Asturiaga
| Asturiaga | |
|---|---|
| Datu orokorrak | |
| Mota | hondartza nudista, black sand beach (en) |
| Luzera | 62 m |
| Zabalera | 30 m |
| Geografia | |
![]() | |
| Koordenatuak | 43°23′30″N 1°47′28″W / 43.3916°N 1.7911°W |
Asturiaga (gaztelaniaz: Playa de los Frailes) Hondarribiko hondartza da[1], Higer lurmuturraren ekialdeko hegalean dagoena. historikoki, kanpo kaia eta ainguralekua ere izan da.[2]
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sarbidea Higerko itsasargia eta porturen arteko errepidean hasten den bidexka batetik doa[3]. Bidexkaren ondoan badago lehen fraideek erabilitako eraikina. Urpean igeri egiteko leku aproposa da, ur lasaiak dira ohikoan, baina harri ugari dago azpian. Oinezko sarrera zail samarra da.
Inguruko mendiek hondartza setiatzen dutenez, eguzki-ordu gutxi ditu.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Dagoeneko erromatar garaian ainguralekua izan zen, han aurkitu baitira hainbat aztarna 1960ko hamarkadatik aurrera.[4] Bertan aurkitutako pieza garrantzitsuenen artean Higerko brontzeak daude.
Hondarribiko kanpoko portua, Alfontso VIII. Gaztelakoaaren Hiri Gutunean, 1203. urtean, Astunaga deitzen zaio. Segur aski, 1194an, Nafarroako Antso Jakitunak, herria gotortzeko agindua eman zuenean, dagoeneko erabiliko zen.
Ainguraleku naturala zen, Bidasoako barraren arriskuen eraginpean egon beharrik gabe. Hasieran, portuko instalazioak egurrezkoak ziren. 1609an erregidore hondarribitarrak obraren egoera txarraz kexatu ziren. 1730ean, Gipuzkoako Batzar Nagusiak kaia eraikitzeko laguntza garrantzitsu bat ematea erabaki zuen. Alta, obrak ez ziren egin. 1748an Batzar Nagusiak Hondarribiko eskaera berria Diputazioari pasa zion eta honek 300 peso eta 15 erreal eman zizkion. Gainerako XVIII. eta XIX. mendeetan, ez zitzaien inolako bultzadarik eman obrei. 1912ko abenduaren 30eko legearen bidez, arrantzaleen babes-portu izaera eman zitzaion, eta zegokion proiektua agindu zen. Javier Ugarte ministroak praktikara eraman zuen 1914an, baina Gurutzaundi izeneko lekuan, jatorrizko Asturiaga ibaian gora. 1919ko denborale batzuek erabat desegin zuten. 1933ko proiektu berria bertan behera geratu zen 36ko gerraren ondorioz. Eta behin betikoa Ramón Iribarren ingeniariarena izan zen, Gipuzkoako Portuen Taldeko zuzendariarena[2]
Asturiagako segada
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1974an (maiatzaren 20an) Asturiagako segada gertatu zen bertan. Ustezko hiru etakide Lapurdiko kostatik irten eta bertaratu ziren txalupa batean, baina polizia indar espainiarrak zeuzkaten zain. Bi lagun tiroka hil zituzten poliziek, José Luis Mondragón eta Roque Méndez; hirugarren pertsona bat bizirik irten zen, eta batzuen arabera abisua eman zuen salataria izan zen hura[5].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Espainiako Ingurumen Ministerioaren webgunea
- 1 2 «ASTURIAGA - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (kontsulta data: 2025-05-23).
- ↑ Playa de los Frailes
- ↑ (Gaztelaniaz) Urteaga, Mertxe. (2017). «El Museo Oiasso de Irun: las oportunidades de la frontera en la divulgación del pasado romano» Boletín del Museo Arqueológico Nacional (Madril) 35/2017: 2011-2019. ISSN 2341-3409..
- ↑ (Gaztelaniaz) Arretxe, Jurdan. (2017-05-14). «Emboscada de Pasaia: 43 años sin culpables ni investigación» Deia (kontsulta data: 2022-09-26).
| Gipuzkoako hondartzak | ||
|---|---|---|
|
Aitzuri • Algorri • Alkolea • Antilla • Asturiaga • Burumendi • Gaztetape • Hondarribia • Itsaspe • Itzurun • Kontxa • Lapari • Malkorbe • Mendata • Mutriku • Ondarbeltz • Ondarreta • Oribarzar • Orruaga • Puerto • Sakoneta • Santa Klara uhartekoa • Santiago (Deba) • Santiago (Zumaia) • Saturraran • Zarautz • Zazpi Hondartzak • Zurriola | ||
