Alexandro Joan Cuza
Alexandro Joan Cuza (errumanieraz: Alexandru Ioan Cuza; Bârlad, Moldavia, 1820ko martxoaren 20a - Heidelberg, Alemaniar Inperioa, 1873ko maiatzaren 15a) Errumaniako lehen printzea izan zen.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Moldaviako familia noble batean sortu zen. 1858. urtean Bukaresteko Divan ad hoc biltzarrean (Valakiaren eta Moldaviaren etorkizuna erabakitzeko eratu zena) aukeratu zuten ordezkari, eta ondoko urtean Moldaviako eta, geroago, Valakiako printzea (bi lurralde horiek osatu zuten, batera, Errumania).
Cuza saiatu zen Errumania eraberritzen, eta horretarako munta handiko erreformak bideratu zituen: nekazaritza-erreforma, komunikabideen hobekuntza, Unibertsitateen hedapena eta Elizaren ondasunen desamortizazioa. Neurri horiek ondoeza ekarri zuten aberatsen artera, eta, arazo askoren ondoren, agintea utzi behar izan zuen.[1]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ (Ingelesez) Stoica, Vasile. (1919). The Roumanian Question: The Roumanians and their Lands. Pittsburgh: Pittsburgh Printing Company, 28-29 or..