Alderdi Errepublikanoa Grand Old Party (Alderdi Zahar Handia) ezizenaz edo GOP siglez ere da ezaguna. 1854an sortu zen eta, 1874tik aurrera, elefantea da alderdiaren ikurra, (astoa, aldiz, demokratena). Gorriz adierazten dira agintean Alderdi Errepublikanoa duten estatuak, eta alderdiaren kolorea ere bada (urdina, aldiz, demokratena).
Alderdi Errepublikanoaren printzipio nagusia gobernu handia da (big government), demokraten gobernu txikiari aurkajarria, alegia, gobernu federal indartsuari ematen zion lehentasuna nazio sendoa izateko, eta gutxiago estatuei. Abraham Lincoln eta John C. Fremont izan zituen lehenengo buruzagiak, eta bozketetan Estatu Batuetako Iparrekialdean (Ingalaterra Berrian eta inguruan) nabarmendu ziren berehala, "free soil, free labor, free men" goiburu hartuta.