdin Hesiaren defentsa sistema zaharkitua zen, orduan sortu berriak ziren hegazkin bidezko erasoei aurre egiteko ez baitzen aproposa,[43][44][30] eta Burdin Hesia fetitxe modukoa izan zen: eusko gudariek uste osoa zuten menperaezina zela, eta frankistei aurre egin gabe atzera egin zuten, defendatzeko egokiagoak ziren hainbat posizio utzita, Burdin Hesian babes egokiagoa izango zutelakoan. Eusko Gudarosteko ofizial izandako Joseba Elosegik gogor kritikatu du Bilboko Burdin Hesia egin izanak eusko armadari eragindako kaltea.[45]

Bitarte horretan, Mola jeneral matxinoa 1937ko ekainaren 3an hil zen hegazkinez Gasteizera zihoala, eta hegazkina egungo Alcocero de Molan erori zenean.[46] Ekainaren hasieran bertan, Errepublikako Gobernuak Bilbora Mariano Gamir Ulibarri euskal herritarra bidali zuen, eta Agirreri aginte gorena haren esku uzteko eskatu. Gamir militar profesional eta independentea zenez, Agirrek onartu egin zuen, eta 40.000 eusko gudarien agintea eman zion gudua aurrera ateratzeko. Ekainaren 11an, matxinoak Bilboko Burdin Hesia setiatzeari lotu zitzaizkion, eta 36 orduz erasota, 500 hildako inguru izanik, haustea lortu zuten.

Bilbo erortzear zela, Prietoren Errepublikako gobernuak Agirreri agindu zion Gamir Bilbo defendatzeko gai ez bazen Ezkerraldeko industria txikitu egin behar zuela. Irunen gertatutako eta Donostian jeltzale eta sozialista eta anarkisten milizianoek izandako borrokak jakinda, Agirrek hori eragozteko asmoa adierazi zion. Agirrek gudariei sabotajearen saiakerak geldiarazteko agindua eman zien, eta 2.000 bat preso politiko askatu zituen, bai eta frankisten lerroetaraino lagunarazi ere. Hala eta guztiz ere, EAJko batailoien eta Asturiasko batailoien arteko borrokak izan ziren, asturiar haiek Deustu erre nahi zutelako.[11][47] Nolanahi ere den, aireko bonbardaketak lagun, astebetean setiatzaileak gai izan ziren erresistentzia zapuzteko. Ekainaren 19an Bilbo hartu zuten. Hamar egun geroago, Francoren tropek Bizkai osoa konkistatu zuten. 20.000 gudari inguruk Kantabria aldera jo zuen.[11]

Santoñako amaiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

EAJko hainbat buruzagi Bilbotik erbestera bidean (1936)
Sakontzeko, irakurri: «Santoñako hitzarmena»

Aurretik italiarri ukatutako negoziazio bidea berriz ireki zuen Eusko Jaurlaritzak Alberto Onaindia apaizaren bitartez.[48] Euskal Herria galduta zegoen eta ez zegoen borrokan jarraitzeko asmorik gehienen aldetik. Borrokan jarraitu nahi zutenek Katalunia aldera joateko desioa zuten han Asturiasen baino indar handiagoz baitzeuden errepublikazaleak. Juan Ajuriagerrak abuztuaren 21ean sinatu zuen Santoñako hitzarmena Corpo Truppe Volontarie izeneko italiar soldadu ostearekin.[11] Gudariak Santoñan elkartu ziren, eta espetxetik 2.500 bat preso politiko askatu zituzten. Komandanteak «Euzkadiko Errepublika» aldarrikatu zuen, eta ofizial bi fronte-lerroa zeharkatuta Corpo Truppe Volontarie armadako agintariekin jarri ziren hizketan. Italiarrek, eusko gudarien bizitzaren truke, guztizko errendizioa eskatzen zuten.

Horrela jokatzeak Espainiako Errepublikaren lehentasuna ez onartzea zekarren, eta euskal herritarrek errepublika hari egindako traizioa zen.[49] Hala ere, italiarrek berek traizioa egin zioten hitzartutakoari, eta gudariak eta agintariak frankisten esku utzi zituzten ihes egiteko aukerarik eman gabe.[50] Miliziano ez abertzaleek osatutako batailoiek berriz Asturiasen borrokatzen jarraitu zuten, iparraldeko frontea desagertu arte.[51]

Ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Altxamendua izan eta urtebete baino lehenago Hego Euskal Herria galduta, Eusko Jaurlaritzak, ordutik aurrera, erbestean lan egin behar izan zuen. Matxinoak 1937ko ekainean hiriko defendatzaileek lehertarazitako Bilboko zubiak berreraikitzen hasi ziren. Madrileko gobernutik, Indalecio Prietok Ezkerraldeko industria suntsitzeko agindua eman zuen eskuindar matxinoek beren alde erabil ez zezaten. Jaurlaritzak (Leizaolak, Jose Antonio Agirrek) erabaki zaila hartu behar izan zuten: industrialdea bere horretan uztea, euskal herriaren geroa erraztuko zuelakoan.

