Andresito
Andresito Gasteizko San Frantzisko komentu zaharrak orain okupatzen duten eraikinei lotutako mamu baten izena da[1]. Eraikin horien gainean daude gaur egun Ogasunaren eta Espainiako Polizia Nazionalaren bulegoak. Hainbat poliziak esan dute 10 urteko ume baten itxura duen mamua ikusi dutela bertan[2].
Eraikinaren historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
San Frantzisko komentua Gasteizko antzinako eraikina zen, Gasteizko harresiaren kanpoan 7.000 metro karratu okupatzen zuena[3]. Tradizioak dio 1214an sortu zela[4], baina lehenengo datuak 1236koak dira[5]. Bere tamainarik handiena XVIII. mendean iritsi zen[6]. XIX. mendean komentuaren gainbehera etorri zen, batez ere gerren ondorioz. Iberiar Penintsulako Gerran militarrek okupatu zuten, eta berriro ere 1833an Lehen Karlistaldian, ondasunen galerarekin[6].
1845ean estatuaren eskuetara pasa zen, eta kuartel gisa erabiltzen hasi ziren. 1927an udalaren eskuetara pasa zen, eta alkateak eraikina desegitea proposatu zuen. 1930ean eraitsi zen, bi eraikin berri egiteko proposamenarekin[6]. Geroago, bertan eraiki ziren administrazioari lotutako hainbat eraikin, tartean Espainiako Polizia Nazionalaren bulegoa eta Ogasunarena[1].
Fenomenoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Eraikina eraitsi eta gutxira, mamu baten inguruko kondairak hedatzen hasi ziren Gasteizen, eta gehiago hedatu ziren 1990eko hamarkadan, eraikin berriak egiten hasi zirenean.[1] 1994an gauez eraikina zaintzen ari zen langile batek ume bat eta aitona bat ikusi zituen, eskutik helduta; poliziaren laguntza eskatzera joan zen, baina etorri zirenerako ez zegoen inor ere bertan, eta mamuaren istorioa are gehiago hedatu zen[2]. Garai horretan Andresito izena jarri zioten mamuari[1].
Langileak beldur ziren gauean bertan egoteko, eta segurtasuneko arduradun bat jarri zuten, gela guztiak giltzaz ixteko, goizetan euren paperak nahastuta ikusten zituztela esaten baitzuten[7].
Mamu baten historia argitaratzen lehena Prudencio Muguruza izan zen[2]. Inguruko etxeetakoek ere diote ikusi dutela leihoen artean, baita arropaz aldatzen dela ere[7]. Aurrerago Fernando Jiménez del Osok eta Iker Jiménezek ere ikertu dute fenomenoa[8].
Herri-kulturan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Behin hortik gertu zegoen Amaya okindegian mamua meza laguntzailez jantzita agertu zela zabaldu zen, eta horregatik bertan Andresitos izeneko pastela saltzen zuen[7].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d (Gaztelaniaz) EL FANTASMA DE ANDRESITO DE VITORIA-GASTEIZ – HISTORIAS DE VITORIA-GASTEIZ. 2017-02-15 (kontsulta data: 2024-01-23).
- ↑ a b c (Gaztelaniaz) «Un fantasma en comisaría» ELMUNDO 2016-01-29 (kontsulta data: 2024-01-23).
- ↑ (Gaztelaniaz) CONVENTO DE SAN FRANCISCO DE VITORIA-GASTEIZ (DESAPARECIDO) – HISTORIAS DE VITORIA-GASTEIZ. 2016-11-12 (kontsulta data: 2024-01-23).
- ↑ (Gaztelaniaz) Munain, Gorka López de. (2018-03-17). «El convento de San Francisco de Vitoria en el siglo XIII» Álava Medieval / Erdi Aroko Araba (kontsulta data: 2024-01-23).
- ↑ García Fernández, Ernesto. (1996). «Dominicanos y franciscanos en el País Vasco (siglos XIII-XV)» VI Semana de Estudios Medievales: Nájera, 31 de julio al 4 de agosto de 1995, 1996, ISBN 84-89362-11-4, págs. 213-234 (Instituto de Estudios Riojanos): 213–234. ISBN 978-84-89362-11-6. (kontsulta data: 2024-01-23).
- ↑ a b c (Gaztelaniaz) Deporte, Ministerio de Cultura y. (2008). «Biblioteca Virtual de Patrimonio Bibliográfico» bvpb.mcu.es (kontsulta data: 2024-01-23).
- ↑ a b c «El hogar del niño fantasma – JulioCorral.Net» web.archive.org 2016-10-29 (kontsulta data: 2024-01-23).
- ↑ Cuarto Milenio: El caso del niño fantasma ANDRESITO. (kontsulta data: 2024-01-23).