Askatasuna (aldizkaria)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Askatasuna aldizkariaren logoak, Brusela 1971- Bilbo 1980.‎
Artikulu hau aldizkariari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Askatasuna (argipena)».

Askatasuna 1970eko hamarkadako Euskal Herriko aldizkari anarkista abertzalea izan zen. 1971an Bruselan frankismotik ihes egindako erbesteratu batzuek sortu zuten eta 1976tik aurrera Bilbon argitaratzen hasi zen.

Aldizkaria izen bereko kolektiboak egindakoa zen. Hauek hasiera batean CNTko kideak ziren baina Euskal Herriko erakunde espezifiko bat eratzeko beren asmoa zapuztua izan zenean sindikatu anarkistak kaleratu egin zituen.[1]

Askatasuna kolektiboak borroka libertario globala defendatzen zuen, euren diskurtsora nazionalismo iraultzaileko zein politika sindikalera mugatzen ez ziren borroketako kontzepzioak gehituz. 1977ko abenduan kolektiboak LAIA (ez), LAK eta OCA-EKA erakundeekin "konbergentzia asanblearioa" iragarri zuen, baina proiektua bertan behera geratu zen.

Kolektiboak Bilbon tailer bat zeukan, zeinean aldizkaria eta beste zenbait material argitaratzen zuten. Tailer hau Guerrilleros de Cristo Rey eskuin muturreko taldearen atentatu bat jasan zuen 1978 abuztuaren 24an, Bilboko lehen Aste Nagusiko egunetan hain zuzen. Eragindako suteak tailerra, artxiboak eta aldizkariaren erredakzioa suntsitu zuen. Galera ekonomikoak garaiko sei milioi pesetatan ebaluatu ziren. Urte bereko irailean Askatasuna atentatuari erantzun nahian ale berezia kaleratu zuen, 25.000 ale inprimatu zituztelarik.

Bere bigarren garaian, urtebeteko iraupena izan zuena eta epaitegi aginduz bahiketa batez hasi zena, Askatasuna hasierako planteamendu anarkistengandik urrunduz joan zen, Herri Batasunari "sostengu kritikoa" erakutsi ziolarik. Denborarekin adskripzio zehatzik gabeko aldizkari ezkertiar bihurtu zen, bere azken alea 1980ko abuztuan kaleratu zuelarik.

Aldizkariaren kolaboratzaile nabarmenetariko bat Mikel Orrantia izan zen, "Por una alternativa libertaria y global" liburuaren autorea.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Pedro Ibarra Güell: El movimiento obrero en Vizcaya, 1967-1977: Ideología, organización y conflictividad, UPV-EHU, 1987. ISBN 84-7585-082-5.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]