Bagina

Wikipedia, Entziklopedia askea
Bagina
Xehetasunak
Honen parteEmakumearen ugaltze-aparatua
Alua
Kokapenapelbiseko barrunbea
Artikulazioaexternal orifice of uterus (en) Itzuli
Hona
drenatzen du
vaginal venous plexus (en) Itzuli
internal iliac lymph nodes (en) Itzuli
ArteriaUmetoki arteria
Zainavaginal venous plexus (en) Itzuli
Identifikadoreak
Latinezvagina
MeSHA05.360.319.779
TAA09.1.04.001
FMA19949
Terminologia anatomikoa

Bagina edo emabidea ugaztun emeen alutik (emeen sexu organo bistakoena) umetokira doan hodi muskular elastikoa da. Emakumeek, jaiotzean, himen deituriko azal berezi batez estalirik izan ohi dute bagina. Azal hori denborarekin eta, batez ere, kirol edo ekintza fisikoarekin gastatzen joan ohi da eta gehienek nerabezarora iristerako ez dute himenik edukitzen. Lehenagoko gizarteetan, klase altuko emakumeek bizitza sedentarioa izan ohi zutenean eta oso goiz ezkontzen zirenean, himena bere horretan edukitzea birjintasunaren seinalea izan ohi zen. Himena duen emakumezko baten baginan zakila sartzean odol jario txiki bat sortzen da; hori hartzen zuten senarrek beren emazteen birjintasunaren ezaugarritzat.

Egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baginako plaka baginaren behekaldean aitzindaria da eta horren hazkuntza da baginaren sorrera eragiten duena. Plaka baginala Müller-en hodien punta solidoak muin urogenitalaren bizkarraldean sartzen diren puntuan kokatzen da, Müller-en goragunea bezala. Plakaren hazkuntzak ez du oztoporik, zerbixa eta sinu urogenitala nabarmen bereizita daudelako; ondoren, plakaren erdiko zelulak desegin egiten dira lumen baginala eratzeko. Bagina ez da kanal gisa eratzen haurdunaldiko 24 astera arte. Erabat garatzea lortzen ez bada, septae sor daiteke, eta horrek irteera-traktuaren butxadurak eragin ditzake etorkizunean.

Testosterona ez dagoenean gizakiengan sexu-bereizketan (emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunen garapen sexuala), sinu urogenitalek baginako bestibulu gisa jarduten dute, bi tolestura urogenitalek ezpain txikiak osatzen dituzte, eta ezpain/eskrotal hantura hazi egiten da ezpain nagusiak osatzeko.

Giza bagina bulbatik umetokira hedatzen den kanal elastiko muskular gisa garatzen da. Arrosa-gorrixka da, eta azaleko bulba umetoki-lepo sakonarekin lotzen du. Bagina uretraren eta maskuriaren atzean dago, eta perineotik gora hedatzen da, ondoren umetoki-lepora; umetoki-lepoa baginaren barruan nabarmentzen da, 90º inguruko angeluan. Baginako zuloa eta uretraren irekiera ezpainek babesten dituzte.[1]

Forma eta dimentsioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baginaren egitura eta forma

Atseden egoeran bagina laua da eta bere hormak bata bestearen gainean pilatzen dira. Arrazaren edo genetikaren arabera tamaina ezberdinetakoak egon daitezkeen arren, bagina gehienak 8 eta 11 zentimetro artean neurtzen dute. Hala ere, kitzikapen sexuala gertatzean bere tamaina handitu egin ohi da beste hiruzpalau zentimetro.[2]

Bagina muskuluz eta mukosaz osatutako hodia da, aurretik atzera begiratuta aplanatuta dagoena. Baginaldea introito baginalean bukatzen da, hau da, bulba aldean. Zerbixarekiko bi kupula eratzen ditu: aurreko eta atzeko kupula baginalak. Kupula hauek, zerbixaren alde intrabaginala izango dira.

Paretako geruzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tunika mukosoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tunika mukosak zeharkako tolestura ugari eratzen ditu, "Zimurrak" edo baginako tolesturak, espeziearen arabera forma eta lodiera desberdinak dituzte eta, batzuetan, baginako argia erabat ixten dute. Bi geruza ditu: epitelioa eta lamina propioa.

