Amutxateko leizea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Amutxateko leizea
Motahaitzulo
Geografia
Herrialdea Euskal Herria
Foru erkidego Nafarroa Garaia
UdalerriaLarraun

Amutxateko edo Amurutxateko leizea izen bereko tokian dago, Aralar mendiaren ekialdean, Errege Sailetako pagadian, Baraibarko mugatik gertu, Larraundik Etzantzako larreetara doan usadiozko bidean. Hiru haitzulo daude izen berarekin: Amutxate I eta II, alde batetik, eta AM3, bestetik, aztarnategiari berari dagokiona. Aitzarretako iturburuko (Iribas) urak biltzen diren eremuan dago, Aralarko Erdialdeko Sinklinalean, Behe Kretazeokoko arrezife-kareharriz osatutakoan.

Kobazuloa ezaguna da barruan leize-hartzen aztarnategi bat aurkitu zutelako 1998. urtean, 40.000 urte ingurukoa, Europako mota horretako aztarnategi onenetakoa, aberastasun paleontologiko handia duelako, antzeko aztarnategiak ikertzeko erreferentea delako eta ukitu gabe zegoelako. Azterketa espeleologikoa eta babes lanak eginda, kobazuloa itxi eta 5 indusketa kanpaina egin ziren bertan, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Trinidad de Torres Pérez Hidalgo irakasleak zuzenduta, Aralarko leize-hartzen populazioari eta garai hartako egoeraren ezaugarri paleoklimatikoei buruzko informazio paregabea eman dutenak.

Aurkikuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Satorrak Espeleologia Taldeak 1988an aurkitu zuen AM3 zuloa, eta esperantza handia piztu zuen, kontuan hartuta bere kokaleku geologikoa eta barrutik haize-korronte handia kanporatzen zela ikusita. Pitzadura bat besterik ez zen, baina, itxura guztien arabera, jarraipena zuen. Ondoko 6 urteak sarrera bat irekitzen eman zituzten, mota askotako bitartekoak erabiliz.

1995ean oztopo guztiak gainditu eta areto zabal batera iritsi ziren. Hartz baten hezurdura osoa aurkitu zuten eta kobazulo osoaren topografia egin zuten. Hurrengo urteak leize-zuloa ongi aztertu eta babesteko lanak egiten eman zituzten. Azkenik, 1998an, itxitura jarri eta sarrera egokitu zen adituen joan-etorriak errazteko. 1999an hasi ziren indusketa kanpainak eta 2004an eman ziren ezagutzera aurkikuntzak.

Amutxate II

Lezeak 130 metroko sakonera du eta 450 metroko garapena. Hiru zati ditu: sarrera, GES aretoa (hartzen gela) eta bertikalen eremua.

Aztarnategia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroako Ondare Paleontologiko izendatuta dago, eta Espainiako Interes Geologikoko 144 lekuetako bat da, hiru testuingurutan: Iberiar Penintsulako leize-zuloetako hartzen populazioena; Aralarko leize-hartzen populazioena eta denbora-testuinguru batena.

Amutxateko leizeko aztarnategia Nafarroan aurkitutako lehenbizikoa da. Aralarren bertan Troskaetako koban ere aurkitu ziren aztarnak, Amutxatekoen antzeko ezaugarri morfologiko eta metrikoak dituzten animalienak, eremu karstiko malkartsuetan bizitzeko egokitutako hartzenak, baina Troskaetako kasuan azpieespezie batenak. Amutxateko kasuan bi populazio bereizi dira, bi aldi desberdinetan erabili baitzen, eta Europako hezurdura osatuenetako bat aurkitu da, %80a agertu baitzen. Mari izenaz bataiatu zuten eta Europako erregistro paleontologikoko altxor bat da.

Amutxateko indusketaren emaitza nagusiak:

  • 14.700 hezur eta hortz, leize-zuloetako hartzenak (Ursus spelaeus).
  • 1500 hortz, karraskarienak (zehazteko)
  • 36 hezur eta hortz, belarjaleenak
  • 35 hortz eta hezur, haragijale txikienak (zehazteko)
  • 2-Hartzen hezurren banaketa
  • hortzak: 3.500 ale.
  • atzaparrak: 1.000
  • hezur luzeak: 900
  • saihetsak: 1.450
  • ornoak: 750
  • kaskezurrak: 900 (horietako 8 ia osorik)
  • bestelakoak: 100
  • zati garrantzitsuak: > 3.000

Guztira 203 animalia dira gutxienez (117 hartz-kume eta 85 hartz gazte eta heldu), haitzuloa milaka urtetan negua pasatzeko erabili zutenak eta bertan hil zirenak. Alde horretatik, ezin da hartu Amutxateko aztarnategia denbora epe labur baten “argazkitzat”, eta ez da “populazio” baten adierazgarri ere, zentzu biologikoan, hau da, eremu batean bizi den espezie bereko animalia multzo bat. Hartzen portaeraren ezaugarriak kontuan hartuta, Amutxateko leize-zuloetako hartzen populazioak islatzen du biotopoaren okupazioaren aldi bat, kobazuloa barne, 10.000 urte baino askoz gehiagoko denbora epe batean.

Gizakien presentziaz, berriz, oso aztarna gutxi topatu dira.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]