Artikulu hau "Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da

Espainiako 1978ko konstituzioa

Wikipedia, Entziklopedia askea
1978ko Espainiako Konstituzioa» orritik birbideratua)
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Espainiako 1978ko konstituzioa
Constitucion espanola 1978.JPG
Espainiako 1978ko konstituzioaren alea, Espainiako Kongresuan.
Sortua 1978ko urriaren 31a
Onartua 1978ko abenduaren 6a
Lekua Diputatuen Kongresua
Egileak Konstituzioaren Aitak

Espainiako 1978ko konstituzioa Espainiako legediko arau gorena da, Espainiako trantsizioaren fruiturik garrantzitsuena. Konstituzio horren bitartez, erregimen frankista monarkia parlamentario bihurtu zen, diktadura garaiko Erresuma Oinarrizko Legeak ordezkatuz.

Konstituzioa 1978ko abenduaren 6ean onartu zen erreferendum bidez. Ondoren, abenduaren 27an, Joan Karlos I.a erregeak berretsi zuen eta azkenik indarrean jarri zen 1978ko abenduaren 29an Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zenean.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Diputatuen Kongresuko tribuna nagusia.

1975eko azaroaren 20an Franco jenerala hil ondoren, Joan Karlos I.a izendatu zuten Espainiako errege. 1976ko uztailean Adolfo Suárez ekgobernua osatu zuen eta Erreforma Politikorako proposamen bat bidali zuen Espainiako Gorteetara. Proposamen hori lege bihurtu zen Gorteek onartu eta Espainiako herritarrek erreferendumean berretsi ondoren.

Erreforma Politikorako legeak ez zuen sistema demokratikoa ezarri, baina aldaketa horretarako bidea ireki zuen. Sistema juridiko frankistan txertatu zen baina oinarri desberdinak zituen: pertsonaren oinarrizko eskubideak bortxa ezinak zirela zioen (1. art.), ahalmen legegilea herri ordezkaritzaren eskumena zela agindu zuen (2. art.) eta ordezkaritza hori proportzioz eta modu demokratikoan jartzeko bidea zehaztu zuen.

Lege horren ondorioz, 1977ko ekainaren 15ean frankismo osteko lehen hauteskunde demokratikoak egin ziren Espainian. Hauteskunde hauetatik sortutako parlamentuari konstituzioa idazteko zeregina eman zitzaion. Horretarako berariaz batzorde berezi bat sortu zuten alderdi nagusienek (UCD, PSOE, AP, PCE eta talde katalanak). Batzorde honek onartutako proposamena Kongresuak eta Senatuak onartu zuten.

1978ko abenduaren 6an egindako erreferendumean botoen %87ak baietza eman zion testuari. Erregeak izenpetu ondoren abenduaren 29an sartu zen indarrean.

Konstituzio honek bi erreforma izan ditu, 1992an eta 2011n. Lehenengoa Maastrichteko Ituna bete ahal izateko onartu zen; 13.2 artikulua aldatu zen udal hauteskundeetan Europar Batasuneko herritarrek ere hautagai izateko eskubidea izan zezaten (espainiar nazionalitatea eskuratu beharrik gabe).

Bigarren aldaketa 2011ko abuztuan proposatu zuen José Luis Rodríguez Zapatero presidenteak, aurrekontu orokorretan egonkortasun printzipioa ezartzeko. 135. artikulua aldatu zen, PSOEko, PPko eta UPNko diputatu eta senatarien aldeko botoekin. Gainerako alderdiak aurka azaldu ziren, baina ez zuten lortu ganberaren bateko kideen %10en babesa erreferendum bat egiteko. Beste zenbait aldaketa mahai gainean daude: Koroaren oinordetzan gizonezkoen lehentasuna ezabatzea, Autonomia erkidegoak testuan bertan zerrendatzea, Europar Batasuneko kide izaera aipatzea, etab.

Egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako konstituzioak hiru atal ditu: hitzaurrea, atal dogmatikoa eta atal organikoa. Lehenengo zatian (Hitzaurrea eta 1-55 artikuluak) konstituzioaren oinarrizko printzipioak eta herritarren eskubide eta betebeharrak zehazten dira. Bigarren zatian Estatuko erakundeen funtzionamendurako arauak ezartzen dira (56-127 art.), ekonomiako printzipioak aipatzen dira (128-136 art.), estatuaren lurralde antolaketa zehazten da (137-158 art.) eta Auzitegi Konstituzionalaren funtzionamendua eta Konstituzioaren balizko erreforma zehazten dira (159-169 art.).

