Antsa Remiritz

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Antsa Remiritz
Condesa Sancha de Aragón.jpg
Bizitza
Jaiotza c. 1045
Herrialdea Aragoiko Erresuma
Heriotza 1097ko apirilaren 5 eta abuztuaren 16 artean
Familia
Aita Ramiro I.a Aragoikoa
Ama Ermesenda Foixkoa
Ezkontidea(k) Ermengol III.a Urgellgoa
Anai-arrebak
Hezkuntza
Hizkuntzak katalana
Jarduerak

Antsa Remiritz[1] edo Antsa Aragoikoa (c.1045-1097ko apirilaren 5 eta abuztuaren 16 artean), «Antsa Andrea kondesa», aragoiar noblea izan zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aita Ramiro I.a Aragoikoa, Aragoiko lehendabiziko konde burujabe (1035-1063/9) eta Sobrarbe eta Ribagortzako kondea (1045-1063/9), eta ama Gisberda, Bernardo Roger Foixkoaren alaba, izan zituen. Beraz, Antso Remiritz Aragoiko eta Iruñeko erregea[2] eta Gartzea, Iruñeko apezpikua bere nebak eta Urraka eta Teresa bere ahizpak ziren.

1063an Ermengol III.a Urgellgoa ezkondu zuen.[3] Hurrengo urtean, Ermengol, gurutzadaren ondorioz, Barbastroko tenente bilakatu zen baina 1065eko apirilean hil zen hiria defendatuz Al-Muqtadir Zaragozako taifaren buruzagiak zuzendutako kontraerasoan.

Hau da, hogei urte besterik ez zituenean, alargun geratu zen eta senarraren titulua bereganatu zuen. Harrezkero, nebaren alde egin zuen konderritik. Litekeena da Antsa bera 1068an jaiotako Petri infantearen hezkuntzaz arduratzea, 1071n erregeak Elisabet Urgellgoa zapuztu baitzuen.[4]

San Pedro de Siresako monasterioaren emakumezkoentzako baliokidea zen Santa Cruzko monasterioa babestu, zuzendu eta kudeatu zuen, nahiz eta botodun moja izan ez.

1071. urte inguruan, nebak Felizia Roucykoa ezkondu zuenean, erregearen tenentziez arduratu zen. Agirietan San Urbezko (1074tik aurrera), Santa Cruz de la Serósko (1074-1094), Atarésko (1083) eta San Pedro de Siresako (1082-1095eko amaiera) tenente moduan agertu zen eta baita garai haietako neba eta ilobaren agirietan ere.

Ohiz kanpokoa eta zuzenbide kanonikoaren aurkakoa bazen ere, 1082 eta 1083 artean Iruñeko elizbarrutia kudeatu zuen, Gartzea bere anaia bera ere baztertuz. Huescako katedralean dagoen 1082ko agiri batek in sede episcopale Iruniensis cometissa domna Sancia in conmendatione (Iruñeko gotzain-egoitzan Antsa andrea kondesa aginduz) dio.[3][5][4] Egoera bitxi honen arrazoia teologikoa izan liteke: Antso Remiritz erregeak, 1068an Erromara bidaiatu zenetik Aita Santuaren basailua zena, hispaniar edo mozarabiar erritua erromatarren mesede ordezkatzearen aldekoa zen eta Gartzia anaiak Aita Santuaren eskaera honen kontrakoa izan zen.

Era berean, ohiz kanpokoa ere bazen 1082tik aurrera, San Pedro de Siresakoren bezalako gizonezkoentzako monasterio bat kudeatzea, are gehiago, Erresuma osoko gune kultural eta politiko nagusienetariko bat izanda.

Neba baino luzeago bizi izan zen eta 1095ean, neba hil eta urtebetera, testamentua egin eta berak agindutakoa bete zuela esan zuen. Bere hilobian emakume bat agertzen da guraize-aulki batean. Garai haietan prelatu nagusiak irudikatzen zuten horrela, beraz, litekeena da Antsak berak horrela aginduta izatea. Hilobia egun Jakako beneditarren komentuan dago, non Santa Cruz Siresakoaren komunitatea higitu zen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Antsa Remiritz Aldatu lotura Wikidatan
  1. Euskaltzaindiaren izendegia.
  2.   Constable, Olivie Remie (1997), Lynn H. Nelson, ed., Concerning King Sancho I of Aragon and His Deeds, Medieval Iberia: Readings from Christian, Muslim, and Jewish Sources, Pittsburgh: University of Pennsylvania Press, ISBN 0 812 215 699 .
  3. a b   Durán Gudiol, A. (1965), Colección diplomática de la catedral de Huesca, I, Zaragoza, doc. 46 (1082). orrialdea .
  4. a b   Lapeña Paúl, Ana Isabel (2004), Sancho Ramírez, rey de Aragón (¿1064?–1094) y rey de Navarra (1076–1094), Gijón: Trea, 52-61. orrialdea, ISBN 84-9704-123-2 .
  5.   Goñi Gaztanbide, José (1979), Historia de los obispos de Pamplona, I, Iruñea, 226. orrialdea .