Mériem Bouatoura
Mériem Bouatoura | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | N'Gaous (en) , 1938ko urtarrilaren 17a |
Herrialdea | Frantzia |
Heriotza | Konstantina, 1960ko ekainaren 8a (22 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | arabiera |
Jarduerak | |
Jarduerak | Erresistentziaren kidea |
Zerbitzu militarra | |
Parte hartutako gatazkak | Aljeriako Independentzia Gerra |
Mériem Bouatoura, Yasmina ezizenaz ere ezaguna (N'Gaous, Batnako wilaya, Aljeria, 1938ko urtarrilaren 17a – Konstantina, Aljeria, 1960ko ekainaren 8a), Aljeriako gerrako borrokalari independentista izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Familia eta haurtzaroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mériem Bouatoura N'Gaous-en jaio zen 1938ko urtarrilaren 17an, nekazari familia aberats batean, N'Gaous-eko Banou Ifren auzuneko lurrak lantzen zituena.[1] Amak Yamina zuen izena, eta aitak, Abdelkader.[2] Mériemi, etxean, Yamina esaten zioten.[2] Familia handian hazi zen, hiru ahizpa eta hiru neba baitzituen (Lila Hanifa, Houria, Janina, Nour Eddin, Salah Eddin, Mohamed El Aid).[2]
Haurtzaro osoa N'Gaous herrian eman zuen, nekazarien familia batean.[3] Bertako nesken eskolara joan zen, aitaren oniritzia eta laguntza osoa izan baitzuen ikasten jarraitzeko.[3]
10 urte zituela, aitak N'Gaous utzi eta Setif hirira (garai hartan Chouminou deituriko barrutian) joatea erabaki zuen, bertan inportazioko jantziak saltzeko.[4] Aitak irekitako dendan[1] negozioak oso ondo joan ziren eta familia aberastu egin zen.[5]
Nerabezaroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eskolan ibilbide ona egin ondoren, Mériem Sétif-eko Eugène Albertini bigarren hezkuntzako ikastetxera joan zen. Bertan, arrakasta handia izan zuen ikasketetan.
Bi eraginek eraman zuten Mériem Bouatoura Aljeriako gerran parte hartzera. Bata, bere senideek Aurèsen eta herrialde osoan bizi zuten egoera izan zen,[7][oh 1] eta bestea, aitak txikitan kontatzen zizkion gertakari historikoak, besteak beste, Kahinaren eta beste figura batzuen istorioa.[3]
Mériemek zenbait gazteren arreta erakarri eta ezkontzeko eskerak izan zituen.[8] Baina berak ez zituen inoiz eskaintza horiek aintzat hartu, ezkontza kontuetan inongo interesik ez baitzuen. Haren ahizpa Houriak, Mériemi buruzko lekukotasuna eman zuenean, gazteak esandakoa kontatu zuen:
«Ni ez naiz ezkonduko... Askapen gerrarekin bat egingo dut... Nire herria babesteko...!»[8][oh 1]
Parte-hartzea Independentzia-gerran
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mériem Bouatourak, bigarren hezkuntzako ikaslea zela, 1956ko maiatzaren 19ko greban parte hartu zuen Sétif-eko bigarren hezkuntzako zenbait ikaslerekin.[9] Horren ostean, Fatima Bensamrak, Houria Mostefaik, Malika Kharchik eta Mériem Bouatourak berak bat egin zuten makiekin, eta horrela sortu zen borroka armatuari ekingo zioten emakumezko ikaslez osatutako lehen taldeetako bat. Mériemen ahizpak, Leïlak, ere lagundu zion taldeari.[9]
Polizia frantsesa Mériem Bouatoura ikasketak uztera eraman zuten arrazoiak ikertzen hasi zen. Horretarako, familiari galdezka ibili zen etengabe.[9] 1956ko abenduan, Mériem Bouatoura makiarekin elkartu zen, familiari ezer esan gabe, baina geroago gutun bat bidali zion aitari bere erabakiaren berri emateko. Lehenik, Tachouda herrira joan zen, Aljer hiriburutik hego-ekialdean, eta han egon zen hamar bat egunez. Gero, beste zazpi neskarekin batera, Djarah-era, 2. wilayako itsasaldeko Collo hiriko muinoetan dagoen herrira, abiatu zen.[9] Horrela, lehen emakume-taldea osatu zuten. Hauek izan ziren taldeko kideak: Ziza Massika, Mériem Bouatoura, Samia Keraguel, Malika Kharchi, Fatima Bensamra, Houria Mostefai, Khadra Bellami, Aicha Guenifi, Kheira Zerouki, Zoubida Zerrouk, Yamina Cherrad, Leila Moussaoui eta Samia Maiza.[9] 1958an jada, emakumeek bazituzten benetako zereginak, bai osasun-zentroetan laguntza emanez, bai herritarrak zainduz.[10]