Baginako "zimurrak" edo tolesdurak

Epitelio ezkatatsu geruzatu mukosoak lodiera aldakorra du. Berezko lamina epitelioa eta muskulu-geruzak lotzen dituen ehun laxo konjuntiboa da. Sakonean, zuntz lodiagoak eta kalibre handiagoko odol-hodiak daude. Hodi horiek haitzulo baskular deiturikoak irristatzen dituzte, eta haitzulo horiek erekzio-ehuna osatzen dute.

Hemengo mukosa ziklo obarikoaren hormonen menpe egongo da, eta, obulutegian bezala, bere egoera modifikatuko dute. Honen laginak hartzen dira baginan, batez ere zerbix aldean, hemengo zelulen egoera garrantzitsua izango delako bi arrazoiengatik:

  • Ziklo obarikoaren zer fasetan gauden jakiteko.
  • Minbiziaren despistajea egiteko.

Baginaren glandularen sekrezioak azido laktiko bihurtuko dira Döderlein baziloa deitzen den bakterio saprofitaren bitartez. Bakterio honek, beste askorekin batera, baginaren flora bakterianoa eratzen du. Azido laktikoak aziotasuna handituko du, bi funtzio dituena:

  • Bagina babestuko du infekzioetatik.
  • Espermatozoideen hautespena egingo du. Hau da, batzuk hiltzea eragingo du. Horregatik, espermatozoideen inguruan dagoen ur seminalaren osagaietako bat sekrezio prostatikoa da. Sekrezio prostatikoa alkalinoa da, baginaldearen azidotasuna pixka bat motelduko duena.
Baginaren horma

Ingurune honen azidotasuna aldatu egingo da antibiotikoen ondorioz, baziloak hiltzea eragiten dutelako.

Tunika muskularra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Muskulu leunak bi estratu bereizi ditu: bata barrukoa, zuntz zirkularrez osatua, eta bestea kanpokoa, lodiagoa, luzetarako zuntzez osatua.

Muskulu bulboesponjosoak bagina ixten duen esfinterra osatzen du. Zelula muskular eskeletikoak dira.

Tunika adbentizia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ehun-konektibo laxoa da, zain-plexu handia duena.[2]

Mikrobiota baginala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bagina ekosistema dinamikoa da eta aldaketa asko pairatzen ditu bizitza guztian zehar. Mikrobiota baginalean espezie aerobikoak nagusitzen dira, Lactobacillus espeziea gehienbat, eta hormona batzuren eraginez (estrogenoa, progesterona eta hormona folikuluestimulatzailea) aldaketak pairatzen ditu bizitzan zehar. Baginaren pH-a ere aldatuz doa: lehenengo hilerokoa izan baino lehen, nesken baginaren pH-a 7,00 da; ugaltze-aldian dauden emakumeena 3,8-4,4 artekoa da eta menopausia aldian 6,5-7,0. Aldaketa hauen eragile garrantzitsuak estrogenoa, glikogenoa eta Lactobacillusak dira.[1]

Ematutua odoleztatzen duten ematutu arteria eta umetoki arteria

Odoleztapena eta zain itzulera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ematutua nagusiki bi adarrek odoleztatzen dute. Alde batetik ematutu arteria eta bestetik umetoki arteriaren (arteria uterinoaren) ematutu adarrak. Kasu bietan barne ilion arteriatik eratorriak dira; umetoki arteriaren ematutu adarren kasuan umetoki arteriaren beheranzko adarretik sortuko dira. Horrez gain, ematutuaren beheko herena odoleztatzeko erdiko ondeste arteriaren adar batzuk ere daude.[2]

Zain itzulerari dagokionez ematutu zain sarea eta umetoki zain sarearen bidez egingo da. Haien artean anastomosiak egingo dituzte eta beraien odola ilion zain batura drainatuko dute. Ondoren, odola bertatik beheko kaba zainera bideratua izango da.

Inerbazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Plexu somatiko: plexu sakro eta kokzigeoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pelbiseko barrunbearen horma posterolateralean daude kokatuta eta muskuluen artean barrunbea zeharkatzen dute. S1- Co aurreko adarrek osatzen dute, L4-L5 adarrek ere parte hartzen dute, pelbisera zuzenean sartzen dira. (L4-L5 adarrak plexu lunbarretik sartzen dira). Beheko gorputz adarrak inerbatzen dituzte gehien bat eta pelbis zein perineoko muskulu batzuk inerbatzen dituzte. Larruazaleko adarrak ere dauzkate, perineoaren zati gehiena inerbatuko dute.

Sakroko plexua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

S1-S4 mailako aurreko adarrak osatuko dute, L4 eta L5 mailako aurreko adarrek ere parte hartuko dute. Adar hauek sakroaren aurreko zuloetatik ateratzen dira. Gongoil aurreko zuntzak sinapsia egiten dute maila horretako gongoiletan (kate ortosinpatikoan) eta hauetatik gongoil osteko zuntzak ateratzen dira. Maila bakoitzetik ateratzen diren nerbioak beste mailetatik ateratzen diren nerbioekin bat egingo dute bukaerako adarrak emateko. Sakroko plexuko adarretako bat nerbio pudendoa da, perineoko nerbioa dena. Horretaz gain, sakroko plexuak muskulu piriformea inerbatzen duuen adarrak emango ditu, pelbiseko alboko horma estaltzen duen muskulua.

Nerbio pudendoa:[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Muskulu piriformearen beheko zatiaren aurrean sortzen da, plexu sakroaren S2-S4 adarretatik sortzen da. Nerbio hau iskion zulo nagusitik aterako da pelbisetik, iskionaren arantza inguratuko du eta iskion zulo txikitik sartuko da. Bere ibilbide osoan zehar lotsari arteriaren adarrekin batera joango da. Nerbio pudendo honek 3 adar emango ditu:

  • Beheko ondeste nerbioa: lotsari nerbioaren lehenengo adarra da, honek uzkiaren kanpoko esfinterra, uzkiaren gihar jasotzaileak eta uzkialdeko larruazala inerbatuko du.
  • Perineo nerbioa: adar sentsitibo zein eragileak ditu:
    • Eragileak: perineoan aurkitzen diren gihar guztiak inerbatzen ditu (iskiocavesnosus, bulboesponjosus, perineoaren azaleko zeharkako giharra, perineoaren sakoneko giharra...).
    • Sentsitiboak: batez ere perineoaren larruazala inerbatzen du. Horrez gain, azken adar batzuk ematen ditu: atzeko ezpain adarrak. Azken horiek ezpain nagusietara hedatzen dira horiek inerbatuz.  
  • Klitoriaren bizkarraldeko nerbioa: lotsari nerbioak ematen duen azkenengo adarra da. Adar hau, klitorirantz abiatzen da eta klitoriaren mokoa, gorputza, eta aurreazala inerbatzen ditu.

Plexu kokzigeoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

S5-Co mailako adarrek osatzen dute, horretaz gain, S4 mailako adar batzuk plexu honetan parte hartuko dute. Nerbio horiek izterrean eta hura estaltzen duten lotkailu sakroespinoso eta sakrotuberosoetan sartzen dira, eta azalera iristen dira perineoko uzki-triangeluko azala inerbatzeko.

Beste nerbio batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Plexu hauetatik ateratzen ez diren, baina nerbio somatikoak (funtzio motorea eta sentsitiboa daukatenak) diren beste adar batzuk ematutua inerbatuko dute[3]:

  • Nerbio ileoinginala: L1 mailatik ateratzen den adarra da eta pubisaren mendia zein ezpain handiak sentsitiboki inerbatuko ditu.
  • Nerbio genitofemorala: L1-L2 mailatik dator eta aluaren aurreko atalaren informazio sentsitiboa ematen du.

