Aljeriako Independentzia Gerra
Aljeriako gerra frantsesez: Guerre d'Algérie arabieraz: ثورة التحرير الجزائرية amazigeraz: Tagrawla Tadzayrit | ||||
---|---|---|---|---|
![]() | ||||
Data | 1954ko azaroaren 1a - 1962ko irailaren 9a | |||
Emaitza | FLNren garaipen politikoa Militarki ez FLNren aldekoa[1],[2],[3],[4]
| |||
Lurralde-aldaketak | Aljeria Frantzia | |||
Gudulariak | ||||
| ||||
Buruzagiak | ||||
Indarra | ||||
| ||||
Galerak | ||||
|

Aljeriako Independentziaren Gerra, sarritan besterik gabe Aljeriako Gerra deitua[9] (1954ko azaroaren 1a – 1962ko martxoaren 19a), Aljeria Frantziatik askatzeko egindako gerrilla kanpaina (maquisards) izan zen. Gutxi gorabehera 180.000 hil eta 230.000 zauritu eragin zituen Afrikako iparraldeko herrialde hartan. Frantziako Armadak tortura sistematikoa erabili zuen aljeriarren aurka. Frantziar soldaduek ehunka mila aljeriar torturatu zituzten; hainbatetan, hiltzeraino torturatu ere.[10]
Gerra honen garaian Charles de Gaulle frantziar presidentea zen eta haren herrialdea ahulduta zegoen Bigarren Mundu Gerra amaitu berria zegoelarik eta aurreko urtean Indotxina galdu ostean. Testuinguru horretan Front de Libération Nationale (FLN) talde eta Mouvement National Algérien (MNA) taldeek gerratea abiatu zuten militar eta landa-eremuko zibil (Pieds-Noirs) frantziarren aurka. Aipatzekoa da Philippeville (gaur Skikda) hirian 1955ean independentistek zibilen aurka egindako sarraskia. Hastapen horietan, tartean Albert Camus idazle eta filosofoa saiatu zen gerra gelditzen eta behintzat zibilak errespetarazten, alferrik.
1956an Aljerko gudua hasi zen, gerrate honetan mugarria izan zena eta urtebetez luzatu zena. 1957an, Frantziako armadak gogor zanpatu zituen, Aljer okupatu egin zuen eta Frantzian eztabaida handia sortu zen koloniari independentzia ematearen aldekoen eta kolonia mantentzearen aldekoen artean. Azken taldekoen buru Frantziako OAS erakunde terrorista zen. De Gaulle jenerala gobernutik kentzen ere saiatu ziren.
Geroago, De Gaullek 1958an aljeriarrak deitu zituen galdeketa baterako, eta herritar gehien-gehienek burujabetzaren alde eman zuen botoa. Honek ez zuen gatazka gelditu, eta beste alde batetik hainbat frantziar aterarazi zuen Aljeriatik, 1962rako herrialde osoko biztanleen %13a inguruan ihes egin zuelarik. Eviango Hitzarmenaren bidez, 1962an Aljeriak independentzia lortu zuen.
Hainbat borroka eta tortura kasuak pairatu ondoren, azkenean gerratea amaitu zen eta FLNren buruzagia zen Ahmed Ben Bella presidente izendatu zuten.
