Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea
TheklanBot (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 14:19, 19 otsaila 2021
(ezb.) ←Bertsio zaharragoa | Oraingo berrikuspena ikusi (ezb.) | Bertsio berriagoa→ (ezb.)

Munduko estepak: estepa hotzak horiz, estepa beroak laranjaz.

Estepak latitude ertaineko lurralde kontinentaletan egoten diren eremu lau eta zabalak dira, oro har zuhaitzik gabekoak, prezipitazioak ez direlako nahikoak izaten basoak egon ahal izateko. Estepako lurzoruak, beraz, lehorrak izaten dira, mineraletan aberatsak eta materia organikoan pobreak; hori dela eta, oso tamaina eta lodiera txikiko landareak bakarrik hazten dira. Estepak basamortu hotzak direla esan daiteke, ohiko basamortu bero eta hareatsuen kontrara.

Esteparik aipagarrienak Eurasian eta Ipar Amerikan daude:

  • Eurasiar estepa: Estepa Handia ere deitzen zaio, eta Europa eta Asiako kontinenteen artean dago, Ekialdeko Europako Moldaviatik hasita, Siberiaraino, Errusia iparraldean, Ukraina eta Hungarian zehar hedatzen delarik.
  • Ipar amerikar estepa: Ordoki Handiak ere deitzen zaio, eta Kanadako hegoaldetik Mexikoko iparralderaino zabaldurik dago, Colorado, Kansas, Montana, Nebraska, Mexiko Berria, Ipar Dakota, Oklahoma, Hego Dakota, Texas eta Wyoming estatuak zeharkatuz Estatu Batuetan.

Bi estepa handi hauek iparraldeko baso borealen eta hegoaldeko basamortu kontinentalen artean kokaturik daude. Bi mutur horien artean, estepak biomasa galtzen joaten dira pixkanaka, eta baso borealen mugan belar-estalki trinko bat duten eremuak dira, sastrakaz eta zuhaitzez zipriztinduak; eta beste muturrean, berriz, zabaldi semidesertikoak dira, zeinetan landareek ez duten lurzorua erabat estaltzen.

Lurrean, badira beste estepa-eremu txikiago batzuk Europako lurralde mediterraneoetan (Almeria eta Zaragoza Espainian, eta Sizilia, Italian), Andeen inguruetan (Argentina, Txile eta Bolivia artean), eta Patagonia inguruan, Argentinaren hegoaldean.

Zer klima dute?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estepek klima kontinentala dute, uda beroekin, 20 °C-tik gorako tenperaturekin, eta negu hotz edo oso hotzekin, termometroa 0 °C-tik beherakoa delarik zenbait hilabetez. Bestalde, itsasoarekiko distantzia handia denez, haren eragin klimatikoa ia hutsa da, eta, horren eraginez, atmosfera lehor eta gardena izaten da denbora gehienean. Prezipitazioak 450 mm-tik beherakoak izaten dira normalean, eta oro har udan izaten dira.

Zer landaretza dago?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estepako flora lurraren hezetasun eskasera egokitu da, eta horregatik gramineoak (belarrak, zuhaixkak gehienez ere) edo sastrakak izaten dira, hau da, tamaina txikikoak, hosto eta berdetasun gutxikoak. Sustrai sakonei esker, lurraren geruza hobeak bilatzen dituzte, eta ohikoa da espezie errizomatikoak aurkitzea, euren ehunetan ura biltzeko gai direnak, basamortu beroetan bezala.

Estepan ohikoak diren landare-espezie batzuk kardoia, ruibarboa, alamoak, kaktusak eta hainbat belar mota dira, batzuk -20 °C-ko tenperaturari ere eusteko gai direnak.

Zer fauna dago?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estepetako fauna lurraldearen lehortasunera egokituta dago, bai eta jateko duten landaretzara ere. Hala ere, biodibertsitatea txikia da eskualde hauetan, belarjale gutxirekin eta tunelak zulatzeko gai diren espezieekin, ezaugarri klimatiko txarrei ihes egiteko. Neurri ertaineko harrapari asko horietaz elikatzen dira. Belarjaleek talde ugariak egiteko joera dute, harraparien ehizari eusteko, ez baitago ezkutatzeko ez landaretzarik ez mendirik.

Bioma honetako espezie arrunt batzuk antilopeak, arranoak, zaldi basatiak, kondorrak, ñanduak, otsoak, bufaloak, marmotak, arratoi basatiak, kurrulak, satorrak eta zenbait motatako lur dortokak dira. Intsektu eta araknido espezie ugari ere badaude, hala nola eskorpioiak, kakalardoak eta inurriak.