Ornoarreko plexuaren luzapen pelbikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Luzapen hauek erraietako, sinpatiko eta parasinpatikoaren zuntz aferenteak eramaten dituzte. Hauek pelbiseko erraiak eta perineoko ehun zutitzailea inerbatzen dituzte.  Ornoarreko plexu hau azpilean nerbio hipogastriko bezala sartzen da, goiko plexu hipogastrikoaren adarrak direnak. Gerriko nerbio esplaknikoak nerbio hipogastrikoekin elkartzean S2-S4 mailako gongoil aurreko zuntz parasinpatikoak garraiatuko dituzte. Modu honetan beheko plexu hipogastrikoa sortuko da. Plexu honetatik beste hainbat plexu sortuko dira azpileko erraiak inerbatzeko:

  • Ondesteko plexua
  • Umetoki-ematutu plexua
  • Plexu prostatikoa (gizonetan bakarrik agertuko da)
  • Maskuriko plexua

Inerbazio sinpatikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inerbazio sinpatikoa bizkar muinaren maila torakolunbarretik (T10-L2) datozen bitarteko adarrek egingo dute. Zuntz horiek, preganglionarrak direnak, bizkar muinetik irten eta enbor sinpatikoa deritzon kate parabertebralera bideratuko dira (kate ortosinpatikoa). Hemen, sinapsia egin gabe, bi bide desberdin egingo dituzte inerbatuko dituzten errai pelbikoen arabera: obulutegietara doazen adarrak eta umetokira zein baginara doazen adarrak.

Obulutegietara doazen adarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizkarmuinaren  T10-T11-T12 mailetatik ateratzen dira gongoil aurreko zuntzak. Hauek kate ortosinpatikotik pasatuko dira, baina hemen sinapsirik egin gabe eta toraxeko errai nerbio txikia eta txikienaren bitartez  giltzurrun gongoiletara eta goiko mesenterioko gongoiletara bideratuko dira. Bertan, sinapsia egingo dute eta  gongoil osteko zuntzak aterako dira. Gongoil osteko zuntz hauek beherantz joango dira eta obulutegi plexua eratuko dute eta bertako zuntzak obulutegietara bideratuko dira. Bertan eragingo duten efektua basokonstrikzioa izango da.

Umetoki eta ematutura doazen adarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gongoil aurreko zuntzak bizkarmuineko  L1-L2 mailetatik aterako dira. Hauek  kate ortosinpatikotik pasako dira sinapsirik egin gabe eta  lehenengo eta bigarren gerriko errai nerbioen bitartez beherantz jarraituko dute  goiko hipogastrio plexura. Hemendik beheko hipogastrio plexura bideratuko dira eta bertan bigarren neurona egongo da eta sinapsia egingo dute. Gongoil osteko zuntzak aterako dira eta hauetako batzuk zuzenean umetoki tubara bideratuko dira eta beste batzuk beheranzko norabidean jarraituko dute. Beheranzka doazen zuntzek plexu bat eratuko dute: umetoki-ematutu plexua. Plexu honetatik zuntzak umetokira eta ematutura bideratuko dira. Hauek eragingo duten efektua basokonstrikzioa eta giharren uzkurketa izango da.

Inerbazio parasinpatikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Osagai parasinpatikoaren gongoil aurreko zuntzak S2-S3-S4 mailetatik aterako dira eta azpileko errai nerbioen bitartez beheko plexu hipogastrikora bideratuko dira. Bertatik zuntz batzuk zuzenean umetoki tubetara bideratuko dira eta beste batzuk beherantz jarraituko dute umetoki-ematutu plexura. Plexu honetatik zuntzak umetokira eta ematutura bideratuko dira. Bertan emango den efektua basodilatazioa izango da eta honen ondorioz klitoriaren zutiketa emango da, ischiocabernosus giharrak eztaltzen duen zutabea inerbatuko duelako.

Inerbazio aferentea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garrantzitsua izango da, bertako inerbazio aferentea jakitea izan ere hauek erraien sentzazioak bideratuko dituzte. Zuntz sentikorrak zuntz parasinpatiko eta zuntz sinpatikoekin batera helduko dira dagoekien sistema nerbioso zentralaren maila ezberdinetara.

Beste zuntz aferente batzuk perine aldean kokatuko dira eta hauek nerbio pudendoaren adarrak dira. Beraz, perine aldeko sentikortasuna batez ere nerbio pudendoaren bidez bideratuko dira.

Obulutegietako informazio aferentea toraxeko nerbio esplaknikoen bitartez T10 mailara helduko da. Maila honetan zilbor mailaren larruazalaren informazioa helduko da ere, hori dela eta, obulutegien sortutako mina maila horretan nabaritzen da[4].