Aljeriako biztanleriaren integrazio zaila
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Independentziaren gerraren hasieran, Frantziako Gobernuak ikerketa bat zuen egoerari buruz. Hona hemen Edgar Faurek atera zituen ondorioak:
« | Aljeria funtsean nekazaria da, eta lurzoru elkorra eta klima latza du. Hori dela-eta, demografiaren hazkundeak hainbat ondorio ditu: azpienplegu kronikoa; landetatik jendea hirietako txabola-auzoetara joatea; eta etengabe hazten ari den norbanakoz eta sendiez osatutako masaren miseria eta etsipena. Proletariotza hazten eta egunetik egunera gehiago haserretzen ari da. Guk hezitako burgesia musulman txikia, berriz, irtenbide ekonomiko, eta batez ere administratibo eta politiko baten bila dabil, alferrik. Baina ez du aurkitzen. Administrazioan musulmanen proportzioa oso txikia da; erreforma guztiak (...) 1947ko Aljeriako estatutua ere, etengabe saboteatu dituzte. Beharrezkoa da kemena izatea, bai eta guk agindutako gehienak ez direla bete onartzea ere (...). Egoera horretatik, nahigabe bikoitza sortu da: masaren gizarte-ezinegona eta elitearen politika-ezinegona. Bi ezinegon horiek batera aparteko indar izugarria osatzen dute. | » |
—"Jacques Soustelle", Edgar Faurek Frantziako Gobernuari egindako txostena, 1955eko ekainak 1.[11] |
Gerraren hasiera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aljeriako independentzia gerra 1954 eta 1962 urte artean gertatu zen, eta Aljeriako Nazio Askapenerako Frontearen (FLN) borroka aldia izan zen, 1830etik Frantziar Aljerian ezarritako kolonizazio frantsesaren aurka. Aljeriak aspalditik independentzia aldarrikatzen zuen, Frantziarengandik bereizi nahi zuen, hau da, kolonizazioarekin bukatu. Bigarren Mundu gerla ondoren deskolonizazio mugimendu handi bat plantan ezarri zerrin mundu osoan. Horrez gain, Frantziak Aljeriako lurrak bereganatu zituen ekonomikoki dirua irabazi ahal izateko gasa eta petrolioaren bitartez eta hori 1951an deskubritu zuten. Gainera, Aljeriako jendartea deskontentua zen Frantziako Estatuarengandik egindako promes faltsuengatik. Gertakari hauen harira 1954ko azaroaren 1ean “la toussaint rouge”[12] deituriko iraultza egin zen. Bertan FLN Aljeriako talde armatuak hainbat atentatu burutu zituen Aljeriako hainbat lurretan. Une hartan deskolonizazioaren bidea hasi zen.
Euskal Herria eta Aljeria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal Herria eta Aljeriaren arteko harremanak hainbat lotura interesgarri ditu, nahiz eta ez diren oso estuak historikoki edo politikoki. Historikoki, bi lurralde hauek kolonialismoaren eta askapenaren testuingurua bizi izan dute, eta honekin batera, erresistentziaren aldeko barne borroka. Honen adibide, Euskal Herriak eta Aljeriak antzeko ideiak dituzte askapen mugimenduari dagokionez, eta bi herrialdeek askapenaren eta autodeterminazioaren aldeko elkarrizketa eta laguntza sareak sortu dituzte.
Nola lagundu zuen Euskal Herriak Aljeriako independentzia gerran?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehenik eta behin, Euskal Herriko hainbat eragile eta herritarrek elkartasuna adierazi zuten, eta informazioa eta materialak bidali zituzten Aljeriako askapen mugimenduei laguntzeko. Horrez gain, hainbat talde eta pertsona aritu ziren borroka eta erresistentziaren alde, eta euren ahaleginak nazioartean ezagutarazi zituzten. Era berean, hainbat euskal eragilek, batez ere mugimendu sozialek eta alderdi politikoek, Aljeriako askapenaren aldeko kanpainak antolatu zituzten, eta elkartasun ekitaldiak eta mobilizazioak egin zituzten. Beraz, Euskal Herriak laguntza moral eta materiala eskaini zuen, eta elkartasuna adierazi zuen, borroka horretan parte hartzeko eta justizia eta askatasuna lortzeko.
