Anorgasmia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ohar medikoa
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Anorgasmia
Deskribapena
Motaorgasmic dysfunction (en) Itzuli
EspezialitateaPsikiatria, psikoterapia, Psikologia klinikoa
Ginekologia
Identifikatzaileak
GNS-10F52.3
GNS-9302.73 eta 302.74
DiseasesDB23879

Anorgasmia edo nahasmendu orgasmikoa[1] orgasmoaren inhibizio errepikakor eta iraunkorra da, kitzikapen normaleko fase baten ondoren ez egoteagatik adierazia, eta intentsitatean, iraupenean eta motan egokitzat jo daitekeen estimulazio baten bidez sortua. Desira faltarekin batera, emakumearen disfuntzio sexual ohikoenetako bat da.[2] Gizonengan ere anorgasmia egon daiteke, baina ez da hain ohikoa eta nekez diagnostikatzen dute, eiakulazioa orgasmo bat dela dioen aurreiritzi okerraren atzean ezkutatzen baita.[3] Kasu hauetan, orgasmora "normala" den bidetik iristen ez denean anorgasmiaz aritzen dira. Anorgasmiaren kausen %5ak organikoak dira eta, besteak beste, drogen eta botiken erabilerarekin eta gaixotasun kronikoekin dute zerikusia. Alderantziz, %95ek faktore psikologikoei erantzuten die, hala nola antsietateei, depresioari, sexualitateari buruzko mitoei, ikasitako jarrerei eta erlijio-sinesmenei. Halakoetan, anorgasmia psikogenoz aritzen gara.

Motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Anorgasmia primarioa: orgasmoa inoiz lortu ez duenak pariatzen du, ez koitoaren bidez, ez masturbazioaren bidez, nahiz eta normalean eiakulatu -edo ez-.[4]
  • Anorgasmia sekundarioa: garai batean normaltasunez orgasmoak izan ondoren, modu sistematikoan esperimentatzeari uzten dionak pairatzen du.
  • Anorgasmia absolutua: ezein prozeduraren bidez (autoestimulazioa, heteromasturbazioa, etab.) orgasmora iristeko gai ez denean.
  • Anorgasmia erlatiboa: klimaxera modu jakin batean iristeko gai ez denean; adibidez, anorgasmia koitala.
  • Egoera-anorgasmia: egoera jakin batzuetan bakarrik irits daiteke orgasmora.

Kausak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orgasmo femeninoaren fisiologian maskulinoan baino faktore gehiagok parte hartzen dute, eta, beraz, konplexuagoa da. Horregatik, nahasmendu orgasmikoak askoz ere ohikoagoak dira emakumeen artean.[2] Horrelakoetan, orgasmoarekin batera, baginan aurkitutako zenbait gihar genital uzkurtu egiten dira. Alde horretan edozein gaixotasun edo traumatismo, edozein droga[5] edo baita botika jakin bat hartzea ere,[6][7] orgasmoa inhibitzen duten arrazoi organikoak izan daitezke.

Edonola ere, hona hemen anorgasmiaren kausa nagusik:

  • Organikoak. Kausen %5a baino ez dira. Gaixotasun endokrinologikoak (diabetesa, etab.), neurologikoak, ginekologikoak, etab.[8]
  • Psikologikoak dira ohikoenak (%95a). Nagusien artean:
    • aurreiritzi kultural negatiboak
    • sexu-esperientzia traumatikoak
    • pertsonen arteko baldintzak
    • sexu-informaziorik eza
    • monotonia kontzentrazio faltan, larritasunean, etab.
    • bikote-harremanarekiko konpromisoarekiko anbibalentzia, bertan behera uztearen beldurra, norberaren independentzia baieztatzeko beldurra, batez ere sexu-harremanekin lotutako erru-sentimenduak.

Tratamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anorgasmia tratagarria da eta pronostiko ona du, betiere pazienteak terapeutarekin lankidetzan jarduten badu.[9] Tratamendua eraginkorra da kasuen %95 ingurutan; kopuru hori nahiko handia da arazoaren tamaina kontuan hartzen badugu.

Anorgasmiaren tratamenduak, lehenik eta behin, helburu hauek ditu:

  • Oro har, sexualitatearen eta, bereziki, orgasmoaren inguruko jarrera negatiboak eta aurreiritziak ezabatzea.
  • Harremana hobetzea, bikotearen arteko komunikazioaren bidez.
  • Sexu-trebetasunen programa, disfuntzio horretarako ariketa espezifiko batzuk egiten dituena.

Anorgasmia duen emakume batek ginekologo bat bisitatu behar du, ebaluazio fisiko osoa egin ondoren, dauden arazo medikoak identifikatu edo baztertu ahal izateko.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Euskalterm: [Psikiatria Hiztegia] [2017]
  2. a b Nolen-Hoeksema, Susan. (2014). Abnormal Psychology Sixth Edition. New York, NY: McGraw-Hill Education, 368 or. ISBN 978-0-07-803538-8..
  3. (Gaztelaniaz) Godás, Teresa. (2007). Juan Rodés, Josep Maria Piqué, Antoni Trilla ed. Libro de la salud del Hospital Clínic de Barcelona y la Fundación BBVA. Bilbo: Fundación BBVA, 478-479 or. ISBN 9788496515338..
  4. Bridley, G. S.; Gillan, P.. (1982). «Men and women who do not have orgasms» The British Journal of Psychiatry 140 (4): 351–6.  doi:10.1192/bjp.140.4.351. PMID 7093610..
  5. Woodhouse, Christopher. (2019). «The effects of recreational drug use on the genitourinary tract» Trends in Urology & Men's Health 10 (4): 18–20.  doi:10.1002/tre.703..
  6. Hu XH, Bull SA, Hunkeler EM. (2004ko uztaila). «Incidence and duration of side effects and those rated as bothersome with selective serotonin reuptake inhibitor treatment for depression: patient report versus physician estimate» The Journal of Clinical Psychiatry 65 (7): 959–65.  doi:10.4088/JCP.v65n0712. PMID 15291685..
  7. Landén M, Högberg P, Thase ME. (2005eko urtarrila). «Incidence of sexual side effects in refractory depression during treatment with citalopram or paroxetine» The Journal of Clinical Psychiatry 66 (1): 100–06.  doi:10.4088/JCP.v66n0114. PMID 15669895..
  8. Berman, J. Bumiller, E. & Berman L.. (2005). For Women Only, Revised Edition: A Revolutionary Guide to Reclaiming Your Sex Life. New York: Owl Books ISBN 978-0-8050-7883-1..
  9. Humphery, S.; Nazareth, I.. (2001-10-01). «GPs' views on their management of sexual dysfunction» Family Practice 18 (5): 516–518.  doi:10.1093/fampra/18.5.516. ISSN 0263-2136. PMID 11604374..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]