Lehen aipatutako nerbio genitofemoral eta nerbio ilioinginala era parte hartuko dute sentikortasunean. [5]

Funtzioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baginak hainbat funtzio betetzen ditu:

Skene eta Bartholinen guruinak

Alde batetik, sexu-harremanak ahalbidetzen ditu eta, bestetik, erditzea ahalbidetzen du.

Jariaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alde batetik, hilerokoa kanalizatzen du, baita fluxu baginala ere. Hau umetokitik, umetoki lepotik eta epitelio baginalaren isurketetatik sortzen da eta sexu-harremanetan, obulazioan, hilerokoan eta haurdunaldian zehar handitu egiten da. Hasieran fluxu baginal honen jatorria bagina zuloaren ondoan kokatzen diren Bartholinen guruinetan zegoela uste zen, baina orain frogatu da glandula hauek sexu kitzakapenean soilik direla garrantzitsuak. Fluxu baginalaren jatorri nagusia baginaren paretek burutzen duten plasmaren birxurgapena da eta honi transdukzio baginala deitzen zaio.[2]

Ematutua duten pertsonen kitzikapenaren eta orgasmoaren faseak

Aktibitate sexuala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baginaren irekieratik hurbil dauden nerbio-bukaerak pilatzen direnean, plazer-sentsazioak sortzen dira sexu-jardueran estimulatzen denean, eta emakume askok, gainera, plazera jasotzen dute hurbiltasuna eta osotasun-sentsazioengatik penetrazioan (behatzen, zakilaren edo sexu-jostailuen bidezkoa).[2]

Baginak nerbio-bukaera handirik ez duenez, emakumeek ez dute maiz sexu-estimulaziorik jasotzen soilik penetrazioaren bidez.[2]

Bagina-paretaren inerbazioari buruzko zenbait azterketa zientifikok adierazten dute ez dagoela nerbio-bukaera handiagoko eremu bakar bat, edo emakume batzuek baino ez dutela nerbio-bukaera gehiago aurreko bagina-paretan, hala ere, emakumeengan sentikortasun handia dago bagina-paretan. Kasu horiek erakusten dutenez, baginako nerbio-bukaera gehienak baginaren kanpo-herenean daude, batez ere irekiduratik hurbil, eta baginaren beste bi herenak (edo goragokoak) baino sentikorragoa da ukituarekiko. Hori dela eta, erditzeko prozesua ez da hain mingarria, nerbio-bukaera asko izateak mina eta plazera izateko aukera handiagoa ematen baitu.[2]

Zakila sartzeaz gain, plazera sentitzeko modu asko daude, bagina-estimulazioa, masturbazioa eta aho-sexua barne. Badira sexu-jarrerak, hala nola «misiolariarena», baginaren estimulazioa handitzen dutenak. Emakume batzuek sexu-jostailuak erabiltzen dituzte, bibragailua esaterako, baginaren bidez plazera areagotzeko.[2]

Klitoriak zeregin bat du baginaren estimulazioan; ikerketen arabera, baginarekin ehun-konglomeratu bat eratzen du. Ehun hori hedatuagoa izan daiteke emakume batzuetan besteetan baino, eta horrek lagundu egin dezake orgasmoetan.[2]

Eszitazio sexualean, eta bereziki klitoriaren estimulazioarekin, baginaren paretak labaindu egiten dira. Hori gertatzen da sexu-kitzikapena hamar segundotik hogeita hamarrera egin ondoren, eta emakumea zenbat eta denbora gehiago egon kitzikatuta, orduan eta handiagoa da. Honek sexu-jardueran behatzak, zakila edo beste objekturen bat baginan sartzean sor daitekeen marruskadura edo kaltea murrizteko balio du. Eszitazioan, bagina dilatatu egiten da, eta horrela jarrai dezake presioari erantzunez; emakumea erabat kitzikatzean, baginaren altuera eta zabalera handitzen dira, uteroa pelbis-barrunbearen barruan altxatzen da, eta umetoki-lepoa, berriz, uzkurtu eta bagina-zorutik gora igotzen da, eta horrek guztiak bagina-tamaina handitzen du. Baginaren pareta elastikoak uzkurtzen dira, muskulu pelbikoen laguntzarekin, sartutako behatzen, zakilaren edo beste objektu baten inguruan bildu ahal izateko.[2]