Negoziaketak bai, baina bortizkeriak segitzen
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1960tik goiti, militar mailan, egoera kalmea zela iduri zuen. Aljeriar anitzen (lauetatik bat) desplazamendu bortxatua kanpamenduetara, zeinetan “frantses presentziaren ongiak” esplikatuak ziren (lurrak kenduak izan zitzaizkien aljeriar batzuei), esplika zezakeen itxurazko giro lasai hori. Kanpamendu horietako bizi baldintza txarrak ezagutuak ziren Frantzian 1959tik goiti eta eskandalua probokatu zuen baina 1960an gero eta aljeriar gehiago igorriak ziren leku horietara. Frantses armadak mugak kontrolatzen zituen, patruila anitzekin, baina, Marokon eta Tunisian, aljeriar armada bat berriz eraiki zen, borrokaren beha. Frantziak negoziaketak ideki zituen baina bere proiektua Aljeriaren geroarentzat ez zen erabat argia. Horrekin erabat lotuta, organizazio armatu berri bat sortu zen. Hori zen Erakunde Armatu Sekretua (OAS). Aljeria frantsesaren aldekoek osatzen zuten, hau da, Aljeriako frantses zibil batzuk, bai eta ere frantses armadako desertore zenbaitek. 1961eko otsailean sortu zuten. Frantses gobernua eta GPRAren arteko negoziaketak huts eginaraztea zen OAS-aren helburua. Horretarako, atentatu terroristak burutu zituen, Aljerian bai eta ere metropolian, Aljeria frantsesaren aurkarien kontra. FLNak, bere aldetik, poliziakideen kontrako atentatuak burutzen zituen, atentatu hiltzaileagoak eginez. 1961eko udazkenean, bortizkeria horien aitzinean, Pariseko prefetuak etxeratze agindua deliberatu zuen. Urriaren 17an, Parise herrialdeko aljeriarrak masiboki karrikara jautsi ziren erabaki horren kontra. Papon-ek kudeatzen zuen poliziak mugimendua odolean erreprimitu zuen. Hamarnaka aljeriar hil izan ziren, gehienak Seine ibaira botaturik. 1962ko otsailaren 8an, OASaren kontrako manifestaldia, sindikatuek eta ezkerreko alderdi batzuek antolaturik (PSU, komunistak), bortizki amaitu zen ere, 9 hilekin, gehienak komunistak, Charonne metroan.
Independentzia, odoletan eta nigarretan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Negoziaketak segitzen eta aitzinatzen baziren ere, ber mementoan bortizkeriak beti hein handikoak ziren. Parisen, Aljer-en gisa, frantses zenbaitek beste frantses batzuk hil zituzten. OASak zibil anitz hiltzen zituen eta FLNak frantses batzuk bahitzen edo hiltzen zituen ere. Gainera, FLNaren eta Messali Hadj[13]-en MNAaren arteko gerla segitzen zen, 4.000ko bat hil eginez. Gerla zibila frantsesen artean, gerla zibila aljeriarren artean. 1962ko martxoaren 26an, Aljer-en, 50 bat zibil hil izan ziren manifestaldi batean. Aljer-en, ekainean, su-etena negoziatu zen FLNa eta OASaren artean baina, beste lurraldetan, partikulazki Oran-en, bortizkeriak ez ziren gelditu. Negoziaketak ere ez. Ber mementoan, erreferendum[13] baten bidez, metropoliako frantsesek Evian-eko akordioak (1962ko martxoaren 18an izenpetuak izan zirenak, frantses gobernua eta GPRAaren artean) baieztatu zituzten (baiak %90,8 ardietsi zuen). Uztailaren 1ean, Aljeriako biztanleek ber arrapostua eman zuten, aho batez (%99,7). Uztailaren 2an, Aljeria independente bilakatu zen. Aljeriak bere libertate berria ospatu zuen baina gerlak 400.000 baino gehiago hil egin zituen, hots,gehienak, eta ausarkian, aljeriarrak izan ziren baina baita 24.614 frantses soldadu ere, gainera milioi bat frantsesek Aljeriatik joan behar izan zuten.
