ARPANET

Wikipedia, Entziklopedia askea
ARPANET sareaen osaera 1974an.

ARPANET (Advanced Research Projects Agency Network) konputagailu sarea, martxan jarri zen lehen pakete kommutazio sarea izan zen. Estatu Batuetako Defentsa Sailaren eskakizun bat medio sortu zen, herrialdeko erakunde ezberdinak elkar komunikatzeko helburuarekin. Lehen nodoa Kaliforniako unibertsitatean sortu zen eta 1990 urtera arte Interneten bizkarrezurra izan zen, 1983an TCP/IP protokolorako trantsizioa burutu zenetik.

Gaur egun datu eta ahots komunikaziorako hedatuenen dagoen sarea pakete kommutaziokoa izan arren, ordura arte zirkuitu kommutazioko sareak erabiltzea zen ohikoena datu komunikaziorako, oinarrizko sare telefonikoan bezala, eta linea dedikatuak erabiliz.

Pakete kommutazioaren bitartez, datuak paketetan kapsulatuz, sistemak linea bakar bat erabili dezake makina ezberdinekin komunikatzeko. Linea partekatzeaz gainera, pakete hauetako bakoitza modu independentean bideratu daiteke.

Arpaneten aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Konputagailu ezberdinetan dauden erabiltzaileak elkar komunikatzeko gai den sarearen kontzeptua, Bolt, Beranek and Newman-eko (BBN) J.C.R. Licklider-ek formulatu zuen lehen aldiz 1962ko abuztuan, “Sare Galaktikoa” eztabaida gai zuen memorandum batean.

Urte hartako urrian, Estatu Batuetako Defentsa Saileko ARPAk (Proiektu Aurreratuen Ikerkuntzarako Agentzia) deitu zion Licklider-i. Foro honetan, Ivan Sutherland eta Bob Taylor kontzeptuaren garrantziaz konbentzitu zituen agentzia utzi eta lanarekin hasi aurretik. Bitartean, 1959az geroztik, arma nuklearrekin gauzatutako eraso bat jasateko gai izango zen komunikazio sare seguru batean lanean ari zen Paul Baran RAND Corporation-en, helburu militarrekin.

Emaitzak 1960tik aurrera argitaratu ziren, eta bi ideia nagusi deskribatzen zituzten:

  • Bi punturen artean bide anitz izango zuen sare deszentralizatu baten erabilpena.
  • Mezu osoen zatiketa, bide ezberdinak jarraituko zituzten zatietan. Sareak bere akats propioen aurrean erantzuteko gaitasuna izango luke.

Eskema honen behin betiko laburpena 1962an aurkeztu zen eta 1964an argitaratu. Ordurako, Leonard Kleinrock, mezuak gorde eta birbidaltzearen kontzeptuan ari zen lanean MIT-en (Massachusettseko Teknologia institutua) burutzen ari zen doktoretza tesirako. 1964an liburu bezala argitaratu zen komunikazio sareei aplikaturiko Ilaren teoriaren analisi garrantzitsu bat barneratzen zuen, baina bere lanean ez zen oraindik paketeetan zatitzeari buruzko ideiarik.

Fisikako Laborategi Nazionaleko Donal Davies izan zen 1965ean kontzeptu hauek guztiak lotzen hasi zena Erresuma Batuan Denbora Banatuz Multiplexatzeari buruzko biltzar batean egon eta gero. Modu independentean garatu zuen bere ikerketa, eta ez zuen Baran-en lanaren berririk izan 1966rarte. Kasualki, Davies izan zen “pakete” terminoa erabiltzen lehena.

Gauzak horrela, lau ikerketa zentro independente bihurtu ziren ARPANET-en lehen nodo esperimental: DARPA, RAND Corporation, MIT eta NPL (Erresuma Batuan).

ARPANETen abiapuntua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hau guztia gertatzen zen bitartean, ARPA eta Taylor konputagailu sare bat sortu nahian zebiltzan oraindik. 1966 urtearen bukaeran, Taylor, Lawrence G.Robertsekin jarri zen harremanetan (MIT, Lincoln Laborategia) sare berriaren sorrera proiektua zuzendu zezan. Aipatu berri den Denbora Bidezko Multiplexazioari buruzko biltzarrari esker ezagutzen zuen Robertsek Davies.

Roberts-en kontzeptu originala, denbora bidezko multiplexazioaren teknika erabiliz makinak zuzenean kableak erabiliz lotzean oinarritzen zen. 1967an, lehenengo bileretako batean, parte hartzaileetako askok ez zuten nahi beraien konputagailuek linea telefonikoak kudeatzerik. Haietako bati, Wesley A. Clark, komunikazio loturak kudeatzeko ordenagailu bereizi batzuk erabiltzea otu zitzaion. Ideia honi esker, konputagailu nagusien lan zama arintzea lortu zen, sarea ordenagailu ezberdin guztietatik isolatzeaz gainera.

