Adela (abestia)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Adela (abestia)
Oskorriren musika-lana
Egilea(k)Oskorri
Argitaratze-data1979
IzenburuaAdela
Ezaugarriak
Genero artistikoaherri-kanta
Hizkuntzaeuskara
DiskoetxeaXoxoa
Deskribapena
Honen parte daOskorri (diskoa)
Hamabost urte eta gero hau
HitzakGabriel Aresti
Bestelako lanak
MusikagileaNatxo de Felipe
Argumentu nagusiaabortua eta Adela Ibabea

Adela euskal abesti herrikoi ezaguna da. Abestiaren musika Natxo de Feliperena da eta hitzak Gabriel Arestirenak.

Abestia Adela Ibabe Ortueta (1945–1973) andereñoaren omenez sortu zuten. Arabarra zen, Aramaiokoa, eta andereñoa Arrasaten (Gipuzkoa), 1960ko hamarkadaren amaieran eta 1970ekoaren hasieran.

1973an, ezkongabe haurdun zela, legez kanpoko abortu-ebakuntza baten ondorioz hil zen.[1] Garaiko giro sozialean Adelaren heriotzak samina eta ezinegona sortu zituen, Oskorri taldeak eta Gabriel Arestik Adela abesti honetan islatu zituzten.

Ebakuntza Frantziatik etorritako mediku batek egin zuen Irungo etxebizitza batean. Biharamonean odoljarioa zuenez eraman zuten Arrasateko Ospitalera. Larri zegoenez anbulantzian bidali zuten Gurutzetako Ospitalera, baina ordu gutxira hil zen Adela. Ondorio judizialak izan zituen heriotzak gero, abortua garai hartan legez kanpokoa baitzen. Ospitalera eraman zuten bi lagunak deklaratzera deitu zituzten, baina azkenean auzipetzetik libre geratu ziren. Medikua, ordea, auzipetu eta kartzelatu zuten, baina denbora gutxira libre atera zen.[2]

Hitzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauek dira abestiaren hasiera eta bukaera:[3][4]

Adela,
gure
arabar lorea,
giputz arroka,
hi,
Bizkaiko burdina.
 
Orain,
batere zaratarik gabe
joan hatzaigu
eskoletan ere,
euskal eskoletan ere,
klaseen arteko burruka
gogorkien
lehertzen zenean,
zeinean
gizonak
gizonaren kontra,
eta euskaldunek
euskaldunen kontra
digardukaten.
 
Azken agurra
erran
deraunagunean,
gogorrenari ere
pausatu ziaion
elur maluta bat
begiaren ertzean
eta
gure amorruagatik,
gure gorrotoagatik
egin dinagu
zin finko bat:
azken kolpea eman arte
irraungo dugula
gure burruka honetan
hire memorian
hire memorian,
hire memorian!
 
Hain sinple sinpleki
joan hatzaigu hi,
Adela geurea,
Adela herria,
Adela berria,
gure
Adela gorria.
 
Hil haiz
lanik eta soldatarik gabe,
esplatadoreek
zerua goian eta lurra behean utzia;
hil haiz
esplotadoreek
azpian lur hotza gainean harria
jarria,
baina hire erraiek
esperantza hobeko fruituak
sortuko zitinate,
hire bularretako
esne biziaz
helduko
direnak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Arana, Goio. (2012-12-11). «Adela, geurea» Sustatu (Noiz kontsultatua: 2017-12-08).
  2. Arana, Goio. (2012-12-11). «Adela, geurea» Sustatu (Noiz kontsultatua: 2017-12-08).
  3. «Adela» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2023-02-28).
  4. (Ingelesez) «Oskorri - Adela lyrics» lyricstranslate.com (Noiz kontsultatua: 2023-02-28).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]