Hitzaurrea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Enrique Tierno Galván politikari eta Madrilgo alkate ohia izan zen hitzaurrea idaztearen arduradun. Testuan balore demokratikoei, giza eskubideei eta Zuzenbide Estatuari egiten zaie aipamena.

Hitzaurrea.

Espainiako nazioak, justizia, askatasuna eta segurtasuna ezarri, eta hura osatzen duten guztien ontasuna bultzatu nahi du, eta, bere subiranotasuna erabiliz, hurrengo borondatea aldarrikatu du:

  • Bizikidetasun demokratikoa bermatzea, Konstituzioaren eta legeen barruan, ordena ekonomiko eta sozialaren arabera:
  • Zuzenbideko estatu indartzea, lege-agintea herri-nahiaren azalpen bezala ziurtatuz.
  • Espainiar guztiak eta Espainiako herri guztiak babestea giza eskubideen egikaritzan, baita beraien kultura eta tradizioak, hizkuntzak eta erakundeak ere.
  • Kultura eta ekonomiaren garapena sustatzea, guztiei bizi-maila duina ziurtatzeko.
  • Gizarte demokratiko aurrerakoia ezartzea, eta Lurreko herri guztien artean harreman baketsuak izan daitezen eta lankidetza eragingarria sendo dadin laguntzea.

Ondorenez, Gorteek onetsi dute eta Espainiako herriak honakoa hau berretsi du.

KONSTITUZIOA

Atal dogmatikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atal honetan Espainiar Estatuaren egitura politikoa eta lurralde banaketa zehazten duten printzipio konstituzionalak eta nortasun ikurrak zehazten dira; herritarren eskubide eta betebeharrak ere zehazten dira. Azkenik, gizarte politika eta ekonomiaren zuzentarauak barne hartzen ditu atal honek. Atal dogmatikoko atalak:

  • Atariko titulua, (artículos 1 a 9)
  • I. titulua, «Oinarrizko eskubide eta eginbeharrak» (10-55 artikuluak)
    • I. kapitulua, «Espainiarrak eta atzerritarrak» (11-13 artikuluak)
    • II. kapitulua, «Eskubideak eta askatasunak» (14-38 artikuluak)
      • I. atala «Oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak» (15-29 artikuluak)
      • II. atala «Herritarren eskubideak eta betebeharrak» (30-38 artikuluak)
    • III. kapitulua, «Politika sozial eta ekonomikoaren gida-oinarriak» (39-52 artikuluak)
    • IV. kapitulua, «Askatasunen eta oinarrizko eskubideen gaineko bermeak» (53-54 artikuluak)
    • V. kapitulua, «Eskubideak eta askatasunak etetea» (55 artikulua)

Atal organikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatuaren egitura diseinatzen da. Montesquieuk diseinatu zuen botere banaketa hirutarra erabiltzen da Espainian: botere legegilea, botere betearazlea eta botere judiziala. Honakoak dira atalak:

  • II. titulua, «Koroa» (56-65 artikuluak)
  • III. titulua, «Gorte Nagusiak» (66-96 artikuluak)
  • IV. titulua, «Gobernua eta Administrazioa» (97-107 artikuluak)
  • V. titulua, «Gobernuaren eta Gorte Nagusien arteko harremanak» (108-116 artikuluak)
  • VI. titulua, «Botere Judiziala» (117-127 artikuluak)
  • VII. titulua, «Ekonomia eta Ogasuna» (128-136 artikuluak)
  • VIII. titulua, «Estatuaren lurralde antolaketa» (137-158 artikuluak)
  • IX. titulua, «Konstituzio Auzitegia» (159-165 artikuluak)
  • X. titulua, «Konstituzioaren eraldaketa» (166-169 artikuluak).

Konstituzioa honakoekin amaitzen da:

  • 4 xedapen gehigarri,
  • 9 xedapen iragankor,
  • Xedapen indargabetzaile 1,
  • Azken xedapen 1.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Espainiako 1978ko konstituzioa Aldatu lotura Wikidatan