Oinarri honekin hasi zen hasiera batean ARPANETen diseinua. Robertsek bere lehen plana sinposio batean aurkeztu zuen 1967an. Ekitaldi honetan zegoen Roger Scantlebury ere, Daviesen kolaboratzailea. Honi esker eztabaidatu ahal izan zuten pakete kommutazioari buruzko ideia, eta Robertsek Baranen lana ezagutu ahal izan zuen.

ARPANETen sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1968ko udan bazegoen jada ARPAk onartutako plan oso bat, eta lehiaketa bat antolatu zen balizko 140 hornitzaileren artean. Hala ere, haietako hamabik bakarrik aurkeztu zuten proposamenen bat. 1969an, BBNri (Lickliderelen, Sare Galaktikoa kontzeptuaren sortzailearen lantoki izan zena) egin zitzaion kontratua.

BBNren eskaintzak Robertsen egitasmoa jarraitzen zuen . Ordenagailu txikiei Interfazeko Mezu Prozesadoreak deitu zitzaien (IMP). Gorde eta birbidali teknika inplementatzen zuten, eta modem telefoniko bat erabiltzen zuten beste ekipo batzuetara konektatzeko (56Kb/s-eko abiaduran). Ordenagailu nagusiak neurrira eginiko serie interfazeen bitartez konektatzen ziren IMPtara.

IMPak, hasieran, Honeywell-en DDP-516 ordenagailuekin inplementatu ziren. 24KBeko memoria nagusia zuten eta gehienez lau ordenagailu nagusi elkar konektatzeko gaitasuna, hauek beste urruneko sei IMPrekin konektatuz. BBNk behar zen software eta hardware guztia izan zuen prest bederatzi hilabeteren buruan.

Aurrerago, honako aldaketak egingo ziren, besteak beste: IMP bakoitzeko erabiltzailearen makina bat baino gehiago konektatzea (dirua aurrezteko) eta erabiltzailearen makinek IMP batekin baino gehiagorekin komunikatzea (hutsegiteen aurrean babesa izateko).

Lehen muntaia eta ondorengo bilakaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

ARPANETen logika-mapa, 1977ko martxokoa.

Lehen ARPANETek lau IMP zituen instalaturik, honako puntu hauetan:

  • UCLA. Kelinrock-ek bertan sortu zuen Sarearen neurketa zentroa. SDS Sigma-7 ordenagailu bat izan zen konektatzen lehena.
  • Augmentation Research Center, Doug Engelbart-ek NLS sistema berritzailea sortu zuen Standford-eko Ikerkuntza zentroan. SDS 940 ordenagailua izan zen konektatu zen lehena.
  • Kaliforniako Unibertsitatea, IBM 360 batekin.
  • Ivan Sutherlanden traslado helburu izan zen Utah-ko Unibertsitateko Grafiko saila. PDP-10 bat konektatuta hasieran.

ARPANETn lehen lotura 1969ko azaroaren 21ean ezarri zen UCLA eta Stanforden artean. Urte hartako abenduaren 5ean hasierako sare guztia zegoen prest.

1970eko martxoan ARPANET ekialdeko kostaldera iritsi zen, BBN bera sarera gehitu zenean. 1970ean unibertsitate eta ikerkuntza zentrotako 23 ordenagailu zeuden konektaturik. Zenbaki hau 213rarte hazi zen 1981ean 20 egunetik behin konputagailu berri baten gehikuntzako batez bestekoaz.

1983rako ARPANET egonkorra eta arrakastatsua zen: 200 IMP baina gehiago eta ehunka erabiltzaile makina zituen. Hamarkada horretan sare asko konektatu ziren ARPANETera, lokalak gehienbat. Handitze horrek erabiltzaileen makinak aurkitzearen garestitzea ekarri zuen, eta arazoari irtenbidea emateko Domeinu Izenaren Zerbitzua (DNS) sortu zen.

1990erako, ARPANET berak ereindako haziaren ondorioz sortutako sare berriagoek gainditu zuten, eta beraz itxi eta desegin egin zen.

Garatutako softwarea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azpisarerako softwarea eta erabiltzaileen makinetarako softwarea bereizi ziren:

Azpisarerako softwarea erabiltzailearen makina/IMP konexioko IMP muturrak, IMP/IMP protokoloak, eta fidagarritasuna hobetzeko diseinatu zen sorburuko IMParen eta helburuko IMParen arteko protokoloak osatzen zuten.