Bouatourak erizain gisa jardun zuen Sétif-en, Armée de libération nationale (ALN) erakundean, Ziza Massikarekin, eta gero Argelen[11], Lamine Khene doktorearen taldean.[12] Dirudienez, ospitale bateko arduraduna izan zen Lamine Kheneri laguntzeko.[1]
Abdelmalek Bourzem-en arabera, 9 mm-ko pistola bat eta MAT 49 metrailadore bat zituen, eta mendiz mendi ibiltzen zen ALNren kanpamentuetara iristeko.[9]
1960an, Konstantina barrutiko ALNko taldeetan sartzea eskatu zuen;[1][13] bertan, operazio militar guztiak zorroztasun handiz zuzendu behar zituen.[13]
Konstantinan bi komandok jarduten zuten: Fadila Saâdane-k, Saïd Rouag-ek eta Amar Kikayak osatzen zuten lehenengoa, eta bigarrena Mériem Bouatourak eta Slimane Daoudik (Hamloui).[14] Bigarren taldeak hainbat operazio egin zituen polizia-etxeen eta instalazio militarren aurka, eta Frantziako armadaren zenbait kolaboratzaile ere hil zituen.[14]
Heriotza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ekainaren 7an, asteartearekin, Konstantinako Artxiboen arabera, Konstantina hirian ALNko zenbait kide zebiltzalako informazioa heldu zen.[1] Taldeko emakume bat Caraman kaletik gertu dagoen eraikin bateko lehen solairuan zegoen, Cahoreau eta Colbert kaleen elkargunean.[1] Gauean armada frantsesaren indarrak hirian zabaldu ziren.[1] Goizeko 4etatik aurrera, Brèche-ko eta Kasbah-eko plazak itxi zituzten, eta hiri osoko gas-hornidura eten zuten.[1] ALNko taldeak lau pistola automatiko, granada batzuk eta bi pistola metrailadore zituen.[1] Antza denez, taldearen ezkutalekuko erasoan tiro egin zuten ibilgailu blindatu baten kanoiaz edo bazuka batez, eta, horrez gain, granadak ere jaurti zituzten.[1] Erasoa ekainaren 8an, asteazkena, burutu zen, 7:15ak aldera. Mériem Bouatoura eta Slimane Daoudi hil egin zituzten, eta Mohamed Kechoud eta Bachir Bourghoud harrapatu, Konstantinako Artxiboen arabera.[1]
Mohammed Harbi historiagile eta unibertsitateko irakaslearen arabera, Bouatoura Konstantinan hil zen frantses armadaren tanke-obus batek jota.[15] Iturri batzuen arabera, aldiz, oraindik bizirik zegoela hiri horretako ospitalera eraman zuten, eta injekzio batekin hil zuten; Fatima Zohra Boudjeriouren arabera, hil aurretik honela egin zuen oihu: «Gora Aljeria aske eta independentea! Behera kolonialismoa!».[16] Beste iturri batzuen arabera, Bouatoura segituan hil zen[14] Kontantina hiriko erdialdean gertatutako enfrentamendu batean Slimane Daoudi (Hamlaoui) burkidearekin batera, 1960ko ekainaren 8an.[1][9]
Esker onak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zenbait erakunderi bere izena jarri diote, besteak beste, Batna-ko amaetxeari[17], eta, Konstantinan, Hezkuntza Nazionaleko Zuzendarien Prestakuntza Institutu Nazionalari[18] eta kale bati.[19]
2014ko martxoaren 19an, Garaipenaren egunean, 1945eko maiatzaren 8ko Elkarteak ekitaldi bat egin zuen haren omenez, bere ibilbidea nabarmenduz. Elkarteko lehendakariak gogorarazi zuen Bouatoura, 1960ko ekainaren 8an, etsaiak inguratuta zegoela zauritu eta jipoitu egin zutela; armak eskuan zituela hil zen.[13] Houria Toba borroka-lagunak zioen Mérieme Bouatorak esan zuela «emakume aljeriarren eta haien askatasunaren alde borrokatu eta hil egingo naiz».[13] Djahida Houadef artista pintoreak omenaldia egin zion Bouatourari eta N'Gaous-eko emakume guztiei Aljerreko Palais de Rais Bastion 23-n eginiko N'gaouissiette erakusketan.[20]
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, frantsesezko wikipediako «Mériem Bouatoura» artikulutik itzulia izan da, 2023-01-15 data duen 200463926 bertsioa oinarritzat hartuta. Sartze-datarik ez duten erreferentziak, edo 2023-01-15 baino lehenago datatuak, jatorrizko artikulutik ekarri dira itzulpenarekin batera.
