Alfonso García Robles

Wikipedia, Entziklopedia askea
Alfonso García Robles

Alfonso García Robles mexikar diplomatikoa eta legegizona (Zamora, Michoacán, 1911ko martxoaren 20a - Mexiko Hiria, 1991ko irailaren 2a). 1939. urtean hasi zen gobernuaren zerbitzuan lanean, eta harrezkero hainbat karguren ardura izan zuen bere esku. 1945. urtean Nazio Batuen sorrerako biltzarrean parte hartu zuen. Besteak beste, bere sorterriaren ordezkari izan zen Suedian (1939-1941), Brasilen (1962-1964), NBEn (1971-1975) eta Genevako Desarmearen Biltzarrean (1977. urtetik aurrera). Mexikoko kanpo politikaren zuzendari orokorra (1941-1946) eta Kanpo Harremanetarako idazkaria (1975-1976) ere izan zen. Latinoamerikako Desnuklearizazioaren Aldeko Batzordearen lehendakari izan zen 1964-1967 bitartean, eta kargu hartan iraun zuen denboran garrantzi handiko hitzarmen bat sinatu zen arma nuklearrak murrizteko (Tlatelolcoko hitzarmena, 1967) eta erabaki zen, 1969an, OPANAL (Latinoamerikan Arma Nuklearrak Galarazteko Erakundea) erakundea sortzea. 1972an Mexikoko Colegio Nacionalen sartu zen eta Mexikoko eta atzerriko beste hainbat erakunde akademikotako kide izan da. 1982an Bakearen Nobel Saria eman zioten, Alva Myrdalekin batera, arma nuklearrak deuseztatzeko egindako lanari esker. Idazlan aipagarriak ditu, besteak beste, La desnuclearización de América Latina (1967, Latinoamerikaren desnuklearizazioa), El Tratado de Tlatelolco (1967, Tlatelolcoko hitzarmena) eta La Asamblea General del Desarme (1979, Desarmerako Batzar Orokorra).


Erreferentziak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Alfonso García Robles Aldatu lotura Wikidatan