Arlesko Erresuma

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Arlesko Erresuma

933 – 1378
Monarkia
Map Kingdom Arelat EN.png
Burgundia XII. eta XIII. mendeetan:
     Arlesko Erresuma      Borgoinako Dukerria      Dukerriaren menpeko eskualdeak
Burgundia Garaia eta Burgundia Beherearen bateratzea 933
Rodolfo III.a ondorerik gabe hil zen; Konrado II.ak jarauntsi zuen erresuma 1032
Erresumaren desegitea 1378
Hiriburua Arles
Hizkuntza(k) Latina, frankoproventzera, okzitaniera

Arlesko Erresuma, batzuetan Bi Burgundietako Erresuma edo Burgundiako Bigarren Erresuma deitua, Erdi Aroko erresuma frankoa izan zen, Rodanoren ibarra hartzen zuena, mendebaldeko Alpeetatik Mediterraneoraino. 933 aldean sortu zen, Burgundia Garaia eta Burgundia Beherea bateratu zirelarik. Hiriburua Arles zuen[1].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

879an, Luis II.a Frantziakoa hil ondoan, Boson Proventzakoak, Karlos Burusoilaren ezkonanaiak, Burgundia Behereko Erresuma (Juraz haraindiko Burgundia) sortu zuen, hiriburua Arles zuena[1]. 888an, berriz, Karlos III.a Gizena enperadorearen heriotzaren ostean, Rodolfo Auxerrekoa Burgundiako kondeak Burgundia Garaiko Erresuma (Juraz honaindiko Burgundia) eratu zuen.

933an, Hugo Arleskoak Burgundia Beherea eman zion Rodolfo II.a Burgundia Garaiko erregeari; horren aldera, Rodolfok uko egin zion Italiako koroari. Era horretan, Burgundia Garaia eta Beherea bateratu ziren, Arlesko Erresuma sortuz. 937an Konrado III.ak jarauntsi zuen erresuma, eta Rodolfo III.ak 993an. Rodolfo III.a 1033an hil zen, ondorengorik gabe; Konrado II.a enperadoreak oinordetu zuen Arlesko koroa, eta handik hara Germaniako enperadoreak izan ziren Arlesko erregeak, erresumak autonomia handia atxiki zuen arren[2].

XI. eta XIV. mendeen artean Arlesko Erresumako zenbait eskualde bereizi ziren: Proventza, Vivarais, Lyonerria, Dofinerria, Savoiako Konderria, Borgoinako Konderria eta mendebaldeko Suitzako alde batzuk. Burgundia Behereko zatirik handiena Frantziako Erresumaren esku gelditu zen. 1378an, Karlos IV.a enperadoreak Karlos VI.a Frantziakoari eman zizkion gelditzen ziren lurraldeak eta erresuma, de facto, desagertu zen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]