Atari:Araba/Nabarmendutako artikulua eta pertsona
Nabarmendutako arabar artikulua | Nabarmendutako arabarra |
Lazarragaren eskuizkribua edo Joan Perez Lazarragaren eskuizkribua arabar idazleak berak gutxi gorabehera 1567tik 1602ra bitartean idatzitako lanak biltzen dituen paper sorta da. XVI. mendetik iritsi zaizkigun euskarazko testu bakarretakoa dugu, eta Hego Euskal Herriko literatura idazlan zaharrena. Halaber, Euskal Herria (eusquel erria) izena dakarren lehen idazkia dugu Lazarragarena; hiru aldiz ageri da eskuizkribu osoan. Artzain nobela batek eta 21 koplek osatzen dute eskuizkribua. Guztira 51 orri dira eskuizkribuan (111.000 karaktere inguru, 52 orrialde estandarren parekoa edo), gehienak euskaraz idatziak (% 88 inguru), eta gainerakoak gaztelaniaz idatziak; baina pleguak ez daude osorik, eta gutxienez beste hamasei orri galdu dira ezagutzen dugun zatian, gehi aurretik izan zitezkeenak, artzain eleberria in media res hasten baita. Ez dago garbi ea garai hartan idazlana argitaratu zen ala ez. «Pleguetan, txori paperetan, litekeena da[; b]aina koadernoa bera, orain ezagutzen dugun bezala, ez [zen] orduan argitaratzekoa» dio Gidor Bilbaok. «Idazle ona [...] baina badirudi ez zituela bere euskarazko testuak argitaratu» idatzi zuen Henrike Knörrek. |
Gorka Knörr Borrás (Tarragona, Katalunia, 1950eko otsailaren 2a) euskal abeslaria eta politikaria da. Aita gasteiztarra eta ama katalana ditu. Henrike Knörr euskaltzain zenaren eta Roman Knörr enpresaburuaren anaia da. Umea zelarik Tarragonatik Gasteiza etorri zen. Bere belaunaldiko abeslarien artean beti Arabaren ordezkaritzat jo izan da. 1971an lehenbiziko aldiz jendaurrean abestu zuen eta handik gutxira Araba kantari diskoa kaleratu zuen. Halere, bere musika ibilbidea zein izango zen argiro agerrarazten zuen diskoa bigarrena izanen zen, 1975an Nik nahi dudana izenburuarekin argitaratua. 1976an Txalaparta diskoa kaleratu zuen, honekin Gorkak benetako arrakasta lortu zuen eta diskoaren salmentak ugaritu egin ziren. Salmenten gorakada horren eragile nagusi izan ziren Txalaparta abestia eta Xabier Lete euskaratutako Lluis Llachen L'Estaca abestia. |