Gerraren ondorengoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Independentzia gerra honek hainbat ondorio garrantzitsu izan zituen. Gatazka luze eta zaila izan zen, azkenean Aljeriak lortu zuen independentzia, hau da, Frantziatik banantzea. Horren ondorioz, aldaketa politiko eta sozial esanguratsuak gertatu ziren herrialdean, estatu independente bat sortzea eta nazio-nortasuna[13] berreskuratzea barne. Hala ere, zauri sakonak ere utzi zituen, hala nola gerran pertsona askok jasan zuten indarkeria eta sufrimendua. Laburbilduz, ondorioak positiboak izan ziren, bai independentziari eta autodeterminazioari dagokienez, bai negatiboak, gatazkak utzitako zailtasun eta inpaktu sozialagatik. Aldi berean, garrantzitsua da jakitea nola gizarteak bizi izan zuen gerra hau. Aljeriar askorentzat, garaipenak etorkizun askearen itxaropena eta bere nortasun nazionala berreskuratzea ekarri zuen, urteetako borroka eta sufrimenduaren ondoren. Hala ere, sentimendu kontrajarriak ere izan ziren, gerrak utzitako galeren eta zaurien oinazea kasu. Gainera, independentziarako trantsizioak herrialdearen berreraikuntzan eta gizarteratzean erronkak ekarri zituen. Oro har, Aljeriako gizarteak alaitasunez bizi izan zuen gerraren amaiera, lortutako askatasunagatik, eta tristuraz, oraindik ere aldaketa-prozesu horretan zituzten zailtasunengatik.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) Martin Windrow, Mike Chappell. The Algerian War 1954–62. .
- ↑ (Ingelesez) Mark Kesselman, Joel Krieger, William Joseph. (2004). Introduction to Comparative Politics. .
- ↑ (Ingelesez) Alexander Cooley, Hendrik Spruyt..
- ↑ (Ingelesez) George Bernard Noble. (1970). Christian A. Herter: The American Secretaries of State and Their Diplomacy. .
- ↑ Martin Windrow, The Algerian War 1954–62. 17. or.
- ↑ (Frantsesez) Victor, Jacques de Saint. (2012-03-19). «Algérie : une guerre d'appelés» Le Figaro ISSN 0182-5852. (kontsulta data: 2017-12-31).
- ↑ (Frantsesez) [1] 6. orrialdean "Aljeriako gerra beteranoen ministerioak 152.863 FLNren soldadu hil zirela adierazten du"
- ↑ (Frantsesez) [2] "Gudari ohien ministerioaren arabera,152.863 izan ziren Fronte Nazionalaren (FLN) aldetik hildakoak. 576. or.
- ↑ Garai hartan Frantziak erabili zuen termino ofiziala «Aljeriako gertakariak» izan zen, nahiz eta «Aljeriako gerra » aski erabilia izan kalean. «Aljeriako gerra » adierazpena Frantzian ofizialki 1999ko urriaren 18aan onartu zen: (Frantsesez) «Loi relative à la substitution, à l'expression "aux opérations effectuées en Afrique du Nord", de l'expression "à la guerre d'Algérie ou aux combats en Tunisie et au Maroc» Guerre d'Algérie et combats en Tunisie et au Maroc 1999.
- ↑ «Aljerko Kasbahko sastakaia: Jean-Marie Le Penen iragan torturatzailearen froga» Argia (kontsulta data: 2025-01-27).
- ↑
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ (Frantsesez) Vince, Charlène; Linternaute.com. (2022-11-29). «Guerre d'Algérie : la guerre d'indépendance de 1954 à 1962» www.linternaute.fr (kontsulta data: 2025-05-09).
- ↑ a b c «Aljeriako gerla eta Euskal Herria (1954-1962) | Eusko Ikaskuntza» www.eusko-ikaskuntza.eus (kontsulta data: 2025-05-09).