- ↑ a b c d e f g h i j k l (Frantsesez) Selmane, Arslan. (2014-06-08). «Faits historiques : Le 8 Juin 1960 tombaient Hamlaoui et Meriem Bouattoura» El Watan (jaZairess webgunean jasoa) (Noiz kontsultatua: 2023-10-06).
- ↑ a b c Bourzam, 2011, or. 29
- ↑ a b c Bourzam, 2011, or. 32.
- ↑ Bourzam, 2011, or. 35.
- ↑ Bourzam, 2011, or. 50.
- ↑ Bourzam, 2011, or. 51.
- ↑ Bourzam, 2011, or. 56.
- ↑ a b Bourzan, 2011, or. 55
- ↑ a b c d e f g (Frantsesez) Zoghbi, F.. (2014-06-08). «Meriem Bouatoura, du lycée au maquis : Une combattante au courage exceptionnel» Setif info (Djazairess webgunean jasoa) (Noiz kontsultatua: 2023-10-06).
- ↑ (Frantsesez) Amrane, Djamila. (1994-01-01). Des femmes dans la guerre d'Algérie: entretiens. KARTHALA Editions, 56 or. ISBN 978-2-86537-510-3. (Noiz kontsultatua: 2023-10-07).
- ↑ (Frantsesez) Lahouel, Badra. (2005). Patriotes algériens: parcours individuels et destin collectif (1954-62). Dar el gharb, 196 or. ISBN 978-9961-54-562-1. (Noiz kontsultatua: 2023-10-07).
- ↑ (Frantsesez) Yahiaoui-Merabet, Messaouda. (2005). Société musulmane et communautés européennes dans l'Algérie du XXe siècle: réalités, idéologies, mythes et stéréotypes. Editions distribution Houma, 40 or. ISBN 978-9961-66-860-3. (Noiz kontsultatua: 2023-10-07).
- ↑ a b c d (Frantsesez) S.A. (2014). «Hommage à Mériem Bouatoura» Le Soir d'Algérie (Noiz kontsultatua: 2023-10-07)..
- ↑ a b c (Frantsesez) Achour, Nadjib. (2010eko abenduaren 8a). «Fadila Saâdane : itinéraire d’une femme Algérienne combattante» The International Solidarity Movement-France (Archives 2001-2021) (Noiz kontsultatua: 2023-10-07)..
- ↑ (Frantsesez) Meynier, Gilbert; Harbi, Mohammed. (2004). Le FLN : Documents et histoire, 1954-1962. Paris: Librairie Arthème Fayard, 604. or. ISBN 2-7028-9516-6...
- ↑ (Frantsesez) B., Chafik. (1990). «Satires» Révolution africaine (1358) ISSN 0035-0621...
- ↑ «Maternité Mériem Bouatoura à Batna Les travaux de réhabilitation traînent encore» Batna Info..
- ↑ (Frantsesez) Maalem. (2014). «L’Institut national de formation des cadres de l’éducation nationale (Mériem Bouatoura). Un établissement à promouvoir» L'est républicain (Algérie) (Noiz kontsultatua: 2023-10-07)..
- ↑ (Frantsesez) Qashshi, Fatimah al-Zahra. (2004). Constantine: une ville, des heritages. Média-plus, 153 or. ISBN 978-9961-922-14-9. (Noiz kontsultatua: 2023-10-07).
- ↑ (Frantsesez) Gherab, Hassan. (2012-10-23). «Djahida Houadef rend hommage à la femme algérienne» La Tribune (Djazairess webgunean jasoa) (Noiz kontsultatua: 2023-10-07).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Arabieraz) Bourzam, Abdelmalek. (2011). La Vierge des Aurès et le bourreau : La Martyr Mériem Bouatoura des soins infirmiers dans les montagnes à la guerre des rues des villes du nord. N'Gaous: Dair El-Chima ISBN 978-9931-302-11-7.. 158 or.
- (Frantsesez) Meynier, Gilbert; Harbi, Mohammed. (2004). Le FLN : Documents et histoire, 1954-1962. Paris: Librairie Arthème Fayard, 604. or. ISBN 2-7028-9516-6.. 898 orrialde.