Erabiltzaileen makinetakoa berriz, makina/IMP protokoloaren erabiltzailearen aldeko muturrak, erabiltzaile makina/erabiltzaile makina protokoloak eta aplikazio softwareak.

1972an, BBNko Ray Tomlinson-ek posta elektronikoa asmatu zuen. 1973an, FTP protokoloa definituta eta inplementatuta zegoen, ARPANETen fitxategien mugimendua erraztuz. Ordurako, trafikoaren %75a posta elektronikoaren arrakastari zegokion. Ahotsaren transmisiorako protokolo bat ere espezifikatu zen (RFC 741): inplementatu zen arren, arrazoi teknikoengatik porrot egin zuen. Ataza honek ez zuen argirik ikusiko hamarkada batzuk beranduago arte.

Beranduago IMP softwarea aldatu egin zen, terminalak zuzenean IMP berezi batekin konekta zitezen, erabiltzaileen makinen bitartez konektatu beharrean. IMP berezi horiek TIP (Terminal Interface Processor) izena jaso zuten.

Arpanet sare ezberdinekin konektatzen hasi zenean ordea, zeuden protokoloak sare batean baina gehiagotan erabiltzeko ez zirela egokiak ikusi zen, eta protokoloen ikerketa bultzatu zen, gailurra TCP/IP eredua eta protokoloen sorrera izan zelarik 1974an.

Eraso nuklearren mitoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oraindik ere oso ezaguna da ARPANET erasu nuklearrei aurre egiteko sortu zenaren ustea. Hala ere, ez zen hau izan arrazoia. Egia bada ere ARPANET sareko erroreei aurre egiteko sortu zela, arrazoi erreala nodoen fidagarritasun eskasa izan zen.

Gehiago jakiteko[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Arthur Norberg, Judy E. O'Neill, Transforming Computer Technology: Information Processing for the Pentagon, 1962-1982 (Johns Hopkins University, 1996) pp. 153-196
  • A History of the ARPANET: The First Decade (Bolt, Beranek and Newman, 1981)
  • Katie Hafner, Where Wizards Stay Up Late: The Origins of the Internet (Simon and Schuster, 1996)
  • Janet Abbate, Inventing the Internet (MIT Press, Cambridge, 1999) pp. 36-111
  • Peter H. Salus, Casting the Net: from ARPANET to Internet and Beyond (Addison-Wesley, 1995)
  • M. Mitchell Waldrop, The Dream Machine: J. C. R. Licklider and the Revolution That Made Computing Personal (Viking, New York, 2001)

Xehetasunak deskribatzen dituzten lan teknikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Larry Roberts and Tom Merrill, Toward a Cooperative Network of Time-Shared Computers (Fall AFIPS Conference, October 1966)
  • Larry Roberts, Multiple computer networks and intercomputer communication (ACM Symposium on Operating System Principles. October 1967)
  • D. W. Davies, K. A. Bartlett, R. A. Scantlebury, and P. T. Wilkinson. A digital communications network for computers giving rapid response at remote terminals (ACM Symposium on Operating Systems Principles. October 1967)
  • Larry Roberts and Barry Wessler, Computer Network Development to Achieve Resource Sharing[Betiko hautsitako esteka] (Proceedings of the Spring Joint Computer Conference, Atlantic City, New Jersey - May 1970 )
  • Frank Heart, Robert Kahn, Severo Ornstein, William Crowther, David Walden, The Interface Message Processor for the ARPA Computer Network (1970 Spring Joint Computer Conference, AFIPS Proc. Vol. 36, pp. 551-567, 1970)
  • Stephen Carr, Stephen Crocker, Vinton Cerf. Host-Host Communication Protocol in the ARPA Network (1970 Spring Joint Computer Conference, AFIPS Proc. Vol 36, pp. 589-598, 1970)
  • Severo Ornstein, Frank Heart, William Crowther, S. B. Russell, H. K. Rising, and A. Michel, The Terminal IMP for the ARPA Computer Network (1972 Spring Joint Computer Conference, AFIPS Proc. Vol. 40, pp. 243-254, 1972)
  • John McQuillan, William Crowther, Bernard Cosell, David Walden, and Frank Heart, Improvements in the Design and Performance of the ARPA Network (1972 Fall Joint Computer Conference, AFIPS Proc. Vol. 41, Pt. 2, pp. 741-754, 1972)
  • Feinler, E.; Postel, Jon B. ARPANET Protocol Handbook (Network Information Center, Menlo Park, 1978)
  • Lawrence Roberts, The Evolution of Packet Switching (Proceedings of the IEEE, November, 1978)
  • Larry Roberts, The ARPANET & Computer Networks (Sept 1986 ACM )

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]