Horrez gain, baginaren aurreko horman G puntua edo Grafenbergen gunea ezagutzen den zona erogenoari buruzko eztabaida dago. Emakume batzuek diote plazer handia sentitzen dutela eremu horren estimulazioarekin, eta beste batzuek, berriz, ez dute ezer berezirik sentitzen. Ikertzaile gehienek diote ez dagoela egitura hori, eta gune horretan klitoriaren barnealdea estimulatzen da. [2]

Erditzearen faseak

Erditzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baginak kanal bat eskaintzen du jaioberriak bere bizitza independentea amaren gorputzetik kanpo atera eta has dezan. Erditzea gerturatzen denean, hainbat sintoma eman daitezke, Braxton Hicks-en uzkurdurak, baginako deskarga bat eta zaku amniotikoaren haustura (urak apurtzea). Urak apurtzen direnean, ezohiko sentsazio heze bat egon daiteke baginan; hau baginako fluido-korronte txiki edo irregular bat izan liteke, edo fluido-zorrotada bat.[2]

Gorputza erditzeko prestatzen denean, umetoki-lepoa bigundu egiten da, argaldu egiten da, aurrerantz mugitzen da aurrez aurre jartzeko, eta irekitzen has daiteke. Horri esker, fetua pelbisean eseri edo "erori" daiteke. Fetua eroso jartzen denean, mina egon daiteke nerbio iskiatikoan, baginako deskarga areagotu daiteke eta gernu-maiztasuna areagotu. Gerta daiteke sintoma horiek erditzeko prozesua hasi aurretik jada erditu diren emakumeen kasuan gertatzea erditzea baino hamar edo hamalau egun lehenago gerta daitezke, gutxi gorabehera, prozesua lehen aldiz jasaten duten emakumeak.[2]

Umekia zerbixaren euskarria galtzen hasten da umetoki-uzkurdurak hasten direnean. Umekiaren burua egokitzeko 10 cm-ko (3,9 plg) diametrora iristen den dilatazio zerbikalarekin, burua umetokitik baginarantz mugitzen da. Baginaren elastikotasunari esker, bere diametro normala hainbat aldiz zabaltzen da erditu ahal izateko.[2]

Jaiotzak baginako jaiotzak izan ohi dira, arrakastaz, baina batzuetan konplikazioak izaten dira, eta emakume batek zesarea egin behar izaten du horien ordez. Baginako mukosak fluido-metaketa anormala du (edema), eta oso fina da, zimurtasun gutxikoa, jaio eta pixka bat geroago. Gutxi gorabehera hiru astetan mukosa loditu egiten da eta zimurtasuna itzultzen da obulutegiek beren ohiko funtzioa berreskuratzen dutenean eta estrogeno-emaria lehengoratzen denean. Baginako muskuluen nahigabeko uzkurdurak, hala nola baginismoa edo hilekoaren mina, nabarmen murrizten dira lehen erditzearen ondoren. Baginako irekiera irekia eta erlaxatua dago, haurdunaldiaren aurreko egoerara erditu eta berehala hasten den alditik (erditze ondoko aldia) sei-zortzi astera itzultzen den arte; hala ere, lehen zuena baino handiagoa izango da.[2]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b (Gaztelaniaz) Vagina. 2021-12-09 (Noiz kontsultatua: 2021-12-15).
  2. a b c d e f g h i j k l m n o (Gaztelaniaz) Vagina. 2021-12-09 (Noiz kontsultatua: 2021-12-15).
  3. (Gaztelaniaz) canalSALUD. (2019-09-11). «Inervación de los órganos pélvicos de la mujer» canalSALUD (Noiz kontsultatua: 2021-12-12).
  4. (Gaztelaniaz) «Inervación Aparato Genital Femenino» Paradigmia (Noiz kontsultatua: 2021-12-12).
  5. Drake RL, Vogl W, Mitchell AWM. Gary Anatomía para estudiantes. 1ªed. Madrid: Elsevier; 2005.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]