Bilbo hartu eta egun batzuk geroago, Francok bertan behera utzi zituen Bizkai eta Gipuzkoako foruak, «provincias traidoras» izendatuz. Altxamenduarekin bat egindako Arabak eta Nafarroa Garaiak, berriz, zenbait eskubide foral mantendu zituzten, tartean beren polizia eta zerga batzuen autonomia.

Donostiako okupazioaren ondoko desfileetako bat
Okupatzaileen desfile bat San Bartolomen behera

Euskal herritarrek bertan jasan zuten errepresioak eta zapalkuntza ideologikoak berrogei urte gehiago iraun zuen. Santoñan saldutako gudariak Euskal Herri inguruko kartzeletara (Logroño, Burgos...) preso politiko eramanak ziren. 1936ko uztailean hasitako errepresioa zabaldu eta areagotu egin zen. Iruñeko San Kristobal gotorlekuan zeuden presoek 1938ko maiatzaren 22an ihes egin zuten. 795 iheslarietatik, frankistek ia denak, 585, harrapatu eta 211 erail zituzten.[9] Erbesteratuak ere milaka izan ziren, Europara eta Hego Amerikara bidean.

Milaka hego euskalerritarrek jo zuten Ipar Euskal Herrira, baina han ez zuten batere harrera onik aurkitu. Izan ere, gerra zibilaren hasieratik frankisten alde buru-belarri aritu ziren Iparraldeko hautetsi eta hedabide gehienak, baita euskara hutsez argitaratzen zen Eskualduna astekaria ere. Errepublikaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako eta kolpisten aldeko jarrera horretan, eusko abertzaletasunaren aurkari zen Jean Ibarnegarai euskal herritar diputatu antikomunista eta faxista izan zen gehien nabarmendu zen politikaria. Hala, bada, Hego Euskal Herriko iheslariak kontzentrazio esparruetan sartu zituzten, bereziki Gursekoan.[52]

Kronologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kronologia orokorra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1936[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1937[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aire-gerraren kronologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Durangoko bonbardaketaren oroitzeko plaka.
Sakontzeko, irakurri: «Durangoko bonbardaketa» eta «Gernikako bonbardaketa»

Itsas-gerraren kronologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Eusko Itsas Gudarostea»
Almirante Cervera, gurutzaontzi matxinoa.

