Arocena hotela

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Koordenatuak: 43° 14′ 16.44″ N, 2° 15′ 20.16″ W / 43.2379000°N,2.2556000°W / 43.2379000; -2.2556000

Arocena hotela, Urola ertzean.

Arocena hotela Zestoan (Gipuzkoa) dagoen eraikina da, 1908an eraikia eta ustez Jose Gurrutxaga arkitektoak egina. Antzina Oiarzabal (Oyarzabal) izena zuen.

2007ko urtarrilaren 2an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hotela, 1908an eraikia, L formako eraikin trinkoa da, bi bolumen angeluzuzen etzan batu izanaren emaitza. Erdiko gorputza garaiera handiagoan ezarrita dago eta simetria-ardatza irudikatzen du multzoaren konposizio nagusian. Eraikinak etxabea, goiko hiru solairu eta estalkipe mantsardaduna ditu, erdiko zatian izan ezik, hor bost solairu ditu-eta. Lorategiz hornitutako sarbideak hotelaren itxura edertzen du.

Kanpoaldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hotelaren fatxada nagusi lauan oso ordena erregularra dute baoek eta arinki apaindutako hormatal aizunek. Bolumen angeluzuzen etzan handia orekatzen duten 15 bao-ardatz bertikal ditu konposizioak. Eraikinak zokalo edo basamentu moduko etxabea du, fatxadaren gainerakotik bereizten duen tratamenduarekin, eta inposta bat du goiko solairuetatik bereizteko. Etxabeak erabat jarraitzen dio goiko solairuetako ardatzen segidari eta garaiera handiko bao burudun uniformeak ditu; erdikoa eta muturretako biak nabarmentzen dira, ateak eta garaiera handiagokoak baitira, gainerakoak leihoak dira-eta.

Goiko hiru solairuek bao eta hormatalen lerro bertikal handien alternantziako eskema jarraitzen dute. Erdiko gorputza eta muturretako angeluak arinki markatzen dira, bertan hormatalak zabalagoak baitira. Dekorazio-elementuak soilak dira eta leihoek burdinlanez egindako karelak dituzte, landare-motiboekin. Eraikinaren ardatza osatzen duen erdiko gorputzak hiru ardatz ditu, erdikoa besteak baino zabalagoa, eta hirugarren solairuan fatxadako jatorrizko bao burugabe bakarra nabarmentzen da: erdi-puntuko arkudun leiho handi bat. Garaiera handiagoa duen erdiko gorputz horretan hotelaren izena jasotzen duen inskripzio bat dago, hirugarren eta laugarren solairuen artean. Bosgarren solairuan eraikinaren handitze bat dago, erdi-puntuko arkuak dituzten galeria moduko bost bao estu dituena. Teilatu-hegal batek goiko hiru solairuak mugatzen ditu eta gainean estalkipe mantsardaduna dago, XX. mendearen bigarren erdian egindako handitze baten emaitza.

Eraikinean beste handitze bat egin zen 1920ko hamarkadan, alboetako batean, eta horregatik du, gaur egun, L formako eskema bolumetrikoa. Alboetako fatxadek alde hori erakusten dute: batak jatorrizko blokearen zabalera mantentzen du, bao-ardatz bakarrarekin, eta besteak, aldiz, handitzearen luzeraren ondorioz, funtsean fatxada nagusiaren konposizioari eta estiloari jarraitzen dion hamabi bao-ardatzeko fronte handi bat osatzen du. Fatxada nagusiaren eta albo horren artean trantsizio-hormatal bat dago, zirkulu-formako bao txikiak dituen lantzer moduko angeluan.

Barnealdea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barnealdean etxabea nabarmentzen da; burdinurtuzko zutabeek eta ate eta leihoetako arotziak, aretoetarako sarrerako ardatz bertikaleko ate birakariek esaterako, Art Nouveau itxura ematen diete harrera lekuari eta aretoei.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]