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Britainiar admiraltetzak aginduak eman zituen Espainiako gobernuaren peko lurraldetik britainiar guztiak ateratzeko; berez, eskuinera lerratzen ziren, Francoren mugimenduaren zaleak ziren; ikus Steer, G.L. 2009, 73. or.
  2. ’Prest’ agertu ziren atzerrian armak erosteko, baina promesa hori beti atzeratzen zen.
  3. Hain zuzen, Baionaraino heldu zen armaz betetako tren kargamentua, baina Frantziako gobernuak atzera agindu zuen Bordelera.
  4. George Steerek izena entzun bezala idatzi zuen, Lezo aditzera emateko.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Toribio Etxebarria, Viaje por el país de los recuerdos (1968) ISBN 84-7173-54-1
  2. 1936ko Espainiar Hauteskunde Orokorretako emaitzak
  3. ya.com: La victoria del Frente Popular
  4. navarraconfidencial.com: Las elecciones de 1936 en Navarra
  5. 1936ko Espainiar Hauteskunde Orokorrak
  6.   «Emilio Mola, el ‘Director’ que diseñó el horror del 36», Naiz, 2016-08-31, http://iruindarra.naiz.eus/eu/info_iruindarra/20160831/emilio-mola-el-director-que-diseno-el-horror-del-36 .
  7.   Ayala Arozamena, Amaia, «Fortunato Aguirre Luquin», Auñamendi Eusko Entziklopedia, Eusko Ikaskuntzaren Euskomedia Fundazioa, http://www.euskomedia.org/aunamendi/17575 .
  8. Vázquez de Prada Tiffe, Mercedes: «La Guerra Civil», in Historia Ilustrada de Navarra, 1993, Diario de Navarra, ISBN 84-604-7413-5
  9. a b c d Askoren artean: Navarra 1936. De la esperanza al terror, 2004, Altaffaylla, Tafalla. ISBN 84-930957-9-6
  10. Auñamendi Entziklopedia
  11. a b c d e f g h i j k l m n o p q r s t u Stanley G. Payne: El Nacionalismo Vasco. ISBN 84-7235-196-3
  12. Jackson, Gabriel (2005). La República española y la guerra civil. RBA. ISBN 84-473-3633-6.
  13. a b Casanova, Julián (2001). La Iglesia de Franco. Madril: Temas de Hoy. ISBN 84-8460-080-7.
  14. Steer, G.L. 2009, 73-74. or.
  15. Bigarren bat ezin izan zen pasa, eta Bordelera bidali zuten bueltan; ikus Steer, G.L. 2009, 75-77. or.
  16. Berria: "3.273 fusilatu oroimenean"
  17. Jimeno Jurio, Jose Maria: Navarra jamás dijo no al estatuto vasco (1977) Iruñea: Txalaparta ISBN 84-8136-021-X
  18.   Preston, Paul (2013), The Spanish Holocaust, HarperPress, 182. orrialdea, ISBN 978-0-00-638695-7 .
  19.   (Youtube) Charla con Lucio Urtubia, CGT/LKN Bizkaia, 2014-04-15, 07’02", https://www.youtube.com/watch?v=clRQxMj1H80. Noiz kontsultatua: 2017-05-27, ["Orain hitz egiten da horri buruz lehen aldiz, nik Elizak egindako krimen eta gehiegikerien lekukoa baino ez naiz, eta Eliza horrek nahi izan balu, hori guztia eragotzi ahal izango zen. Nafarroako Erriberan, 4.000 inguru hil zituzten fusilatuta, kalterik, minik inori eman ez zion jendea, langileak ziren besterik ez, baserritarrak, goseak jotakoak eta, horregatik, errepublikazaleak zirelako, edo CNTko kideak, edo UGTkoak fusilatu zituzten, eta Eliza katolikoaren konplizitateaz, horregatik ez dut Elizan sinesten, Eliza hori beldurgarria zen. Eliza horrek on Pablo edo on Bitorianoren modukoak zituen bere baitan: goizero behera jaitsi, fusilamendu exekuzioetatik etorritako haurrak zeuden hor, eta galdetu egiten zien, 'zenbat, zenbat gaur?', eta gaztetxoek erantzun, 'hiruzpalau', eta besteak erantzun, 'kopuru txikia, kopuru txikia da'. Nik hori guztia bizi izan dut". Dibulgazio laburpena] .
  20. Preston, Paul. 2012, 140. or.
  21.   Barruso Barés, Pedro, San Sebastián en los siglos XIX y XX, http://www.ingeba.euskalnet.net/liburua/donostia/46contem/46contem.htm .
  22.   Barruso, Pedro (1996), Verano y revolución. La guerra civil en Gipuzkoa (julio-septiembre de 1936), Donostia: Haramburu, http://www.gipuzkoa1936.com/verano-e.php .
  23.   Usabiaga, Marcelo (2006ko ekaina), «Así fue la Batalla de Irún», Historia 16 (362): 72-85, http://www.asociacionrepublicanairunesa.org/cas/batalla_irun.php .
  24.   Steer, George L. (2009 (1938)), The Tree of Gernika, Faber and Faber Ltd., ISBN 978-0-571-25513-9 .
  25. Steer, George L. (2009 (1938)), 291-293. or.
  26. Steer, George L. (2009 (1938)), 292, 75-77. or.
  27. www.berria.info
  28. Alberto Bru, Jordi Pedrosa eta Txema Prada: Formación del Gobierno y del Euzko Gudarostea (Ejército Vasco)
  29.   Villa, Imanol (2007-01-17), «Asalto a las cárceles», El Correo, http://www.elcorreo.com/vizcaya/prensa/20070107/vizcaya/asalto-carceles_20070107.html .
  30. a b c Imanol VILLA: «El Cinturón de Hierro», El Correo, 2007-02-11.
  31. Hugh Thomas, The Spanish Civil War, Londres: Penguin. 2003 ISBN 0-14-101161-0
  32. a b Jon Irazabal Agirre: La Guerra Civil en el Duranguesado (1936-1937), Abadiño: Gerediaga Elkartea, 2007. ISBN 84-933999-7-3
  33. Emparan Ortiz, José Ramón (1999): Kandido Saseta Etxeberria, Hondarribia.
  34. a b Berria: "Juan Telletxea 'Nabarra' ontziko marinelaren elkarrizketa"
  35. a b Berria: "Matxitxako itsas-batailaren deskripzioa"
  36. Jon Irazabal: 1937 martxoak 31 Durango, Gerediaga Elkartea, 2001, Abadiño.
  37. www.noticiasdegipuzkoa.com - Intxorta, la última trinchera
  38. a b BBC: "The legacy of Guernica"
  39. Solé i Sabaté, Josep Maria eta Villarroya, Joan (2003). España en llamas. La Guerra Civil desde el aire. Temas de Hoy. ISBN 978-84-8460-302-3
  40.   «ATZEKOZ AURRERA. Xabier Irujo. Historialaria eta irakaslea «Zaila da egia azalera ateratzea, 40 urteko gezur baten ondoren»», Berria, 2017-03-28, http://www.berria.eus/paperekoa/1845/040/001/2017-03-28/zaila_da_egia_azalera_ateratzea_40_urteko_gezur_baten_ondoren.htm .
  41. a b Francisco Manuel Vargas Alonso: Bermeo y la guerra civil. La Batalla de Sollube (1. ed 2007), Lankidetzan bilduma, Eusko Ikaskuntza, ISBN 978-84-8419-065-3
  42. Manuel Montero García (1980) Historia de Vizcaya.
  43. Mikel ARIZALETA: «El "pacto" de Santoña», Gara, 2007-08-27.
  44. Josu CHUECA: «Burdin Gerrikoa puskatuta», 36ko Gerra orain.
  45. Iñaki EGAÑA: Diccionario histórico-político de Euskal Herria, Txalaparta, 1996. Ikus 146. orrialdea.
  46. Molina Franco, Lucas: "Emilio Mola", in Historia de Iberia Vieja.
  47. Jose Luis de la Granja Sáinz: «Entre el pacto de San Sebastián y el de Santoña (1930-1937)», Historia 16, 1998.
  48. gerrazibilaeh.blogspot.com: "Santoñako amaiera"
  49. Xuan Cándano: El pacto de Santoña (1937): La rendición del nacionalismo vasco al fascismo. La Esfera de los Libros. Madril (2006) ISBN 84-9734-456-1
  50. Argia astekaria: "Santoña gudarien azken geltokia"
  51. Juan Antonio de Blas: La guerra civil en Asturias, 2. liburukia, ISBN 84-334-5539-7, 369–383. orr. Júcar 1986Online
  52. Josu CHUECA INTXUSTA: «Jean Ybarnegaray: Euskaldunen aterpea suntsitu zuen faxista», Argia, 2183. zenbakia, 2009-05-10.
  53. a b   Irazabal, Jon (2006-4-2), «Los bombardeos comenzaron en Durango y acabaron en Hiroshima», Deia, http://www.deia.com/es/impresa/2006/04/02/bizkaia/herrialdeak/235376.php .
  54.   Thomas, Hugh (1976), Historia de la Guerra Civil Española, Bartzelona: Círculo de Lectores, ISBN 84-226-0874-X .
  55.   Disaster in a tunnel «Train crashes into refugees», Sunday Times: 2, 1937-4-11, http://trove.nla.gov.au/ndp/del/article/58821976 Disaster in a tunnel .
  56.   «Train kills air raid refugees», The Day: 1, 1937-4-9, http://news.google.com/newspapers?nid=1915&dat=19370409&id=uZ40AAAAIBAJ&sjid=aXEFAAAAIBAJ&pg=1649,3474235 .
  57.   Groehler, Olaf (1988), Kampf um die Luftherrschaft, Militärverlag der Deutschen Demokratischen Republik, 19. orrialdea .
  58.   Forsyth, Robert (2011), Aces of the Legion Condor, Osprey Publishing, 58. orrialdea, http://books.google.de/books?id=tGKnRUi_9aoC .
  59.   Vidal, Cesar, La Destrucción de Guernica, http://www.buber.net/Basque/History/guernica-ix.html .
  60. a b c   Salas Larrazabal, Ramón (1983), Los Fusilados en Navarra en la Guerra de 1936, Madril: Industrias Gráficas España, ISBN 84-398-0024-X .
  61. www.noticiasdenavarra.com: "Una plaza recordará a los 13 muertos y 23 heridos en el bombardeo de Tudela de 1937"
  62. II. Errepublikako Eusko Jaurlaritzako Oroagindua: "Itsasontziak errekisatu ditzan, Arrantza Zuzendari nagusiari eskubidea emanez".
  63. hmshood.com: "HMS Hood history".

Bibliografia osagarria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • "Espainiako Gerra Zibila Euskal Herrian" - J. Chueca, L. Fernandez. Egunkaria, Andoain, 1997.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]